2026-06-19
Blog Page 1123

Inposaketei stop! Hezkuntza herritik herriarentzat

0


Euskal Herrian hezkuntza gatazka bat dago. Izan ere, Euskal Herriari Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistemak inposatzen zaizkio eta bere hezkuntza sistema propioa egituratzeko aukera ukatzen zaio. 

Baina, gainera, oinarrizko inposizio horrek euskal herritarren hezkuntza eskubideen urraketa sistematikoa eta orokorra eragiten du. Hari honi tiraka,azken urteetako erasorik bortitzena jasaten ari gara LOMCE legea medio. Alta, lege hau Espainiako estatuak azken urteotan egiten ari den egiturazko aldaketen baitan kokatu behar dugu:lan erreforma, zerbitzu publikoen pribatizatzea, jubilatze adina atzeratzea,murrizketak…

Hartzen ari diren neurriok gordinki azaleratzen dute hezkuntzari ere ematen ari zaion erabilera politiko nahiz ekonomikoa. Estatuek zein Euskal Herria zatikatzen duten administrazioek jakin badakite jendarte eredu baten eraikuntzan hezkuntzak zer nolako garrantzia duen, eta apustu garbia egin dute beraien interesen araberako hezkuntza sistema bat osatze bidean. Isilpean, ttantaka-ttantaka, zirimiri moduan, Euskal Herriaren asimilazioaren bidean estrategia oso eta zuhur bat garatzen ari dira. Eredu sozio-ekonomiko liberal eta patriarkala sostengatuko duten pertsonak hezi nahi dituzte, eta bide horretan ikasleak adoktrinatzeko urratsak ematen dihardute. Murrizketak, egoera sozio-ekonomiko estu baten aurrean hartutako neurri logikotzat aurkeztuz edo plan zein erreformak hezkuntzaren garapenaren hitzekin apaintzen badizkigute ere, guztiak estrategia berean kokatu behar ditugu.

Egoera irauli beharra daukagu. Euskal Herriak premiazkoak ditu bere biziraupen eta garapena ziurtatuko dituzten tresna eraginkorrak eta horietako bat da Hezkuntza Sistema propioa antolatzea.Hezkuntza herritik herriarentzat sortzen da, belaunaldi berriei gure identitate kolektiboaren ikur diren ezagutzak, jakintzak eta balioak transmititzeko. Herri proiektua da herri baten biziraupen zein garapenaren bidean egiten dion ekarpenagatik. Herri baten zutabe garrantzitsuenetarikoa izaki, eta egoera hau kontuan hartuta, urrats praktikoak emateko tenorean gaude. Urteetako inposizioei stop esan eta hezkuntzaren gaineko erabakiak gure herrian hartzeko unean gaude, bertan erabakitzeko. Ezezkotik baiezkora saltoa eman behar dugu eta horretarako denon artean Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren gainean eztabaida egin eta adostasunak bildu behar ditugu. Hezkuntzaren afera lehentasun sozial eta politikoa izan behar du. Bide honetan, LABk historikoki aldarrikatu duen bezala, gure herriak marko normatibo propioa behar duela argi dugu. Horregatik, Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propioaren bidean eztabaida ireki, adostasunak eraiki eta horren araberako hezkuntza lege berriak osatzea premiazkoa da.

Eta gure ustez adostasun horiek eta horren araberako legeek, gutxienez, hiru oinarri hauek barnebildu beharko lituzkete:
Curriculum eta ebaluazio sistema propioa.

Euskaldun eleanitzak sortzeko planteamendua.

Euskal publikotasunaren definizio berria.

Zer egitearekin batera nola egiten dugun ere garrantzi berezia du. Horrela, LABen ustez,honako ezaugarriak bete beharko lituzke eztabaida eta legeak osatzeko prozesuek:

Prozesuek hezkuntza eragile eta alderdi guztien parte hartzearekin gauzatu behar da.

Elkarlanean denon adostasunak bilatu beharko ditu.

Legeen osaketak, ezinbestean, orain arte egindako lana kontutan hartu beharko du.

Era berean, ezin aipatu gabe utzi, Urriaren 24ko Alternatiben Herria. Bertan, argi geratu zen hezkuntzan ere badaudela alternatibak. Hainbat herritan hezkuntza komunitatea elkartu eta hezkuntza proiektuak garatzen ari dira; argi baitute euren seme-alaben,iloben, biloben,lagunen… heziketan erabaki nahi dutela. Esperientzia hauek saretu eta Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea premiazko dugu, ikastetxez-ikastetxe, auzoz-auzo, herriz-herri egindako lanarekin osatuko baitugu Hezkuntza Plataformen Topagunearen leloa gurea eginik guk, orain, hemen, behar dugun hezkuntza eredua.

LABk hezkuntza burujabetzaren bidean herri gisa elkarlanean adostasunak eraikitzeko determinazioa osoa du. Egungo markoa gainditu eta inposaketa orori aurre egiteko gure hezkuntza sistema urratsez- urrats eraikitzeko bidegurutzean gaude. Herritar guztioi dagokigu parez pare dugun egoera honetaz jabe egin eta Euskal Herriak behar duen Hezkuntza Sistema Propioa garatze bidean urrats praktikoak ematea. Bide honetan, Azaroaren 28an Hezkuntza Plataformen Topaguneak deituriko ekimenak aukera paregabeak dira hezkuntza propioaren norabidean beste urrats bat emateko. Ez dezagun aukera hau galdu.
 




GUK, ORAIN, HEMEN GURE HEZKUNTZA ERAIKI!

"Eraikuntzara salto egingo dugu 28an"

 

 

Eraikuntzara salto egingo dugu 28an

0


HEZKUNTZA PLATAFORMEN TOPAGUNEA
.- Hamaika arrazoi ditugu datorren azaroaren 28an Euskal Herriko kaleak alaitasunez eta aldarriz betetzeko. Agerian da gaur egungo hezkuntza sistemak ez duela Euskal jendartearen beharrak asetzen. Agerian da ere, Euskal Herriko hezkuntza komunitateak ez duela inolako inposiziorik nahi eta ez duela egungo eredu atzerakoi, merkantilista eta segregatzailea jasango. Umeen interesei erreparatzen dien hezkuntza sistema behar dugu, aldiz, merkatuei begirakoa ezarri nahi izan dute. Eta honen aurrean gure apustua garbia da.

3 puntu batzen gaituzte:
1- LOMCEri aurre egiteko konpromisoa dugu.
2- INPOSAKETA ororen kontra gaude
3- Gure hezkuntza sistema propioaren bidean urratsak eman nahi ditugu.

Egun ilunak diren arren herri askotan argi izpi bat piztu da. Ozen esan dugu, ez dugula LOMCE nahi, ezta LOMCE aplikatzen duen Heziberririk nahi ere ez. Bide horretan, azaroaren 28an ERAIKUNTZARA SALTO EGINGO DUGU! Ilusioz, grinaz, elkarlanaz eta arduraz. Oraingoan, etorkizunera begiratzeko unea iritsi zaigu. Bakoitzaren ezaugarriak eta aniztasuna aberastasunean bihurtuz. Bide estuena ere aurrera doa, eta urratsez urrats jarraituko dugu, Euskal Herriko jendartea aske heziko duen hezkuntza sistema eraikitzeko bidea marrazten eta saltoa emanez.

Bide honetan aurrera egiteko, zuok guztion babesa eta elkarlana ezinbestekoa dugu. Horrexegatik, eskerrak eman nahi dizkizuegu atxikimendua eman duzuen eragile eta norbanako guztioi. Oraingoan, Hezkuntza Plataformen Topagunea osatzen dugunok hartu dugu lekukoa, baina gu zuek gara, ez gara inor ordezkatzeko sortu, gu; irakasle, ikasle, herritar zein familiak gara. Arduratuta eta erantzukizunez erantzun nahi dugunok. Hauxe da “hezkuntza plataformen topagunea”; Bakoitzak ahal duen apurraz eraikitzen ari den norbanakoz osatutako mugimendua. Eta bide horretan jasotako babesa, herriz herri ikastetxez ikastetxe aurrera joateko indarra ematen digu eta ahalduntzen gaitu.

Herriz herri, ikastetxez ikastetxe hezkuntza komunitateak LOMCEri aurre egiteko neurriak eta konpromisoak hartu ditugu. Behin eta berriz, eskertuko eta zorionduko ditugu iaz 3.mailako ebaluazioari aurre egiteko ausardia erakutsi zuten familia eta ikastetxe guztiak. MILA ESKER GUZTIOI! Posible zela erakutsi zeniguten eta aurten ere posible izango dela aldarrikatu nahi dugu.

Deialdi honetan parte hartzera batu garenok, inposaketen kontra eta gure hezkuntza sistema eraikitzeko bidea jorratu nahi dugun guztiok, ezinbesteko hitz ordua daukagu datorren azaroaren 28an. Egungo inposizioei aurre eginez eta etorkizunera begiratuz, Bilbo, Gasteiz , Donostia eta Iruñeko kaleak alaitasunez eta aldarriz beteko ditugu.

Datozen hilabeteetan jakingo dugu inposizioen kontrako bidea zaila izango bada ere, ziur gaude erronka komunei lotu eta txikitik handira lan eginez eta norbanako konpromisoetatik abiatuta, konpromiso kolektiboak hartuz, gauza handiak lor daitezkeela. Inposizioei aurre egiten jarraituko dugu. Harri ta oztopoen gainetik salto egiten jarraituko dugu eta saltoz salto Euskal Herriak merezi eta behar duen hezkuntza sistema propioa eraikitzen joango gara.

AZAROAREN 28AN BILBO, GASTEIZ, DONOSTIA ETA IRUÑEAN ERAIKUNTZARA SALTO EGINGO DUGU!
 

 

 

Langileak hiltzen dituzten lan-baldintzen aurrean erantzutera deitzen du LABek

Atzo, azaroak 25, Dantxarinean gertatutako lan istripua salatu behar dugu. Izan ere, lan istripu horretan ERRETI ERAIKUNTZAK SL enpresako langile bat hil zen eta beste 4 zauritu, hauetako 2 oso larri. LAB sindikatutik lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi genieke hildakoaren senide eta gertukoei eta zaurituen lankide, lagun eta gertuko guztiei. 

Atzo arratsaldean jasotako informazioaren arabera, badirudi istripu honen atzean puntu ilunak daudela obra lizentzia eta baimenei dagokionean behintzat. Konkretuki prentsan atera denaren arabera, eta Urdazubi Elgarrekin udal taldeak errandakoaren arabera Nafarroako Administrazio Epaitegiak obra lizentzia baliogabetzat jo zuela dirudi. Informazio honek dioena egia balitz, obra geldirik egon beharko litzateke epaitegiko ebazpena konpondu bitartean behintzat.

Jasotako informazio hau egia balitz, gertakarien larritasuna biderkatu luke, gehiago kontutan hartuta lan istripu honen ondorioz langile bat hil egin dela, eta 3 langile zaurituta daudela, horietako bat larri.

LAB sindikatutik gertatutako guztia argitzea exijitzen dugu, eta ikerketa azken muturrera eramatea. Norabide honetan ere Urdazubiko udalari lizentziaren inguruko argipen guztiak ematea exijitzen diogu. Bukatzeko gertakari honen atzean erantzulerik dagoen ala ez argitzea eskatzen dugu. Uste dugu, egoeraren larritasunak eta argitaratutako infornazioek hau guztia eskatzen duela.

Osasuna galtzea, lan istripuak, ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baino. Ekidin zitekeen emaitza, baina batzuen utzikeriak eta besteen diru-gose aseezinak sortaratzen dutena, horrela langileok kondenatuz.

Modu berean gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, Euskal Herrian 2015ean 54 langile hil direla gutxienez (Araban 02; Bizkaian 21; Gipuzkoan 13; Iparraldean 03 eta Nafarroan 15).

Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko. Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik eredu propio eta berriaren alde egitera dei egiten dugu eta guztien artean, langile zein jendartean odolhuste hau geldiarazi dezagun eta langileen osasuna eta bizitzeko eskubidea berma daitezen.

Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz!
 


PREKARIETATEA HILTZAILEA 

MOBILIZAZIOAK
13:00etan Oiartzun (Gehingo Sindikala)

19:00etan Iruneko Zabaltza Plazan (Sortu, Ernai eta LAB)

 

 

Bergara eta Eskoriatzako zabor bilketaren aldaketa atzera pausoa da eta lanpostuen galera ekarri dezake

0


Debaldea eskualdeko LABek agerraldia egin du Bergarako Kultur Etxean, hurrengo igandean Bergaran eta Eskoriatzen zabor bilketa sistemaren inguruan egin behar den kontsultaren harira. LABek zabor bilketa sistemaren balizko aldaketarekin egon daitekeen lanpostuen galeraren gaineko kezka adierazi eta hondakinen bilketa selektiboa bultzatze eta egitearen aldeko apustua zuzena egin du, gehien birziklatzen duen sistema eta gutxien kutsatzen duen sistema delako.

GALDEKETA DELA ETA

Gure eskualdean hondakinen bilketa selektiboa martxan jarri zen, sistema desberdinekin eta emaitza oso onak ematen ditu birziklatze tasari dagokionez. Atez ateko sistemak (Eskoriatza) eta sistema mistoak (Bergara) gainera, lanpostuak sortzen ditu. Orain, eskualdeko bi herriotan, eta beranduago Aretxabaletan, herri galdeketak planteatzen dira, sistemokin jarraitu edo bostgarren kontenedorearen sistema ipini behar den erabakitzeko. Gure aburuz, erabakiko denak berebiziko garrantzia dauka; alde batetik erabakiko denak ondorio zuzenak izango dituelako ingurugiroan, eta bestetik, atez ateko sistemak eta sistema mistoak sortu dituzten hainbat lanpostu kolokan ipini daitezkelako. Hori dela eta, LAB sindikatutik gure ikuspegia jakinarazi nahi diogu iritzi publikoari, eta bereziki galdeketan parte hartu behar duten Bergarako zein Eskoriatzako herritarrei.

1- Hondakinen bilketa selektiboa bultzatzea eta egitea zuzena dela deritzogu, gehien birziklatzen duen sistema eta gutxien kutsatzen duen sistema delako. Gizakiok ingurumenaren parte gara eta berau ahalik eta gutxien kaltetzea guztion zeregina da.

2- Atez ateko sistemak, zein sistema mistoak, lanpostuak sortzen dituzte. Gai honekiko gure kezka adierazi nahi dugu, galdeketa egingo den herrietan sortu diren 8 lanpostu kolokan egon daitezkeelako. LAB sindikatuarentzat, lanpostuen mantentzea eta berauen defentsa, lehentasuna da. Une honetan, jakin badakigu egoera honek ezinegona sortzen duela atez ateko eta sistema mistoko langileen artean, inork ez bait die lanpostua mantenduko dutenik bermatu. Hori dela eta Debagoieneko Mankomunitateari egoera honekin bukatzeko eskatzen diogu. Langileak ezin dira egoera honetan eduki.

3- Herritarrei galdeketa egitea begi onez ikusten dugu, herritarren parte hartzea sustatzen duelako eta demokrazian sakontzen duelako.

4- Gai honen erabilpen politikoa egitea, ordea, ez dugu begi onez ikusten eta azken aldian gai honekiko ingurumen irizpideak erabili beharrean, irizpide politiko eta elektoralak lehenestea erabat arbuiagarria dela deritzogu.

5- Hurrengo urteotan Europar Batasunetik gutxien kutsatzen duen sistema ezartzeko agindua egongo da, partaide diren estatuentzako. Horregatik errauskailuaren aldeko apustua egitea zentzugabea, diru publikoaren xahuketa, eta biztanleon osasunarentzat kaltegarria dela deritzogu.

6- Hurrengo igandean, Bergaran eta Eskoriatzan ariketa demokratiko bat egitera deituak daude herritarrak. Horregatik, herritarrei mezu bat luzatu nahi diegu: atez ateko sistemak, zein sistema mistoak, gehiago birziklatu eta gutxiago kutsatzeaz ezezik, lanpostuak ere sortzen ditu. Une honetan, 8 lanpostu kolokan daude eta bozkatzeko orduan egitate hori ere kontutan hartzeko eskatzen diegu herritarrei. Enpleguak sortzea ez da bat ere gauza erreza. Urrats handia izan zen lanpostu hauek sortzea eta ikaragarrizko galera litzateke berauek desagertzea, batez ere kale gorrian geratu daitezkeen langileentzat.

 

 

 

Metalgintzako hitzarmen duin baten alde borrokan

0

LABek manifestazioa egingo du bihar “Metalgintzan prekarietaterik ez! Hitzarmen duinak borrokatu!” lemapean Donostian. Helburua negoziazio kolektiboaren inguruan patronalak duen jarrera salatzea. ADEGIko egoitzatik abiatuta goizeko 11:00etan.
 

 

 

Prekarietatetik irtetea gure eskubidea da eta hortara goaz

Indarkeria sexista, indarkeria fisiko edo psikologikotik haratago doa, indarkeri sexistak milaka aurpegi ditu. Horregatik, gaur, azaroaren 25an, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko eguna dela-eta, emakumeek lan munduan pairatzen duten prekarietatea azalaratzeko asmoz Gasteizko Boulevard merkataritza-gunean mobilizatu gara. Bertan sektore honetako langileek bizi duten prekarietate egoera salatuz.  

Prekarietatea, azken urteetan jendarte osoan hedatu eta langile sektore ezberdinetara zabaldu den errealitatea bada ere, emakumeontzat ez da gauza berria. Aspalditik pairatu baitugu, egonkortasun ez honek suposatzen diguna erlatibizatzera eta egoera hauek arruntzat jotzera eraman gaitu. Baina ez, egoera hauek ez dira normalak.

Gure soldata eskasak ez digu bermatzen bizimodu duin bat izatea; gure ordutegiak ez digu gure familia edo lagunekin egotea uzten; hainbatek lanaldi partziala dugu eta hilabete bukaerara heltzea ezinezkoa zaigu; emakume askori, emakume izateagatik, gure soldata osagarri (etxerako diru sarrera gehigarri) moduan hartzen zaigu eta ez digute besterik eskaintzen, ez soldata duinik, ez lan baldintza onik.

Hau ondo baino hobeto ezagutzen dute merkataritza sektoreko langileek. Horregatik bertan jarri du hitzordua gaur LABek. Gure eskubideak berreskuratzeko bidean lehen urratsa egoera hauek normalak ez direla ikustaraztea da, horregatik Gasteizko Boulevard merkataritza gunean langileek pairatzen duten prekarietatea azaltzen duten esku orriak banatu dituzte. Ondoren, beren kezkak jaso eta horren araberako eskaintza egin nahi diegu.

Emakumeon prekarietatea ez da ustekabea. Sistema patriarkalak ondo diseinatutako estrategiaren ondorio zuzena baizik. Gure bizitza proiektuak modu aske batean garatu ahal izatea baldintzatu nahi du. Emakumeok jasaten dugun prekarietatea indarkeria da eta egoera honi buelta ematea ZureESKUbidea.

Horregatik Sara eta Mikelek, ekintza sindikaleko kanpainari gurekin ekin zioten bi langileek, egindako gonbiteari eutsi diogu. Lan baldintza duinak dituen lanpostu bat izateko eskubidea dugu eta elkarrekin aterako gara prekarietate egoera honetatik.
 

 

 

“Esperientziak batuz euskal osasun sistema publikoaren alde” jardunaldiak bihar Bilbon

0


Bihar, hilak 26, denon artean Osakidetzaren gainean egiten dugun diagnostikoa konpartitzeko, alternatiba zein izan daiteken gogoetatu, eta alternatiba hori sustatzeko indarrak biltzeko komenientziaren inguruan aritzeko jardunaldiak antolatu ditu LABek Bilboko Arrupe Etxean. “Esperientziak batuz euskal osasun sistema publikoaren alde” izenarekin 9:30etan emango zaio hasiera jardunaldiari. 

Alde batetik, atzeraldi ekonomikoaren aitzakiarekin EAEko osasun sistema publikoan, osakidetzan alegia, era askotako murrizketak egin dituzte, eta egoera geroz eta okerragoa da lan baldintzak, zerbitzuaren kalitatea zein prestazioei dagokienean: kopago sanitarioa, gero eta langile sanitario zein ez sanitario gutxiago izatea, pribatizazioak, ginekologia zerbitzuen murrizketak, C hepatitisa duten gaixoak sendatu ditzaken medikamentua ez ematea….

Langileak haien lan baldintzen defentsan ari dira, baina ez hori bakarrik, baita Osakidetzak ematen dituen zerbitzuak kalitatezko gutxieneko baldintzetan emateko ere.

Bestetik, badira herri eragile asko, bakoitza bere arazo partikularraren ikuspegitik, Osakidetzako zerbitzuen gabezien aurrean antolatzen eta borrokan ari direnak: pentsionistak kopagoaren kontra, TOPA plataforma pribatizazioaren kontra Tolosaldean, guraso elkarteak pediatria zerbitzuen murrizketen kontra, mugimendu feminista ginekologia zerbitzuen murrizketen kontra, euskalgintza euskerazko zerbitzuek aldarrikatuz, …

Borroka horietako bakoitzak askoz indar handiagoa hartuko luke baldin eta denon arteko gogoeta bateratu baten baitan indarrak batzeko gai izango bagina. Hori izango litzateke jardunaldi hauekin bilatzen duguna: denon artean Osakidetzaren gainean egiten dugun diagnostikoa konpartitu, alternatiba zein izan daiteken gogoetatu, eta alternatiba hori sustatzeko gure indarrak biltzeko komenientziaren inguruan aritzea.

Ikusten duzuenez jardunaldiok, LABek antolatuak izan arren, denon artean zerbait bateratua eraikitzeko helburua dute, eta horrexegatik garrantzi handia ematen diogu eragileen parte hartzeari.
 

 

 

Merkataritzako akordio markoa, urrats bat esparru propiorako bidean

0

Bi urte dira honezkero LABek patronal zein sindikatuei EAEko esparruan akordio marko sektorialak sortzea proposatu ziela. Euren artean dago merkataritzakoa, hitzarmen sektorialek erreformaren ondorioz negoziazio-eremu estataletik jaso behar zituzten erasoetatik babesteko, negoziazioa debekatuz edo gaiak lapurtuz. Bestalde, enpresa eremutik ere etor zitezkeen erasoetatik ere babesten ditu hitzarmenak (enpresakoan sektorialean jasotakoa okertzeko aukera). Orduan kritikak baino ez genituen jaso ELA zein patronalaren aldetik, akordio-markoek ezertarako balio ez zutela esanez.

Gaur, azaroaren 25ean, eta gure proposamenetik urte bi igaro ondoren, LABek lortu du sindikatu zein patronala erakartzea merkataritzako hitzarmen sektorialak babestuko dituen akordio marko batera. Lorpen partziala da, LABen helburua zelako eta delako aipatu akordio marko horretan hitzarmen sektorialetan jasotakoa enpresa-hitzarmenetan okertzea mugatuko duten neurri posible, legal eta beharrezkoak sartzea. LABek konpromisoa erakusten du orain arte bezala lanean jarraituko duela aipatu neurriak sartzea lortzeko.

LABek urte luzeak daramatza Euskal Esparrua aldarrikatzen. Honen bidez arautuko lirateke lan harremanak Euskal Herrian. Gaur sinatutakoa bezalako merkataritzako akordio markoak Esparru propioa lortzeari begirako pausoak dira, eta agerian uzten dute bere beharrizana. Hau ez da LABen aldarrikapena soilik. Ematen du beste eragile patronal eta sozialek hausnarketa berdina egiten dutela.

Euskal Herrian Lan Harremanetarako Euskal Esparrua garatzen jarraitzeko urratsak eman behar ditugu, akordio marko gehiagorekin edo gure hitzarmen kolektiboak babestuko dituzten akordio interprofesionalekin, lan-baldintzen prekarizazioa eta langabeziari amaiera emango diogen akordioekin. LABek bere prestasuna adierazten du bide hori zeharkatzeko.

Orain dei egiten diogu patronalari Akordio Markoez gain, negoziazio kolektiboa ere desblokea dezan, lan-zentroetan bizi diren arazoei erantzungo dieten eskaintzak eginez, lan-baldintzen prekarizazioari, bereziki.

Bestalde, ELAk hausnarketa sakona egin behar du. LABen ekimen hura, erraietatik kritikatu zuena duela bi urte, orain beharrezkoa da merkataritzako hitzarmen sektorialak balioan jartzeko. Bigarrenik, gehiengoa duen sindikatuak gure negoziazio esparruen defentsan buru-belarri sartzeko beharra duela, denbora pasatzen utzi eta etsi beharrean.

Azkenik, CCOO eta UGTri aipartzea ulertezina eta bateraezina dela EAEn akordio markoak sinatzea gure negoziazio esparruak esparru estataletik datozen erasoetatik babesteko, eta modu paraleloan Madrilen hitzarmen estatalak sinatzea esparru autonomiko eta herrialdekoetan negoziatzea debekatzen dutenak, hala nola kontserberak, kolektibitateak, eraikuntza… edo hau ezerezean uztea gaiak lapurtuz. Ezinezkoa da hemen gauza bat egiten egotea eta kontrakoa Madrilen.
 

 

 

AZAROAK 25. PREKARIETATEA INDARKERIA DA!!


Prekarietatea, azken urteetan jendarte osoan hedatu eta langile sektore ezberdinetara zabaldu den errealitatea bada ere, emakumeontzat ez da gauza berria. Emakumeok aspalditik pairatzen dugun fenomenoa da prekarietatea. Aspalditik pairatzen egon izanik ere, askotan prekarietate honek suposatzen diguna erlatibizatzera eta egoera hauek arruntzat jotzera eraman gaitu.

Baina egoera hauek ez dira normalak:
 
Etxeko lanak zein zaintza lanak nagusiki emakumeon erantzukizuna izatea ez da normala. Emakumeek 3 ordu eta 33 minutu eskaintzen dizkiote egunero etxeko lanei, eta 4 ordu 15 minutu zaintza lanei, aldiz gizonak ordu bat eta 29 minutu eskeintzen diete lehenengoei, eta 3 ordu eta 17 minutu bigarrenei.
 
Lan munduan planteatzen diren bateragarritasun neurriak nagusiki emakumezkoei zuzenduak egotea eta emakumeak izatea neurri hauen hartzaile nagusiak ez da normala (bateragarritasun neurriak hartzen dituztenen %94,5a emakumeak dira). 
 
Lan merkatuan emakumeak modu orokortu batean lanaldi partzialetara bideratuak izan izana ez da normala (lanaldi partzialetan diharduten langileen %77,8a emakumeak dira). 
 
Hilabete bukaerara heldu ahal izateko lanaldi partzialeko hainbat lan egitera behartuak egotea ez da normala (emakumeen kasuan pobrezia erreala %6,1 ean ezartzen da eta gizonezkoen kasuan %5,6an).
 
Kontratua lanaldi partzialekoa izan baina azkenean lanaldi osoa betetzera derrigortuak egotea ez da normala. 
Pairatzen dugun ezegonkortasuna ez da normala (emakumezkoen behin behinekotasun tasa %27,9koa da gizonezkoen %22,6aren aldean). 
 
Gure lankide gizonezkoak baino gutxiago kobratzea ez da normala (gizonak emakumeak baino %36,2a gehiago irabazten dute). 
 
1.200 euroetara heltzen ez diren lansariak jasotzea ez da normala.
 
Kasu askotan lan merkatu araututik kanpo dauden lanbideak egitera derrigortuak egotea ez da normala.
 
Emakumeok pairatzen ditugun egoera guzti hauek beraz ez dira normalak, are gehiago, emakumeok pairatzen dugun prekarietatea ez da kasualitatea. Sistema patriarkalak ondo diseinatutako estrategiaren ondorio zuzena da. Sistemak emakumezkoak prekarietatera kondenatu gaitu, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea lapurtu, menpeko izaki nahi gaituelako. Gure bizitza proiektuak modu aske batean garatu ahal izatea baldintzatu nahi du. Emakumeok pairatzen dugun prekarietatea indarkeria da!
 
Jendartearen gehiengoak indarkeria sexista indarkeria fisiko, psikologiko edota indarkeria sexualarekin lotzen badu ere, indarkeria sexista haratago doa, indarkeria sexistak milaka aurpegi ditu, horietako bat lan munduan emakumeok jasan behar dugun prekarietatea. Prekarietatearen kontrako borroka hortaz eragile sozio-ekonomikoen agendetan lehentasunezko borroka izan behar du. Eta borroka horretan emakumeak ezinbesteko protagonistak izan behar dugu. Gure eskubideen alde borrokatu eta mobiliza gaitezen, prekarietatetik irtetea gure eskubidea da!!