2026-10-20
Blog Page 1122

LABeko Idazkari Nagusia Portugaleko CGTP intersindikalaren XIII. Kongresoan izan da

0


LAB Portugaleko CGPT Intersindikalaren XIII. Kongresuan izan da. Kongresuan inguruko saioak Portugaleko Almada hirian izan dira Otsailak 25-27 bitartean. Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusia eta Gaizka Zuriarrain nazioarteko idazkaritzako kidea izan dira sindikatuaren ordezkariak.

Otsailak 25ean “TRABALHO COM DIREITOS – CONTRA A EXPLORAÇÃO – PELA PAZ E A SOLIDARIEDADE!” gaiaren inguruan Sindikatuen Nazioarteko Konferentzia ospatu zen.

Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusia eta Gaizka Zuriarrain nazioarteko idazkaritzako kidea.

Otsailak 26 eta 27an XIII. Kongresuko lanei ekin zieten, hurrengo urteetako Ekintza plana eta Nazio Kontseiluaren osaketa zehazteko. Geroago Nazio kontseilu horrek CGTP-IN eko Batzorde exekutiboa eta Idazkari nagusia izendatuko ditu.

Aipatu beharra dago 80 nazioarteko ordezkaritzak elkartu zirela CGTPari beraien XIII kongresuan sostengua ematera.
 

 

 


ONCEk ezgaitasuna duten pertsonen lanpostuak arriskuan jartzen ditu bere produktuak kanporatzeko politikarekin

0

Gaur, martxoak 2, Enpresa Batzordeak, CCOO, ELA eta LABen babesarekin elkarretaratzea burutuko du Correosek Bilbon duen Alameda Urkijo kaleko egoitzan eguerdiko 13:30etan. Helburua, Correos eta ONCEk hartutako akordioa salatzea eta ONCEko Zuzendaritzak duen salmenta politika ankerrari desadostasuna adieraztea. 

Bere produktuak kanporatzen ditu, orain dela gutxi arte ONCEko saltzaileenak bakarrik izan direnak, hain zuzen ere, estanko, gasolindegi eta prentsa kioskoei emateko (CFC deritzona). Oraingoan ”11/11” kupoia eman dien bezala, aitaren egunekoa Correosi eman dio. ONCEren helburua 12.000 saltoki gehiagotara heltzea da.
Externalizazio politika hauek eta ONCEren helburu soziala ez datoz bat, eta ONCEren betiko irudia arriskuan jartzen dute, hau da, ONCEren produktuak ezgaitasuna duten pertsonek bakarrik saltzen dituztela.

Langileei salmenta kendu eta presioa sartu gehiago saltzeko. Biak batera egiten ari da, lan egunak luzatuz, baita atseden egunetan lan eginaraziz. Ezin da onartu, bere betebeharraz harro dagoen erakunde batek, langileak errentagarritasun baxuagatik zigortzea edo eta zenbaki baxuak izateagatik, kontraturik ez luzatzea, ezta pertsona itsuei ere.

Zuzendaritzak probetxua atera eta harro agertzen da sinesmen handiarekin herrialde honetako politikarien aurrean, burutzen duen betebehar eredugarriarekin. Zentzugabea da, babes kontseiluak eta Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako Ministeritzako lehendakariak eta politikariak ez ikusiarena egiten duten bitartean, kuota patronala ordaindu behar ez duen eta laguntza publiko mordoa jasotzen duen erakunde batek, bere langileak egoera kaskar honetan tratatzea. Ezin dugu ahaztu langileen kopurua gutxitzen ari dela urtez urte (70 langile gutxiago 3 urtetan) eta honekin batera lan-baldintzak ere kaskartzen ari dira.

Mobilizazioak saltzaileen sinadura bilketa batekin jarraituko du, baita ere biztanleriari eskuorriak banatuz gure protesta plazaratuz. Ezgaitasuna duten pertsona talde honentzat beste irtenbiderik ez dagoen bitartean, lanpostu guztiak berma daitezela eskatu behar dugula uste dugu eta baita ere, lan-baldintza duinak izatea.
 

 

 


Tratu txarrak direla-eta LABek salatutako bi magistratuen kasuak BJKNra bidali ditu Gobernu Salak

0

Urtarrilaren azkenetan LABek bina idazki aurkeztu zituen Dekanotzan eta Auzitegi Nagusiko Gobernu Salan, Bilboko Lan Arloko 1 zki.ko Epaitegiko magistratuaren eta Indarkeria 2 zki.koaren jokabide despotiko eta agintzailea dela-eta. LABen eskariz BJKNra helarazi dituzte bi magistratuen aurkako kexak.

Lehendabiziko kasuan, aspaldi-aspalditik jakina da magistratuak ematen duen tratua. Titular aritu den organoetako langileez aparte, abokatuen kexak ere izan dira. Indarkeria 2ren kasuan, ordea, botere-abusua izan ote den aztertuko dute. Magistratu honen portaera ere ezaguna zen estamentu guztietan orain dela denbora luze.

Azkenik, BJKNra helarazi dituzte bi magistratuen aurkako kexak, LABen eskariz. Zigorra egokitu zein ez, LABek uste du honaino heltze hutsak erakusten duela epaileak ez direla ukiezin. Langileek erabateko frogak eta bizitako bidegabekeriak argitara emateko gogoak badauzkate, Gobernu Salak erantzun egiten du.

Denok dakigu epaileek botere handia daukatela; baina ezin ditugu gehiegikeriak onartu.

 

 

 

Mediku forentseek greba hasiko dute bihar

0

Mediku forentseen kolektiboak greba deitu du datozen asteazkenetarako, martxoaren 2, 9 eta 16rako. Lanuzteak Justizia Administrazioan ordezkaritza dute sindikatu guztiek babesten dituzte (CCOO, ELA, CSI-F, LAB eta CGT) eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak ere.

Mediku forentseen kolektiboaren oharra

Posible den guztia egiten ahalegindu gara egoera honetara ez heltzeko baina Eusko Jaurlaritzako arduradun ezberdinen aurrean egindako jarduerek ez dute fruiturik eman. Justizia Administrazioko Zuzendariak, Jon Arturo Uriartek, bere ezezkoekin lanuzteak egitera eraman gaitu, Medikuntza Legaleko Euskal Institutuaren funtzionamendu egokirako oinarrizko eta ezinbesteko aldarrikapenak eskatzeko.
Hiru diru gure aldarrikapen nagusiak:

1. Kolektiboa Osakidetzako medikuekin ekiparatzea. Langileak Eusko Jaurlaritzarik transferitu zitzaizkionetik (1996) kolektibo horrekin ekiparatuko ginela esan zitzaigun, kartzeletako medikuekin egin duten modaun, adibidez. Soldata igoera eskatzen dugu, gure soldata Osakidetzan gutxien kobratzen duen medikuarenarekin berdintzeko.

2. Prestakuntza. Justizia Administrazioko Zuzendariak, Jon Arturo Uriartek, ziurtatzen du medikuok ez dugula inolako prestakuntzarik behar eta nahikoa kualifikazioa dugula bere egunean egindako ikasketekin. Ez dute inporta aurrerakada zientifikoek ez sortu diren gaixotasun berriek. Prestakuntza nahi badugu, gure poltsikotik ordaindu behar dugu.

3. Guardia baten ondoren 11 ordutako atsedena gutxienez. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak jakinda ez du betetzen jardunaldien arteko atsedenak zuzentzen dituen Europako zuzentaraua. Hau 24 ordutako guardietan gertatzen da. Presentzia gaueko 21:00etan amaitzen da eta hurrengo eguneko 09:00ak arte eskuragarri egoten da.
Gainera, gertatzen da 24 orduko presentzia duen guardia baten ondoren, hurrengo egunean atsedena tokatzen zaigunean, zerbitzuaren beharrizanengatik epaiketara joateko betebeharra dugunean eta hortaz, egun horretan lan egin behar dugunean,

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak uko egiten dio egun hori beste batekin konpentsatzeari eta galtzera behartzen gaitu.
Idatzi honen bidez lanuzteak egitearen arrazoiak azaldu nahi dizkizuegu eta sor genitzakeen arazoak sentitzen ditugula jakinarazi nahi dizuegu. Hala ere, greba egiteko eskubide zilegia erabili beharrean ikusi dugu gure burua.
 

 

 

27.290 sinadura zerbitzu sozialak hobetzeko


“Zaintza zaindu. Langile gehiago, zerbitzu hobea" kanpainaren barruan jasotako milaka sinadurak erregistratu ditu LAB sindikatuak Gasteizko Parlamentuan zein Nafarroako Gobernuan. 16.032 izan dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jasotako sinadurak. Nafarroan ere egin da sinadura-bilketa, eta atzo erregistratu zituzten Iruñean, Gobernuaren egoitzan bertan jasotako 11.258 sinadurak. Guztira, 27.290 izan dira Hego Euskal Herrian LABek jasotako sinadurak.

Ekimen honen bitartez, gaur egun gizarte zerbitzuetan profesionalen eta zaindu edo artatu beharreko pertsonen artean dauden proportzioak direla eta zerbitzua kalitatez emateko zailtasunak salatu ditugu. Zerbitzu sozialen sistema publiko eta unibertsala aldarrikatzen du sindikatuak. Bizimodu duina, autonomoa eta inguruarekin ondo integraturiko harremanak izateko kalitatezko zerbitzu sozialak behar ditugu.

Atzo Iruñean 11.258 sinadura erregistratu genituen.

Hiru dira sinadura-bilketan jasotako aldarrikapenak. Batetik, adinekoen, adin txikikoen eta aniztasun funtzionala dutenen zentruetan plantilak handitzea. Bigarrenik, arreta integrala eskaintzea posible izan dadin, administrazioei profilen eta funtzio profesionalen hedapena berma dezatela. Hirugarrenik, langileen, erakunde sozialen eta erabiltzaileen parte-hartzea, zerbitzu sozialetako langileen beharrekin loturiko ebaluazio, kudeaketa eta erabakietan.

 

 

 

Martxoaren 3ko oroigarrien aurka egindako erasoak onartezinak dira

Etzi, martxoaren 3an da, Gasteizen bizi izan ziren gertakari ilunenetarikoen 40. urteurrena. Egun hartan poliziak tiroz bost langile hil eta beste 150 zauritu zituen. Urte guzti hauetan, sarraski horren oroimena gorde dute herritarrek. Horren erakusgarri dira leku ezberdinetan kokatutako oroigarriak eta urtero, omenaldi ekitaldietan elkartutako jendetzak.

Gasteizko Zaramagako monolitoari eta Dulantzikoari egin diete eraso gauean, bertan pintaketa faxistak eginez. Nabarmentzekoa da Dulantzikoa pasa den igandean inauguratu zutela.

Eraso hauek onartezinak iruditzen zaizkigu. Itxura batean, orain dela 40 urte langileak tiroz hil zituztenen oinordekoei traba egiten die memoriak, egiak, justiziak eta erreparazioak. Eskuak lotuta, itsu, mutu eta gor nahi dute langileria eta herria, baina ez dute lortuko. Eraso hauek gure eguneroko borroka indartzeko akuilua besterik ez dira.

Honen aurrean, askatasunaren eta eskubideen defentsaren alde egin beharreko lana indartzea besterik ez zaigu geratzen. Martxoaren 3an bertan aukera paregabea izango dugu horretarako.
 

 

 

Bigarren modeloak VWn enplegua finkoa sortu behar du

0

VW Navarrak eta UGT, CCOO eta Cuadros sindikatuek egiten ari diren proposamen ezberdinen harira LAB sindikatuak azpimarratu nahi du balizko enplegu sorrera kontratazio irizpide objetiboekin egin behar dela, inolako diskriminaziorik gabe. Horrez gain multinazionalak proposatutako lanaldi luzapena, malgutasuna eta egun langile berriei inposatzen zaien soldata gutxiago pagatzea guztiz errefusatzen dugu.

LAB sindikatutik honako adierazpenak eta proposamenak publiko egin nahi ditu:

1. Bigarren modeloaren adjudikazioak premisa batetik abiatu behar du: multinazionalak argi eta garbi adierazi behar du zenbat enplegu sortzen den eta honekin batera produkzio eta plantillaren kopuru zehatza.

2. Balizko enplegu sorrera, orain ez bezala, kontratazio irizpide objetiboekin egin behar da, inolako diskriminaziorik gabe. Ez arrazoi ideologiko, ez genero, edota bestelako arrazoiengatik. Nafarroako Gobernuari VW Navarran diskriminaziorik eman ez dadin bermatzea eskatzen diogu, multinazionalak UGT eta CCOO jarrita dituzten filtroekin amaituz eta hamarkadetan enpresan indarrean egon diren praktikekin bukatuz.

3. Laugarren turno bat ezartzea proposatzen dugu, 35 ordu baino gutxiagoan lanaldia murriztuko lukeena eta honenbestez derrigorrean fijo izan beharko luketen 800 lanpostu sortuko lituzkeen neurria, honek malgutasun poltsa indargabe utziko luke.

4. Multinazionalak proposatutako lanaldi luzapena, malgutasuna eta egun langile berriei inposatzen zaien soldata gutxiago pagatzea guztiz errefusatzen dugu.

5. Absentismoaren gaia hitzegiteko prest gaude premisa batetik abiatuta: VW Navarran ematen den absentismoa ez da plantilla zaharra izatearen arrazoia, bataz beste 46 urte, lan erritmo haundiak eta lan osasunaren gaineko neurri ezaren ondorio baizik.
 

 

 

Gipuzkoako errepide mantenuko langile guztion batasunaren alde

0

Gipuzkoako errepide mantenua egiten duten 3 enpresetan antolatutako greba mugagabe deialdiaren aurrean, 35 langilek lana egiten dugun UTE DONOSTIALDEAko LABek batera borrokatzeko deia egin zuen sektorean ditugun arazoak denoi eragiten baitugute.

Egoera honen aurrean UTE DONOSTIALDEAko LABek ondokoa adierazi nahi dugu:

– ELAk enpresa horietan greba deialdia prestatzen ari zela jakin genuenean, UTE DONOSTIALDEAko ordezkariek batera borrokatzeko aukera proposatu zuten. Jasotako erantzuna, parte hartzeari ezezkoa ematea eta atea ixtea izan zen. Ez dugu ulertzen. Arazoa zer da, guk LABeko 2 ordezkari eta CCOOko 1 hautatu genituela 35 langileok?

– Sektorean ditugun arazoek denoi eragiten digute. Zergatik ezin dugu gure eskubideen alde batera borrokatu? Uste dugu batu ezkero errazagoa izango dela gure baldintzak hobetzea. Hitzarmen kolektibo bat lortzea gure eskubideak era kolektiboan hobetzea errazagoa dela uste dugu. Hitzarmen kolektibo bat lortzea gure eskubideak era kolektiboan bermatzeko aukera onena litzateke.

– Diputazioak kontzesioak egiteko era guztiok sufritzen dugu. Gastuak merketu nahian beti, gure kontura. LABen prest gaude gure baldintzen alde borrokatzeko, orain arte egin dugun bezala. Batasunetik, eskubideak guztiontzat lortzeko asmoarekin.
 

  

Ongi etorri Arnaldo! Rafa eta preso guztiak etxera ekarri behar ditugu

0


Gaur asteartea, kondena oso osorik beteta, askatasuna berreskuratuko du Arnaldo Otegik. Larriki gaixorik dagoen Lorentxa Gimon ere gaur askatuko dute. Ezer baino lehen gure ongi etorria eta besarkadarik beroena helarazi nahi dizkiegu. Momentu hauetan, bereziki gogoan dugu oraindik preso dagoen Rafa Diez eta lehen egunean egin bezala bere askatasuna exijitzen dugu.

Sei urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu zaizkio Otegiri, beste auzipetuekin batera, zer eta haien delitu bakarra izan denean Euskal Herriarekiko konpromisotik, gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzea. 

Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko Ezker Abertzaleko militante hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena oso garrantzitsua izan da. Gaur, 6 urte geroago, bereziki gogoan dugu Rafa Diez, gure idazkari nagusi ohiak egindako ekarpena, langile zapalkuntza gainditzeko proiektu politiko berri baten bidean. 

Sindikatu independentista gara, hark ereindako haziak sindikatuan bizi-bizirik diraute. Euskal gatazka politikoaren superaziorako konpromisoan berresten gara eta herri honek behar duen konponbide demokratikorako baldintzen alde lanean jarraitzen dugu. 

Bake eta gatazkaren konponbide prozesuan aurrera egiteko askatu beharreko korapilo ugari geratzen da oraindik: Bateragune auziarekin amaitzea, martxan diren auzi politiko guztiak bertan behera geratzea eta presoen afera konpontzeko guztiak etxeratzea. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko. 

LABetik ere, Rafa Diez eta gainontzeko preso politikoen askatasuna eskatuko dugu. Ingerentzia politiko guztien gainetik, herri honek bere bidea egin dezan, mobilizatzera dei egiten diegu langile guztiei ere. 

LABeko kideei eta langileei orohar dei egiten diegu datozen egunotan deitu diren ekitaldietan parte hartzera.