2025-12-26
Blog Page 112

Vianako Mondelezen akordioa #LortuDugu

Greba mugagabean ia bi hilabete igaro ostean, borrokak bere fruituak eman ditu eta Oreo gailetak ekoizten dituen enpresan hitzarmen berria izango dute langileek.

Besteak beste, KPIari loturiko igoerak eta lan-orduen murrizketa izan dira akordio honen bidez eskuratu diren onuretako batzuk.

Ororen gainetik, baina, nabarmentzekoa da langileek borrokarako erakutsitako prestasuna, eta hori izan da oraingo fruituak lortzeko arrazoia. Enpresaren jazarpenaren gainetik, argi utzi dugu beharginek zeresana dutela eta eskubideen alde borrokatzea zilegia dela azpimarratu nahi dugu berriro ere.

Espainiako Estatuan planteatutako pentsioen erreforman mutualitateek jokatuko duten paperak pribatizazioan sakontzea dakarrela ohartarazi dugu

Neurria gaitzestearekin bat, eta Nafarroako nahiz EAEko gobernuek halakorik ez aplikatzeko exijentzian berresten gara.

CEOE eta CEPYME patronalek CCOO eta UGT sindikatuekin eginiko akordioa ezagutzera eman den honetan, azpimarratzekoa da Lan Osasunaren kudeaketari dagokionez pribatizazioan sakontzeko urratsak ekarriko dituela. Hala, LABetik iazko martxoan ezagutarazi eta salatu genuen mutualitateen eta Gizarte Segurantzaren arteko akordioa egikarituko da pentsioen erreformaren bitartez.

Salatzen dugu estatu mailan eginiko akordioa dela eta, ondorioz, Euskal Herriko errealitate sozial eta sindikalarekiko inposatzailea. Gauzak horrela, eta iaztik egin bezala, Nafarroako nahiz EAEko gobernuei exijitzen diegu ez dezatela akordioan aipaturiko neurriak aplikatu. Izan ere, akordioak erkidegoz erkidego osasun publikoko erakundeen eta mutualitateen arteko hitzarmenetarako oinarriak ipintzen ditu, eta, ondorioz, erkidegoek izango lukete horien aplikazioari buruzko erabakia. Bada, mutualitateen esku-hartzea baztertu eta osasungintza publikoa lehenesteko beharra azpimarratzen dugu LABetik.

Estatu mailako akordio honek, bere 7. puntuan, behin-behineko ezintasunen kudeaketa eta langileen sendatzeari lotutako neurriak jasotzen ditu. Hala, planteatzen dena da ā€œmutualitateen baliabideak erabiltzea, prozesu traumatikoetan diagnostiko eta tratamenduak denboran azkartzekoā€. Gauzak horrela, hitzarmenak garatuz gero, mutualitateak behin-behineko ezintsasun egoera arruntean (hau da, laneko arrazoiengatikoa ez den bajan) dauden langileak tratatuko lituzke (zerrendaturik daudenetako traumatismoak gertatu diren kasuetan), Gizarte Segurantzako Institutuak aurreikusitako errekuperazio denborak pasatakoan eta langilearen onespenarekin. Azken horri lotuta, Arartekoak berak ohartarazi du langileek presiopean eman dezaketela onarpena, eta LABen ere onartezintzat jotzen dugu. Beraz, diagnosia eta tratamendua mutualitateak egingo luke, baina alta eta bajen erabakiak Osakidetza edo Osasunbideko familia medikuaren esku jarraituko luke.

Akordioan jasotakoak sistema publikoaren ezintasuna islatzen du, esplizituki halakorik aitortzen ez bada ere. Patronalak eta mutualitateek aldarrikatu izan duten eskaera bati men egiten dio, zeinaren bidez enpresa-entitate horiek kontingentzia arrunten kudeaketaren zati handi bat eskuratuko baitute. Gainera, oraingoa mutualitateek eta gobernuek adostutako neurrietako bat baino ez dela, eta aurrerago gehiago etorriko dira, guztiak ere pribatizazioaren norabidean.

Akordioak ā€œbi denboratakoā€ osasun zerbitzua planteatzen du gizartearentzako: bata, langile aktiboentzako, garrantzitsuena delarik lehenbailehen produktibo izatea, baliabide sanitario gehiago jarrita, sendatzeko baino, baja laburtzeko helburua dutenak; bestea, berriz, produktiboa ez den gizartearen zatiarentzako, zeinari osasun sistema publikoa dagokion eta baliabide gutxiago bideratzen baitzaizkion, sendatzeak eta errekuperazioak presarik ez duela eta.

Akordioak ez du argitzen tratamenduen irizpide eta erabakiak mutualitateen edo Osakidetza/Osasunbideko sendagilearen esku geratuko litzatekeen. Honek ekarriko duena zera da: traumatismo batzuetan alta azkarra bilatzeko asmoz, ikuspegi sanitariotik egokiak ez diren tratamenduak ezar daitezkeela, ondo sendatzea baino, kaltea arindu eta lehenbailehen lanera itzultzea helburu izanik. Gogorarazi behar da mutualitateek kriterio ekonomizista kriterio sanitarioaren aurretik ipintzen dutela beti. Erkidego bakoitzak mutualitateekin garatutako balizko hitzarmenetan eskumen hori mutualitateetako medikuen esku uzteko aukera egongo litzateke, eta hori oso larria litzateke.

Hori guztia gutxi ez, eta oraingo akordioak 2019an bertan behera geratu zen BONUS sistemaren berrezartzea dakar. Horren bidez, laneko gaixotasun eta istripu traumatikoen beherakada KOMUNIKATZEN duten enpresek kontingentzia profesionalen kotizazioetan beherapenak lortuko lituzkete.

Sistema honek, Mutualitateen ezinbesteko konplizitatearekin, istripuen komunikazioan ezkutatze ariketa dakar ezinbestean, lehenago ere ikusi bezala. Beraz, enpresek, zergak gutxitzeko helburuarekin, ahal bezainbat istripu ezkutatuko dituzte, mutualitatera bisita ekidinez. Gobernuek beraiek ere aitortu izan duten bezala, mutualitateetan gaixotasunen azpierregistroa masiboa dela gogorarazi behar dugu.

[IRITZIA]: Navarra Biomed-eko zuzendari ohiaren aldeko requiema

Ilargi Angulo Elduayen Nafarroako LABeko enpresa publikoen arloko arduradunaren iritzi-artikulua.

Denok dakigu zein zen duela hilabete bat dimisioa eman zuen Miguel Servet Fundazioko zuzendariak defendatzen zuen postura, bai eta zenbat eta zenbat saiakera egin zituen ere Osasun Sailari ikusarazteko entsegu klinikoen kudeaketa Idisnara pasatzeak zer ondorio ekarriko zituen. Hori gauzatuz gero, gastu publikoarekin egiturazko bikoiztasunak sortzeaz gain, Fundaziorako BEZaren aurrezkia arriskuan jarriko litzateke, eta horrek baliabide publikoak CUN eta CIMA bezalako erakunde pribatuetara desbideratzea ekarriko luke. Hori ikusirik, erraz uler liteke pertsona oso deserosoa zela Osasun Departamentuarentzat. Gainera, orain arte egindako urratsetan atzera egiten saiatu beharrean āˆ’duela hilabete batzuk Ustelkeriaren Aurkako eta Praktika Onen Bulegoak gomendatu zuen bezalaāˆ’, Miguel Servet Fundazioa edukiz husteko bideari tinko eusten dio.

Horregatik argi utzi nahi dugu LAB sindikatuarentzat dimisio hau bide berean egindako beste urrats bat gehiago dela, Departamentuak ikerketa biomedikoko erakunde pribatuei mesede egiteko duen asmoa gauzatzeko bidean, arlo publikoaren kaltetan, noski. Eta dagoeneko urtebete daramagu hori salatzen.

Errealitatean, sistema eta profesional publikoek parte hartze subsidiarioa izaten dute sare pribatuko ikertzaileek buru dituzten proiektu askotan (pazienteak errekrutatuz, adibidez). Idisnan talde «mistoak» sortzeak, hasierako desabantaila horren bilakaera aztertzeko borondaterik ez badago, desoreka horiek ezkutatu egingo ditu lankidetza publiko-pribatua deitu duten alfonbra horren azpian. Gogora dezagun, bidenabar, Carlos III.a Osasun Institutuak exijitu zuenez, Idisnaren helburu nagusiak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren ikerkuntza handitzea izan behar duela, bai kantitatez bai kalitatez. Baina tamalez, hori ez dator errealitatearekin bat.

Osasun Departamentua etengabe ari da bere burua zuritu nahian, behin eta berriz errepikatuz ahal duen guztia egiten ari dela ikerketa biomediko publikoaren eta bere ikertzaileen alde, baina errealitatean ez dugu halakorik ikusten. Nafarroan ikerketa biomedikoko proiektuak finantzatzeko erabiltzen den diru publikoaren aurrekontuetan desoreka handia dago, eta hori geldiarazi beharrean, elikatzen jarraitzen dute Idisnaren bidez, zeina alderdi pribatuak gidatzen duen. Nafarroako Gobernuak emandako azken deialdietako datuei erreparatzen badiegu, aise ikusiko dugu erakunde publikoen ikerketa biomedikorako emandako euro bakoitzeko, batez beste, 4,4 euro eman zaizkiela erakunde pribatuei, dela proiektu estrategiko moduan, dela doktoretza aurreko beketan.

Edonork justifika lezake hori, esanez kalitate txikiagoa dagoela ikerketa publikoko taldeak finantzatzeko eskaeretan. Gu ez gatoz bat argudio horrekin, baina, onartzera ere, horrek honako beste galdera ekarriko luke: zer egiten ari da Departamentua kalitate-desberdintasun hori gainditzeko? Arlo publikoa babesten ez badu, ez al da talde pribatuen eta publikoen arteko desberdintasuna areagotzearen alde ari?

LABek dei egiten die Navarra Biomed-eko zuzendaritza berriari, Kontseilaritzari eta Nafarroako Gobernuari pribatizazio prozesu hau geldiarazi, ikerketa biomedikoaren aldeko apustu sendoa egin eta ikerketa publikoko institutu baten bideragarritasuna berma dezaten.

Cementos Rezolan lanpostuak suntsitzearen aurka borrokan jarraitzen dugu

Enpresak azken erabakia jakinarazteko zain gauden honetan, borrokak ez du etenik, eta gaur manifestazioa egin dugu Donostiako kaleetan barrena.

Joan den astean amaitu zen AƱorgako Cementos Rezolak ezarritako Enplegu Erregularizazio Espedientea negoziatzeko epea, akordiorik gabe itxi zena. Izan ere, enpresak eginiko proposamenak enplegu suntsiketa erabat desproportzionatua dakar eta borondatezko irteerarik ez du bermatzen. 56 lanpostu suntsitzea, negoziazioari bide eman gabe gainera, ez da bidezkoa.

Bada, egoera honetara iritsita, enpresak 15 egun ditu bere azken erabakia zein izango den jakinarazteko. Edozein kasutan, horren berri izan artean langileek borrokan jarraitzen dute, lanpostuen defentsan.

Gipuzkoako metalaren merkataritzako hitzarmena sinatu dugu

Azkeneko oharrean azaldu genuen erantzukizun ariketa baten bitartez gure ordezkariekin lan egin behar genuela gehiengo sindikalak erdietsitako aurreakordioa baloratzeko eta gure sinadurarekin parte hartuko genuen ala ez erabakitzeko.

Ariketa hori egin ondoren, gure sinadurarekin parte hartzea erabaki dugu. Izan ere, 15 urteren ondoren, ezinbestekoa iruditzen zaigu sektoreari aplikatuko den hitzarmen bat ematea, eska daitekeen gutxienekoa jasotzen duena eta berme juridikoa ematen duena. Hala ere, berretsi nahi dugu borroka sindilakalaren faltak baldintza hobeak zituen hitzarmena lortzea eragotzi duela.

Aurrerantzean lanean jarraituko dugu hurrengo hitzarmenak oraingoak bildu ez dituen hobekuntzak izan ditzan.

Bizkaiko esku-hartze sozialean hitzarmena #LortuDugu

Bi urte eta erdiko borrokaren ostean, 32 negoziazio-mahai eta 8 greba egun nahiz hainbat eta hainbat batzar, mobilizazio eta ekimen aurrera eraman ostean, sektoreak merezi duen hitzarmena erdietsi du. Argi geratu da borrokak merezi izan duela.

Sektoreko beharginak zoriondu nahi ditugu egindako lan kolektiboagatik, eta berriro ere azpimarratzen dugu esku-hartze sozialeko langileak langile publikoak direla, zerbitzu publikoa ematen dutenez gero. Bada, hitzarmen honek, lan-baldintzen arloan hobekuntza nabarmenak ekartzeaz gain, sektorearen aitortzan aurrerapausoa ekarriko du, orain arte ikusezintzat hartu izan bada ere. Izan ere, sektore feminizatua izateaz gain, gizarteak erabakigune guztietatik kanpo uzten dituen pertsonekin lan egiten dute. Ondorioz, administrazio publikoen abandonua pairatu izan dute behin eta berriro: gero eta dirulaguntza gutxiago, neurriz kanpoko eskakizunak eta baldintza onartzeinak planteatzen dituzten hitzarmenak, gehiegizko burokratizazioa…

Gaur, ordea, fruituez hitz egin dezakete sektoreko beharginek. Izan ere, honakoak dira akordioak biltzen dituen hobekuntza nagusiak:

  • – Indarraldia: 2022-2025
  • – 2026ra arte guztira %24ko soldata-igoera finkoa, KPIaren bermea gainditzen duena.
  • – Erreformen aurkako klausulak. Besteak beste, subrogazioarekin lotutako hobekuntzak, ultraaktibitatea indartzea edota hitzarmen kolektiboa aplikatzeko lehentasuna Estatuko hitzarmenen aurrean.
  • – Arrisku psikosozialei buruzko hobekuntzak. Beste neurri batzuen artean, lanpostuen arrisku-ebaluazioak egingo dira lau urtean behin, mediku-azterketetan arrisku psikosozialen ebaluzioa eta burn out adierazleak sartzea eta bikote edukatiboa ezartzea unitate estandar gisa zenbait zerbitzutan. Bestalde, haurdunaldiengatiko baimenei lotutako arrisku ebaluazioak ere ezarriko dira, eta horien emaitzen araberako hainbat neurri aurreikusten ditu testuak.
  • – Urtean 1564 orduko lanaldia (13 orduko murrizketa)
  • – Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriak: 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, kontingentzia arruntengatiko ezintasunen osagarria %100ean ordainduko da lehen egunetik.
  • – Ordezkapenak lehen egunetik, administrazioekin adostutako langile-ratioak bermatzeko.
  • – 60 urtetik gorakoen urteko gehienezko lanaldia 7 ordu murriztea
  • – – Berdintasun planak negoziatzeko betebeharra
  • Eszedentzien baldintzetan hobekuntzak

Hala, LABek nabarmendu du hitzarmen hau sinatzea urrats historikoa dela, eta guztien artean aktibatu ahal izan dutela erdigunean egotea merezi duen sektorea.

Fakultatiboei aparteko orduen lansaria igoz ezkutatu nahi du Osakidetzak bere gainbehera

Osasun sistema publikoa jasaten ari den kolapsoaren aurrean, Osakidetzako zuzendaritzak premiazko mahai sektorialera deitu ditu sindikatuak, zirkular baten bidez jakinarazteko fakultatiboen aparteko orduaren prezioa igo egin duela profesionalen gabezia arintzeko, eta horrek aukera ematen duela formakuntza egiten ari diren langile egoiliarrak kontratatzeko.

Profesional falta horri buruz uda hasieran jada ohartarazi zuen LABek. Aurreikusteko moduko gertaera zen, baina Osakidetzako zuzendaritzak, berriz ere, ohartarazpen hori zalantzan jarri zuen. Gaur, aurreikusitako egoera horretan gaude, eta hori zentzugabekeria itzela da. Izan ere, duela hamarkada batzuetatik hona bizi dugun profesional faltaren arazo larriari aurre egiteko planteatu duten irtenbide bakarra aparteko orduen lansaria igotzea da. Gainera, sindikatuen konplizitatea bilatu dute, benetako negoziazio prozesu bati bide eman gabe jarraitzen duten arren.

Nahiz eta LABek ulertzen duen uda erdian egonik har daitekeen epe motzeko neurri bakarra dela, sindikatuak zera adierazi nahi du:

-Profesionalen egiturazko defizita disimulatzeko aparteko orduak ordaintzea ohikoa da Osakidetzan, eta urteak daramatzate horretan.

-Trebatzen ari diren langileak hartzea beste adabaki bat da, eta, zalantzarik gabe, estres erantsiko egoerak sortzen ditu pertsona horiengan.

-Horrelako neurriek egoera ezkutatzea lortzen dute, baina ez dira benetako neurriak erakunde publiko horretan dagoen profesional falta hori konpontzeko. Arazo hori konpontzeko neurri egokiak hartzen ez badira, urtez urte errepikatuko da egungo egoera.

-Agian horri buruz ari da Osakidetzako zuzendaritza, inbertsioa handitzeaz ari denean. Hala bada, herritarrek jakin behar dute neurri horiek ez dutela ezer konpontzen.

-Plantilla indartzeko neurririk proposatu gabe parteko orduaren lansaria handitzearen alde egitea kontziliazioaren kontrako norabidean kokatzen den neurria da.

-Aparteko orduek, beste behin ere, erantzukizuna langileen gain jartzen dute, zeinak aukeratu beharrean aurkitzen baitira deskantsurako duten eskubidearen eta osasun arreta eustearen artean.

-Osakidetzako zuzendaritza ā€œbiziraupen-politikaā€ egiten ari da osasungintzan, gutxienekoak estaltzera soilik bideratuta, zerbitzuaren kalitatea hobetzeari edo mantentzeari arreta jarri gabe, eta beste alde batera begiratuz profesionalen faltaren arazoaren aurrean.

Azken finean, aipatutako neurria Osakidetzako zuzendaritzek egoera bideratzeko izan duten porrotaren eta aurreikuspen faltaren erakusle da.

Neurri hau, gainera, negoziaziorik gabe hartu da, dekretuz, Osakidetzako mahai sektoriala osatzen dugun sindikatuak kontuan hartu gabe, nahiz eta urtetan eta oso modu zehatzean mahai gainean jarri dugun arazo batez ari garen eta azken mahai sektorialean ere sindikatu guztiok egoeraz ohartarazi genuen.

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Imanol Pradalesek lehendakari kargua hartu eta argi berretsi du Guggenheim Urdaibai proiektuarekin aurrera egiteko asmoa, EAJ eta PSEren arteko akordioan jasoa geratu denez. Bestetik, Elixabete Etxanobek gidaturiko Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialdean etorkizun ekonomikoari buruz martxan jarri asmo duen ā€œprozesu parte hartzailearenā€ berri izan dugu. Prozesu horrek ez du eskualdearen etorkizuna erabat baldintzatuko duen proiektuari buruzko galderarik Guggenheim Urdaibai Stop plataformak salatu duenez, eta gainera eskualdean aritzen garen eragile sindikal eta sozialok ez dugu parte hartzeko aukerarik jaso. Beraz, LABen ustez ā€œprozesu parte-hartzaileā€ hau BFAk eta Eusko Jaurlaritzak euren buruak desenkusatzeko aitzakia bat da, eskualdearen etorkizuna bertan bizi eta lan egiten dugunoi bizkarra emanda eraikitzen duten bitartean.

Guggenheim Urdaibai proiektuaren eskutik Busturialdeko ondare natural eta historikoa ustiatu nahi da gutxi batzuen interesen mesedetan. Artean, Busturialdean lan eta bizi baldintza duinak eskuratzea gero eta zailagoa da: %11,7ko industria-jardueraren beherakada hamar urtetan, %70a eskualdetik kanpo lanean edota etxebizitza turistikoak %33 ugaritzea eta honen prezioa garestitzea horren adibide. Proiektuak turistifikazioan sakontzen du, eta horrelako prozesuak jasan dituzten bestelako lurraldeetan ikusi ditugu honen ondorioak zeintzuk diren: kalitatezko enpleguen galera, prekarizazioa, eta tokiko langileon bizi-baldintzen kaskartzea, eta lurraldearen gain-esplotazio ez jasangarria, besteak beste.

Gainera, 130 miloi euroko kostua aurreikusten zaion proiektu honek baliabide publikoak xahutzea dakar, ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren ikuspegitik kaltegarria den proiektu batean. Artean, bestelako lehentasun sozialak, hala nola zerbitzu publikoak, pribatizatzen eta azpi-finantziatzen ari direlarik Busturialdean, Bizkaian eta EAEn.

Horregatik, LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera utzi dadila eskatzen dio Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz. Politika publikoen bultzada eskualdean etorkizun ekosozial justua bultzatzeko norabidean kokatu behar da: Bizi dugun erronka ekologiko globala aintzat hartzen den etorkizun sozioekonomikoa eraiki, eta lan eta bizi baldintza duinak eta ganorazko zerbitzu publikoak sustatzen dituena. Horretarako, ā€œprozesu parte hartzaileā€ antzuak baztertu eta tokiko eragile politiko, sozial eta sindikalen zein herritarren ahotsak protagonista izan behar dira.

LABek aktibazio eta bultzada sozialaren parte izaten jarraituko du. Horregatik, Solomon R. Guggenheim Foundation-i Guggenheim museoa zabaldu eta Urdaibaiko Biosferaren suntsipenari uko egiteko eskatzen dion sinadura bilketan parte hartzera deitzen ditu langileak. Bestetik, urriak 19ko data gorde eta egun horretarako Gernikan deituta dagoen mobilizazioan parte hartzeko deia egiten du LABek.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Erosahalmenaren beste murrizketa bat da. 2010ean bankuen zorra guztion artean ordaintzeko Madrilek hartutako neurrien artean, langile publikoen soldatak erabiltzea erabaki zen.

Urtero Madrilek agintzen eta Jaurlaritzak onartzen dituen soldata igoerak KPIren azpitik egoten dira. Aurtengo kasuan igoera %2koa (gehi abenduan eman daitekeen %0,5 gehigarri bat) izan da, baina EAEn KPIren igoera %3,1ekoa izan da. 2010etik galtzen ari garen %11 inguruko erosahalmenari gehitzen zaio murrizketa berria.

Madrilen diseinatutako estrategia zentralizatzaile eta neoliberala da. Eusko Jaurlaritzak estrategia horri men egiten dio, Euskal Herriko langile publikoen negoziazio kolektiboa ukatzen duena eta zerbitzu publikoak kapitalaren mesedean jartzen dituena.

Ez da egia Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorrek Jaurlaritzaren eskuak lotzen dituztenik. 2010 baino lehen, legeria berdina izanda ere, EAEko Mahai Orokorrean soldata igoerak Madrilek ezartzen zituen mugak saihestuz negoziatu egiten ziren. Borondate politiko kontua da, beraz.

(*) Igoerak ez die langile publiko guztien nominei eragingo. Udal eta foru administrazioetako eta, batez ere, azpikontratatutako eta pribatizatutako zerbitzuetako («zaintzakoak langile publikoak gara») langileen soldaten igoerak nekez iritsiko dira Jaurlaritzaren dekretuarenera. Izan ere, EAJren eta PSEren estrategia pribatizatzaileek hain zuzen langile hauen soldatak are eskasagoak izatea baitu helburu.

LABek osatu berri den Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hitzetatik ekintzetara pasatzeko, eta, zerbitzu publikoen eta bere langileen egoera benetan hobetu nahi baditu, politika publikoak aldatzeko. Badu nondik hasi, eta honako hau exijitzen diogu:

  • Negoziazio kolektiboari begirunea izateko eta inposizioak baztertzeko: Madrili men egitearekin amaitzeko eta erabakigunea Euskal Herrira ekartzeko, hemengo gehiengoak errespetatuz. Murrizketa estrategiari uzteko, langile publiko guztien erosahalmena bermatzeko eta berreskuratzeko. Horretarako, lehenbailehen dei dezala mahai orokorraren bilera, soldataz gain datorren urteetarako enpleguaren eta lan baldintzen ildoak zehazteko, kanpoko injerentziarik eta inolako inposiziorik gabe.

Negoziazio kolektiboa orain eta hemen!