2026-06-09
Blog Page 1117

Arabako Gizartegintzako langileek greba egunak egingo dituzte zor zaiena jaso ezean


2014ko abenduan Arabako Gizartegintzaren I hitzarmena sinatu zen. Hilabeteak joan, hilabeteak etorri, eta zerbitzu publikoak behar bezala finantzatzeko eginbeharra ez da oraindik burutu, sindikatuek herri erakundeei behin eta berriz gogoratu arren. Orain dela ia urtebete sinatu bazen ere, angileek ez dute kobratu hitzarmenak aitortzen diena. 

Joan de ostegunean langileen sektore batzarra egin zen eta mobilizazo ezberdinak burutuko dituztela erabaki zuten. Aurreko asteartean lehenengoa egin zuten eta gaur, abenduak 1 bigarrena. Datorren abenduaren 15erako beste deialdia egin dute eta Gizartegintza Hitzarmenean aitortzen zaizkigun soldatak kobratzeko finantzaketa adina egon ezean, greba deialdia egingo dutela iragarri dute arazo horren peko zerbitzu publikoetan Gabon gauean, Eguberri egunean, Gabon zaharrean eta Urte berriko egunean.

ARABAKO GIZARTEGINTZA
ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuon oharra

2014ko abenduaren 30ean Arabako Gizartegintzaren I. Hitzarmena sinatu zen, eta 2015eko otsailaren 11n argitaratu zen ALHAO/BOTHAn. Diru-ondorioak, aldiz, 2015eko urtarrilaren 1etik izan ditu.

Ordutik hona hitzarmenaren aplikazioa oso mugatua izan da; batez ere, finantzaketa publikoa eskasa izan delako, soldatak eguneratu ahal izateko, eta hitzarmenean jasotako jarduera-plusak ordaindu ahal izateko.

Hitzarmenaren eraginpeko langileen %95etik gora Gasteizko Udalaren, Arabako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko gizarte-zerbitzu publikoetan lan egiten dugu.

Hilabeteak joan, hilabeteak etorri, eta zerbitzu publikoak behar bezala finantzatzeko eginbeharra ez da oraindik burutu, sindikatuek herri-erakundeei behin eta berriz gogoratu arren. Eta langileok ez dugu kobratu hitzarmenak aitortzen diguna, orain dela ia urtebete sinatu bazen ere.

Joan den astelehenean Gizarte Zerbitzuen ahaldunak esan zigunez, hitzarmen honen eraginpean dauden eta Administrazio horren menpean dauden zerbitzuak egokiro finantzatzeko erabakia harturik dago. Lan-arloko eginbeharrak bete ahal izatearren, zerbitzu publikoak daramatzaten elkarte eta enpresa kudeatzaileen aldeko likidezia-igorpenak berehala gauzatuko zirela adierazi zigun. Baina oraindik ez da gauzatu, eta gogoratzen diogu aldundiari finantzaketa hori PREMIAZKOA dela, eta gainera nahikoa izan behar dela. Ezin zaie profesionalei kategoria jaitsi, kostuak merketzeko asmoz. Finantzaketa berehala iritsi ezean, edo nahikoa izan ezean, orduan guk ondorioz jokatu beharko dugu.

Gainera, Gasteizko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik, ezta onartu ere ez dute egin, 2015eko urtarrilaren 1eko hitzarmenaren eraginpeko zerbitzuak finantzatzeko eginbeharra. Bitxia da bahe desberdina erabiltzea, hiru erakundeak alderdi politiko beraren esku daudela.
Udaleko arlo horretako zinegotziarekin izandako bileretan ez dugu konpromisorik lortu, Udalari 2015. urtean dagozkion eginbeharrak betetzeko.

EZ DA ITXURAZKOA beste aldera begiratzea. Horregatik, joan den ostegunean langileen sektore-batzarrrean onartu genuen bezala, mobilizazio-segida bati ekingo diogu, eta gaurko elkarretaratze hau lehena izan da.

Hiru erakundeen aurrean egingo ditugu manifestazioak abenduaren 1ean eta 15ean, eta Gizartegintza Hitzarmenean aitortzen zaizkigun soldatak kobratzeko finantzaketa adina egon ezean, greba-deia egingo dugu arazo horren peko zerbitzu publikoetan Gabon gauean, Eguberri egunean, Gabon zaharrean eta Urte Berriko egunean.

 

 

 

Bankan ere hitzarmen propioaren alde

0


CIG, Intersindical CSC, ELA eta LAB kalean izango gara gaur AEBk murrizketa gehiago eta prekarietatea dakartzan Bankarako proposatzen duen hitzarmena salatzeko. Banka Hitzarmenaren "negoziazioa" eramateko moduarekin ez gaude ados eta langileen eskubideen alde Banka hitzarmen propioak (Euskal Herrirako, Galiziarako eta Kalataluiniarako) exijitzen ditugu. 

CIG, Intersindical CSC, ELA eta LABen irakurketa
BANKAKO XXIII. HITZARMEN KOLEKTIBOA

AEB-K NAHI DUEN HITZARMENAK MURRIZKETAK ETA PREKARIETATEA DAKARTZA. EZ DIEGU UTZI BEHAR

BANKA HITZARMENAK EUSKAL HERRIRAKO, GALIZIARAKO ETA KATALUNIARAKO

Sindikatu dei-egileok argi erakusten dugu gure desadostasuna Banka Hitzarmenaren “negoziazioa” eramateko moduarekin.

Izan ere, ez gaude ados HAINBESTE URTEZ ETA HAIN KOSTATA LORTU DITUGUN ESKUBIDEAK EBASTEAREKIN.

EZ DIEGU UTZI BEHAR guri etekin-ordainsariak OSTEN, EZTA ERE ANTZINATASUNA, opor-poltsa, gure herrietako jai nagusiak, zerbitzu-eginkizunetako prestazioak… EZ DIEGU UTZI BEHAR lan- kategoria berriak eta soldata ASKOZ TXIKIAGOEKIN EZARTZEN, MUGIKORTASUN GEOGRAFIKOA ZABALTZEN… besteak beste.

Hori guztia bidegabea eta onartezina da, ETA BANKAKO LANGILEOK AURRRE EGIN BEHAR DIEGU.

Ezin dugu onartu badaukaguna kentzea, edo sektorearen lan-baldintzak zeharo hondatzea datozen lankideentzat. Hurrengo lankideek gureak baino lan-baldintza askoz txarragoak izango badituzte, egungoko gureak ere beherantz joateko mehatxupean geratuko dira, eta gure lanpostuak arriskuan. Ez gaude batere ados estatuko sindikatuekin. CCOO eta UGT hasita daude uko egiten, gure lan- eskubideak defendatzeko borroka bertan behera utziz. Aretoetako eredu sindikal horrek kalte handia egin dio langileriari.

Guk, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako sindikatuok, egiaztatu dugu estatu-negoziazioaren bidez eskubideei uko egiten zaiela, eta gure esparruan negoziatzeko eskubidea –guk erabili nahi dugun eskubidea– kentzen zaigula. Gu sinetsita gaude negoziazio hurbilago batek emaitza hobeak emango zituela, eta gainera, subiranotasun-eskubideaz baliatze praktikoa izango zela.

BANKA HITZARMEN KOLEKTIBO ZUZEN BATEN ALDE:MURRIZKETARIK GABE ETA SOLDATA-ESKALA BIKOITZIK GABE.

NEGOZIAZIO-ESPARRU BANA EUSKAL HERRIRAKO, GALIZIARAKO ETA KATALUNIARAKO.
 

 

 

Langileek aurreardioa lortu dute CEMOSAn, borrokak merezi du!

0


Atxondoko CEMOSA (Celulosas Moldeadas) enpresako langileek aurreakordioa lortu dute enpresarekin. LABek gehiengoa duen CEMOSA enpresako langileak (LAB-4, CSIF-3, ELA-1, UGT-1) greba mugagabean zeuden pasa den azaroaren 23tik. CEMOSAN greba Lan Hitzarmenaren negoziazioaren baitan hasi zuten langileek, hitzarmen duin bat eskatzeko. Aldarrikapen nagusia prekarietatearen kontrako neurriak hartzea izan izan zen eta lortutako aurreakordioan hainbat konpromiso jasotzea lortu dute. 

Pasa den ostiral gauerdian, langile ordezkariek eta enpresako zuzendaritzak hitzezko aurreakordio bat erdietsi zuten. Aurreakordio horretan, prekarietatearekin kontrako eta enpleguaren aldeko hainbat konpromiso jaso dira:

• ABLE eta azpikontratazioak mugatzea. 

• Lan-poltsa bat eratzea.

• Baja luzeak, eszedentziak etab.en ordezkapena CEMOSAko kontratuekin egitea.

• 20 langile baino gehiagori kontratu finkoa egitea. 

• Amiantoarekin, hipoakusia aukerekin, eta baldintza termo-higieniko kaxkarretan lan egin izan duten langileekiko Osalanen protokoloak beteko dira. 

• Langile kategoriak eratzea, langileen arteko bidegabeko ezberdintasunak kentzeko.

• Soldata igoerak KPIarekin lotura dutenak. 

Aurreakordioa oso ona dela iruditzen zaigu, baina erredakzioa ez dago guztiz itxita. 

Hortaz, larunbateko batzarrean langileek adostu dutena da, greba momentuz bertan behera uztea, akordioaren erredakzio definitiboa adosten den arte. Hortaz, langileak lanean hasi dira jadanik. Idatzitakoan hitzez adostutakoa jasotzen bada, greba behin betiko utzi eta akordioa sinatuko dugu. Planteamendu honek 118 langileren baiezko bozka jaso zituen, eta 8 langileren kontrakoa. 

LABentzat, borroka eredugarria eraman dute aurrera CEMOSAko langileek. Sekulako elkartasuna erakutsi dute, prekarietate egoeran zeuden langileekiko elkartasun greba izan delako. 

Guretzat, CEMOSAkoa bezalako adibideek, prekarietatea enpresetan borrokatzeko aukera badagoela erakusten dute, eta langileen batasuna eta konpromisoa lortzen denean, helburuak lor daitezkeela. 

  

 

 

Etxaide: “Aurrekontu hauek ez dute egoera aldatzeko inolako borondate, asmo edo gaitasunik”

2016rako EAEko AURREKONTU-PROIEKTUA
 LAB sindikatuaren balorazioa
 
Valoración de LAB

Aurrenkontuak urteko legerik garrantzitsuena dira, eta egiten diren diskurtsoetatik haratago, aurrekontuek gobernu baten proiektua zein den esaten dute. Aurkeztu berri diren EAEko aurrekontuen atzean izkutatzen dena azalaratzeko asmoz gaur, azaroak 30, Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusia, eta Rafa Izquierdo Batzorde sozioekonomikoko kidea hedabideen aurrean izan dira. Bertan Etxaidek salatu duenez aurrekontu hauen helburua “ez da egoera aldatzea”.

LAB sindikatutik salatzen dugu ez dutela egoera aldatzeko inolako asmorik, borondaterik edota gaitasunik. Eta galdera bat datorkigu burura, nori eta zeri begira egindako aurrekontuak dira?. Aurrekontuak eskutan argi dago ez diotela arazo sozialei begiratzen ez baitago erabaki politiko bakar bat ere arazo horiei kontra egiteko gaitasuna duenik. Ez diote etorkizunari begiratzen ere eredu sozial eta ekonomiko sendo bat eraikitzeko aukera baztertzen baitu eta nola ez, ez diote ere herritar zein ordezkari sozial eta sindikalei begiratzen.

Argi geratu da berriro ere, Etxaidek gaur salatu bezala, “PNV eta PSErentzat garrantzitsuena gaurko egoera gestionatzea dela eta ez errotik aldatzea”. Hori gutxi balitz irabazten dutena poltsikoratzen jarraitu nahi dute horretarako alternatibei ateak itxiz. LABek uste du aurrekontuen momentua aproposa dela bide berri bat hartzeko, baina beste behun PNVk guztiz kontrakoa egin du. Alternatibaren bidea jorratu beharrean denoi bizkar eman digu. 

Alternatiba horiek hor daude ikusi nahi dituenarentzak eta azken urtean egin ditugun hamaika ekimenetan agerian geratu dira. Alternatiba guzti hauek ardatz bakar bat izan dute oinarri: Euskal Herrian bada bitarteko eta baliabide nahikorik konponbideak eraikitzeko. Beraz, erabil dezagun badagoen aberastasuna egoera sozial justu bat eraiki eta krisi sozialaren kontra borrokatzeko. Erabil dezagun sare organizatiboa egoera berriak sortzeko beharrezkoa diren adostasunak eta akordioak eraikitzeko. Eta erabili dezagun errealitate sindikal ezberdin bat lan munduaren berrantolaketaren inguruko benetako eztabaida egiteko.

Instituzioetatik proposatzen digutenak ez die gure beharrei erantzuten, baina horren aurrean badugu herritar askoren parte hartzearekin osatutako Programa Soziala. Batu ditzagun indarrak, eraiki ditzagun akordio sendoak eta mobiliza gaitezen programa soziala errealitate bihurtu dadin. Hurrengo hitzorduak jarrita daude, datorren abenduaren 3an Bilbon eta 23an Gasteizen. LABek alternatiban sinisten du eta ez du etsiko lortu arte. 
 


 Programa soziala
 
Programa social

 

 

Igor Urrutikoetxea oroitu dute Lezaman bere heriotzaren bigarren urteurrenean

Duela bi urte joan zitzaigun Igor Urrutikoetxea LABeko militantea. Bere oroimenak bizirik dirau eta bere omenezko ekitaldian antolatu zituzten azaroaren 28an, Lezama bere jaioterrian. 

Eguerdian, ibilaldia egin zuten Oxangoiti herrikotik abiatuta, bere familiaren lurretan bere omenez landatutako zuhaitzera. Bertsolarien kantua eta dantzarien agurrak hasi zuten ekitaldia. Eta jarraian, Urrutikoetxearen omenezko arbola apaindu zuten bertaratutakoek koloretako zinta eta bestelako aldarrikapenez.

Eguerdian, bazkaria egin zen Oxangoitin. Eta ondoren, bazkalosteko solasaldia gai askoren inguruan, herriko kontuetatik hasi, internazionalismoa, Catalunyako egoera Intersindical Catalana-IACeko Edu Lucasen partehartzearekin edo sindikalismoaren erronkak Ainhoa Etxaideren eskutik.

 

 

 


Sistema aldatu beharra dago, klima ez!

0


"Baditugu alterbatibak: Sistema aldatu, ez klima!" lelopean larunbatean, azaroak 28, manifestazioa egin genuen Bilbon kapitalismoak gure bizitzak eta ama-lurra mehatxupean jartzen dituela salatzeko eta alternatibak aldarrikatzeko. Gaur hasten den Pariseko COP21 Gailurraren bezperetan mundu mailan burutu diren mobilizazioekin bat egin genuen Euskal Herrian ere. 

Baditugu alternatibak: Sistema aldatu, ez klima!

Alternatibak dituen herria, bizirik dagoen herria da. Horixe irudikatzeko asmoz eta Parisko COP21aren aurrean Alternatiben Herriak antolatzeko deiari erantzunez, urriaren 24an “Alternatiben Herria” antolatu eta ospatu zen Bilbon, Europako beste leku askotan bezala. Gaur COP21aren aurrean mobilizatzeko mundu mailako deialdiari erantzuna ematera gatoz berriro.

Gure bizitzak eta ama-lurra mehatxupean daude: klima aldaketa, natur baliabideen pribatizazioa eta xahutzea,produkzio eta kontsumo eredu jasanezina, desberdintasunen areagotzea, bazterketa sozialaren gorakada, eskubide sozialen ahultzea, orden patriarkalaren indartzea, zerbitzu publikoak pribatizatzeko irrika, gure kabuz erabaki eta antolatzeko ahalmen-gabetzea, etab.

Sistema da aldatu behar dena, ez klima. Eta guzti honen aurrean soluzio faltsuak bakarrik eskaintzen ditu kapitalismoak. Deialdia hau burutzen dugunok, alternatibak ditugu hurrengo egunetan Parisen hartu beharko liratekeen eta aurreko goibileretan hartu diren erabaki okerren aurrean: 

  • Euskal Herriko marko araugile eta instituzionalean naturak bere forma guztietan dituen eskubideak txertatu. Eskubide hauek betearazteko beharrezkoak diren politika publikoak egin eta hauek aurrera eramateko baliabide ekonomikoak bideratu; lurzorua, baliabide naturalak eta bizitzeko moduen kudeaketarako, beti komunitatearen mesedetan egiteko.
  • Parte hartze sozialerako tresnen sorrera eta sortzen diren parte hartzerako iniziatibak ez zapaltzea.
  • Administrazioek eta sektore pribatuak berotegi efektuko gasen murrizketa konpromiso lotesleak hartzea, planetaren berotzea 2ºCtik beherakoa izan dadin.
  • Euskal Herriko lurraldeak, energia nuklearraren produkziotik libre deklaratzea, Garoñako Zentral Nuklearra lehenbailehen ixtea, hidrokarburoen bila Kantauri itsasoko prospekzioak eta petroleoa ateratzeko frackinga bezalako teknika zentzugabeak alboratzea, edo eskistozko hare eta bituminosoen erabilera.
  • Plan zehatza energia berriztagarri eta ordezkagarriak sortzeko, petroleoaren osteko gizarterako trantsizioan urratsak emateko.
  • Energia burujabetza, baliabideen demokratizazioa, tokian tokiko elektrizitatearen banaketa sarearen bermunizipalizazioa, eta energia efizientzia handituz energia aurrezteko lan egin.
  • Bidaiarien garraioaren kudeaketa publikoa; mugikortasunaren murrizketan, intermodalitatean, irisgarritasunean eta energia kontsumo gutxienekoan oinarritua. AHTari ez, erabilera sozialerako euskal trenbide sareari bai. Hirietako mugikortasun jasangarria eta aktiboa bultzatu.
  • Kontsumo arduratsua sustatzeko kultura sozial eta instituzionala sortzea eta hondakinak gutxitu, berziklatu eta berrerabiltzeko programa eragingarriak jartzea, behin betiko erraustegiak bezalako sistema sostengaezinak alboratuz.
  • Elikadura burujabetza politikak efektibo egitea, eta produkzioa eta kontsumoaren arteko harreman orekatuak izatea.
  • Lurraldearen antolaketa zerbitzuetara sarbidea bermatu ahal izateko eta produkzio eta kontsumoaren arteko harreman zuzena bultzatu ahal izateko.
  • Ekonomiaren trantsizio ekologiko, sozial eta justurantz pausuak eman, aldi berean kalitatezko enplegua sortuz.

 

 

 

Merkataritza igande eta jai egunetan zabaltzeak ez du enplegurik sortzen

0


Atzo, hilak 29, merkatari, kontsumitzaile eta sindikatu ezberdinok deitutako manifestazioa burutu zen Bilbon merkataritzako ordutegien liberalizazioari ezetz esateko. Igande eta jai-egunetako komertzioen irekiak ez du enplegurik sortzen eta zabalera handiko zentroen jabeen onurarako dira bakarrik. Honen aurrean, euskal instituzioei, merkataritzako ordutegien liberalizazioen kontra ekin eta arautzeko, igande eta jai-egunetan ez dadila ireki eskatu genien.

 

 

 

 

Pauso garrantzitsua eman dugu gure hezkuntza propioa eraikitzeko bidean

0


Milaka herritar gure hezkuntza orain eta hemen eraiki nahi dugula aldarrikatzeko kalera irten ginen larunbatean. Inposaketen gainetik Euskal Herriak behar duen hezkuntza eredu bat defendatzen dugu eta hori adierazi genuan Hezkuntza Plataformen Topaguneak Gasteiz, Donostia, Iruñea eta Bilbon deitutako mobilizazioetan.

 

 

 

Gipuzkoako papergintzako langileek lehen greba eguna izan dute gaur

0

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok hilabeteak daramatzagu papergintzako hitzarmena negoziatzen eta akordio batera iristeko saiakerak egiten, baina patronalaren immobilismoaren aurrean greba egitea beste biderak ez zaigu geratu. Gaur izan dugu lehen greba eguna eta Tolosan mobiliazatu hitarmena exigitzeko.


ELA, CCOO, LAB eta UGTren irakurketa

Berriz ere behartu gaituzte Gipuzkoako papergintzako langileok kalera ateratzera. Borroka honetan denei ari gara aurre egiten:

• Inposatu dizkiguten erreforma laboralei; hauen ondorioz, behar-beharrezkoa da negoziazio kolektiboa berriz asmatzea, gure eskubide eta interesak defenditzeko.
• Enpresa aseezinak ere aurrez-aurre ditugu. Nahiz eta milioiak irabazi, paper fabriketako lana gero eta prekarioagoa egiten dute. Borroka honetan batzen gaituenaz gainera, guztiok dakigu etekinak gehitzeko zein estrategia erabiltzen duten. Gure plantillak gero eta txikiagoak dira; aldi berean, azpikontratazioa hazten ari da, eta horrekin batera, zatiketa eta prekaritatea.
• ADEGI ere hor dugu, estatuko patronalik erreakzionarioena. Ustez “berria” den lan-harremanen eredu bat saltzen ari da, baina helburu bakarra du, gaur hemen gertatzen ari dena ez gertatzea; patronalak nahi du esplotatzen ari den jendea ez antolatzea, bere eskubideen alde ez borrokatzea. Beraz, estrategia horrek berritik ez dauka ezer.

Gainera, ADEGIk beste urrats bat egin du: borroka kriminalizatu nahi du. Nonbait ez dira nahikoak oparitu dizkioten erreforma laboralak. Lan Zuzenbideaz ez du ezer entzun ere egin nahi. Greba-eskubidea traba da beretzat, eta horregatik demandak sartzen ditu. Negoziazio-mahaian lortzen ez duena, asanbletara bidaltzen dituen infiltratuekin lortzen ez duena, auzitegian irabazi nahi du. Negoziazio kolektiboa defenditzeko era ederra! Hemendik argi esaten diogu. Borroka hori ere galdu egingo duzue.

Langileok jabetu gara hitzarmen hau zein garrantzitsua den. Noski, soldata igoera duinak eskatzen ditugu, KPIaren erreferentzia hartuta, enpresen irabazi handien tamainakoak. Baina hitzarmen honetan benetan axola zaiguna da erreforma laboralak gure enpresetatik kanpo uztea. Oinarri-oinarrizko zerbait eskatzen dugu: sinatzen dena betetzea. Horri esaten diogu “blindajea”. Gipuzkoako Papergintzako Hitzarmena derrigor bete beharrekoa izatea nahi dugu. “Nonstop” akordioak ere derrigorrezkoak izatea. Bestela, zertarako dugu Negoziazio Kolektiboa?

Borroka gogorra da; beti izan da, eta izango da. Baina borrokatzeak merezi du. Inoiz ez digute ezer oparitu. Beste belaunaldi batzuk borrokaren bidez lortu zutena guk defenditu behar dugu. Horregatik gaur egun handia da Gipuzkoako papergileontzat. Greba izan da utzi diguten bide bakarra, eta arrakasta izan du. Paper fabrika guztiak geldirik daude. Ia langile guztiok grebarekin bat egin dugu. Enpresarioek kontutan izan beharko dute hau. ADEGIren estrategiari jarraituko diote, gure Hitzarmena bahitzea? Euren txanda da.

Tolosan, 2015eko azaroaren 27an