2026-06-10
Blog Page 1111

2016rako aurrekontuekin lan baldintzetan eman diren murrizketen egonkortasuna bilatzen da

0

2016rako aurrekontuak aztertu ondoren ondorio garbia ateratzen dugu: langileen lan baldintzetan eman diren murrizketen egonkortasuna bilatzen da. Modu horretan soilik ulertu daiteke langileen ordainsari eta lan baldintzen okertzean oinarrituta egin direla beste behin ere datorren urteko aurrekontuak.

Deigarria da, esaterako, hezkuntzako hainbat esparru azpikontratatzeko joera. Honakoa nabarmena da bai zerbitzuetako laboralen artean (sukaldari eta garbitzaileak) bai Lan Osasunaren arloan. Kezkagarria da era berean, hezkuntzaren kalitaterako hain garrantzitsuak diren ordezkapenak betetzeko diru aurreikuspena, azken urteotan murrizketa zorrotzak eman ostean, egonkor mantentzea. Honek guztiak hezkuntzan prekarietatea zabaltzen dabiltzala salatzera eramaten gaitu.

Hezkuntza Sailak maiz aipatzen dituen inklusibitatea eta etengabeko ikaskuntza atalek murrizketak pairatzea salagarria da. Nola egingo dugu posible jendarte osoari begirako eta bizitza osoan zeharreko ikaskuntzarako hezkuntza eredua? Hezkuntza sistemaren euskalduntzeari dagokionean ere murrizketak jasotzen dira.

Ikastola eta Gizarte Ekimeneko hezkuntza itunetan 2009ko kopuruetatik gertu bagaude ere (2009!), bestelako atal batzuetan ematen diren murrizketekin , 0-3an kasu, balorazio gazi-gozoa egin beharrean gaude. 0-3 urteko esparru horretako murrizketak Haurreskolak Partzuergoan ere eragiten du, langileen gastuetan pairatzen delarik.

Unibertsitateari dagokionean, ez nahikotasuna dute ezaugarri nagusia. Ekarpen arruntean 2010ekoarekiko 30 milioiko murrizketa mantentzen da, harrezkero urtetik urtera errepikatzen ari dena. Ekarpen horrek langileen soldatak finantzatzeko besterik ez du emango. Aurrekontu hauek arriskuan jartzen dute ordainsari gehigarrien inguruko dekretua betetzea dute, behar direnak baino 5 miloi euro gutxiago aurreikusten direlako. Bestalde, 2015ean EHUrekin sinatutako kontratu-programa ez du beteko Eusko Jaurlaritzak, adostutako 150 lanpostu ohiko finantziaziotik kanpo utziz eta hauen etorkizuna kolokan jarriz. Murrizketen metaketa honek eta urteari dagozkion ordainketak atzeratzeko joerak EHUk behar duen finantziazio arazoa areagotu egiten dute, itotzeraino.

• Etengabeko Prestakuntza eta Etengabeko Ikaskuntza ataletan ematen den inbertsio eskasa. Etengabeko ikaskuntzan jaitsiera dagoelarik.

• Hezkuntza Sistemaren Euskalduntzean jaitsiera ematen da 2009koen azpitik geldituz. Lanbide Heziketan dagoen euskararen ezagutza-ezaren gainean erantzunik ez.

• Ordezkapenetarako kopuruak punturik baxuenetan mugitzen dira. Ordezkapenak ez dira betetzen?

• Lan Osasuna: Langileei arreta psikologikoak eta arriskuak aurreikusteko prestakuntzak jaitsierak pairatzen dituzte, lan arriskuen analisi eta ebaluazioak mantentzen diren bitartean. Hiru esparru hauek prebentzio erreala emateko nahitaezkoak dira. Arrisku Psikosozialek irakaskuntzan duten pisua geroz eta handiagoa dela ikusita, hauetan ematen diren murrizketak ez ditugu ulertzen. Iazko aurrekontuetan Lan Osasunaren atal honetako hainbat ekimenetarako bideratutako 300.000 eurotatik 232.000 euro enpresa pribatuetara joan ziren. Zergatik horrenbeste kanpo-kontratu? Ez litzateke posible Hezkuntza Saileko Prebentziorako plantila handitzearekin kudeatzea?
• Lanbide Heziketak jaitsiera pairatzen du.
• Zerbitzuetako Laboralak: Hezkuntza Sailak behingoagatik argitu beharko liguke zer nolako ikastetxeak nahi dituen, sukaldeekin ala sukalderik gabe. 2009ko aurrekontuen kopuruetan mugitzen ari garela ikusita… Garbitzaileen kolektiboarekin ere, beste horrenbeste. Ia guztiz pribatizatutako esparru batekin aurkitzen gara eta ez dute inolako urratsik ematen zerbitzua berreskuratzeko.
• Heziketa Berezirako esparruari dagokionean inklusibitatearen eremuan aurrerapausorik ez dugu somatzen. Salagarria da guztiz, inklusibitatearen gaiarekin ahoa betetzea eta gerora, benetan inolako esfortzurik ez egitea.

• Haurreskolak.
Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritzak aurrekontuak egiterako orduan berriro ere engainatzen ditu jendartea, haurreskoletako familiak eta langileak. 2014ko auditoria aztertu eta gero, aurrekontuetan partida faltsu baten erabilera salatu genuen (3,8 miloi eurotakoa). Partida honen helburua aurrekontuak handitzea zen, baina ezin zen gastatu. Gezurrezko partida honekin, argi gelditu zen diru publikoarekin egiten den erabilera zikina.

2016ko aurrekontuetan, berriro ere murriztu dituzte Partzuergoko aurrekontuak. %2,5eko murrizketa aplikatu dute (1,335 milioi eurotakoa). Eusko Jaurlaritzak Partzuergorako aurreikusten duen diru partida handitu arren, zor diguten aparteko ordainsariaren zati bat ordaintzeko gordeta izan behar zuten dirua da igoera txiki hau. Ez dute inolako asmorik adierazi, tasen egokipenaren ondorioz, familiek gutxiago ordaintzeagatik diru sarreretan dagoen jeitsiera konpentsatuko denik.

Gogoratu behar dugu, tasen egokitzapenarekin, diru sarrera gutxiago egongo zirela aurreikusten zela, baina, beste aldetik, bekak kenduko zirenez, jeitsiera hori konpentsatuko zela beken diruarekin. Baina, non dago beken dirua? Zergatik ez da konpentsatu familien diru sarreren murrizketa? Nork ordaindu du jaitsiera hau? Zergatik murriztu dira langile gastuak? Langileok ordaindu behar al dugu kuoten egokitzapena?

Azkenik, 0-3 urteko zikloak daukan garrantzia kontuan hartuta, funtzio asistentziala betetzeaz gain, etapa honek daukan helburu hezigarria ahaztu gabe, ziklo honen doakotasuna aldarrikatzen jarraitzen dugu.

• Ikastolak.
o 2009ko aurrekontuak gainditu dira. Atal batzuetan ordea, murrizketak mantentzen dira jarraian ikusten moduan.
o Hezkuntza laguntza espezialisten atalaren jaitsiera ematen da.
o Aurre erretirorako partida, gero eta txikiagoa da.
o 0-3rako kopuruak izoztuta mantentzen dira jaitsiera baten ostean.
o Ordezkapenetarako diru partida 2016ko irailetik aurrera %3tik %4ra pasa liteke.

• Gizarte Ekimena.
o 2009ko aurrekontuak gainditu dira. Atal batzuetan ordea, murrizketak mantentzen dira jarraian ikusten moduan.
o Hezkuntza laguntza espezialisten kasuan: hiru milioi gutxiago jasota daude.
o Aurre erretirorako partida gero eta txikiagoa da.
o 0-3 zikloa: 2015eko 4 milioietako murrizketa egonkortzen da.
o Oinarrizko Lanbide Heziketa: ikastetxe batzuk lehenengo kurtsorako ituna eskatu dute eta horrela jasota dago. Bigarren ikasturtea nola finantziatuko den finkatzeke.
o Ordezkapenetarako diru partida 2016ko irailetik aurrera %3tik %4ra pasa liteke.

• Unibertsitatea:
o Aurrekontuaren ez nahikotasunak tasak igotzeko presioa areagotzen du.
o Ekarpen arruntean 2010ekoarekiko 30 milioiko murrizketa mantentzen da.
o Ordainsari gehigarriak ordaintzeko behar direnak baino 5 miloi euro gutxiago aurreikusten dira.
o 2015ean EHUrekin sinatutako kontratu programa ez du beteko Eusko Jaurlaritzak, adostutako 150 lanpostu ohiko finantziaziotik kanpo utziz.
o Murrizketen mantentzeak arriskuan jar dezake dozentzia modu egokian emateko baliabide nahikorik izatea (praktikak, laborategia, liburuak,..).

Panorama guzti hau ikusita, hezkuntza esparruari ere koherentzia eman beharrean gaudela iruditzen zaigu. Euskal hezkuntza ahalik eta modu zabalenean, koherenteenean eta betekizun zehatzen baitan barnebilduko lituzkeen aurrekontu batzuetara jauzi eman beharra dago. Oso argi dugu BPGetik hezkuntzara bideratu beharreko inbertsio portzentaiak hezkuntza esparruan Europan herrialde aurreratuenekin parekatze bidean jarri beharra dugula. Soilik horrela, inbertsio horiekin, biharko euskal jendartea izango dena, zor zaion hezkuntza kalitatearekin hezitua izateko aukera emango baitiogu. Hau horrela izanik ere, ez dugu hezkuntzaren hobekuntza ekonomian soilik oinarritu nahi. Honela bada, lehen esan moduan, hezkuntza esparruan koherentzia bilatzeko asmoz, hezkuntza lege berri baten beharra ikusten dugu. Lege honek gaur egungo legediak dituen mugak gainditzera eraman beharko gintuen, Euskal Herriaren kohesiorako baliagarria izan beharko luke eta hezkuntza oinarrizko zerbitzu publikotzat aitortu. Horrekin batera euskal jendartearen beharretara guztiz egokitutako hezkuntza sistema berri bat antolatu behar dugu, ez estatuen legedien beharretara egokitutakoa.
 

 

 

Pentsionisten Plataformak aurkeztutako HELak sindikatuen babesa jaso du

LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek babestu eta bat egiten dugu Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformek aurkeztu duten Herri Ekimen Legegilearekin eta langileei dei egiten diegu euren sinadura eman dezaten eta orain eta etorkizunean Pentsio Publiko Duinak berma daitezen.

Dei egiten diegu alderdi politikoei bidezko aldarrikapen hauek egia bihurtzeko oztoporik jar ez dezaten eta Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetatik HEL honetako sinadura-bilketa erraz dadom, Hego Euskal Herriko pentsiodun guztiek pentsio duina izan dezaten. Instituzioek herritarren eskubideak bermatu behar dituzte, herritarren interesen alde lan egin behar dute, hortaz, ezin dute beste alde batera begiratu aldarrikapen hauek aurrean.

Modu berean nabarmendu nahi dugu ze garrantzitsua den Euskal Herria Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa martxan jartzeak, Madriletik inposatzen dizkiguten murrizketen araberakoa izango ez den sistema propioa bermatzeko helburuarekin diru-sarrera zein gastuak kudeatuko dituena.

Pentsionisten Plataformek eman duten urratsa oso garrantzitsua dela baloratzen dugu kalera atera dutelako pentsio duina bermatzearen beharra. Honek horrenbeste urtetako lanaren ondoren duintasunez bizitzea ahalbidetuko lieke eta pobrezian eta hilabete amaiera ezin iritsirik egotea eragotziko luke.

Horregatik guztiagatik, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuok begi onez ikusten dugu Eskubide Sozialen Aldeko Hego Euskal Herriko Pentsionisten Plataformen ekimena eta gure babes osoa ematen diegu, gure lankidetza eskainiz.
 

 

 

LABen Hendaiako egoitza berriak ateak zabalik ditu

0


Gaur, hilak 18, zabaldu ditu LABek Hendaiako egoitza berriaren ateak. Duela hamabost urte iritsi zen LAB Ipar Euskal Herrira. Ibilbide luzea egin du sindikatuak urte hauetan, gatazketan zein Euskal Herriaren eraikuntzan lehen lerroan izan da beti. Gaur urrats berri bat eman dugu langile eta herritarrei borrokarako gune berri bat eskeiniz.

Festa giroa zen nagusi Hendaiako egoitzan gaur arratsaldean. Militante asko gerturatu dira jaizkibel karrikako lehen zenbakira. Anhioa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak hitza hartu du hau dena posible egin dutenak eskertu eta urte guzti hauetan Ipar Euskal Herriko militanteek egindako lana nabarmenduz.

Hau ez da Ipar Euskal Herrian izango duten berritasun bakarra. Hain zuzen ere webgune berria ere zabalik da Ipar Euskal Herriko lanketen berri jasotzeko. www.lab.eus/ieh helbidean aurkituko gaituzu, etor zaitez.
 

 

 

Euskal Presoak etxera ekarri behar ditugu. U9an Bilbo eta Baionara

LAB sindikatuak euskal presoen eskubideen alde eta urtarrilaren 9an Bilbon Sarek deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia eginez mobilizatzen ari da egunotan. Gaur Iruñean, Durangon, Bergaran…, atzo Ondarrun, Gasteizen… Euskal gatazkaren ondorio eta konponbidearen parte diren presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko egoera eta neurriekin amaitzea exijitu dugu.

Euskal presoen eskubideen aitortza euskal jendartearen gehiengoaren nahia da; presoen afera konpontzea ezinbesteko urratsa da Euskal Herrian bake eta konponbide prozesuan aurrera egiteko. Eta egoera honekin amaitzeko, euskal presoak etxera ekar ditzagun, mobilizazioa ezinbestekoa dugu. Mobilizazioa da elkartasunetik konpromisoetara pasatzeko modurik eraginkorrena.

LABeko kideak urtarrilaren 9an Bilbon izango gara, eta euskal langilei bertan parte hartzeko deia luzatzen diegu. Mugi daitezen harriak, Euskal Presoak Euskal Herrira. Urtarrilaren 9an, arratsaldeko 17:00etan, Bilbo eta Baionan.


 

 

 

Garoña desmantelatzea besterik ez dugu onartuko

0

LAB sindikatuak biharko Garoñaren aurkako manifestaziorako deia egin behar zien langileei, baina beste behin ere, aitzakia bidez, gure osasuna, bizitzak eta ingurumena arrisku larrian jarri nahi dituztenak isilarazi nahi izan gaituzte.
Euskal herritarrok bere sasoian Lemoiz itxi genuen. Zentral nuklearren aurkako jendartea da gurea. Urteak daramatzagu Garoña ixteko exijentziarekin. Heldu gara mugara, LABek Santa Maria de Garoña zentral nuklearra desmantelatzea besterik ez du onartuko.

Hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei abenduaren 20a baino lehen erakutsi behar izan diegu ez gaudela prest horrelako inposaketa eta arriskuei aurre egiteko. Administrazioek, interes ekonomikoak alde batera utzi eta behingoz arduraz jokatu beharra dute. Ez dugu onartuko jendartearentzat eta ingurumenarentzat segurua ez den inolako energiarik, ez hidrokarburo bilaketarik Kantauri itsasoan, ez zentral nuklearrik, ez frackinga bezalako teknika kutsakor eta arriskutsurik. Energia kontsumoa jaistearen aldekoak, instalazioak sakabanatzearen aldekoak gara. Energia berriztagarri eta ordezkagarrien aldeko apostua egingo dugu guk, aire garbia eta osasun publikoa bermatuko dituena. Ildo horretan, herri industrializatuok aurrerapauso handiak eman ditzakegu energia aurrezteko, batez ere elektrizitateari dagokionez.

Aurreko guztia bermatzeko, energia bezalako oinarrizko eskubidea dena administrazio publikoek kudeatu beharko lukete. Energiaren gaineko kontrola demokratikoa izan beharko litzateke, langile eta erabiltzaileon parte hartzea bermatuz. Gogoratu behar da urte honen bukaeran faktura garestiena ordainduko dugula, eta dagoeneko herritar gehiegik ezin diote faktura horri aurre egin. Ondorioz, beraien osasun fisiko eta mentala kaltetuko da, neguan berotasunik ez duten gorputzetan hori ezin daitekeelako bermatu.

Arabako mugatik horren hurbil dagoen zentral nuklearra hondakin nuklearrak gordetzeko hilerri bilakatu nahi dute orain. Guztiz onartezina deritzogu. Urte luzeegitan jasan izan dute bertako bizilagunek arrisku hori. Bada ordua zigor hori beraien buru gaineetatik kentzeko. Erradiazio horren ondorioz, bertako bizilagunek ohikoa baino urdail eta birikietako minbizi kasu gehiago izan dituzte, nahikoa da!

Langileok mobilizatzera deitzen zaituztegu, eta debekuen gainetik, igandean “Nuklearrik? Ez eskerrik asko, Garoña itxi orain!” pegata jarrita bozkatzera joatera.
 

 

 

Elecnorrek emakume langileak baztertzen ditu

Elecnor Infraestructuras enpresaren zuzendaritzak Gasteizko lantegiko sindikatuetako ordezkaritzari jakinarazi dio bost emakume-langile lekualdatu egin dituela Getafeko lantegira (Madril), antolaketari loturiko arrazoiak argudiatuta. Gasteizeko lantokian egiten duten lan bera egiteko bost langileak beste lantoki batera bidaltzeko aginduaren zergatia ez datza haren baliabideak egokiro birbanatzean, begi-bistakoa baita honen bidez talde hau bota nahi dituela, kostuak merkatzeko eta bulego lana Madrilen egin dadin, bertako langileekin.

Zuzendaritzaren erabakiak ezkutatu nahi ditu, lekualdatzeen bidez, berez kaleratze huts eta gordinak direnak. Enpresak agindu dituen lekualdatzeak onartezinak direnez, langileak behartu nahi ditu langileak lanari uko egin diezaioten, eta horrela, gutxieneko kalte-ordaina jaso.

Enpresa zuzendaritzak genero bazterkeria ageriko eta onartezina burutu du, eragindako guztiak emakume langileak direlako eta denak, bat izan ezik, legezko jagoletza betetzen ari direlako, lanaldia murriztuan lan eginez. Hau ez da jasan duten lehen bazterkeria egoera, larriena bai ordea. Hori dela eta, kaltetutako langileek eta langile ordezkariek, denak LABekoak, aipatutako bazterkeria salatzeko dinamikari ekingo diote aipatu bazterkeria Laneko Ikuskaritzan, Emakunden eta beste esparru batzutan salatzeko. Horrez gain, langile guztiak eta jendarte osoari dei egiten diogu mobilizazioetan parte hartzera.

Hau dela eta, LABek bere konpromisoa emakumeen aurkako bazterkeriari aurre egiteko eta guztion aldeko eskubideen alde jarduteko bere konpromisoa berresten du. Era berean, Araban eta Euskal Herri osoan enplegu duina izan dadin borrokatuko gara, oraingo honetan, emakumeen enplegu duinaren alde.
 

 

 

EPEari buruz EAEko Hezkuntza Sailak egindako proposamenak prekarietatea dakar

0

LAB Irakaskuntzak ordezkoen lan baldintzak hankaz gora jarriko dituen proposamena salatu nahi du. Hezkuntza Sailak oposaketak gainditu eta plazarik lortzen ez duten langileak saritu nahi ditu ordezkapen zerrendetan 40tik 60 puntura emanez. Horrek suposatzen du kasurik hoberenean azterketa batek 10 urteko lan esperientzia balioko duela. Horrela, 10 urte baino gehiago lanean daramatzan langile egonkor baten lanpostua kolokan geratu ahal da azterketen emaitzen arabera.

Oposaketa prozesu orok zentroetan ezinegona sortzen du eta horrek hezkuntza kalitateari eragiten dio. Oposaketa prozesua luzea eta gogorra da, eta irakasle askoren urteko lana baldintzatzen du. Hezkuntza Sailak proposatzen duen aldaketa honek egoera hau areagotuko luke. Izan ere, oposaketa egitea borondatezko izatetik derrigorra izatera igarotzen da.

Hezkuntzako hautapen prozesuetako azterketa motak, gaitegiak eta baremoak %99an Madriletik arautzen dira eta bertan erabakitzeko aukerak txikiak dira. Orain Hezkuntza Sailak esku hartzerako tarte txiki hori langileen prekarietatea handitzeko erabili nahi du.

Hezkuntzaren proposamena norabide okerrean doa. Prekarieatean areagotu eta egonkortasuna murrizten du.
Hezkuntza Sailari bere proposamen antzua bertan behera uztea eskatzen diogu eta azken urteotan hartutako erabakien norabidea, murrizketen eta prekarietatearen norabidea, aldatzea eskatzen diogu. Sailari adierazi nahi diogu zentzu horretan egindako proposamenekin LAB sindikatua aurrean edukiko duela.
 

 

 

Lotsagabekeria dira Circulo de Empresariosek egindako fiskalitate proposamenak

Harrigarria izango litzateke enpresarioek, eta zehazki euren sektore elitistenek, zerga igoera eskatzea errenta altuenentzat, irabazi enpresarialentzat eta aberastasuna pilaketarentzat; azken batean, euren interes pribilegiatuen aurka ekitea. Hala ere, Círculo de Empresariosek egindako proposamen fiskala ezin zen lotsagabeagoa izan.

Proposamen honen aurrean honakoa adierazpenak egin nahi ditu LABek:

  • Egun Estatu espainola da Europako suspertze ekonomikoa lideratzen duena urtearteko %3,4ko tasarekin. Hego Euskal Herrian ere ekonomia %3ko urtearteko tasan ari da igotzen, Europar Batasuneko erritmoa %1,9koa den bitartean. Beraz, ez du ematen egungo presio fiskala oztopo denik.

  • Suspertze ekomikoa hor ego narren, desoreka nabarmenak daude esparru sozioekonomikoan. Alderdirik negatiboenen artean aipagarriak dira langabezia estrukturala eta epe luzekoaren hazkundea, goraka doan prekarietatea eta laneko segmentazioa, desberdintasunen areagotzea eta babes sozialerako mekanismoak ahultzea.

   • Desberdintasunen gorakada eta gero eta handiagoa den bretxa sozialak suspertzea zaildu eta mugatu egiten dute; baina batez ere erabat bidegabea den eredu ekonomikoa erakusten digute.

  • LABek egindako azken fiskalitate azterketaren arabera, gure herriko presio fiskala (BPGrekiko portzentajean neurtuta) Europar Batasuneko batazbestekotik 10 puntu azpitik dago. Ondorioz, badago tartea presio fiskala handitzeko eta baliabide gehigarri horiek Europako estandarrekin konparatuta gure babes sozialerako sistemek aurkezten dituzten ahultasunak zuzentzera bideratzeko.

  • Gure sistema fiskala ezaugarritzen duten elementuetako bat ahalegin fiskalaren banaketa bidegabea da, progresibitate elementurik ez duten eta eragin erregresiboa duten zeharkako zergen gehiegizko pisuarekin.
 
  • Bestalde, Kontzertu Ekonomikoa behin eta berriro erabili da modu kontzientean kapitalaren errentei, irabazi enpresarialei eta pilatutako fortuna handiei karga fiskalak arintzeko. Hain zuzuen, Circulo de Empresariosen proposamenek norabide honetan sakondu nahi dute.

 

 

 

Etorkinen Nazioarteko Egun honetan herri eta pertsonak izan behar dugu ardatz

Milaka pertsona daude behartuta euren herriak, biziguak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, natural edo gatazka belikoen ondorioz. Hau ez da onargarria. Europako migrazio politikak aldatzeko beharra gero eta nabarmenagoa da. Bestelako europa soziala eraiki behar dugu, herri eta pertsonak ardatz izango dituena. LABek bere egiten du erronka hau eta horren alde borrokatuko da.


LABen adierazpena

Europako migrazio-politikak aldatzearen beharra. Herrian eta Pertsonen Europa Sozialaren aldeko apustua. Milaka pertsona daude behartuta euren herriak, biziguak, lanak eta familiak uztera, arrazoi ekonomiko, natural edo gatazka belikoen ondorioz. Milaka pertsona pilatzen dira Europako herrialdeen ateetan, bizitzeko aukera bat eskatuz. Europaren erantzuna, ordea, urrun dago elkartasunezkoa, eskuzabala izatetik. Segurtasunaren izenean, horma eta arantzadun hesiak jartzen dira, eta kontrol militar eta polizial zorrotzak. Europak bertan behera uzten ditu, heriotzaren atarian, gizon, emakume eta umeak. Europak oinarrizko gizae eskubideak urratzen ditu, eta badaki, eta badakigu. Europar instituzioek gaur hartutako politika eta neurriek gurekin zerikusirik ez duten, eta lotsa arazten gaituzten interes ekonomiko, finantzario eta belikoei erantzuten diete. Beharrezkoa da bestelako neurri batzuk hartzea, orain.

Gerra inperialistei ez! Gure arbuiorik sakonena gerra inperialista eta euren ondorioei. Azken hilabeteotan, migrazio-mugimenduek presentzia handia izan dute komunikabideetan, Siriako gatazkaren, eta orokorrean Ekialde Erdikoaren ondorioengatik.

Gainera, pertsona errefexiatuei (gerra edo arrazoi politikoengatik desplazatuak) begirako tratu eta neurriak migrariei emandakoetatik (beste arrazoi batzuengatik desplazatuak, ekonomikoak, naturalak…) bereiztu eta justifikatu nahi izan dira. Alde da gutxienekoa egoera berdina delako kasu batzuentzat zein besteetan, oso txarra. Ez gara ari ezer egiten egunetik egunera milaka heriotza eta desagertze eragiten dituen drama humano honi mugak jartzeko.

Kalkulatzen da azken garaiotan 60 milioi desplazatu egon dela. Bigarren Mundu Gerrak eragin zituen kopuruetatik gertu gaude. Badakigu badaudela gerrak. Gerra hauen arrazoi eta erantzukizunak izkutatu egiten zaizkigu, ez da interesatzen jakin daitezen. Lotsak, delituak eta negozioak milaka heriotzaren kontura, bortxaketak eta askotariko indarkeriak argitara aterako lirateke eta ez da interesatzen. Batez ere, mundu mailako statu quoa mantendu behar da. Nahikoa da armagintza lobbiek (2014an, 10 armagintza enpresa nagusiek 30.000 milioi dolarretako irabaziak izan zituzte), lobby ekonomiko eta finantzarioek zehaz dezaten bizi egingo garen ala hil, eta nola egin behar dugun.

Emakume migrariek enpleguari dagokionez jasotzen duten diskriminazioa eta zaurgarritasunari mugak jartzeko, poltika publikoak eta neurri eraginkorrak ezartzearen beharra. Emakume migrariek jasaten dute zatirik txarrena. Laneko prekarietatearen biktima nagusiak dira. Emakume hauetako asko daude diskriminazio eta zaurgarritasun egoera. Informe ezberdinen arabera, emakume migrarien %40a etxeko langilea da edo zaintzan ari da, eta hauen herenak lan baldintzen inguruko arazoak dituzela adierazten du, lanaldia, soldata edo kontratua. Etxeko lanetan ari den emakume migrarien zati handi batek zailtasunak ditu euren beharrizan ekonomikoei erantzuteko. Beharrezkoa da immigrazio politikek genero ikuspegia kontuan hartu eta lan dezaten.

Arrazakeria eta xenofobiari mugak jarri behar zaizkie eta landu behar dira. Bien bitartean, gorrotoa, arrazakeria, xenofobia eta islamofobia gora doaz. Beldurra eta segurtasunaren izenean jendearengan eragina duten diskurtsoak egiten dira, ulertzen diren diskurtsoak, gezurrez betetako diskurtsoak. Gogora dezagun Maroto jauna eta “bere” Herri Ekimen Legegilea migrarien prestazio sozialak agortzen dituztela, ekarpenik egin barik. Immigrazioaren Euskal Behatokiaren txostenaren arabera, atzerriko etorkinek administrazio publikoari jasoten dutena baino ekarpen handiagoa egiten dute EAEn. Migrariak ez dira mehatxua. Politika austerizidak, segurtasuna eta beldurraren izenean egindako politikak eta interes inperialisten arabera egindako politikak dira gure benetako etsaiak. Ez gaitezen euren tranpan eror. Lan ditzagun Herrien eta Pertsonen arteko elkartasuna, eskuzabaltasuna.