2026-06-18
Blog Page 1103

Sabadelleko zuzendaritzak ez du hitzarmena betetzen eta kaleratzeekin mehatxu egiten du

0
Azken honetan, Banco de Sabadelleko Gipuzkoako langile gehienok aldi latza bizitzen ari gara. Bankuaren Zuzendaritzak langile askori agertzen dien harrokeria, mehatxua eta xantaia egiaztatzen eta jasaten ari gara, lantokiz aldatu eta hitzarmenaren arabera eraman ditzaketena baino urrutirago eramaten dituzte.

Dirudienez, Bankuaren Zuzendaritzaren iritziz, hitzarmena langileok bakarrik bete behar dugu. Haiek nahieran egin eta desegin dezakete. Nahi duten guztia egin dezaketela uste dute. Euren asmoak onartu ezean, mugikortasuna ezartzen dute, eta 25 baino urrunagoran eraman diezagukete lanpostua, noiznahi eman diezagukete kaleratze gutuna. Honi gehitu diezaiokegu, 40 bat langile enpresaz aldatu nahi dituztela, horietako batzuen antzinatasuna 40 urte baino handiagoa denean, Banco Sabadell taldean sortu berri den enpresa batean lan egin dezaten.

Bai, gure eskubideak urratzen ari dira, eta hori salatu behar da. Gure bizitzekin jolas dezaten aspertuak gaude, nazkatuak gaude gure buruak arriskuan jarri beharraz, gure bizilekutik kilometro askotara dagoen lanlekura egunero joan beharraz. Ederki dakite hori, lan istripuak izateko arriskua areagotzen duelako.

Ezer gutxi axola die gure bizitza pribatuak, etxeko bizitza eta lana uztartzeko beharrak, gure seme-alabak behar bezala zaintzeak edo haiek zaintzen eman dezakegun denbora urriagoa izateak,… Gai hauei eta beste askori uko egin diezaiegun nahi dute, horrela gure lanpostua “salba dezagun”, gaur egun bizi dugun une latzean. Horrela, haien mehatxua onartuko ez bagenu, eta “nahita” joango ez bagina, lanetik bidaltzearekin mehatxu egiten digute.

Nahikoa da! Bankuaren Zuzendaritzak jakin beza ez garela txotxongiloak, eskubideak ditugula eta bete behar dituela.
Honengatik, lehenengo eta behin langileak deitzen ditugu kikildu ez daitezen, euren eskubideen alde egin dezaten eta mehatxuak, presioak eta xantaiak bere horretan iraunez gero, sindikatuen ordezkariengana jo dezaten, eta horrela, elkar hartuz, egokia dena egin dezagun eta egoera maila guztietan sala dezagun, auzibidez zein jendartean.

Bigarrenez, gainontzeko sindikatuak deitzen ditugu ezin larriagoa den egoera honi aurre egin diezaioten, sindikatuek dauzkaten bitarteko guztiak jar ditzaten, mobiliza daitezen eta horrela, halakorik berriro jazo ez dadin. Denok dakigu hamaika direla bulegoz aldatu dituzten pertsonak eta horietako asko presionatzen ari direla.

Banco Sabadellek langileon eskubideak urra ditzan eragotz dezakegu eta eragotzi behar dugu. Eskubideak bete ditzala eskatu behar zaio, eta atzerapausurik ez onartu.
 

 

 

Nafarrroako Irakaskuntzako LEP iruzurra, aldaketari bai

0


Nafarroako irakaskuntzako gehiengo sindikala LEParen aurka izanda ere, Geroa Bairen Gobernuak proposamenarekin aurrera jarraitzeko erabakia hanka sartze bat da. Erabakia salatzeko eta aldaketa bidean gaur, bihar eta etzi "LEP iruzurra, aldaketari bai" lelopean mobilizatuko gara Iruñean.

Pasadan ostiralean Nafarroako Irakaskuntzako LEPa tratatzeko Mahai Orokorra burutu zen. LEP honen prozesua luzea eta korapilatsua izan da eta mahai gainean jarri duten proposamena lotsagarritzat jotzen dugu. Geroa Bairen Gobernuak irakaskuntzako gehiengo sindikala LEP honen aurka izanda, proposamen honekin aurrera egiteko sinesgarritasun osoa galdu du.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako euskarazko 120 plaza kendu dituzte ikasturte honetarako. Mahai Orokorrean gehiengo sindikalak (LAB eta ELA) ezetz esan dio LEP honi.

Ostiral arratsaldean, Mahai Sektoriala egin zen eta LABetik adierazi genuen LEP prozesu hau arduragabekeriaz betetakoa izan dela, ondorioz ez dagoela inongo bermerik negoziaketak aurrera egiteko eta ez dugula lan egiteko modurik ikusten. Mahai Sektorialeko gehiengo sindikalak ere, (LAB, Steilas, ELA) ezezkoa eman dio eta AFAPNAk ere bai.

Irakasle lanpostuen zerrenda kudeaketa arautzen duen 60/2009 Agindu Foralaren aldaketa ezinbesteko baldintza izan zen sindikatu guztientzako. Ondorioz koherentziaz ezetz esan beharko liokete sindikatu guztiek LEP honi.

Geroa Bairen Gobernuak irakaskuntzako gehiengo sindikala LEP honen aurka izanda, proposamen honekin aurrera egiteko sinesgarritasun osoa galdu du.

Hortaz LABek, prozesu hau kudeatu duen Hezkuntza Departamentuko lantaldearen dimisioa eskatzen du, baita Mendoza Kontseilariarena ere, prozesu hau bideratzeko ahalmena ez duelako erakutsi, negoziazio faltsuetan aritu delako eta kudeaketa traketsa lideratu duelako.

Datorren astean mobilizazioak egingo ditugu LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok. Otsailak 8, 9 eta 10. Nafarroako Jauregiaren aurrean (Carlos III z/g). Eguerdiko 12:00tan izango dira. Kontzentraren leloa “LEP IRUZURRA, ALDAKETARI BAI”.Sindikatu hauek Nafar jendartea mobilizaio hauetan partehartzera gonbidatu nahi dute eta bereziki prozesu honetan kaltetuak izan diren irakasleak.
 

 

 

Lanuzteak Zalain Transformados enpresan zor zaien lansaria eskatuz

0

Ordain-sariak eta nominak ordaintzeko orduan egondako atzerapenak salatzeko Zalain Transformadoseko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Urtarrilaren 25ean hasitako mobilizazio dinamikak atzo jarraipena izan zuen 4 orduko lanuzteekin. 

Lesakako Zalain Transformadosen gertatzen ari denaren inguruko Lantegi Batzordearen irakurketa

Lesakan kokaturik dagoen Zalain Transformados lantegian gertatzen ari denaren inguruan aipamen bat egitea komeni da, bertan lan gatazka batek bizirik dirau eta gaur egun.

Lan gatazka ez da berria 2014ko Martxoan kokatu baititeke bere hasiera. Zalain Transformados lantegia eta bere 350 langileak Condesa taldearen barruan daude kokatuak daude oraingoz Euskal Herriko bertze 3 plantekin eta Nazioartean dituzten bertze 5 lantegirekin batera.

2014ko Martxoan taldeak zeukan finantza arazoak zirela medio Condesa taldea eta ondorioz Zalain Transformados hornidurarik gabe gelditu zen eta lan zama izanik ere lana behar bezala ezin atereaz egon ziren. Taldea aurre konkurtso egoeran sartu zen, eta Konkurtsoan sartzeko epea bukatzeko egun bat falta zenean ArcelorMittalek eta banku kontsortzio batek akordio bat lortu zuten taldeko lantegi batzuen kontrola hartzeko tartean Zalain Transformados. Gelditzen zen azken tramitea Europako konpetentzia batzordearen oniritzia zen eta pasa den Urtarrilaren 29an gauzatu zen.

Tarte honetan eguberri hauetan Condesa Taldeak bere langile guztiei eta noski Zalain Transformadoseko langileei ere eguberrietako eta urtarrileko 2 aparteko soldatak ordainduko ez zizkiela jakin arazi zien eta hori dela eta langileek mobilizazioei ekin diete bere soldata ordaindua izan dadin exijitzeko.

Konkretuki lehenengo mobilizazioa urtarrilaren 18an egin zuten 4 orduko lan uzte batekin txanda bakoitzean, Ondotik ikusita enpresak paga bakoitzaren %25a bakarrik ordainduta zuela Otsailaren 2 eta 4rako txanda bakoitzean bertze lau ordutako lan uzteak egin dituzte. Langileen ordezkariek eta langileek batzarretan argi utzi dutenez soldataren osotasuna kobratu arte ez dituzte mobilizazioak utziko eta beraz ordaindu ezean mobilizazio gehiago aurre ikusten dira.

Horregatik gaur Otsailak 4 eguerdiko 11etan 150 langile Zalain transformadoseko ataritik atera eta Berako herrira joan gara eta bertako Banco Santander parean kontzentratu gara gure egoerari soluzio bat eskatzeko. Egoera konpondu ezean mobilizatzen jarraituko dugu, zor zaiguna ordaindu arte.

 

 

 

Altxa gaitezen Lanbide Heziketan esplotazioarekin amaitzeko

0


Gaur egungo sistemak gazteak prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi ditu, beraien etorkizunaz erabakitzeko aukera lapurtuz, edota enplegua lortzeko emigratzera behartuz. Egoera hau errotik aldatzeko elkarlana eta indarrak batzea ezinbestekoa dira. Helburu honekin langile, gazte zein ikasleen arteko aliantzak eraikitzen ari gara eta honen adierazle da gaur LAB, Ernai eta Ikasle Abertzaleak-ek Lanbide Heziketako praktiketan gazteen eskubideak bermatzeko martxan jarritako kanpaina. 

Krisiaren aitzakiarekin patronalari eskubide guztiak oparitu izanaren ondorioz gazteak inolako eskubiderik gabe sartzen ari dira lan munduan, Patronala bere abantailazko posiziotik, esplotazio eredu gupidagabea inposatzen ari da. Hain zuzen ere gazteei eskaintzen zaien enplegua aldibaterakoa eta prekarioa da, askotan lan kontraturik gabe, segurtasuna neurririk gabe eta soldata miserableekin lan egitera behartuak daude, eta gainera langabeziak bortizki kolpatzen ditu —25urtetik beherakoen artean langabezi tasa %6,3 igo da—.

Egoera larria da eta aldaketak bultzatzeko elkarleanean aritu behar dugu. Aliantza hauen emaitza izan zen Ernairekin batera kaleratu genuen “gazte prekarietatea brrokatzeko aldarrikapen taula”. Bertan jasotzen zen puntuetariko batek “praktikak ikasteko direla eta ez esplotatzeko” zioen. Beraz orain, lanbide heziketako ikastetxeetan praktikaldiak egiteko garai izanki, dinamika bateratu bat martxan jartzeko beharra ikusi dugu. Hala, LAB, Ernai eta ikasle Abertzaleek hainbat neurri har daitezela aldarrikatuko dugu, praktikak duindu eta hezkuntza patronalaren eta esku pribatuen logikaren arabera baino gazte eta langileon mesedetara jar dadin. LABek bere aldetik ikasle horiei harrera egiteko protokolo bat martxan jarriko du, delegatuek ikasle harremanetan jarri eta praktikak ikasleak formatzeko eta esperientzia jasotzeko helburuarekin bat datozela zainduko dute.

Zehatz mehatz, praktikak hezkuntza prozesuaren parte diren heinean lanpostu ezberdinetan formazio integrala jasotzea eskatzen dugu. Hain zuzen ere, praktikaldiak ezin dira izan enpresek egin beharreko kontratazio berriak aurreztu eta gazteekin betetzeko. Bestalde praktikak ezin dira koste bilakatu, beraz bidaia eta dieten ordainketa ezin da ikasleen gain geratu. Eta amaitzeko, beste langile bat bezala produzitzen duten heinean, soldatarik ez izan arren, lan orduek segurtasun sozialean kotizatu behar dute.

Aldarrikapen hauek errealitate egitea borondate kontu bat besterik ez da. Beraz enplegu eta hezkuntza sailei, patronalei mesede egin baino ikasleen eta oro har langileen aldeko politikak sustatzeko eskatzen diegu. Aldarrikapen hauetaz gain ikasleei, formulario baten bidez, praktiketako enpresak ebaluatzeko aukera emango zaie. Bertan ikasleek formazio helburuak bete diren, segurtasun neurriak bermatu diren, praktikak euskaraz garatzeko eskubidea izan duten,… baloratuko da. Balorazio honetatik enpresa beltzen zerrenda osatuko da.


 


 

 

CONDESAko langileen etorkizuna eta enpleguaren defentsan

0


Gaur, hilak 5, LABek konzentrazio bat burutu du CONDESAko bulego nagusiaren aurrean Legutioko lantegietarako, baita besteetarako ere, konponbideak eskatzeko. Azken ia 2 urteetan langileak ziurgabetasun egoeran bizi dira, lan karga eskasarekin, ERTEak bata bestearen atzetik sufritzen, horren ondorioz langabezi prestazioa erruz kontsumitzen, eta inolako informaziorik jaso gabe. Hori gutxi ez eta langileei abenduko aparteko pagaren %75a ez zieten ordaindu inolako azalpenik eman gabe.

Prozesu honetan guztian, oso esanguratsua izan da Eusko Jaurlaritza eta EAJ-PNVren papera. Langileen ordezkariei informazioa ezkutatu, zenbaitetan beraiekin biltzeari uko egin eta Eusko Legebiltzarrean langileen aldeko adierazpen bati babesa eman ez izana benetan tamalgarria da.

Otsailaren 1ean jakin genuen Europar Batasunak onespena eman ziola CONDESAk, ARCELORrek eta Bankuek adostutako akordioari baina gaur akordio hori nola gauzatuko den jakin gabe jarraitzen dugu.

Horren aurrean, LABek jabe berriei Industria Plana exigitzen die aktibitatea, enplegua eta lan baldintzak bermatzeko. Horrekin batera, dei egiten diegu instituzioei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, Arabarako estrategikoa den proiektu hau babestu dezaten. Euskal altzairuzko egoeraren eztabaidan, itxuratik haratago benetako inplikazioa eskatzen diegu.

Honenbestez, LABek jarraituko du CONDESAko langileen etorkizuna, enplegua eta eskubideen alde mobilizatzen.

 

 

 

Denon enplegu duina bermatzeko, lan harremanetarako esparru propioa beharrezkoa da

Nafarroako Parlamentuak enpleguari buruz egin duen osoko bilkura monografikoaren harira, LAB sindikatuak kontzentrazio zaratatsua egin du, enplegu politikan aldaketa aldarrikatzeko. Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok eskatu du "Nafarroan eman den aldaketa lantokietara iritsi dadila. Aldaketa langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntzan islatu behar da, enplegu politika berri baten bidez". Aldarrikapen hau sustatzeko, LABek manifestazio handi bat antolatu du martxoaren 19an Iruñean.

LABek aldarrikatzen duen enplegu politika beria bost ardatzetan oinarritzen da: lehenik eta behin, 35 orduko lan astea, Nafarroan 14.000 lanpostu baino gehiago sortuko lituzkeena; bigarrenik, 1200 euroko gutxieneko soldata, "bizitza duin eta autonomoa bermatzeko oinarrizko zorua baita"; hirugarrenik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko neurriak, hala nola industrian KYBSEko klausula ezarriz (kontratazio berrien %50 gizon eta %50 emakume) eta "lan berdinak soldata berdina" irizpidea gauzatuz; laugarrenik, zerbitzu publikoetan 5.000 lanpostu sortzea; eta azkenik, Nafarroan lan harremanetarako esparru propioa egituratzea, honelako neurriak Espainiako Gobernuaren injerentziarik gabe aplikatu ahal izateko.

Ildo honetan, Arroyok burujabetza falta salatu du: "Espainiako Gobernuak arazo zehatzei erantzuna ematen zioten 17 nafar lege indargabetu ditu. Ezin baditugu langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak hartu, hordagoa bota beharko dugu, eremu guztietan Nafarroaren burujabetza defendatuz, baita lan eremuan ere".
 

 

 

Pobrezia eta prekarietateari erantzuteko oinarrizkoa da lana eta aberastasuna banatzea


LAB sindikatutik prekarietateari aurre eginez, lana eta aberastasuna banatzea eskatzen dugu. Aberastasunaren banaketarako 1.200 euroko gutxieneko soldata kokatzen dugu ipar-orratz, eta lanaren banaketarako 35 orduak dira erreferentzia. 

Sektore publikoan 35 orduko lanastearen ezarpena bere momentuan sindikatuokin egindako negoziazio baten emaitza izan zen. Jaurlaritzak bere aldetik, aldebakarreko erabakiz apurtu zuen akordio hura eta 37,5 orduko lanastea inposatu. Hego Euskal Herrian hau ezartzen ausartu zen instituzio bakarrenetako izan zen, ezta UPNren esku zegoen Nafarroako Gobernua ere ausartzen ez zena. Oraingoan berriro ere negoziaziorik gabeko testuinguruan erabaki du 35 orduetara bueltatzea. Jaurlaritzak negoziazio kolektiboaren gainean duen jarrera salatzen dugu, beraz, negoziazio kolektiboaren ukazioa egiten jarraitzen du.

Bestalde, ikuskizun dago erabakiak zer eragin izango duen enpleguan, alegia, zer kalitateko enplegua izango duen. Hauteskunde usaina duen erabakia da eta beraz, tentuz hartzen dugu.

Patronalak erabakiaren inguruan egindako erreakzioaren inguruan, LAB sindikatutik prekarietateari aurre eginez, lana eta aberastasuna banatzea eskatzen dugu. Aberastasunaren banaketarako 1200 euroko gutxieneko soldata kokatzen dugu ipar-orratz, eta lanaren banaketarako 35 orduak dira erreferentzia.

Arrakala soziala geroz eta handiagoa da. Lanaren eta aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa da. Honen aurrean, 35 orduen ezarpena neurri eraginkorra litzateke, langabeziari aurre egiteko, lana modu eraginkorrean banatzeko.

Gogoratu behar dugu ordu extren nahiz inposatutako lanaldi partzialen atzean miseriazko soldatak daudela. Beraz, 1200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduak oinarrizkoak zaizkigu egungo prekarietate eta pobrezia egoerari buelta emateko.

 

 

 

Nafarroako Hezkuntzako LEParen kudeaketa desastre hutsa izan da

0

LEParen kudeaketa desastre hutsa izan da . Denboran gehiegi luzatu da inolako justifikaziorik gabe. Gaurko proposamen hau ez da erabaki teknikoetan oinarritu, tempus politikotik gehiago du, merkadeo tamalgarrian bukatuz. LABek, prozesu hau kudeatu duen Hezkuntza Departamentuko lantaldearen dimisioa eskatzen du, baita Mendoza Kontseilariarena ere, prozesu hau bideratzeko ahalmena ez duelako erakutsi, negoziazio faltsuetan aritu delako eta kudeaketa traketsa lideratu duelako. 

Abenduko Mahai Orokorrean onartutako LEPtik Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako euskarazko 120 plaza desagertu dira. LEP honen helburu bakarra, eta ez bestelakorik, Nafarroako Hezkuntza sistemak dituen beharrak asetzeak izan beharko luke. Kolokan jartzen dira orain arte Hezkuntza Departamentuak berak azaldu dituen argumentazio teknikoak.

Gobernuak berak arduragaberiaz jokatu du, eta Podemos eta Izquierda/Ezkerraren papera lotsagarria izan da, klientelismoan erori dira. Ezin ahaztu “erregimena” sostengatu duten sindikatu eta alderdiek egindako presioaren ondorio ere badela egun dugun egoera. Merkadeoak, gezurrak eta manipulazioak nagusi izan dira prozesu honetan, eta Uxue Barkosen Gobernua ere “erregimen” beraren besarkadan erori da.

Irakasle lanpostuen zerrenda kudeaketa arautzen duen 60/2009 Foru Dekretuaren aldaketa ezinbesteko baldintza izan zen sindikatu guztientzako. Ondorioz, koherentziaz, ezetz esan beharko liokete sindikatu guztiek LEP honi.

LABek LEP honi ezetz esaten dio, zerrenda bakarraren ezinbesteko baldintza ez delako betetzen. Zerrenda bakarrarena ez onartzeak erakusten du nola Hezkuntza Departamentuak UPNren lekukoa hartu duen euskaldunen hizkuntz eskubideen ukazioan. Napartheidak jarraitzen du.

Guzti honek berresten digu LABen hasierako planteamendua egokiena zela. Ikasturte hau Nafarroako hezkuntza sistemaren beharrak identifikatzeko izan behar zen. Diagnostikoa oraindik egiteke dago.

Hortaz LABek, prozesu hau kudeatu duen Hezkuntza Departamentuko lantaldearen dimisioa eskatzen du, baita Mendoza Kontseilariarena ere, prozesu hau bideratzeko ahalmena ez duelako erakutsi, negoziazio faltsuetan aritu delako eta kudeaketa traketsa lideratu duelako.
 

 

 

Prekarietatearen kontrako koplak Bilbon


Santa Ageda bezpera da gaur, kantari ateratzeko eguna Euskal Herrian, aspalditik. LABetik ere gure ekarpena egin nahi izan diogu egunari eta honen barruan, mezu argia luzatu diegu langileei, zure eskubideen alde, aktiba zaitez! Egin aurre prekarietateari. Horretarako jarri dugu martxan “ZureESKUbideak, ¡actívate por tus derechos!” egitasmoa martxan. 

LAB sindikatuak badauka tresna indartsu bat prekarietateari aurre egiteko, langileriaren aktibazioa, bost aldarrikapenen inguruan eraikia. “Prekarietatearen aurrean, eman bostekoa” esaten dugu guk, eman lanaren banaketa eta 35 orduko lan astea, eman 1.200 eurotako gutxieneko soldata, eman aukera berdintasuna, eman lan osasuna eta eman hizkuntza eskubideak. 

Instituzioak eta patronala interpelatuko ditugu gaur. Erabaki ausartak behar ditugu gaur, politiken errotiko aldaketa. Eusko Jaurlaritzan gaude orain, Confebaskera joko dugu gero eta Foru Aldundiaren aurrean amaituko dugu gure kantu-jira aldarrikatzailea.

Gaur ez diogu Santa Agedari abestuko, txikitzen ari zaigun prekarietateari aurre egiteko antolaketa eta borrokari baino. Gure koplen leloak dioen bezala “prekarietatean nahi gaituzte, ikusi kondenatuta, baina guk kontra egingo dugu borrokan antolatuta”.