2026-11-05
HomeIndustriaMetalgintzaArabako Metalgintzan SEA, UGT eta CCOOen arteko aurreakordioari buruzko LABen lehenengo balorazioa

Arabako Metalgintzan SEA, UGT eta CCOOen arteko aurreakordioari buruzko LABen lehenengo balorazioa

Ezagutu ditugun datuen arabera, UGT-k eta CCOO-k SEA patronalak negoziazio honi eskatzen zion guztia onartu dute:

1.- 4 urteko soldata izozketa eta KPI-rik gabeko soldata igoerak. Indize honi inongo aipamenik egiten ez dion lehenengo Arabako metaleko hitzarmena izango da, sektoreko beste hitzarmen kolektiboentzat aurrekari arriskutsua sortuz. Une berean, aurreko 4 urteak (2011-2015) galdutzat ematen dira, inolako soldata igoerarik gabe, ezta soldata taularen eguneratzerik ere. Beraz, sektoreko langileek beren eros-ahalmenean galera nabarmena pairatuko dute.

2.- Malgutasuna areagotzea. Arabako langileek EAE-ko metaleko lanaldia handiena izateaz gain, akordio honi esker malgutasun handiena ere jasango dute. Beraz, ez dago inongo arrazoirik neurri hau onartzeko. Are gehiago, neurri hau enpleguaren sorrera eta lan banaketaren aurkako bidean badoa. Honek pobrezia eta prekarietate gehiago baino ez du ekarriko.

3.- Lan erreforma ezartzea. Lan erreforma eragotzi edota mugatzen ez duen akordioa izango da. Izan ere, ez du bermatzen enpresetan hitzarmena derrigorrez beteko denik.

Honengatik guztiarengatik, honako ondorio hauek ateratzen ditugu:

1.- Akordio hau negoziazio kolektiboari buruz sinatu berri den Madrilgo ituna Arabako metalgintzara ekartzea besterik ez da. Aurreakordio honek lan harreman eta negoziazio kolektiborako berezko eredua gauzatzeari ateak ixten dizkio. UGT eta CCOO sindikatuek negoziazio kolektiborako eskubidea oparitu diote patronalari.

2.- Akordio honek ez die sektoreko langileek dituzten arazo edota beharrei erantzuten, sinatzaileen interesei baizik, alegia, SEA, CCOO eta UGT-renei. Akordio hau ez da sektoreko langileentzako aterpe, baizik eta SEA patronalak, CCOO eta UGT sindikatuek elkar behar duten sostengua elikatzen jarraitzeko.

3.- Akordio honek, sektoreko ordezkaritzaren %33a baino ez duten CCOO-UGT sindikatuekin gutxiengoan sinatzeko erabakiarekin batera, benetako negoziazioaren aukerari itxi dio atea, sektoreko langile guztientzat eragin orokorreko hitzarmena lortzea eragotziz. Sektoreko langileentzat iruzurra izateaz gain, langileria zatitzeko eta ahultzeko estrategia baino ez da.

Gasteizen, 2015ko uztailaren 15ean.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.