2025-12-22
Blog Page 1073

Kalera irten gara euskal presoak etxera ekartzeko exigituz

Gaur, abenduak 10, Nazioarteko Giza Eskubideen eguna den honetan, euskal preso politikoek eta beren familiek egunero sufritzen duten egoera salatzeko mobilizazioak egin ditugu Euskal Herriko hainbat txokotan. Hain zuzen ere, azken 25 urteotan aplikatu den sakabanaketa politika giza eskubideen kontrako eraso garbia da.

Egoeraren larritasunaren aurrean LABek lanean jarrituko du gai honen inguruan langileriaren aktibazioa eta mobilizazioa lortzeko. Zentzu honetan dispertsioaren aurka eta preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena lan-munduan zabaltzeko ekimen ezberdinak landuko ditu sindikatuak

Euskal Herrian gatazka politikoaren benetako konponbidea nahi badugu euskal preso eta iheslari guztiak etxera ekarri behar ditugu, eta horretarako herria, langileria kalera irten behar da. LABetik gure konpromisoa adierazten dugu bide horretan lan egiteko eta gure eskuan dagoen guztia egiteko.
 

 

 

Prekarietatea indarkeria da, prekarietatetik irtetea zure eskubidea da

Aupa lagun! Sara naiz, ezagutzen nauzu? Beste lankide batzurekin hizketan, konturatu naiz lanpostuan dudan egoera eta lan baldintzak ez direla normalak.

Gure soldata eskasak ez digu bermatzen bizimodu duin bat izatea; gure ordutegiak ez digu gure familia edo lagunekin egotea uzten; beste batzuek lanaldi partziala dugu eta hilabete bukaerara heltzea ezinezkoa da; emakume askori, emakume izateagatik, gure soldata osagarri (etxerako diru sarrera gehigarri) moduan hartzen zaigu eta ez digute besterik eskaintzen, ez soldata duinik, ez lan baldintza onik. 

Krisi egoerarekin, eta dagoen langabeziarekin, sinestarazi digute egoera hau onartu behar genuela lan bat izateko, baina berriro diogu, hau ez da egoera normala. Batzuk diru asko irabazten ari dira gure lan baldintza kaskarren kontura. Lan baldintza prekarioak inposatzen dizkigute beren irabaziak biderkatzeko.

Nik NAHIKO DELA esatea erabaki dut jada, eta zuk?

Gauza bat argi izan behar duzu:

• Zure soldata ez bada 1200 eurora heltzen
• Egonkortasunik ez baduzu lanean
• Lanaldi partziala baduzu
• Hainbat lanaldi partzialeko lanak egiten badituzu hilabete bukaerara heltzeko
• Emakume izateagatik, “osagarri” den lana besterik ez badizute eskaintzen
• Zure lan ordutegiak ez badizu zure bizitzako beste zereginik egiten uzten
• Zure ordutegia aldiro aldatzen badizute
• Ordu estrak derrigorrez sartu behar badituzu
• Kontratua jardunaldi erdikoa baduzu, baina jardunaldi osoan lan egitera behartzen bazaituzte

Aurreko guztiak edo batzuk onartu behar badituzu lana izateko ez izan inongo zalantzarik:

1.- LAN BALDINTZA PREKARIOAK DITUEN LANGILEA ZARA
2.- ZURE LAN EGOERA EZ DA “NORMALA”

Prekarietatetik atera eta lan baldintza duinak dituen lanpostu bat izateko eskubidea duzu eta borroka horretan laguntzeko prest nago. Nirekin batera bide bat egiteko proposamena, PREKARIETATETIK IRTETEKO BIDAIA.

Laster izango duzu gure berri, bidai horretan lehen etapa betetzeko.

Bizitzen ari garen egoera prekarioari buelta ematea da ZureESKUbidea!
 

 

Kontratazio berrietan diskriminaziorik ez!

Segurtasun eta eskubide gabeko lan eredu prekarioa ezarri nahi digute; mobilizatzeko gaitasuna eta erantzun sindikala oztopatuko dituen eredua. Patronalari bere dibidendoak eta abantailak betirako bermatuko dizkion eredu bat nahi dute.

Norabide honetan kokatzen dira azken hilabeteetan kontratazio berriekiko ugaldu diren erasoak. Besteak beste, hauek dira esanguratsuenak:

– Asmatutako lan kategoria berrien bidez soldata taula bikoitza ezartzea.
– Estatu mailako hitzarmenaren araberako lan baldintzak arautzea eta, hau ez balego, Langile Estatutuaren arabera.
– Lan baldintza onartezinak (malgutasun handia, guardiak, ordezkapenak, aparteko orduak…).
– Praktika kontratuen erabilpena, nahiz eta aurretik lanean ibili
– Antzinatasun plusa ez aitortu, ezta ordaindu ere. 
– Behin-behinekotasuna, ABLEak, azpikontratazioa… 

Neurri horiekin guztiekin, langile berrien eskubideak erasotzeaz harago, langile guztien lan baldintzak merketu eta prekarizatu nahi dituzte. Guztiok argi izan behar dugu hori: ez da soilik printzipioen kontu bat edo elkartasun ariketa hutsa. Enpresak, langile berriei baldintza prekarioak ezarriz, langile guztien lan baldintzak erasotu nahi ditu. Langile berriak —langileen artean egoerarik ahulena dutenak—, berri izate hutsagatik lan baldintza okerragoetan sartzen diren bitartean, zaharrek ez dituzte sekula beren lan baldintzak hobetuko. Asko jota, hurrengo borrokak langileen arteko desberdintasunak gutxitzera mugatuko dira, hortaz, enpresariak benetan bilatzen duen helburua guk geuk bermatuko dugu. Azken helburua, enplegu duina prekarioagatik ordezkatzea da, jubilazio edo kaleratzeen bidez.

LAB ez dago egoera hau onartzeko prest. Neurri bidegabeak dira, eta gainera, ez dira beharrezkoak. Langileen arteko banaketa eta talka baino ez dakarte. Kontratazio berrietan diskriminazioa aplikatzea langile guztien kontrako erasoa da, neurri horiekin langileon pobretzea bilatzen dute. Aski dela esateko garaia da.

Kalitatezko enplegua aldarrikatzeko garaia da, langile GUZTIEN eskubideak defendatzeko garaia da. Lanpostuak bizi maila duina bermatu behar digu, ez pobrezia egonkortu. Horrela ez gara krisialditik aterako, krisi garaiko ondorioak betikotu egingo dira. Soldata duinak behar ditugu, lan baldintza duinak behar ditugu, gure eskubideak ziurtatzeko eta dagozkigun prestazio sozial duinak, doakoak eta unibertsalak bermatuak izan daitezen, orain eta etorkizunean.

Esandako horren guztiaren defentsa enpresa honetatik hasten da.

Beraz, hamaika arrazoi ditugu esateko:

KONTRATAZIO BERRIETAN DISKRIMINAZIORIK EZ!,
ENPLEGU DUINA DENONTZAT! 
  

 

Dispertsioa salatu eta preso politikoen eskubideak aldarrikatu behar ditugu


Gaur, abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Euskal preso politikoek azken 25 urteotan jasandako sakabanaketa euren giza eskubideen kontrako eraso garbia da, euren bizitzarako eskubidea bera ere zalantzan jartzen duena, gaixotasun larriak dituzten presoen kasuan ikusten dugun bezala.

Nazioarteko egun honen inguruan, eta preso politikoen egoera gogoan Etxerat elkarteak sakabanaketaren kontra zapi-kateak antolatu ditu Gasteiz (12:00etan Ajuria Enean), Iruñea (12:00etan Parlamentuan) eta Baionan (18:30ean Herriko Etxean). Bestalde, Sare-k ere mobilizazioak ere deitu ditu gaurko hainbat lekutan, hala nola, Donostia, Iruñea, Hernani, Deba, Algorta, Gernika, Gasteiz, Urretxu-Zumarraga, Orereta, Plentzia-Gorliz, Itzubaltzeta edo Lasarten. LAB sindikatuak deialdi hauek babestu eta berauetan parte hartzeko deia egin nahi die langileei.

Bestalde, datozen egunetan dispertsioaren aurka eta preso politikoen eskubideen aldeko aldarrikapena lan-munduan zabaltzeko ekimen ezberdinak landuko ditu LABek, hilabete barru, Sare eta Bagoaz-ek deituta Bilbo eta Baionan egingo diren mobilizazioarekin bat eginez, presoen eskubideen alde langileen aktibazioa sustatzeko.
 

 

 

Atzeraezina da eredu propioa egituratzea Etengabeko Lanbide Prestakuntzan

0

LABeko Oihan Ostolaza eta Josu Bilbaok agerraldia egin zuten pasadan ostiralrean Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordearen aurrean. Etengabeko lanbide-prestakuntzak azken urte hauetan EAEn izan duen bilakaeraren inguruan duen posizioa azaltzeko. Adierazi dute etengabeko prestakuntza modu penagarrian eta eraginkortasunik gabe zuzendu, kudeatu eta finantzatu dela.

Sindikatuarentzat Etengabeko Lanbide Prestakuntzak berebiziko garrantzia du euskal ekonomiaren lehiakortasunerako eta langileen enplegagarritasunerako, eta hortaz, neurri erradikalak hartzea eskatu dute. Horregatik atzeraezina da eredu propio bat egituratzea, eta horri begira hauxe exijitu diote Gasteizko Gobernuari:

– Erabateko ahalmena Etengabeko Lanbide Prestakuntza antolatzeko, bere garaian adostu zen eta Hobetuz sortzera eraman zuen ereduaren ezaugarriak berreskuratu eta indartuz, hau da, eredu integrala, eskariaren araberako prestakuntza; ETEentzako arreta berezia, Lanbide Heziketako ikastetxeen protagonismoa prestakuntza emateko, kalitate, gardentasun eta funtsen kontrolaren berme gisa; eta ordezkaritza sindikalaren parte-hartze, informazio eta kontsulta eskubideak…

– Eredu hori garatzeko beharrezkoa den finantzazioa eskura izatea, dela kuoten bidez dela kupo sistemaren bidez.

Iraganari begira oroitu dute 1995ean Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide Arteko Akordioa sinatu zela, gehiengoaren bermearekin eta beharrezkoak ziren legezkotasun eta legitimitatearekin. Gero, urterik urte, hamarkada bat baino gehiago eman zen etengabeko prestakuntzarako eredu propio bat itxuratzen eta adostutako oinarrien gainean finkatzen saiatuz. Azkenik, ezinezkoa izan zen hori.

HOBETUZ sortu zen beharrezkoa zelako eredu propioa definitzea Etengabeko Lanbide Prestakuntzarako. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, CONFEBASK patronalak eta geroago Gasteizko Gobernuak berak eredu bat adostu zuten.

Hortik aurrera, aukera politikoekin eta prestakuntzatik kanpoko interesekin zerikusia zuten arrazoiengatik, euskal eredua suntsituta geratu zela adierazi dute. Euskal sistema higatzeko eta bere suntsipenean aurrera egiteko hartutako neurrien artean, aipatzekoak dira Estatuaren erreforma uniformizatzaileak, “dekretazoen” bidez ezarriak, existitzen diren beste errealitate batzuk errespetatu gabe, eta, jakina, euskal ereduaren finantziazioak pairatzen zituen itomena eta xantaia ekonomikoa.
Orain, lanaren eremuko Enplegurako Lanbide Heziketaren alorreko erregulazio estatal berriaren bitartez (martxoaren 22ko 4/2015 ELD), prestakuntzaren negozioa kudeatzeko ahalmena patronalari, CCOOri eta UGTri bermatzen dizkioten elementu estruktural gehienei eusten zaie.

Panorama horren aurrean, uste dugu Gasteizko Gobernuak ezin duela ontzat eman erregulazio hori berton ezartzea, gai horren egoera penagarria eta beraren inguruan sortutako interesak ezkutatuz.
 

 

 

LABek irabazi egin du Gasteizko epaitegietan Europar Batasunaren Justizia Epaitegiko jurisprudentzia aplikatuz

0

LABek Arabako Postan duen atal sindikalak lehen epai irmo eta helegiterik onartzen ez duen lehena lortu du plus, gauekotasun, automatizazio etab.i buruzkoa, 2014ko oporretan langileek kobratu ez zituztenak. Enpresa eskatutako kopurua ordaintzera behartu du, %10eko atzerapen interesekin.

III Hitzarmen Kolektiboa, Postak eta CCOO, UGT eta Sindicato Libre sindikatuek sinatutakoak, ez dizkie langileei euren oporretan plus ezberdinak onartzen, gauekotasuna, automatizazioa, jai-egunak, larunbatak, etab. Epaiak, adierazten du enpresak ez dituela ordaintzen “soldataren osagarri guztiak oporren ordainketa bezala” eta “garrantzitsua da hitzarmena indarrean dagoen legediaren araberakoa den, argi egonda III enpresa hitzarmenaren 76. artikuluak 2003/88/CE Zuzentarauako 7.1 artikuluan jasotakoa urratzen duela” Europar Batasuneko Epaitegi Nagusiak adierazitakoaren arabera.

Hau da lehen epai positiboa eta irmoa 2014ko demanda batzuen ondorioz. Epai hau lehen pausua da eta honen ondoren demanda masiboa etorriko da. 60 langileri eragin ahal dien honek, Correoseko Jundizeko CTAn 2015ean. Gainera, ezarritako jurisprudentziak eragina izan dezake beste sektore batzuetako ehunka langilerengan Araban, hauei oporretan plusak ordaintzen ez zaizkielako.

LABek konpromisoa hartzen du langileen eskubideak defendatuko eta mantentzeko, anti-natura diren sindikatu batzuen eta patronalaren arteko itun edo akordioen gainetik. Konpromiso honen garapenean, LABek eskura dituen bitarteko guztiak jartzen ditu langileek eskuetan gure delegatuekin harremanetna jartzera animatuz. Guztion artean exiji dezagun gure eskubidea dena.

 

 

 

Jarraipen erabatekoa Gipuzkoako papergintzako greban

0


Bosgarren greba egun arrakastatsua gaur Gipuzkoako papergintzan ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Manifestazioa egin dute Hernanin, Zinkoeneako errotondatik abiatuta eta bertan gaurdainoko balorazioa eskaini da.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuon irakurketa 

"Gaur da boskarren greba eguna Gipuzkoako papergintzan. Grebak erabatekoa izaten jarraitzen du. Geldirik jarraitzen dute enpresek. Sektoreko langileak duintasun eta zentzu komun erakustaldia ematen ari gara ADEGI eta enpresen aurrean.
Gure helburuak gogora arazten ditugu:

– Soldata-igoera duinaren aldeko borroka. ADEGIk planteatu zuen %0,5 urria ez da gure erreferentzia.
– Aplikatzeari utziko ez dion hitzarmena lortzea. Arazoak izan ditzaketen enpresetako arazo zehatzak kasuan kasu negoziatzeko prest geunden eta gaude. Hori bai. KArta berdinekin. Enpresak zerbait adostera behartuta ez daudenean, zentzua galtzen du negoziazioak.
– Aldebakartasunez kendu ezin dizkiguten “nonstop” itunak izatea. Legeak 15 egunetan kentzen uzten dizkie, irabazi apalagoak izatearen aurreikuspena nahikoa da. 15 egun urtetan lortu duguna kentzeko.

Azken batean, erreformak gure enpresetako ateetatik kanpo uztea. Laburbilduz, negoziazio kolektiborako benetako eskubidea izatea.

Zergatik daramatzagu 5 egun greban hain oinarrizkoak diren aldarrikapenen aurrean? Sinplea da. Enpresek ez dituzte aplikatuko diren hitzaremenak nahi. Euren asmoa da zerbait sinatzea gero ez betetzeko.

Itzela da enpresarioen erantzukizun falta. Enpresetako goi mailako arduradunak aurkitzen ditugu ez dakitenak zergatik gauden greban. ADEGI eurak desinformatzera ari da jokatzen. Eskaintza egiten diegu hemendik. Benetako informazioa nahi badute, banan banan azaltzeko prest gaude.

Bien bitartean borroka kriminalizatzen ari da ADEGI. Astelehenean berak sartutako greba ilegalaren demandaren kontziliazioa egin zen. Mahai negoziatzaileko alde sindikaletik guztiok egon ginen. Alde enpresarialetik ez zen inor azaldu. Bilerak ezabatzen dituzten. Aurretik deituta zeudenak deskonbokatzen dituzte. Ez dute negoziatu nahi.

Gu despistatzea eta etsitzea ahalegindu dute. Enpresek esaten digute egiten diegu kaltea osoa txikia dela. Bitxia da era berean, norbere enpresa dela grebak eragin gehien egin diona dioten komunikatuak ateratzea.

Ez dute lortu. Langileek erantzuna grebaren erabateko jarraipena izan da. Dei egiten diegu estrategiaz alda dezaten. Enpresek daukate egoera desblokeatzeko giltza. Euren teilatuan dago pilota.

Gaur Hernanin gaude horren adibidetzat Zikuñaga hartzeko. Enpresa honek ez du errespetatu mantenu eta segurtasun zerbitzuak izendatzeko oinarrizko prozedura, hauek arriskuan jarriz. Arduragabe eta makurra.

Borrokak jarraitu egingo du. Horretara behartzen gaitu enpresarien jarrerak. Bihar grebako seigarren eguna beteko da. Jarraitzeko prest gaude, ez izan zalantzarik.

Borrokak jarraitzen du!

Blindajerik gabe, hitzarmenik ez!

Hernani, 2015eko abenduaren 4an"
 

 

 

CEMOSAn lortutako akordioak erakusten du borrokatzeak merezi duela

0

Atzo, abenduak 3, langileek enpresako zuzendaritzarekin prekarietateari ateak ixten dion akordioa sinatu zuten. CEMOSAko lantegian bizi zen prekarietateari aurre egiteko intentzioarekin azaroaren 23an greba mugagabe bati hasiera eman zioten langileek. LABetik grebalari guztiei gure errespetu eta esker ona helarazi nahi diegu erakutsi duten elkartasun eta konpromisoagatik.

2013tik enpresako hitzarmena berritu ezinik zebiltzan. Negoziazio honetan alde sozialak aldarrikatzen zituen puntuak, honako hauek izan dira:

1. ABLE eta azpikontratazioak mugatzea. ABLEen kasuan, ordezkapen laburrak betetzeko kontratatuak izan daitezke, eta azpikontratazioarekin aldiz, orain arte zeuden eremu batzuetan, CEMOSAko lan kontratuetara pasatzearen konpromisoa.
2. Baja luzeak, eszedentziak etab.en ordezkapena CEMOSAko kontratuekin egitea.
3. Lan poltsa bat eratzea, ABLE bidez edo CEMOSAko lan aldiko kontratu bidez aritu direnekin, plaza hutsak betetzeko.
4. 25 langileri kontratu finkoa egitea.
5. Kontratazio berrientzat lan baldintza berdinak bermatzea.
6. Amiantoarekin, hipoakusia aukerekin, eta baldintza termo-higieniko kaxkarretan lan egin izan duten langileekiko Osalanen protokoloak beteko dira.
7. Langile kategoriak eratzea, langileen arteko bidegabeko ezberdintasunak kentzeko.
8. Soldata igoerak KPIarekin lotuta (2016 %1 igoera, 2017 KPI + %0,25 igoera, 2018 KPI +%0,25 igoera, azken bi urte hauetan % 1.aren igoera bermatuz.

LAB sindikatutik, grebalari guztioi gure errespetu eta esker onak helarazten dizkizuegu, erakutsi duzuen elkartasun eta konpromisoagatik zoriondu nahi zaituztegu. Izan ere, funtzesko oinarrian, prekarietate egoeran zeuden langileekiko elkartasunezko greba bat burutu baituzue.

Indibidualismoaren fenomenoa, elkartasunaren gainbehera, etsipena, itxaropenik eza, erosotasuna, beldurra, ezkortasuna bezalako elementuak, tamalez, nabarmentzen diren garai hauetan, zuen ereduak aurreko guztiak ezerezean uzten ditu. Balioan jarri eta baieztatu duzue langile klaseak batasunarekin, antolakuntzarekin, konpromisoarekin eta uste sendoekin, eta nola ez borrokarekin, prekarietateari eta patronalaren edozein erasori aurre egin diezaiokela, ezarritako helburuak lortuz.

Aipamen berezia egin nahi diegu gure delegatuei, eurek izan baitira langileen elkartasun kontzientziaren bultzatzaileak. Eta ez gara ahazten, gure afiliatu eta jarraitzaileez, zuek izan baitzarete lehengo hoien ezinbesteko sostengua. Aupa zuek! Oso harro gaude zuetaz!

Azkenik, LABeko grebalariek, gatazka honetan, izan duten babes sareari eskerrak eman nahi dizkiete, asko izan zarete. Atxondoko udala, atxondotarrak, elorriotarrak, EH Bilduko parlamentaria den Iker Casanova, LABeko kide guztiei eskerrik asko. Bisitan etortzeagatik, animoak ematera etortzeagatik, gutaz arduratzeagatik, beharrezko azpiegitura uzteagatik, hori eta gehiagogatik mila esker!

 

 

 

Prekarietatearen aurkako eguna Durangaldean abenduaren 12an

Prekarietatearen kontra LAB sindikatuak hasitako bidaiak geltoki garrantzitsua izango du datorren Abenduaren 12an Durangaldean. Eskualdeko langileek pairatzen duten prekarietatea salatzeko eta hauei aurre egiteko hartu beharreko neurriak aldarrikatu eta defendatzeko Durangaldeko LABek Prekarietatearen Aurkako Eguna deitu du. Goizean zehar egingo ekimen ezberdinak egin ostean 11:45etan Ermuan eta Zornotzan eta 13:00etan Durango elkarretaratzeak egingo ditugu.  

zureESKUbideak
borrokatu eta defendatu!

Azken urteetako erreformek utzi diguten panorama lotsagarria da; enplegua suntsitzen jarraitzen dute, irabaziak dituzten enpresetan ere. Gainera, erreforma berrien hotsak entzuten dira, pentsioena eta lan-merkatuarena esaterako. “Erasoen garaia ez da amaitu”.

Egoera honetan, EAJren esku dagoen Eusko Jaurlaritza Madrildik, PPren eskutik datozen neurri suntsitzaileei babesa emateko prest egotea, benetan larria da.

Ondorioz, argi dugu, langileok egoerari aurre egiten ez badiogu, egungo politikariekin jai dugula.

Egoera honi aurre egiteko gako desberdinak planteatu ditugu. Batetik, lana eta langileak espekulatzaileen gainetik jartzea, egun ikusten ez diren enplegu politika eraginkorrak martxan jarriz. Bestetik, prekarietatea behingoz murrizteko neurriak hartzea, bost ardatzen inguruan koka litezkeenak: enplegua banatzeko, 35 orduko lan-astea; 1.200 eurotako gutxieneko soldata; aukera berdintasuna, euskara eta hizkuntza-eskubideak eta lan-osasuna bermatzea.

Hala, sektore feminizatuek lan berdina eginagatik, ez dute berdin kobratzen, ez dituzte baldintza berdinak. Horregatik, diskriminazioaren ondorioei aurre egiteko antolatuko gara. Azpikontratetako langileek lan eskubideak zapalduak dituzte aldioro eta egoera honi aurre egiteko bitarteko nagusia klausula sozialak dira. Enpresa txikietan negoziaketarako aukera guztiz baldintzatuta dago, langileekin zubiak eraiki behar ditugu beraz, desarauketaria aurre egiteko ekintza sindikal eraginkorra garatzeko. Enpresa handietan enpleguaren aldeko lerro oso bat dugu: ordu estren kontra eta malgutasunari aurre egiteko. Amaitzeko sektore publikoan Euskal esparruaren defentsa gaur inoiz baino beharrezkoagoa da eta horren alde egingo dugu.

Durangaldean bertan, hasiak gara lanean. Lehenik eta behin, ordezkaritza daukagun enpresetan prekarietateari aurre egiteko neurri zehatzak aztertuz eta planteatuz. Argi edukiz, enpresa bereko langile guztiak eskubide berdinak ditugula; lan berdina eginagatik eskubide berdinak ditugula, baita soldata berdina ere, noski. Bide horretan, azpikontratetako langileen eskubideak defendatu eta bermatu beharra dago, ETTak desagerrarazi, ordu extrak logika koherente batera mugatuz eta ez ohitura bihurtuz, emakumeon lan eta soldata duina bermatuz eta, lana suntsitzeari utziaz, lan duina sortzen hastea.

Ordezkaritzarik gabeko enpresetan, normalean egoera prekarieoena bizi duten horietan, eta, ondorioz, beldurra den horietan, informazio kanpainak hasi ditugu. Lantoki horietako langileei informazioa helaraziz, zein eskubide diztuzten, egoera bakoitzaren aurrean zer egin beharko luketen eta finean, bakarrik ez daudela adieraziz, denok osatzen dugun langile mugiduaren aktibazioari esker lortuko baitugu aldaketa.

Guzti hori kontuan edukita, herriz herri, poligonoz poligono eta enpresaz enpresa antolatzera goaz. Nahi duenari, borrokarako eremuak eskainiz, eta orokorrean, langile guztiei beharrezko informazio helaraziz.

Bide horretan, ABENDUAREN 12an, larunbata, Durangaldean PREKARIETATEA salatzeko eguna antolatu dugu. Goizean herrietan ekimen eta dinamika ezberdinak antolatuz eta, eguerdiko ordu batean, Durangon Landakoko Tximinia ondoan, ekitaldi bat deituz. Ekitaldi horretan parte hartzera deitzen ditugu durangladeko langile guztiaz, gainera, LABeko idazkari nagusi den Ainhoa Etxaide ere bertan egongo dela azpimarratuz.