2025-12-16
Blog Page 1072

Atzeraezina da eredu propioa egituratzea Etengabeko Lanbide Prestakuntzan

0

LABeko Oihan Ostolaza eta Josu Bilbaok agerraldia egin zuten pasadan ostiralrean Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Etxebizitza Batzordearen aurrean. Etengabeko lanbide-prestakuntzak azken urte hauetan EAEn izan duen bilakaeraren inguruan duen posizioa azaltzeko. Adierazi dute etengabeko prestakuntza modu penagarrian eta eraginkortasunik gabe zuzendu, kudeatu eta finantzatu dela.

Sindikatuarentzat Etengabeko Lanbide Prestakuntzak berebiziko garrantzia du euskal ekonomiaren lehiakortasunerako eta langileen enplegagarritasunerako, eta hortaz, neurri erradikalak hartzea eskatu dute. Horregatik atzeraezina da eredu propio bat egituratzea, eta horri begira hauxe exijitu diote Gasteizko Gobernuari:

– Erabateko ahalmena Etengabeko Lanbide Prestakuntza antolatzeko, bere garaian adostu zen eta Hobetuz sortzera eraman zuen ereduaren ezaugarriak berreskuratu eta indartuz, hau da, eredu integrala, eskariaren araberako prestakuntza; ETEentzako arreta berezia, Lanbide Heziketako ikastetxeen protagonismoa prestakuntza emateko, kalitate, gardentasun eta funtsen kontrolaren berme gisa; eta ordezkaritza sindikalaren parte-hartze, informazio eta kontsulta eskubideak…

– Eredu hori garatzeko beharrezkoa den finantzazioa eskura izatea, dela kuoten bidez dela kupo sistemaren bidez.

Iraganari begira oroitu dute 1995ean Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide Arteko Akordioa sinatu zela, gehiengoaren bermearekin eta beharrezkoak ziren legezkotasun eta legitimitatearekin. Gero, urterik urte, hamarkada bat baino gehiago eman zen etengabeko prestakuntzarako eredu propio bat itxuratzen eta adostutako oinarrien gainean finkatzen saiatuz. Azkenik, ezinezkoa izan zen hori.

HOBETUZ sortu zen beharrezkoa zelako eredu propioa definitzea Etengabeko Lanbide Prestakuntzarako. LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, CONFEBASK patronalak eta geroago Gasteizko Gobernuak berak eredu bat adostu zuten.

Hortik aurrera, aukera politikoekin eta prestakuntzatik kanpoko interesekin zerikusia zuten arrazoiengatik, euskal eredua suntsituta geratu zela adierazi dute. Euskal sistema higatzeko eta bere suntsipenean aurrera egiteko hartutako neurrien artean, aipatzekoak dira Estatuaren erreforma uniformizatzaileak, “dekretazoen” bidez ezarriak, existitzen diren beste errealitate batzuk errespetatu gabe, eta, jakina, euskal ereduaren finantziazioak pairatzen zituen itomena eta xantaia ekonomikoa.
Orain, lanaren eremuko Enplegurako Lanbide Heziketaren alorreko erregulazio estatal berriaren bitartez (martxoaren 22ko 4/2015 ELD), prestakuntzaren negozioa kudeatzeko ahalmena patronalari, CCOOri eta UGTri bermatzen dizkioten elementu estruktural gehienei eusten zaie.

Panorama horren aurrean, uste dugu Gasteizko Gobernuak ezin duela ontzat eman erregulazio hori berton ezartzea, gai horren egoera penagarria eta beraren inguruan sortutako interesak ezkutatuz.
 

 

 

LABek irabazi egin du Gasteizko epaitegietan Europar Batasunaren Justizia Epaitegiko jurisprudentzia aplikatuz

0

LABek Arabako Postan duen atal sindikalak lehen epai irmo eta helegiterik onartzen ez duen lehena lortu du plus, gauekotasun, automatizazio etab.i buruzkoa, 2014ko oporretan langileek kobratu ez zituztenak. Enpresa eskatutako kopurua ordaintzera behartu du, %10eko atzerapen interesekin.

III Hitzarmen Kolektiboa, Postak eta CCOO, UGT eta Sindicato Libre sindikatuek sinatutakoak, ez dizkie langileei euren oporretan plus ezberdinak onartzen, gauekotasuna, automatizazioa, jai-egunak, larunbatak, etab. Epaiak, adierazten du enpresak ez dituela ordaintzen “soldataren osagarri guztiak oporren ordainketa bezala” eta “garrantzitsua da hitzarmena indarrean dagoen legediaren araberakoa den, argi egonda III enpresa hitzarmenaren 76. artikuluak 2003/88/CE Zuzentarauako 7.1 artikuluan jasotakoa urratzen duela” Europar Batasuneko Epaitegi Nagusiak adierazitakoaren arabera.

Hau da lehen epai positiboa eta irmoa 2014ko demanda batzuen ondorioz. Epai hau lehen pausua da eta honen ondoren demanda masiboa etorriko da. 60 langileri eragin ahal dien honek, Correoseko Jundizeko CTAn 2015ean. Gainera, ezarritako jurisprudentziak eragina izan dezake beste sektore batzuetako ehunka langilerengan Araban, hauei oporretan plusak ordaintzen ez zaizkielako.

LABek konpromisoa hartzen du langileen eskubideak defendatuko eta mantentzeko, anti-natura diren sindikatu batzuen eta patronalaren arteko itun edo akordioen gainetik. Konpromiso honen garapenean, LABek eskura dituen bitarteko guztiak jartzen ditu langileek eskuetan gure delegatuekin harremanetna jartzera animatuz. Guztion artean exiji dezagun gure eskubidea dena.

 

 

 

Jarraipen erabatekoa Gipuzkoako papergintzako greban

0


Bosgarren greba egun arrakastatsua gaur Gipuzkoako papergintzan ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Manifestazioa egin dute Hernanin, Zinkoeneako errotondatik abiatuta eta bertan gaurdainoko balorazioa eskaini da.

ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuon irakurketa 

"Gaur da boskarren greba eguna Gipuzkoako papergintzan. Grebak erabatekoa izaten jarraitzen du. Geldirik jarraitzen dute enpresek. Sektoreko langileak duintasun eta zentzu komun erakustaldia ematen ari gara ADEGI eta enpresen aurrean.
Gure helburuak gogora arazten ditugu:

– Soldata-igoera duinaren aldeko borroka. ADEGIk planteatu zuen %0,5 urria ez da gure erreferentzia.
– Aplikatzeari utziko ez dion hitzarmena lortzea. Arazoak izan ditzaketen enpresetako arazo zehatzak kasuan kasu negoziatzeko prest geunden eta gaude. Hori bai. KArta berdinekin. Enpresak zerbait adostera behartuta ez daudenean, zentzua galtzen du negoziazioak.
– Aldebakartasunez kendu ezin dizkiguten “nonstop” itunak izatea. Legeak 15 egunetan kentzen uzten dizkie, irabazi apalagoak izatearen aurreikuspena nahikoa da. 15 egun urtetan lortu duguna kentzeko.

Azken batean, erreformak gure enpresetako ateetatik kanpo uztea. Laburbilduz, negoziazio kolektiborako benetako eskubidea izatea.

Zergatik daramatzagu 5 egun greban hain oinarrizkoak diren aldarrikapenen aurrean? Sinplea da. Enpresek ez dituzte aplikatuko diren hitzaremenak nahi. Euren asmoa da zerbait sinatzea gero ez betetzeko.

Itzela da enpresarioen erantzukizun falta. Enpresetako goi mailako arduradunak aurkitzen ditugu ez dakitenak zergatik gauden greban. ADEGI eurak desinformatzera ari da jokatzen. Eskaintza egiten diegu hemendik. Benetako informazioa nahi badute, banan banan azaltzeko prest gaude.

Bien bitartean borroka kriminalizatzen ari da ADEGI. Astelehenean berak sartutako greba ilegalaren demandaren kontziliazioa egin zen. Mahai negoziatzaileko alde sindikaletik guztiok egon ginen. Alde enpresarialetik ez zen inor azaldu. Bilerak ezabatzen dituzten. Aurretik deituta zeudenak deskonbokatzen dituzte. Ez dute negoziatu nahi.

Gu despistatzea eta etsitzea ahalegindu dute. Enpresek esaten digute egiten diegu kaltea osoa txikia dela. Bitxia da era berean, norbere enpresa dela grebak eragin gehien egin diona dioten komunikatuak ateratzea.

Ez dute lortu. Langileek erantzuna grebaren erabateko jarraipena izan da. Dei egiten diegu estrategiaz alda dezaten. Enpresek daukate egoera desblokeatzeko giltza. Euren teilatuan dago pilota.

Gaur Hernanin gaude horren adibidetzat Zikuñaga hartzeko. Enpresa honek ez du errespetatu mantenu eta segurtasun zerbitzuak izendatzeko oinarrizko prozedura, hauek arriskuan jarriz. Arduragabe eta makurra.

Borrokak jarraitu egingo du. Horretara behartzen gaitu enpresarien jarrerak. Bihar grebako seigarren eguna beteko da. Jarraitzeko prest gaude, ez izan zalantzarik.

Borrokak jarraitzen du!

Blindajerik gabe, hitzarmenik ez!

Hernani, 2015eko abenduaren 4an"
 

 

 

CEMOSAn lortutako akordioak erakusten du borrokatzeak merezi duela

0

Atzo, abenduak 3, langileek enpresako zuzendaritzarekin prekarietateari ateak ixten dion akordioa sinatu zuten. CEMOSAko lantegian bizi zen prekarietateari aurre egiteko intentzioarekin azaroaren 23an greba mugagabe bati hasiera eman zioten langileek. LABetik grebalari guztiei gure errespetu eta esker ona helarazi nahi diegu erakutsi duten elkartasun eta konpromisoagatik.

2013tik enpresako hitzarmena berritu ezinik zebiltzan. Negoziazio honetan alde sozialak aldarrikatzen zituen puntuak, honako hauek izan dira:

1. ABLE eta azpikontratazioak mugatzea. ABLEen kasuan, ordezkapen laburrak betetzeko kontratatuak izan daitezke, eta azpikontratazioarekin aldiz, orain arte zeuden eremu batzuetan, CEMOSAko lan kontratuetara pasatzearen konpromisoa.
2. Baja luzeak, eszedentziak etab.en ordezkapena CEMOSAko kontratuekin egitea.
3. Lan poltsa bat eratzea, ABLE bidez edo CEMOSAko lan aldiko kontratu bidez aritu direnekin, plaza hutsak betetzeko.
4. 25 langileri kontratu finkoa egitea.
5. Kontratazio berrientzat lan baldintza berdinak bermatzea.
6. Amiantoarekin, hipoakusia aukerekin, eta baldintza termo-higieniko kaxkarretan lan egin izan duten langileekiko Osalanen protokoloak beteko dira.
7. Langile kategoriak eratzea, langileen arteko bidegabeko ezberdintasunak kentzeko.
8. Soldata igoerak KPIarekin lotuta (2016 %1 igoera, 2017 KPI + %0,25 igoera, 2018 KPI +%0,25 igoera, azken bi urte hauetan % 1.aren igoera bermatuz.

LAB sindikatutik, grebalari guztioi gure errespetu eta esker onak helarazten dizkizuegu, erakutsi duzuen elkartasun eta konpromisoagatik zoriondu nahi zaituztegu. Izan ere, funtzesko oinarrian, prekarietate egoeran zeuden langileekiko elkartasunezko greba bat burutu baituzue.

Indibidualismoaren fenomenoa, elkartasunaren gainbehera, etsipena, itxaropenik eza, erosotasuna, beldurra, ezkortasuna bezalako elementuak, tamalez, nabarmentzen diren garai hauetan, zuen ereduak aurreko guztiak ezerezean uzten ditu. Balioan jarri eta baieztatu duzue langile klaseak batasunarekin, antolakuntzarekin, konpromisoarekin eta uste sendoekin, eta nola ez borrokarekin, prekarietateari eta patronalaren edozein erasori aurre egin diezaiokela, ezarritako helburuak lortuz.

Aipamen berezia egin nahi diegu gure delegatuei, eurek izan baitira langileen elkartasun kontzientziaren bultzatzaileak. Eta ez gara ahazten, gure afiliatu eta jarraitzaileez, zuek izan baitzarete lehengo hoien ezinbesteko sostengua. Aupa zuek! Oso harro gaude zuetaz!

Azkenik, LABeko grebalariek, gatazka honetan, izan duten babes sareari eskerrak eman nahi dizkiete, asko izan zarete. Atxondoko udala, atxondotarrak, elorriotarrak, EH Bilduko parlamentaria den Iker Casanova, LABeko kide guztiei eskerrik asko. Bisitan etortzeagatik, animoak ematera etortzeagatik, gutaz arduratzeagatik, beharrezko azpiegitura uzteagatik, hori eta gehiagogatik mila esker!

 

 

 

Prekarietatearen aurkako eguna Durangaldean abenduaren 12an

Prekarietatearen kontra LAB sindikatuak hasitako bidaiak geltoki garrantzitsua izango du datorren Abenduaren 12an Durangaldean. Eskualdeko langileek pairatzen duten prekarietatea salatzeko eta hauei aurre egiteko hartu beharreko neurriak aldarrikatu eta defendatzeko Durangaldeko LABek Prekarietatearen Aurkako Eguna deitu du. Goizean zehar egingo ekimen ezberdinak egin ostean 11:45etan Ermuan eta Zornotzan eta 13:00etan Durango elkarretaratzeak egingo ditugu.  

zureESKUbideak
borrokatu eta defendatu!

Azken urteetako erreformek utzi diguten panorama lotsagarria da; enplegua suntsitzen jarraitzen dute, irabaziak dituzten enpresetan ere. Gainera, erreforma berrien hotsak entzuten dira, pentsioena eta lan-merkatuarena esaterako. “Erasoen garaia ez da amaitu”.

Egoera honetan, EAJren esku dagoen Eusko Jaurlaritza Madrildik, PPren eskutik datozen neurri suntsitzaileei babesa emateko prest egotea, benetan larria da.

Ondorioz, argi dugu, langileok egoerari aurre egiten ez badiogu, egungo politikariekin jai dugula.

Egoera honi aurre egiteko gako desberdinak planteatu ditugu. Batetik, lana eta langileak espekulatzaileen gainetik jartzea, egun ikusten ez diren enplegu politika eraginkorrak martxan jarriz. Bestetik, prekarietatea behingoz murrizteko neurriak hartzea, bost ardatzen inguruan koka litezkeenak: enplegua banatzeko, 35 orduko lan-astea; 1.200 eurotako gutxieneko soldata; aukera berdintasuna, euskara eta hizkuntza-eskubideak eta lan-osasuna bermatzea.

Hala, sektore feminizatuek lan berdina eginagatik, ez dute berdin kobratzen, ez dituzte baldintza berdinak. Horregatik, diskriminazioaren ondorioei aurre egiteko antolatuko gara. Azpikontratetako langileek lan eskubideak zapalduak dituzte aldioro eta egoera honi aurre egiteko bitarteko nagusia klausula sozialak dira. Enpresa txikietan negoziaketarako aukera guztiz baldintzatuta dago, langileekin zubiak eraiki behar ditugu beraz, desarauketaria aurre egiteko ekintza sindikal eraginkorra garatzeko. Enpresa handietan enpleguaren aldeko lerro oso bat dugu: ordu estren kontra eta malgutasunari aurre egiteko. Amaitzeko sektore publikoan Euskal esparruaren defentsa gaur inoiz baino beharrezkoagoa da eta horren alde egingo dugu.

Durangaldean bertan, hasiak gara lanean. Lehenik eta behin, ordezkaritza daukagun enpresetan prekarietateari aurre egiteko neurri zehatzak aztertuz eta planteatuz. Argi edukiz, enpresa bereko langile guztiak eskubide berdinak ditugula; lan berdina eginagatik eskubide berdinak ditugula, baita soldata berdina ere, noski. Bide horretan, azpikontratetako langileen eskubideak defendatu eta bermatu beharra dago, ETTak desagerrarazi, ordu extrak logika koherente batera mugatuz eta ez ohitura bihurtuz, emakumeon lan eta soldata duina bermatuz eta, lana suntsitzeari utziaz, lan duina sortzen hastea.

Ordezkaritzarik gabeko enpresetan, normalean egoera prekarieoena bizi duten horietan, eta, ondorioz, beldurra den horietan, informazio kanpainak hasi ditugu. Lantoki horietako langileei informazioa helaraziz, zein eskubide diztuzten, egoera bakoitzaren aurrean zer egin beharko luketen eta finean, bakarrik ez daudela adieraziz, denok osatzen dugun langile mugiduaren aktibazioari esker lortuko baitugu aldaketa.

Guzti hori kontuan edukita, herriz herri, poligonoz poligono eta enpresaz enpresa antolatzera goaz. Nahi duenari, borrokarako eremuak eskainiz, eta orokorrean, langile guztiei beharrezko informazio helaraziz.

Bide horretan, ABENDUAREN 12an, larunbata, Durangaldean PREKARIETATEA salatzeko eguna antolatu dugu. Goizean herrietan ekimen eta dinamika ezberdinak antolatuz eta, eguerdiko ordu batean, Durangon Landakoko Tximinia ondoan, ekitaldi bat deituz. Ekitaldi horretan parte hartzera deitzen ditugu durangladeko langile guztiaz, gainera, LABeko idazkari nagusi den Ainhoa Etxaide ere bertan egongo dela azpimarratuz.
 


 

 

Euskal errepublikaren bidean, guk, euskal konstituzioa

Etzi da abenduaren 6a, Espainiako konstituzioaren urteurrena, lurralde krisi betean heltzen dena. Espainiatik alde egin nahi dugunok ari gara markatzen kurtso politikoa. 78az geroztik lotzen gaituzten kateak apurtzeko ordua da, burujabetzaren aldeko mugimenduaren indarraz.

Kaiola bihurtu dute Euskal Herriarentzat espainiar Konstituzioa. Kaiola, burujabetza eskubidea ukatzen duelako eta herria etengabe zigortu. Hala ere, gero eta gehiago gara kaiola horretatik irten nahi dugunak, oraindik indarrean diren auzi juridiko-politikoekin behin-betiko amaituz, euskal presoak etxera ekarriz, gatazkaren ondorioak gainditu eta burujabetzaren bidean aurrera egin ahal izateko.

Kaiola da konstituzioa, bereziki langileontzat, gure eskubideak txikitzeko aukerak ziurtatzen dizkiolako botere ekonomikoari. Eskubide sozial eta laboralak suntsitu egin dituzte, krisi ekonomikoaren aitzakiatan. Aplikatzen ari diren politiketan ez dago irtenbiderik, ez langileontzat behintzat. Euskal Herrian, Madrilera begira dagoen elite politikoaren otzantasuna eta morrontza ditu horretarako berme.

Krisia izan zen duela urte batzuk. Orain, prekarietatea. Erreformen arotik prekarietatearen arora ekarri gaituzte. 78ko konstituzioaren aterkipean garatu da kapitalismorik basatiena Espainian: oinarriak jarri dira lan harremanen desarauketan sakontzeko. Herritarren eskubideak eta askatasuna bermatzeko beharko zuketen lege eta arauak, herria isildu eta jazartzeko baliatzen ari dira. Langabezia, pobrezia, miseria hedatu dira eta arrakala soziala geroz eta gehiago handitu.

Gaur eta hemen, independentziaren aldarria benetako alternatiba bilakatu da, abertzale izan zein ez. Bestelako eredu sozial, ekonomiko eta politiko bat gauzatzeko bidea ematen digu. Euskal Herrian ere, burujabetzaren bidean abiadura bizkortzeko egokiera dugu. Abiada bizitu, herri libre bateranzko prozesua hauspotzeko.

Argi dugu. Herriak du giltza. Herri aktibazioa eta borondatea dira aldaketa sozial eta politikorako giltza, estatu propio bat eratzeko prozesu politikoaren oinarri eta abiapuntua. Jendartearen gehiengoaren nahiak erabakigarria izan behar du espainiar Estatua bizitzen ari den lurralde krisiaren aterabidea finkatzeko. Aldaketa konstituzionalaren eztabaidak emaitza bat eta bakarra behar du Euskal Herriarentzat: konstituzio propio bat eratzeko aukera, baina eskubide hori ez da berez emango, herri aktibaziotik etorriko da.

Euskal Herrian estatu propioa eraikitzea dugu helburu, Euskal Errepublika. Ez gara hutsetik hasten. Herri honen burujabetzaren bidean, eredu sozial eta ekonomiko berri baterako oinarriak zehaztuak ditugu Eskubide Sozialen Kartan. Hor daude Espainiak inposatzen digun diktadura ekonomiko eta politikoari aurre egiteko eta bizitza erdigunean kokatuko duen euskal jendarte justu bat eraikitzeko oinarriak.

Herri hau eta bertoko herritarrak independentziara eramango gaituen bidean akuilu izan behar du eremu sozial eta sindikalak, lehen mailako eragile aktibo. LAB sindikatuak eginahal horretan ekarpenak egiten jarraitzeko konpromiso irmoa du.

Erabakitzeko, eraldatzeko, eraikitzeko, herri libre eta justu baten bidean aurrera egiteko, guk, euskal langileok, euskal konstituzioa.

 

 

 

Arabako metaleko hitzarmena, iruzur hutsa

0

Hedabideetatik jakin izan dugu SEA patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek pasa den uztailean iragarri zuten aurreakordioa sinatu dutela. Eskandalagarria da. Lotsagarria. 6 hilabete behar izan dute adostutakoa sinatzeko? Ez, ez da batere serioa, prozesu osoa batere serioa izan ez den bezalaxe. 

Dagoeneko CCOO eta UGT sindikatuak patronalaren morroiak bilakatu dira, patronalari joku zikina egin baitiote. Arabako metaleko hitzarmena hobetzeko borrokatu beharrean, borrokari uko egin eta patronalak eskatzen zuen guztiari men egin diote. Ez, sindikatu hauek ez dute hitzarmena berreskuratu, besteak beste, Epaitegi Gorenak hitzarmena indarrean zegoela argi utzi zuelako. Aldiz, hitzarmena oparitu egin diote patronalari, hau hobetzeko borrokari uko eginez. SEA patronalak erakutsitako jarrera zurrunaren aurrean, begi bistan zegoen ezinezkoa zela hitzarmen ona lortzea borroka egin gabe. Egunotan, Gipuzkoako papergintzan sindikatu guztiak batera borrokatzen ari garen honetan, Arabako metalgintzan, UGTk eta CCOOk ez borrokatzea erabaki zuten. Zergatik? Zer aldea zegoen SEA eta Adegiren artean sindikatu hauen erabakia justifikatzeko? Emaitza argia da: Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sektoreko langile guztientzat erreferentziala den bitartean, Arabako metaleko hitzarmena Euskal Herriko metaleko hitzarmenik kaskarrena da. Beraz, SEArentzat pagotxa.

LABek hitzarmen honen aplikazioa zailduko du, Arabako metaleko enpresetan berau hobetuko duen proposamena aurkeztuz. Izan ere, Arabako eragin mugatuko hitzarmenak ez du sektoreko gehiengo sindikala errespetatzen, ezta langileen baldintzak hobetzen ere. LABek ez dio normaltasuna emango ohikoa ez den egoera bati, ez Araban ez inon. Irtenbidea ez dator patronalak nahi dituen hitzarmenak sinatzetik, Gipuzkoako papergintzan sindikatu guztiak egiten ari garen bezala borrokatzetik baizik.
 

 

 

EAEko Hezkuntza Sailak onartu egin du ikasgeletan amiantoa dagoela

0

Cristina Uriarte buru den Hezkuntza Sailak argitaratu du 6 bat arbel kenduko dituela Arabako ikastetxeetatik, amiantoa izan dezaketela susmatzen dutelako (aipatu materialak kalte egin diezaioke osasunari). Sailak amiantoa antzeman du arbel batzuetan, langile batek horietako bat erabili ostean.

Aipatu langileak ohartarazi zuen arbelen osagaien artean amiantoa egon zitekeela hautsa antzeman zuenean. Gasteizeko Udalaren aginduz egin diren analisien emaitzaz erabaki da, gutxienez, sei arbel berehala ordezkatu behar direla. Aipatu arbelek izan ditzaketen amianto zuntzak aintzinakoekin lotzen dira; litekeena da 1990. urte aurrekoak izatea.

Hezkuntza sailak prebentzio neurriak abiarazi ditu; haien berri eman zitzaien sindikatuei abenduaren 2an. Neurrion artean, zirkular bat bidali zitzaien ikastetxeetako zuzendaritzei, gisa honetako materiala izan dezaketenak harremanetan jar daitezen sailarekin.

LABek berriro salatu nahi du gai honetan egin den kudeaketa. Sei bat arbelez ari dira; gure aburuz, kopurua ez esateak adierazten du Hezkuntza Sailak ez duela behar bezala ezagutzen eta ez diola dagokion jarraipena egiten gai honi.

Bestalde, jakinarazi dutenez, arazoa antzeman zen, langile batek, mantenu lanetan zebilena, arbeletako batekin lanean jardun zelako. Horrek baieztatzen digu aurreko puntua. Hots, litekeena dela aldez aurretik beste konpontze lanak egin izana eta antzeman ez izatea.

LABek 14.000 arbel inguru zenbatu direla ikastetxeetan eta ezin dugu zehaztu duela zenbat urte instalatu zituzten. Prebentzio neurria ikastetxeetako zuzendaritzei bidali zirkular batean oinarritzen da; haiei dagokie identifikatzearen ardura. Arbelak 1990. urte aurrekoak izan daitezke. Gogoratu, amiantoa 2002. urteaz geroztik debekatua dagoela. Gure ustez, amiantoaren presentzia-mapak dagoeneko egina behar zuen ikastetxeetan.

Sailak, euren ustez amiantoa ukitzen egon omen diren langileei eskaini die osasunaren zaintza egiteko aukera, borondatez. Egungo langileez mintzo gara. Zenbat lagunek egin dute lan iraganean, amiantoa ukituz?
LABek urgentziaz eskatuko du amiantoa ikastetxeetan egotearen mapa egin dadin (nonahi egon daiteke, arbeletan egon daitekeena ezezik). Material horrekin harremanetan lan egin dutenen errolda egin dadila eskatuko du; mapa batean identifikatuko da.

Gure ustez, aipatu zuntzen ukipenean, gaur egun zein iraganean, lan egin zezakeen langile ororen osasuna artatu behar da derrigorrez. Lan Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionalaren (INSHT) arabera “ez dago amiantoarekiko inolako harremanik, oso txikia bada ere, segurua dena”.Hortik ondoriozta daitezkeen ardura guztiak ondoriozta daitezela, osasun-laguntzan zein laguntza ekonomikoan. Gai hau ezin daiteke konpondu ikastetxeetako zuzendaritzei soilik zirkularra bidaliz eta hauei horrelako ardural esleituz.

Lan-osasunaren sektore arteko azken batzarrean, 2015eko arazoaren 11n egin zena, LABek ordurako eskatu zuen aipatu mapa. Horri erantzunez, halakorik ez zegoela, baina hala ere, Hezkuntza sailak, amiantoaren harira, eta edozein obrari ekin aurretik, lagin prebentiboak bete egiten dituela esan ziguten. Gauzak honela, zalantzan jarriko dugu.
 

 

 


SANTA CLOSE jai egun eta igandetan irekitzearen kontra

 Santa CLOSEk, denak zoriontsu gauden eta familia artean pasatu nahi ditugun eguberri egun hauetan, Corte Inglesek hala behartuta, langile askok lanean pasa beharko dituztela salatu zuen.

Horregatik jai egunetan irekitzen duten denda edo merkatal guneei bisitak egiten hasiko dela iragarri zuen, hauek irekitzeari utzi eta langileek lanera joateko beharrik ez izan arte.

Azkenik langileek egun hauetan ere disfrutatu nahi dutela aldarrikatu eta, dendek ez irekitzeaz aparte, kontsumitzaileek ere eros ez dezatela eskatu zuen.