2026-09-12
Blog Page 1072

Kutxabank publikoa plataformak aurkezturiko mozioa Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu du

Gaur, Euskal Sistema Publikoaren aldeko eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak aurkeztutako mozioa aurkeztu da Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bien bitartean, kontzentrazioa egin dute kanpokaldean. Mozio honetan euskal kutxen likidazio eta bankarizazio prozesua bertan behera uztea eskatuko da. Horrez gain, fundazio bankarioen esku dauden Kutxabanken akzioak aurrezki kutxen fundatzaileen esku uzteko eskatuko da, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku.

Gure ehun produktiboa defendatzeko baliabide guztien beharra dugun honetan, pertsonen eta enpresa txiki eta ertainen beharrizanei aurre egin behar zaien honetan, ezin dugu onartu gutxi batzuek kutxen likidazioa aurrera eramatea eta Kutxabanken akzioak inbertsore pribatuen esku uztea.

Gure aldarrikapena, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala, Kutxek bere izaera publiko eta soziala mantentzea da; alegia, euskal sistema finantziero publikoa sortzea zeinen oinarrian kutxabank osatzen duten euskal kutxak dauden.

 

 

 

Bizitza berriaren egoera larriaren aurrean zerbitzu sozialak publikoak izatea eskatzen dugu


LABek kezkaz ikusten du Bizitza Berria elkarteak bizi duen egoera. Elkarte honek 2012. urtetik bere langileekin pilatutako zorra, hilabete honetan kitatuko du, ondorioz porrot egoeran geratuz. Gauzak honela, bertako langile eta eralbiltzaileak etorkizun zalantzagarrian utziko ditu.

Bizitza berria, 3. sektorean diharduen elkartea da, gizarte bazterketa edo baztertze egoeran dauden pertsonei, neurrizko edo menpekotasun larriekin, gizarte-laguntza ematera zuzendua. Kasu gehienetan familia eta bitartekorik gabeko pertsonak, Eusko Jaurlaritza, Aldundia eta Udaletxeko dirulaguntzei esker, eta nola ez, elkartean lan egiten duten profesionalei esker, bizirauten dutenak.

LABetik elkartean lan egiten duten langileek bizi duten egoera salatu nahi dugu, ahaztu gabe, 55 erabiltzaile baino gehiagori eragingo dien egoera kezkagarria, zeintzuk erakundeen babespean egon beharko lukete.

Hortaz, instituzioei, Elkarte hauen kudeaketaz zuzenean arduratzea eskatzen diegu, eta ez soilik, urtez urte gero eta murritzagoak diren dirulaguntzak bideratzeaz, erabiltzaile eta plantilaren gain eragina dutenak.

 

 

 

Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataforma aurkeztu da


Atzo, hilak 7, Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataforma aurkeztu zen hainbat eragile, sindikatu eta norbanakorekin. Plataformaren helburua errefuxiatuek bizi duten dramaren gainean biztanleria sentsibilizatzea da, pixkanaka jendarte solidarioagoa sortu, gure garai historikoko arazo handiak sumatzeko gai izan eta hainbat konpromiso pertsonal eta kolektibo bere gain hartzeko asmoz.
 

 

 

Carlos Urkixok Eusko Irratiko LEParen kontrako helegitea galdu du

0


Carlos Urkixok Eusko Irratiaren azken Lanpostuen Deialdi Publikoaren kontra jarritako helegitea bertan behera utzi du epaileak. Espainiako gobernu ordezkariak atzera bota nahi zuen deialdia, eta lanpostua lortu duten langileak plazarik gabe uztea zuen helburu. Aipagarria da Eusko Irratiko LAB izan dela langile horien alde egin duen sindikatu bakarra. Gainontzeko sindikatuek epaiketan ez agertzea erabaki zuten, erakutsiz ezer gutxi ardura zaiela postua bide onez irabazi duten langileen egoera.

Gogoratu nahi dugu arazoaren arduradun nagusia Andoni Ortuzar izan zela, eta Eusko Irratiko azken Lanpostuen Deialdi Publikoak Ortuzarrek egindako txapuza konponbidean jarri duela.

Amaitzeko, sententzia berri honekin garbi geratu da, berriz ere, komunikabide publiko den Eusko Irratian behin betiko lan postua eskuratzeko modu bakarra Lan Eskaintza Publikoa gainditzea dela, meritu, gaitasuna eta aukera berdintasunaren printzipioak era egokian betez.

 

 

 

Euskal kutxen likidazio eta bankarizazio prozesuak bertan behera uztea eskatuko dugu


Bihar ostirala, Euskal Sistema Publikoaren aldeko eta Kutxabanken pribatizazioaren aurkako plataformak aurkeztutako mozioa eztabaidatuko da Bizkaiko Batzar Nagusietan, Eskaera eta Herritarren Harremanetarako Batzordean. Eztabaida honetan euskal kutxen likidazio eta bankarizazio prozesuak bertan behera uztea eskatuko da. Horrez gain, fundazio bankarioen esku dauden Kutxabanken akzioak aurrezki kutxen fundatzaileen esku uzteko eskatuko da, kasu honetan. Bizkaiko Foru Aldundiaren esku. Plataformak kontzentrazioa egingo du Batzar Nagusien kanpokaldean.

Gure ehun produktiboa defendatzeko baliabide guztien beharra dugun honetan, pertsonen eta enpresa txiki eta ertainen beharrizanei aurre egin behar zaien honetan, ezin dugu onartu gutxi batzuek kutxen likidazioa aurrera eramatea eta Kutxabanken akzioak inbertsore pribatuen esku uztea.

Gure aldarrikapena, Europako beste herrialde batzuetan gertatzen den bezala, Kutxek bere izaera publiko eta soziala mantentzea da; alegia, euskal sistema finantziero publikoa sortzea zeinen oinarrian kutxabank osatzen duten euskal kutxak dauden.
 

 

 

Kutxabank gure ikastetxeetatik at nahi dugu



ELA, LAB, STEILAS eta Euskal Sistema Finantziero Publikoaren aldeko Plataforma osatzen duten eragile sozial eta sindikalek Kutxabankek gure ikastetxeetan egin duen injerentzia salatu eta Eusko Jaurlaritzak bankari hezkuntza-sisteman sartzeko emandako baimena kritikatu dute. Elkarretaratzea amaitu ostean EAEko hezkuntz sailburuarekin bilera egiteko eskaria erregistratu dute.

Euskal Herrian Finantza-Sistema Publiko baten aldeko Plataformaren oharra:

Euskal Herrian Finantza-Sistema Publiko baten aldeko Plataforman gauden eragileok eta sindikatuok Kutxabankek gure ikastetxeetan esku-hartzea egin duela eta horren aurrean, EAEko Hezkuntza Sailaren utzikeria salatu nahi ditugu.

Bukatu berri den ikasturtean Kutxabankek "Bizitzarako finantzak" unitate didaktikoa zabaldu du 60 geletan (ia 1.250 ikasleri) eta datorren ikasturtean, ia 2.000 ikaslerengana ailegatzea espero du Lakuaren oniritziaz. Hemen gaudenoi oso larria deritzogu Hezkuntza Sisteman, Hezkuntza Sailaren kanpoko entitate baten esku sartzea.

Guk argi dugu Kutxabanken objektibitate falta, eta unitate didaktiko horren helburua kontsumitzaile sumisoak sortzea dela, sistema neoliberalak nahi duen moduakoak. Ez da aipatzen ezta banka publikoa eta etikoaren existentzia, eta horren funtzioak.

Programaren arduradunen hitzetan programa honekin: ikasleei bizitza heldurako trantsizioan ezinbestekoak diren konpetentzia eta trebetasunak lortzea erraztu nahi die besteak beste inbertsioak, kredituak,… eta batez ere entitatearekin hartutako betebeharrak betetzea.

Horrela, unitate didaktikoaren ondorioak dira: banka pribatua eta espekulatzailearen paperari balioa ematea, bezeroen akziodunen interes orokorrekiko sumisioa suspertzea eta bezero berriak gero eta gazteagoak izatea.

Orain ere argi dago Eusko Jaurlaritzak LOMCE aplikatzea erabaki duela, eta, kasu honetan, legeak berak adierazten duenetik harago, LOMCEk ez badu zehazten nork garatu behar dituen eduki berri horiek, Eusko Jaurlaritzak banka pribatuaren eskuetan utzi ditu, hau da Kutxabanken pertsonengan, horrek esan nahi duen guztiarekin, hau da ekonomia eta finantzak eremua ulertzeko era konkretu, partzialak eta sesgatua.

Ez dugu ulertzen zergatik Hezkuntza Sailak ez duen jo ekonomia irakasle espezialituengana eskola-eduki horiek emateko eta finantza erakunde baten alde egiten duen, bere gizarte-ekintzagatik baino gauzatzen dituen etxe-kaleratzeemgatik nabarmentzen dena, banku bihurtu aurretik zuen izaera publikoa eta soziala galdu duen erakunde pribatua, hain zuzen.

Horregatik guztiagatik Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu Kutxabankekin hartutako konpromisoa bertan behera uztea, LOMCE ez aplikatzeko jendarte eskaerarekin bat egin dezan eta curriculumaren eduki guztiak Hezkuntza Saileko langileen esku utz dezan.

 

 

 

Hemen eta orain gure pentsioak bermatzea nahi dugu

Alemania eta Estatu Batuetako komunikabideetan agertzen den informazioaren arabera, Espainiako gobernuak Gizarte Segurantzaren erreserbako funtsaren %90 erabili du gutxienez, gobernuak berak jaulkitako zor publikoa erosteko, 85.700 milioi euro.

Pentsioen dirua aldebakarrez erabiliko du Estatuak bere murrizketetan oinarritutako politika ekonomikoa autofinantzatzeko, banka handiaren zerbitzura, zerbitzu publikoen suntsitzaile eta gero eta handiagoa den jendarte-desberdintasuna, lan-prekarietatea eta gero eta handiagoak diren jendarte-sektoreen bazterketa sortzen dituena.

Arazoa ez da soilik gure pentsioen dirua austeritate politikak finantzatzeko erabiltzen dena soilik. Izan ere, Espainiako gobernua arriskuan jartzen ari da pentsioen finantzazzioa funtsak zor publikoan inbertitzen dituenean, Estatu espainiarraren defizit eta zorpetze maila ikusita, arriskutsua da edozein inbertsorerentzat, izan publikoa, pribatua edo instituzionala.

Ez da egia ez dagoela pentsioetarako dirurik. Gobernuak bere burua finantzatzeko dauka inbertitua. Ez da egia pentsio publikoak arriskuan daudenik. Arriskua eurek inposatzen dute Espainiako zor publikoa erosiz.

Ondorio modura, gobernua espainiarraren gezurren eta euskal jendartearen gehiengoa eta langileen beharrizanen aurrean, eskatzen dugu gure pentsioek utz diezaiotela estatua eta bere kudeatzaileen esku egoteari.

Ez daukagu inolako bermerik gure pentsioentzat, espainiarraren moduko marko normatiboa eta kudeaketa ereduarekin. Pentsioen Euskal Sistema Publikoa behar dugu hemen eta orain gure pentsioak bermatzeko, eta hemen bizi eta hemen lan egiten badugu, gure pentsioen etorkizuna hemen bermatu nahi dugu.

Erronka atzeraezina da euskal instituzio publikoentzat. Ezin dute beste alde batera begiratu pentsioei egindako lapurreta honen aurrean eta beharrezko neurriak hartu beharko dituzte pentsioak bermatuko dituzten sistema propioa izan dezagun.

 

 

 

TMAk, langileei lanpostuak eta soldatak lapurtu ondoren, kartzelara bidali nahi ditu

0


LAB Sindikatuak gogorki salatu nahi du Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresako langile ohi biren kontrako errepresioa. Izan ere, duela gutxi jakin izan dute 5 urte eta 6 hileko kartzela eskaera dutela bakoitzak bere kontra, gainera, 9.000 euroko fiantza jarri behar izan dute, Rafael Zabala enpresariaren akusazio partikularragatik.

TMA Etxebarrian zegoen enpresa zen. 2013ko apirilean Rafael Zabala Fernandezek enpresako boterea hartu zuen.

Enpresak hainbat soldata zor zituenean, eta langileekiko konpromiso guztiak ez zituela betetzen ikustean, langileek greba mugagabe bat hasi zuten. 2013 urte bukaeran, 8 hileko greba baten ondoren, enpresa itxi eta langileak kale gorrian utzi zituzten milaka euroko zorrarekin.

Hau dena gutxi balitz, Rafael Zabala Fernandezek, salaketa penalak jarri zituen langile ezberdinen kontra, lan gatazka kalera ateratzeagatik eta legalki komunikatutako manifestazio eta kontzentrazioak egiteagatik.

Baina Rafael Zabala Fernandezek haratago jo nahi izan zuen eta bi langileren kontra (bata langileen ordezkaria izandakoa enpresa itxi arte), urruntze neurri kautelarra eskatu zuen. Gernikako epaitegiak eskaera ukatu bazuen ere, lan gatazka kolektibo baten aurrean bi pertsonen kontrako neurri kautelarrak zentzurik ez zuela argudiatuz, Bizkaiko Auzitegi probintzialak neurria onartu zuen. Beraz, 2014ko uda hasieratik eta epaiketaren zai dauden bitartean, bi langileri 500 metrotako urruntze agindua ezarri diete.

2016ko uda hasiera honetan, bi langile horien kontrako eskaera penala heldu da: 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra eta 9.000 euroko fiantza eskatu du Rafael Zabala enpresariak. Enpresa itxi eta langileei zorrak utzi ondoren, langileak kartzelara bidali nahi ditu eta indemnizazio bat eskatzen die.

Ezin dugu ahaztu gainera, TMA enpresa “Hiriko” (kotxe elektrikoa) proiektuan parte izan zela eta prozesu baten barruan dagoela diru publikoa bidegabeki “xahutzeagatik”.

Zer da hau? Mundua aldrebestu zaigu! Ze botere publikok eta legeriak babesten dituzte lapurrak maila honetaraino?

LAB Sindikatuak argi du, enpleguaren defentsan, langileen borroka ezinbestekoa dela. Langileak dira, beraien lanpostuen defentsa bermatu dezaketen bakarrak.

LAB Sindikatuak gogor salatu nahi du gaur eguneko legediak enpresariei ematen dien inpunitatea eta langileen babes eza. Enpresariek edozer egitea libre duten bitartean (langileen bizitzak suntsitu ditzakete), langileek beraien eskubideen defentsan borrokatzeagatik eta enpresarien irregulartasunak kontralatu nahi izateagatik, epaituak eta kartzelaratuak izan daitezke.

Ezin ditugu onartu langileriaren kontrako injustizia gehiago. Langile klasea kriminalizatzeari utzi behar zaio, horrelako enpresariak babesten diren bitartean. Justiziak ezin ditu biktimak kriminalizatu eta errudunak babestu.

 

 

 

Ambulancias Bizkaiak arriskuan jartzen du euren langileen, erabiltzaileen eta euren senideen osasuna

0

Bere jarduteko erari fidela izanik, Ambulancias Bizkaia UTEk ezikusiarena egiten du legea eta moralaren aurrean eta arriskuan jartzen ditu bere langileen, eramaten dituzten gaixoen eta hauen senideei osasuna.

Legeek eta indarrean dagoen legeak zehazten duen segurtasunik oinarrizkoena kontuan izan gabe eta langileen osasuna gutxietsiz, Ambulancias Bizkaia UTEk arrisku egoeretan gehiegizko pisuak hartzera behartzen gaitu. Pazienteak etxetik edo etxera eramanak dira pultsura altxatzen dituzten aulkietan, askotan maniobratzeko zailtasunak dituzten eskaileretatik orekan, eta gehiegizko pisu eta solairu kopuruarekin. Legearen aurrean ezikusarena eginez, enpresak ez ditu egoera honek langileei osasunarentzat dakartzan arriskuak ahalik eta gehien murrizteko beharrezko bitartekoak jartzen. Arriskuok lepo, belaun edo sorbaldako lesioak ekartzen dituzte, honek etengabeko bajak sortzen ditu eta kasuren batean, derrigorrez lehenago hartutako erretiroak.

Jarduteko modu honekin, Ambulancias Bizkaia UTEk paziente eta euren senideak arriskuan jarri eta umiliatu egiten ditu. Askotan, pazienteek kalean dagoen anbulantzia batean itxaron behar dute beste anbulantzia bat hel dadin etxera igo dezaten laguntzeko, gidarri bakarra joaten delako. Itxaronladia ordu luzetakoa izaten da batzutan, gero modu prekarioan igo dezaten eskaileretatik pultsura eramana den aulki batekin, horrek guztiontzako dakarren arriskuarekin. Batzutan are okerrago, senitartekoak animatzen baitira gidariari lagun diezaioten. Gehitutako beste arrisku bat.

Ambulancias Bizkaia UTEren inplikazio falta lotsagarria da, urtebete baino gehiago baitarama langileen ordezkariek esaten diotenari entzungor eginez. Langileek ideia eta iradokizunak dituzte bai lanaren planifikazioari edo método ezberdinen aplikazio praktikoari dagokionez. Guzti honek langileen osasunaren onura ekarriko luke, pazienteei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea eta guztioi eragiten digun lan baten kudeaketa hobean.

Hori dela eta, LAB, UGT eta ELA sindikatuetatik, prebentzio batzordeko delegatuek egoera hau salatzen dugu, kontrolik gabe dagoena erabat, eta are larriagoa Eusko Jaurlaritzak kontratatu duen enpresa bat izanik, Ambulancias Bizkaia UTE, zerbitzu publiko bat betetzeko, Osasungintza sektorearentzat estrategikoa dena. Sentsibilitatea eta pazienteekiko tratu ona oso kontua hartu beharko lirateke.

Zerbait egingo du Eusko Jaurlaritzak honen inguruan? Ambulancias Bizkaia UTEk behin eta berriro erakutsi du denak berdin diola.

Kontuan hartuko ahal du Eusko Jaurlaritzak babesten dituela dioen langileen osasuna, zerbitzua ematen diela dioen langileen osasuna eta ordezkatzen omen dituzten familia eta gainontzeko biztanleak?