2026-06-29
Blog Page 1063

Lan istripu gehiagorik ez! Prekarietatea hiltzailea!

Gero eta prekarietate gehiago ematen da lan munduan, ekainaren 28an langile bat hil zen lan-istripuz Erandion, 38 urteko A.V.G. Azkenengo hilketa salatzeko eta laneko prebentzioan eta ikuskaritzan dotazio handiagoa exijitzeko BIlboko Lan Ikuskaritza aurrean elkarretaratzea egingo dugu ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuok.

Langile hau LIDL enpresako berritze lanetan ari zen lanean. Etxebarriko AYPRO, SAk azpikontratatutako margolari autonomoa zen, enpresa honentzat soilik egiten zuena lan. Honekin, Euskal Herrian 2016an 29 langile hil direla (19 Bizkaian, 1 Gipuzkoan, 2 Iparraldean eta 7 Nafarroan).

 

 

 

Rafa askatzeko aldarria Bartzelonan


Rafa Diez Usabiaga, LABeko Idazkari Nagusi oiha, aske uzteko exijitzeko ekitaldia antolatu dute Bartzelonan CIEMEN eta Intersindical-CSCk. Ekitaldi honetan Euskal Herri eta Catalunyako kide ugarik hartuko dute parte. LABen izenean Garbiñe Aranburu izango da bertan elkartasunaren garrantzia eta borrokari eusteko beharra azpimarratuz.

CIEMEN eta Intersindical-CSCk Rafa Diez Usabiagaren alde antolatutako ekitaldi honetan parte hartuko dute Intersindical-CSCko idazkari ohia den Isabel Pallarèsek, Sortuko Pernando Barrenak, LABeko Garbiñe Aranburuk, kazetari eta diputatu ohia den David Fernándezek, David Minovesek (CIEMENeko Presidentea), Carles Sastre (Intersindical-CSCeko Idazkari Nagusia) eta Naike Díez, Rafaren semeak.

Duela sei urte, Rafa Diez Usabiaga eta Bateragune auziko beste kideak Euskal Herriaren alde egiteagatik sartu zituzten kartzelan modu injustuan. Estatu espainolak bere esku dituen tresna guztiak erabili zituen eta erabiltzen ditu independentismoaren aurka egiteko. Honelako injustizien aurrean ezinbesteko deritzogu klase elkartasuna, herrien arteko elkartasuna, baita sindikatuen artekoa ere. Bartzelonan antolatutako ekitaldia bezalakoek Estatuaren errepresio eta kriminalizazioaren aurka indarrak batzeko balio dute.

 

 

Euskal preso politiko ohiei euren eskubideak bueltatzea exijitzen diogu SEPEri

Auzitegi Konstituzionalak adierazten du preso politiko ohiek eskubidea dutela langabeziagatiko laguntza kobratzeko kartzelatik atera ondoren. LABen pozik gaude Auzitegi Konstituzionalak eman duen azken epaiarekin. Honetan, inkonstituzionaltzat jotzen da eta hortaz, ez da aplikagarria, kartzelaratzearen ondoren langabeziagatiko zigorra ukatzeak preso politikoentzat suposatzen duen zigor gehiagarria.

Orain konstituzioaren aurkakotzat jotzen den araua PPren gobernu espainiarrak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren urriaren 31ko epaiari emandako erantzuna izan zen. Europatik etorritako epai honek zenbait euskal preso politiko kartzelatik ateratzea ekarri zuen euren zigorren luzapena legez kanpokotzat jo zutelako.

Itzelezko presarekin jokatu zuen PPren gobernuak eta horrela, 2014ko aurrekontuen legea probestu zuen kolektibo honi laguntza kentzea zekarren araua txertatzeko.

EAEko Auzitegi Goreneko Sozialeko Aretoak onartu zuen, LAB sindikatuaren defentsa juridikoaren eskariz, arau honen aurreko inkonstituzionalitate auzia aurkeztea Epaitegi Konstituzionalaren aurrean.

EAEko Auzitegi Gorenak planteatutako argudioak askotarikoak eta sendoak dira (euren artean diskriminazioa, zigo bikoitza eta neurriak duen helburu mendekatzailea), Epaitegi Konstituzionalak horietako bati buruzko iritzia eman du soilik, hau da, aurrekontuen legea erabiltzea bere helburuetatik aparte dagoen zerbaitetarako. Epaitegi honen arabera, ahaleginik ere ez du egin Espainiako gobernuak neurriak politika ekonomikoko irizpideei erantzun diezaien. Gainera, epaiak dione bezala “neurriak dakarren aurrezkiak, edozein kasutan, oso apala dela ematen du”.

Horrela, LABek Enplegu Zerbitzu Publikoari eskatzen dio, berehala zuzendu eta ahalik eta lasterren laguntzak ukatzen dituzten espedienteak berrazter ditzan, kartzelatik ateratako preso politikoei bidegabeki ukatu zaizkien eskubideak bueltatuz.

 

 

 

1.200euroko gutxieneko soldataren aldeko borondate politikoa eskatu diogu Legebiltzarrari


Gaur, hilak 29, Garbiñe Aranburu, Ekintza Sindikaleko Idazkariak Eusko Legebiltzarreko enplegu batzordean parte hartu du. Bertan langileok pairatzen dugun errealitatearen argazkitik abiatuta 1.200ko gutxieneko soldata aldarrikatzeko ditugun arrazoiak azaldu ditu. Hain zuzen ere "justizia kontua da, bizitza duina bermatzeko lehentasunezko neurri bat da".

Gaur egungo egoeraren argazkia eginez hasi du Garbiñe Aranburuk bere interbentzioa, "egoera sozial eta laboral oso larria dugu”. Azken urteetan lan harremanen egoera goitik behera aldatu da. Erreformaz erreforma eskubide indibidualen kontra egiteaz gain langileok gure eskubideen defentsarako bitartekorik gabe utzi gaituzte, besteak beste negoziazio kolektiboa erasotuz.

Pobrezioari ateak zabaldu dizkiote

Hau guztia kapitalaren mesedetan egin dute. Aberatsak gero eta aberatsago izaten jarrai dezaten. Garbiñe Aranburuk emandako datuen arabera 2011tik 2015era, “krisialdian” bete betean ginen bitartean %40,2 igo da milionario kopurua. Langileontzat aldiz ondorioak oso bestelakoak izan dira: langabezia, prekarietatea eta pobrezia izugarri hedatzen ari dira.

Orain hazkundeaz, ekonomiaren errekuperazioaz hitz egiten hasi da patronala, instituzioetatik ere entzun izan dugu horrelako mezurik. Baina kaleko jendeak, langileok, ez dugu nabarituko hazkunde hori. Prekarietatean sakontzen jarraitzeko oinarriak jarri dira eta bide honetatik jarraituz herri hau gero eta pobreagoa izango da.

Langile pobreak gero eta gehiago dira, egun lanera joateak ez du bizitza duin bat bermatzen. Datuei begiratzea besterik ez dago “Europa Batzordeak eta OCDEk "soldata baxu" izendatzen dituztenen azpitik daude lanaldi osoko kontratua dutenen %15 eta hauei lanaldi partzialeko kontratu inposatua duten langile kopurua gehitzen badiogu %30era igotzen da” azaldu du Aranburuk. Horrela, soldata baxua RGIarekin osatu behar duten langileen kopurua gorantz doa.

Langileei hitza eman

LABentzat lehentasunezko borroka da langabezia, prekarietate eta pobrezia egoera sozial larri honi aurre egitea. Horregatik, enplegu duinaren aldeko borroka egitea gure ekintza sindikalaren helburu nagusia da.

Kurtso honetan zehar inkestak egin ditugu. 3400 inkesta egin ditugu gabiketa, ostalaritza, telemarketing, kolektibitate edota merkataritza sektoreetan. Sektore prekarioak eta feminizatuak dira horiek. Era berean, 500 galdeketa egin ditugu industriako enpresa txikietan eta 1500 inkesta sektore publikoko langileen artean. Guztira 5400 inkesta izan dira, ondorio batzuk ateratzeko bide eman diguna.

Emaitzak oso argiak dira: langileen artean kezka eta beldurra da nagusi, enplegua galtzeko beldurra eta enpleguaren prekarietateak sortzen duen kezka. Inkesta bete duten langileen artean %80tik gora dira beren lan baldintzak prekarioak direla uste dutenak. Eta prekarietate horren adierazlerik nagusiena soldatak dira. Soldatekin batera, kontratuaren nolakotasunari (behin behinekoak, partzialak, ETTak…) edota lanaldiaren antolaketari loturikoak agertzen dira, batez ere malgutasunaren erabilpen okerra. Eta noski, guzti honekin lotura zuzena duen negoziazio kolektiboaren blokeoa ere bai.

Baditugu alternatibak

Aranbururen esanetan “gure ustez urgentziazkoa da neurriak hartzea, agenda politikoaren erdigunean egon beharko luke arazo honek”. Hainbat neurri hartu daitezke enplegua sortu eta duintzeko eta norabide horretan LABek proposamen zehatzak egin ditu, hala nola ekainean aurkeztu berri dugu LAN HARREMANETARAKO ETA BABES SOZIALERAKO EUSKAL EREDUAREN ALDEKO PROPOSAMENA, baita zerbitzu sektoreetako langileek egin dituzten aldarrikapenak ere, Legebiltzarrean bertan aurkeztu genituenak.

Soldata da kezka elementu nagusietako bat da eta horregatik gure aldarrikapenen artean dago 1.200 euroko gutxieneko soldatarena. Guztioi bizitza duina bermatzeko lehentasunezko neurri bat da. Egun indarrean dagoen Lanbidearteko Gutxieneko Soldata bikoiztu egin beharko litzateke kopuru horretara iristeko.

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata estatuaren eskumena da, baina gure ustez “hori ezin da aitzakia izan hortik gorako gutxieneko soldatak defendatzeko”. Ez dago muga legalik hortik gorako erreferentzia bat ezartzeko eta 1200 euroko gutxieneko soldatak bermatzeko. Ez dago arazo legalik, “dagoen arazoa borondate falta da”. Adibidez lanbidearteko akordio bat bultzatu daiteke, adibidez, 1200 eurotan ezartzeko gutxieneko soldata.

Erabaki politikoak hartzeko ordua

Arazo politiko larri baten aurrean gaude. Erabaki politikoek ekarri gaituzte hona, eta noski, patronalaren jarrerak, legea eskutan, langileei zukua ateratzeko dituen aukera guztietan baliatzen den patronala dugulako. Horregatik, “pentsatzen dugu eragile politikoek ere beren lehentasunen artean izan beharko luketela jendartearen gehiengoaren interesak defendatzea, gutxi batzuen interesen gainetik”.

Eragile politikoek, eta erantzukizun handiagoz ardura instituzionalak dituztenek, eredu baten edo bestearen aldeko hautua egin behar dute. Erabaki egin behar dute, CONFEBASKek izan behar duen politika ekonomiko eta laborala zuzentzen duena eta politika horiek babesten jarraituko duten, ala orain arteko politiken norabidea aldatuz pertsonak erdigunean kokatu eta justizia sozialaren alde egingo duten.

LABetik mobilizatzen jarraituko dugu, mobilizatzen eta enplegu duinaren aldeko proposamenak egiten. Justizia kontua da eskatzen ari garena eta gure ustez instituzioen erantzukizun zuzena da herritarrak pobreziara ez kondenatzea. 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea horretarako neurri garrantzitsua da.

 

 

 

Gipuzkoako grafikagintzako hitzarmen duina lor daiteke

0


Gaur, ekainak 29, Gipuzkoako Grafikagintzako hitzarmena berritzeko hirugarren bilera burutu da. Gaurko bileran, berriro ere, ADEGI eta GAREN enpresarien elkarteek dituzten ikuspuntu ezberdinak geratu dira agerian. Gure aldetik berriro ere eskatzen diogu ADEGIri aurkez dezala sektore errealitateari erantzungo dion proposamena.

ADEGIk soldata igoerarik gabeko 3 urtetarako akordioa proposatu duen bitartean, GARENek, sektoreko enpresa txikiak biltzen dituen patronalak, honelako edukiak dituen akordioa gauzatzea proposatu du: urtebeteko indarraldia, Gipuzkoako KPIaren soldata igoera, kontratazioa egonkortzeko neurriak hartzea, behin-behinekotasuna mugatzea, aparteko ordainsariak soldata osoaren arabera ordaintzea edota sektoreko gutxieneko soldata igotzea, besteak beste. GARENek dioenez, proposamen honek sektoreko langileei zein enpresei emango lieke egonkortasuna.

Proposamen hau positiboki baloratzeaz gain, negoziazio kolektiboa ulertzeko beste era bat dagoela ere adierazten du, enpresari guztiek ez dutela bat egiten CONFEBASKekin negoziazio kolektiboari ekiterakoan eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko tartea egon badagoela.

Beraz, ADEGIri eskatzen diogu hurrengo bilerarako, aurkez dezala sektoreko errealitateari erantzungo dion proposamena.

 

 

 

Hiltzen duten lan-baldintzen aurrean erantzuteko garaia da

Atzo, ekainaren 28an, beste istripu hilgarri bat gertatu zen Erandion. Izan ere, lan istripuz hildako 38 urteko A.V.G.ren heriotza salatu behar dugu. Modu berean, gogor salatu nahi dugu heriotza berri honekin, Euskal Herrian 2016an 29 langile hil direla (19 Bizkaian, 1 Gipuzkoan, 2 Iparraldean eta 7 Nafarroan).

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, elkartasuna adieraztea langilearen familia, lankide, lagun eta gertuko guztiei.

Osasuna galtzea eta lan istripuak, ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baizik. Ekidin zitekeen emaitza, baina batzuen utzikeriak eta besteen neurririk gabeko irabazi asmoak langileok kondenatzen gaituzte.

Atzoko langilea autonomoa zen, AYPRO enpresak azpikontatatutakoa. Baina AYPRO enpresa Construcciones OLABARRIk azpikontratatuta zegoen. Eta Construcciones OLABARRI LIDLek kontratatu zuen, alegia, azpikontratazioaren 4. maila. Betidanik salatu dugu prekaritateak, eta horren barruan, azpikontratazioak, eragin zuzena daukatela gure osasunean eta lan baldintza gero eta kaxkarragoek gero eta arrisku gehiago sortarazten dituztela.

Baina ematen du administrazio publikoen arduradunek ez dakitela hau. Non daude administrazioko arduradunak heriotza berri hau salatzeko. Zein aldaketa eta zein pausu emateko prest daude egoera eta eredu hau geldiarazteko?

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarria. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira.

Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik mobilizatzera dei egiten dugu eta guztien artean, langile zein jendartean odoluste hau geldiarazi dezagun; gure eskubideak, gure osasuna eta gure bizitza defenda ditzagun.

Beraz, hurrengo ostiralean, uztailaren 1ean, kontzentrazioa egingo dugu ELA-LAB, ESK, STEILAS-EHNE eta HIRUk 11:15ean Bilboko Lan Ikuskaritzaren aurrean, Bilboko Gran Vía, 50ean, heriotza hau eta administrazio publikoen jokabidea salatzeko eta bestelako lan eredua eskatzeko.

Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz!
 

 

 

Osakidetzak negoziatu barik jarraitzen du eta enpresa kudeaketaren alde egiten du, dekretu berri baten bitartez

0


Ekainaren 28ko Mahai Sektorialak berriro ere argi utzi du Osakidetzako zuzendaritzaren negoziatzeko borondate eza. Gai ordena oso luzea izanik ere, bilera 11etan hasi dugu ezin argiago adierazten duena akordiorik lortzeko interes falta. Osakidetzak ekarritako planteamenduak aurreko bilerako ia berak izan direnez, ez da inolako aurrera-pausorik eman.

Urdulizko Ospitalearen irekiera dela eta, zuzendaritzak oraindik orain ez du argitu kategoria batzuen lana enpresa pribatuek egingo duten. LABeko ordezkariek, gai honetan EAJk duen jarrera salatzen zituzten kartelak ipini zituzten mahai gainean, eta bilera osoan bertan mantendu.

Berrikuntza bakarra eta kezkagarria Osakidetzaren antolakuntza aldetik dekretu bidez ezarri nahi duten sistema izan da. EAEko osasun zerbitzu erakundeen estruktura ordenatzeko dekretua eta Klinika Kudeaketarako Unitateen (KKU) sortu eta funtzionatzeko erregimena dira honen ardatzak. Azken hau, KKU eredua, gogor kritikatu du LABek osasun publikoaren pribatizazioan sakontzea baitauka helburu.

Klinika Kudeaketarako Unitate hauek ez dute osasun arretarekin zerikusirik, osasun publikoan praktika enpresarialak sartzearekin baino. EAJk aurrera daraman osasun politikak antz handia dauka Espainia aldean PPk daramanarekin. Izan ere, Osasun Sailak ez du lotsa izpirik adierazten KKU hauek Osakidetzako zerbitzuak zein pribatuak uztartuko dituztela esaten dutenean.

Laburbilduz, ezer negoziatu gabe atera gara bileratik, eta, beste alde batetik, oso kaltegarri jotzen dugun dekretu barri batekin mahai gainean. Bileran bertan esan bezala, LABek publikoki salatuko du EAJren egitasmo berri hau, osasun publikoaren kontrakoa delako.
 

 

 


Emakumeen soldatak %33,6an handitu beharko luke gizonenarekin parekatzeko

Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu duen Soldata Egiturari buruzko Inkestak adierazten duenez, Hego Euskal Herriko emakumezko langileek, batez bestez, 7.710 euro gutxiago irabazten dute urtero. Hortaz, emakumeen batez besteko soldatak %33,6an handitu beharko luke gizonenarekin parekatzeko.

Gizon eta emakumeen soldatetan dagoen alde hau emakumeek lan munduan jasan ohi duten bazterkeriaren adierazpen iraingarrienetako bat dugu, bakarra ez izanik; estatistikek adierazten duten ebidentzia honek agerian uzten du eta kontzientzia hartzen laguntzen du ekonomia-bortxa berezi honetaz; horren ohikoa da, askotan sumagaitza egiten zaigula.

Genero bazterkeriaren salaketari ezinbesteko eginkizuna deritzagu; hala ere, haren aurka eraginkortasunez borrokatzeko, gizartearen estamentu guztiek euren ardurak bereganatu beharko dituzte, askoz ere jarrera aktiboagoa hartu beharko dute, bizitzaren esparru guztietan, lan munduan barne, jokaera aldeak ezabatu daitezen.

Izatez, emakumeak lan merkatuan etengabe sartu izanak ez du berekin ekarri lan baldintzak parekatu direla; generoaren arabera soldata-arrakala handitu izanak agerian uzten du berdintasuneko politika publikoek porrot egin dutela.

Dena den, Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoak (Eurostat), aipatu soldata-arrakala, gizonen eta emakumeen soldata gordina ordukoen artean dagoen aldearen arabera kalkulatzen du, gizonen soldata gordina ordukoari dagokion portzentajean adierazia.

Definizio honen arabera, Hego Euskal Herriko soldata-arrakala %14,3koa da; aldiz, Europako Batasunaren batez bestea %16,1ekoa da. Bestalde, Nafarroan, soldata aldea handiagoa da, %16,6koa, aldiz, EAEn %13,8koa da.

Soldatetan ematen den bidegabekeria honek emakumeen egungo bizi baldintzei eta independentzia ekonomikoari kalte larria egiteaz gain, ondorio kaltegarri handia eragingo die erretiroko edota langabeziako gizarte-prestazioei.

Diskriminazio honen zergatiak egiturazkoak dira, hierarkian oinarritzen diren genero harremanetan hondoratzen dituzte sustraiak eta emakumeek betetzen dituzten zereginak bigarren mailakotzat hartzen duen lanaren banaketa sexista elikatzen dute.

Soldata-arrakalaren errua izan dezaketen eragileen artean, batzuek zuzenki eragiten dute; adibidez, emakumeek, lan bera edota balio bereko lana egiteagatik, gizonena baino soldata txikiagoa jasotzea.

Beste batzuk, aldiz, ugaltzeari lotutako lana, ordaintzen ez dena (etxeko lanak eta zaintza) ezberdin banatzearekin zerikusia dute (emakumeek aldi bikoitza eskaintzen diete aipatu lanei); eta batez ere, hautapen eta kontratatze prozesuetan, emakumearen bereizketa horizontala eta bertikala sustatzen dituzten enpresa-jarduerarekin. Azken batez, aukera berdintasunean enplegua eskuratu ahal izatea eragozten dituzten kristalez eta porlanez osatutako benetako sabaiez ari gara.

Horrengatik, emakumeak kontratatu ohi dira, gehien bat, onarpen sozial urriko jarduera-sektoretan; horren baloratuak ez dauden eta gutxiago ordaintzen dien lanbide mailetako lanpostuak betetzen dituzte.

Honez gain, hauen lan bideetan, beti, askoz ere baldintza kaskarragoak ematen dira. Izan ere, gaur egun, Hego Euskal Herrian, aldi partzialean betetzen den enpleguaren 3/4a baino gehiago emakumeek betetzen dute. Eta emakumeen behin-behinekotasun tasa %27,7koa da, aldiz, gizonena, osta-osta gainditzen du %22a. Jakina, lanaldi partzialeko eta aldi bateko enpleguei, oro har, beti egokitzen zaizkie soldata apalagoak.

Honengatik guztiarengatik eskatzen dugu botere publikoek bete dezatela berdintasuna sustatzeko dagokien betebeharra, eta ekitatea bihur dezatela haien politiken ardatz. Lan esparruan, premiazkoa da enplegua eskuratzea, prestakuntza, lanbide-sustapena eta lan eta soldata baldintzak bermatuko dituzten neurri eraginkorrak hartzea.

Baina, administrazioak interpelatzeaz gain, baztertze bitarteko guztien aurkako zaintza eta borroka areagotu behar ditugu ere. Horrela bakarrik lan harremanen eredu berria, gizarte bidezkoagoa eta demokratikoagoa sortu ahal izango dugu. Horretan datza gure konpromisoa.

Soldata-arrakala Europako Batasunean, 2014 (EUROSTAT)

 

BATAZ BESTEKO IRABAZIA URTEKO -2014

GIZONAK
EMAKUMEAK
Aldea
Nafarroa
28.659,74
20.163,10
-8.496,64
Araba-Bizkaia-Gipuzkoa
31.271,00
23.781,55
-7.489,45

Hego Euskal Herria

30.686,34
22.976,66
-7.709,68
 

 

 

 

Metalgintzan prekarietaterik ez! Ofentsibara pasatzeko garaia da!

0



Gaur, ekainak 28, LAB sindikatuko Gipuzkoako metalgintzako delegatuok batzarra egin dugu Villabonako Gurea aretoan eta, ondoren, “Hemen lan egin, hemen erabaki, metalgitzan prekarietateari Stop” lemapean elkarretaratzea burutu dugu Herriko plazan.

Gaurko batzarrean sektoreko egungo egoera zein den ordezkariekin partekatzeaz gain, datorren kurtsorako ildo nagusiak zehaztu eta adostu ditugu ekintza sindikala indartzeko helburuarekin.

Metalgintzaren sektorean, gainerako sektoreetan bezala, ematen ari den prekarizazio prozesuaren aurrean, LABek langileei lapurtutako lan baldintzak berreskuratzeko ofentsibara pasatzea erabaki du. LABek honako erabakiak hartu ditu gaurkoan:

– Enpresaz enpresa prekarietateari aurre egingo diogu. Horretarako langileen aldarrikapenak jasoko dituen tokian tokiko plangintza zehatzak osatuko ditugu langileak mobilizatzeko asmoz. Borrokaren bidez behartuko ditugu enpresariak akordioak egiten.

-Patronalak bilatzen duen negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurrean, hemengo negoziazio kolektiboa berreskuratzea dugu helburu. Lan harremanetarako esparru propioa behar-beharrezkoa dugu. Hemen lan egin, hemen erabaki! Helburu honekin, hainbat dinamika eta mobilizazio martxan jarriko ditugu.

– Langileak jasaten ari diren prekarizazioa baditu erantzuleak, bai enpresariak bai agintari politikoak. Dirua soberan dagoen arren, gero eta langile gehiago pobrezian daude, gutxi batzuk gero eta aberatsagoak diren bitartean. Hau onartezina da eta erantzule hauek interpelatzen eta salatzen jarraituko dugu.