Lan mundua euskalduntzeko egindako ekarpena saritu du Bai Euskararik
Kalea guztiona dela adierazi dugu Mobilizazioak Mozal legearen urteurrenean
Urtebete pasatu da Mozal Legea indarrean sartu zenetik, eta Herritarren Kriminalizazioaren aurkako Plataformak mobilizazioa egin du gaur goizean Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, Plaza Eliptikoan. Deitzaileek adierazi dute “batetik, eskubide sozialak lapurtzen dizkigute, bestetik eskubide horien alde borrokatzeko eskubidea kentzen digute”.
Gaineratu dute “beldurra, zigorra, errepresioa gailentzea eta kaleak hustea” dutela xede, “baina guk elkartasunean oinarritutako gizarte baten hazia daramagu bihotzetan, eta egunerakotasunean uzta jasotzen ari gara”.
“Kalea herritarron lekua da, bizilagunen arteko antolakuntza eta elkarlaguntzarako joerak biderkatzeko unea da. Ez bagara gu nortzuk? Ez bada orain, noiz?”
Donostia, Gasteizen eta Iruñean arratsaldean egingo dituzte mobilizazioak.
Azken heriotz istripua salatu dugu lan ikuskaritzaren aurrean
Ekainaren 28an langile bat hil zen lan-istripuz Erandion, LIDL enpresako berritze lanetan ari zela. Istripu eta heriotz hauek lan munduan gero eta gehio zabaltzen ari den prekarietatearen ondorio dira. Horregatik ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, BIlboko Lan Ikuskaritza aurrean kontzentrazioa egin dute azkenengo hilketa salatzeko eta laneko prebentzioan eta ikuskaritzan dotazio handiagoa exijitzeko.
Osasuna galtzea eta lan istripuak, ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baizik. Ekidin zitekeen emaitza, baina batzuen utzikeriak eta besteen neurririk gabeko irabazi asmoak langileok kondenatzen gaituzte.
Betidanik salatu dugu prekaritateak, eta horren barruan, azpikontratazioak, eragin zuzena dutela gure osasunean eta lan baldintza gero eta kaxkarragoek gero eta arrisku gehiago sortarazten dituztela. LABen iritziz administrazioek erabaki zehatzak hartu behar dituzte egoera hau ekiditeko.
Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarria. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Hau guztia dela eta, lanean jarraituko du honelakorik berriro gerta ez dadin.
Klausula sozialak aplikatu daitezen lanean jarraitzen dugu
LABek agerraldia egin du gaur Gernikako Udaletxe aurrean, kurtso honetan zehar sartutako klausula sozialen inguruko mozio batzuen berri emateko. LABek argi du zerbitzu publikoko lanak langile publikoek bete behar dituztela, baina hori lortu bitartean azpikontrata batek obra edo zerbitzuren bat kontratatzen duenean langileen lan baldintzak bermatuko dituzten klausulak ezartzeko eskatu diegu erakunde publikoei.
Udal administrazio zerbitzuen azpikontratazioa, Euskal Herriko erakundeetan gobernatzen duten alderdi politikoen erabakiz gauzatu zen, EAJren erabakiz batik bat. Erabaki politiko horrek ondorio larriak ekarri ditu azpikontratetako langileentzat:
1.-Erakunde publikoak ahaztu dira langile hauetaz, bere langileak ez balira bezala; nahiz eta zerbitzu publikoa emateko ezinbestekoak izan. Arazorik sortzen bada, instituzioek eskuak garbitzen dituzte eta arazoak azpikontratetara desbideratzen dute.
2.-Azpikontratazioak lan baldintzak kaskartzea ekarri du eta prekarietatea larriagotu da lan erreformarekin.
3.-Krisiak eraginda, erakunde publikoetan ematen ari diren murrizketak direla-eta, azpikontratetako lanpostuak suntsitu eta murriztu dituzte.
LABek argi dauka zerbitzu publikoko lanak langile publikoek bete behar dituztela, eta halaxe defendatuko dugu; izan ere, lanpostu horiek, berez, baldintza hobeagoak dituzte eta diru publikoaren kontrola handiagoa delako.
Hori da gure helburua, baina hori lortu bitartean ezin gara ezer egin gabe geratu. Udal administrazioek badute ardura azpikontratetako langileekin. Erakunde publikoek gaitasuna dute, azpikontrata batek obra edo zerbitzuren bat kontratatzen duenean langileen lan baldintzak bermatuko dituzten klausulak ezartzeko, pliego de condiciones deritzonaren bidez.
Horregatik, kurtso honetan zehar, udal administrazioko azpikontratetako langileen prekarietateari aurre egiteko asmoz, LABek mozioak sartu ditu Busturialdea eta Lea Artibaiko mankomunitateetan eta Lekeitio, Ondarroa, Markina-Xemein, Gernika eta Bermeoko herrietan.
Mozio horien helburua argia izan da: Udal erakunde hauetako plenoen eta alderdi politikoen konpromisoa exijitzea zerbitzu publikoa bermatzen duten azpikontratetako langileen prekarietateari aurre egiteko.
Hamaika ziren mozioan eskatzen genituen konpromisoak, baina honetan laburbildu dezakegu: gutxienezko lan-baldintzak herrialdeko hitzarmenak ezartzen dituenak izatea (nahiz eta hitzarmenak eraginkortasuna galdu izana lan erreformaren ondorioz); zerbitzua beste enpresa pribatu bati esleitzen bazaio langile guztien subrogazioa bermatzea, langileen kopurua gutxitu barik; murrizketarik ez egitea eta langileen
ordezkapenak bermatzea baja, oporretan, erretiroetan,; emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna exijitzea kontratari; lan osasun arloan araudiaren betetzea bermatu; langileen hizkuntza eskubideak bermatu eta lanpostuak euskalduntzearen aldeko plana eskatu kontratari. Hauek dira udal administrazioak kontratei exijitzeko ezarri ditugun puntu nagusienak.
Udal erakunde bakoitzaren erantzuna ezberdina izan da, boterea duen alderdiaren arabera. Zoritzarrez, oraingoan ere, berriro ikusi dugu batzuentzako langileen prekarietatea bost axola zaiela.
Udaletan otsailean sartu genituen mozioak eta amankomunazgoetan apirilean zehar. Ondarroan eta Markina-Xemein, aurkeztu genuen mozioa bere horretan onartu zuen Udal Batzak. Bermeon, mozioaren puntu batzuk onartu ziren eta aurrera begira klausula sozialak garatzeko konpromisoa hartu zen. Hiru herri hauetan EH Bilduk du gehiengoa. Gernikan ezezko borobila eman zion Udal Batzak EAJren bozengatik, Bilduk mozioaren alde egin zuelako eta Lekeition, EAJren gobernupean, oraindik ez da mozioa
udalbatzara eraman. Amankomunazgoei dagokienez, Lea Artibaikoek hurrengo plenoan landuko dutela esan diguten bitartean, Busturialdeako amankomunazgoa, EAJren gidaritzapean, esan digu ez duela mozioa sartuko plenoan eztabaidatzeko ere.
Berriro ere oso argi geratu da prekarietatearen kontrako borrokan konpromisoak hartzeko prest daudenak; eta alderantziz, nortzuk langileen eskubideen gainetik interes ekonomiko eta partidistak gailentzen dituztenak. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Guk argi dugu: prekarietatea garaitu behar dugu eta horretarako egunerokotasunean jardun eta konpromisoak hartu behar dira.
Catalunyatik elkartasuna helarazi diote Rafari
Rafa Díez, LABeko Idazkari ohia, askatzeko aldarria ozen entzun da Bartzelonan. Hain zuzen ere CIEMEN eta Intersindical-CSC antolatutako ekitaldian CDC, ERC eta CUPeko ordezkariek baita Euskal Herritik joandako Naike Díez (Rafaren semea), Garbiñe Aranburu (LAB) eta Pernando Barrenak (Sortu) Rafa omendu eta beren elkartasuna helarazi nahi izan diote.
Ekitaldi osoan zear hizlariek Rafaren ibilbidea azpimarratu dute. Adibidez Carles Sastrek, Intersindical-CSCko Idazkari Nagusiak Rafa Diezek LAB sindiakatuaren internazionlizazioan izandako rola gogoratu zuen. “90. hamarkadan LAB erreferente bilakatu zen, aterki efektua bilatzeko modua zen, hau da nazioarteko onarpena lortzen baduzu errepresioak egin dezakenaren aurka babesten zara”.
Barrenak eta Aranburuak Rafaren ibilbide sindikala zein politikoari erreparatu zioten. “Rafaren ekarpena oso garrantzitsua izan da Euskal gatazkaren konponbidean” azpimarratu zuen Aranburuk. Rafak egindako lanari jarraipena ematea inoiz baino beharrezkoagoa da Estatuak ez baitu inongo borondaterik aldaketak ekar ditzaken prozesu demokratiko batean inplikatzeko.
LABek ez du pobreziara eta bazterketa sozialera kondenatzen gaituen sistemarik ontzat emango, alderantziz aldaketaren alde lanean jarraituko dugu. Honelako erronkei aurre egiteko “gaur, inoiz baino premiazkoagoa da, Rafa bezalako pertsonak kalean egotea” adierazi zuen LABeko kideak.
Jangeletako auzian Fiskaltzak eredu kaltegarri baten aldeko erabakia hartu du
Ikastetxeetako jantokietan zerbitzua ematen duten enpresa horiek —Auzolagun, Tamar Las Arenas, Cocina central Goñi, Cocina Central Magui, Eurest Euskadi, Eurest Colectividades, Gastronomia Cantabrica eta Gastronomia Vasca— isunei helegitea aurkeztu zioten eta azken hitza ebazpen bidez ezagutuko dugu.
LAB sindikatutik askotan salatu dugun bezala jantokien erdu hau jada agortuta dago eta kudeaketa eredu berria beharrezkoa da. Eusko Jaurlaritzak bere aldetik enpresen alde egiten duen ereduarekin jarraitzeko hautua egin du enpresa hauei kontratua bi urtez luzatuz. AIBAK enpresak salatu bezala, tokian tokiko ekoizleei eta enpresa txikiei atea ixten dion ereduaren alde egin dute, sukaldeetan bertoko eta garaiko jakiak bigarren maila batean uzten duen ereduaren alde. Gogoratu beharra dago azken kontratu hauek ere salatuak izan direla eta ebazpenaren zain daudela.
Auzibide hauetan gure interesak, gure seme alaben elikadura eta jendartearen interesak orohar Eusko Jaurlaritzaren eskuetan ditugu. Aldaketarako asmorik agertzen ez duen gobernu honen esku. Madrileko murrizketak hitzez hitz aplikatzeaz gain berezko murrizketak ezarri dituen gobernuaren esku. Edo gure Hezkuntz eredu gisa LOMCEren euskal bertsioa den Heziberriren defentsa sutsua egiten duen gobernu honen esku. Jangeletako zerbitzua azpikontratatutako zerbitzuaren aldeko apostu garbia da. Kalitatearen eta lan baldintzen kontura egindako apostua, enpresen irabazien aldeko apostua…, Eusko Jaurlaritzak jangeletako bere langileen lanaldiak murriztueaz gain ez ditu lanpostuak handitzen nahiz eta beharrak eta aurrekontua egon badauden. Ikastetxeetako sukaldeak kentzen ditu kanpotik garraiotutako janari eredua aukera bakarra bilakatu dadin. Gainera azpikontratatzen du publifikatzea gutxiago kostatuko litzatekenean.
Hezkuntza sail honek kurtso hasieran jangela ukatzen die familiei Iruña Okako kasuan bezala. Gure langileen izaera hezitzailea ukatzen du Hezkuntza Sailak, jangelak zerbitzu hutsa izatera mugatuz. Agerian gelditzen da Madrilen hartzen diren erabakien kudeatzaile besterik ez direla.
LABen iritziz, fiskaltzaren erabakia albiste txarra da dakarren ondoriarengatik: eredu kaltegarri baten aldeko erabakia delako. Nahiz eta fiskaltzaren arabera delitu penailik ez egon, argi eta garbi geratu da gobernu honen utzikeria gai honetan diru publikoaren, guztion diruaren, kudeaketa enpresen mesedetan uzten duen ereduaren aldeko apostua eginez. Badago beste kudeaketa eredu posiblerik. Kudeaketa eredu berri baten alde egiten du LAB sindikatuak. Langile eta familien parte hartze eta erabakiekin sortuko den eredu baten alde.
LABek gertatu diren bi istripu larri salatzen ditu
LAB sindikatutik lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu bi langile hauen senide, lagun, lankide eta gertuko guztiei.
Bi langileak oso gazteak dira eta baldintza prekarioetan egiten dute lan. Hamaika aldiz salatu dugun arren, berriro diogu gertakari hauek ez dira kasualitatea. Eta beraz gogorki salatzen ditugu bi istripu berri hauek.
Bestalde gogorarazi behar dugu Euskal Herrian 2016ean jadanik 29 langile hil direla lan istripuz, zenbatu gabe gaixotasun profesionalek hildakoak. Hauei heriotzik gabe sekulako osasun kalteak jasan dituzten langileak gehitu behar dizkiegu.
Zifra beldurgarri eta onartezin hauek agerian uzten dute Euskal Herriko langileriak jasaten dituen lan baldintza prekarioak, eta gertaera hauek egoera horren isla bortitzena dira. Horregatik LABek lanean jarraituko du eta langileriari datozen eguten egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dio.
Pasaiako lonjaren gainkostuak azken muturreraino ikertu behar dira
Pasaiako Portuan gehiengoa duen LAB sindikatua harrituta dago arrain lonja berriko azken eskandaluaren aurrean, Donostiako epaitegi baten aginpean Guardia Zibila miaketa egitera sartzeaz, hedabide ezberdinetan irakurritakoarekin, informazio zehatzik ematen gabe eta EAJ eta PPren arteko talka elektoralista zikinarekin. Azken hauek dira portuko langileek jasaten dituzten murrizketa zein prekarietate egoeraren erantzule nagusiak, Madriletik aginduta, baina egungo lehendakari den Ricardo Peñak ezarritako neurriekin (EAJk berak zuzenean izendatua).
Zentzugabekeriaz beteriko egoera honen aurrean, gaur ospatu den kontseilura proposamen hauek eraman ditugu:
2.- Gertatutakoa argitzeko eskatuko dugu. Edonor erortzen dela ere, ikerketa muturreino eraman dezatela. Ez dugu onartuko diru publikoarekin horrela jokatzea, eta eskularru zuridun lapurren ustelkeria kasu berri baten aurrean gauden jakin nahi dugu. Guzti hau euren burua eredugarritzat aurkezten duten horien eskutik dator, EAJ eta Ricardo Peña buru. Honengatik, eta prozesuan azaldu duten jarreragatik, portuko langileak murrizketa eta lan prekarietate egoeran daudelarik, eskandaluaren inguruan dauden zuzendaritzako kide guztien kargu-uztea eskatuko dugu. Aski da! Euren erantzukizunak onartzeko garaia iritsi da.
3.- Azkenik, status quoan horretan dauden alderdiei (kontseiluko kide direnak) langileei iruzur egiteari uztea eskatuko diegu, arduren aurrean ez dezatela kea saldu, beti bezala negligentzia, irregulartasun eta balizko delituak azeratu eta faltsuan ixtea denean, gainera judizialki onartzera behartuta daudenean. Eta gainera, beraien txantxuilo eta praktika okerren esku-hartzaile egiten gaituzte langile zein hiritarroi.
Eskandalu honen aurrean gure ahots kritiko zein koherentea entzun dadin, Pasaiako Portuko ateetan elkartu gara gaur “Langile zein portuaren defentsan, prekarietatea eta iruzurrik ez! PNV-PP-PSOE arduradunak” lelopean.
Aurretik esana dugu, baina ez gara errepikatzeaz aspertuko. LABetik muturreraino iker dadin exijitzen dugu, behar den neurri eta gardentasunarekin, balizko okerreko praktika hauen erantzuleek har ditzatela zuzenean erantzukizunak; baina batez ere, aldatu daitezela lan egiteko ohiturak, arlo soziala kontuan har dezatela, lan prekarietatearekin amaitu dezagun, lanpostu finkoak sortu daitezen, lan hitzarmenak eguneratu ditzaten eta soldatak duindu.
LAB sindikatua Pasaiako Portua puntako portu konpetitibo eta produktibo batean bilakatu dadin lan egiteko prest dago. Inguruko bizilagunek herri eta portuaren arteko bizikidetzaren alde lan egin dezaten. Baina egungo zuzendaritza horretarako prest al dago?
Bermaturiko errentaren foru legearen aurreproiektua ez nahikoa da
Nafarroan aitzindaria izan beharko lukeen Lege bat lantzeaz mintzatzen ari gara; aitzindaria, haren erronkak pobrezia erauztea izan behar duelako. Hainbat azterketek adierazten digute gaur egun baldintzatzen diren errentak ez direla helburuak betetzen ari (horren adibide, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta EAEn). Dirudienez, prestazio mota hau, hein batean, urriegia da arautzeari dagokionez. Eskasak dira ere, osotasun batetik ekin behar zaielako. Hots, honen lagungarri izango den bestelako politika mota baten beharra du. Horretan etzan beharko luke Nafarroako Gobernuaren erronka.
Aktibazio soziala ezinbestekoa da, eta horretan tematuko da LAB sindikatua, Nafar Gobernu eta Parlamentutik tramite parlamentarioan Aurreproiektu honen “puntu beltzak” aldatzeko.
LAB sindikatutik puntu horiei ekarpenak egin genizkien abian jarri zen “prozesu parte hartzailean”. Prozesu parte hartzailea non ekparpen teknikotaz gain ez diren aintzat hartu eragile sozial eta sindikalek egindako ekarpenak.
LAB sindikatuaren iritziz, txirotasuna eta prekarietatea sistema kapitalistak hartu dituen aukeren ondorio dira. Bizi dugun garai historiko honetan, sistema kapitalistaren hautua eskubide sozialak eta laboralak suntsitzea izan da, zerbitzu publikoak pribatizatu ditu eta langileria esplotatzeko moduen intentsitatea handitu du. Honen harira, gure ustez, Nafar Gonernu eta PArlamentutik diseinatuko diren politikek eta landuko diren legeek kapitalaren erasoa iraultzea izan behar dute helburu. Egoera irauli behar da, gauzatuko den edozein neurri, lege edo politikaren ardatz pertsonak eta bizitzaren sostengua izan daitezen. Ikuspuntu honetatik aurreproiektu horren irakurketa eta proposamenak egiten ditugu.
Hots, erantzun, borrokatu eta erauzi behar den egiturazko pobrezia egon, badago. Erantzun horretan kokatu beharko luke Nafarroako Gobernuak; sektoreen arteko politika eraginkorrak gogoan hartu eta diseinatu beharko lituzke, muturreko zaurgarritasun egoera hauek gaindi daitezen. Babes sistema sozio-laboral honek gauza izan beharko luke aipatu helburua betetzeko. Horixe izan beharko luke Nafarroako egungo Gobernuaren erronka.
Oposizioa gobernu bilakatu zenean, Programa-hitzarmena landu, eta hura beteko duen konpromiso osoa onartu du. Hartan, gai honekin lotura duten hainbat puntu hitzartu dira. Puntuok, hobekuntzak ekarri beharko lituzkete, onuradun gehiagori prestazioa hedatzen zaio. Puntuok xede horretan landuko diren lege berrietan jaso behar dira.
Bada, Gizarteratze eta Bermaturiko Errenta jasotzeko eskubideak arautzen diren Foru Lege aurreproiektuan, aipatu akordioan biltzen diren puntu batzuk jasotzen dira, eta horrela, egun ezarria dagoena hobetzen da.
Tamalez, Gizarteratze Errentari hobetu zaizkion alderdi batzuk (laguntza kopurua handitu izana, gutxieneko adin-muga luzatzea,…) nahiz Programa-hitzarmenean jasotzen diren beste batzuk (egoitza antzinatasuna urte batekoa izateko baldintza, urteko lanbide arteko gutxieneko soldatari dagozkion kopuruak, Eranste Hitzarmenaren eskakizuna,…) ez dira jasotzen, gure ustez, alderdi hauek arrunt garrantzitsuak izanagatik. Honez gain, honek berekin dakar prestazioa eskuratzeko baldintzak gogortzen direla, eskubideak urritzen direla eta babesean atzera egiten dela. LAB sindikatuaren iritziz, puntu beltz hauek direla-eta, jende asko babesik gabe geratzen da, eta gure ustez, puntu horretan berbideratu eta biratu beharko luke Nafarroako Gobernuak.
Abiapuntua, Nafarroan, gizarte ezberdintasuna murrizteko eta desagerrarazteko bidean. Huraxe izan beharko luke Nafarroako egungo gobernuak erronkatzat. Horretan, ekonomia-irizpideak alde batera utzi behar dira, pertsona erdian ezarriz. Eta ekonomia-irizpideez ari garela, esan, gure ustez, eta halaxe adierazi behar dugu, egin diren ez-betetze batzuk nahiz aurreproiektuari erantsi zaizkion beste zailtasun batzuk aurrekontu-partiden ondorio dira, eta izatekotan, “aldaketako Gobernu” batek lehenetsi beharko lukeen gizarte-kohesioan oinarritu beharko lukete.
Legearen “puntu beltzei” dagozkien analisia eta proposamenak
I. 2 urteko antzinatasun betekizunari dagokionez LAB sindikatuaren aburuz aldi-muga hau oso zabala da. Horren ondorioz jende asko, aldi luze batez, bazterketa eta zaurgarritasun egoeran uzten da. Hori dela eta proposatzen dugu muga urte batean ezar dadila (oposizioan zeudenean aldarrikatu zutenarekin eta Programa-hitzarmenean jaso zenarekin bat eginez). Adin txiikoen kasuan ez da inolako denbora-mugarik ezarri behar (halaxe adierazten zuen adibide gisa apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legearen 5c) artikuluak, 13/2008 Foru Legeak aldatu ondoren), adin txikikoaren babesa beti lehenetsi behar delako.
II. Aipatu kopuruak. LAB sindikatuaren irudikoz, hau atzera-pausua eta eskubideen murrizketa da. Kide bakar batez osaturiko unitate jasotzaileei 55 euro hilero murrizten zaie (kopuru esanguratsua). Ez dugu ulertzen zergatik zigortu behar den kolektibo bat gainerakoei onura ekartzeko. Errenta Bermatuaren Legeak hobetu beharko luke estaldura maila eta ziurtatu beharko luke behar adinakoa den eta
gutxienez, pobrezia atalasearen baliokidea den prestazio ekonomikora iritsiko dela, horrela, bizi maila egokia bermatu ahal izan dadin. Hauxe baita, azken finean, zaurgarritasun eta gizarte bazterketa ematen denean, gizarte babesaren xede nagusia.
III. Prestazioaren onuradun izateko gutxieneko adinari dagokionez LAB sindikatuaren ustez izugarrizko baldintza gogorrak ezartzen ari zaizkio nekez bete ditzakeen kolektibo bati: gure ustez, honela, izatez, gutxiengo adina 24 urtean ezarri da, kolektibo hau osatzen duten gehienek ezin izango dituztelako ezarritako eskakizunak bete. Kolektibo honi loturiko politikek, Lege honen arautzea barne, aurrera egin behar dute, eta gazteriak etorkizun duina helburu izan dezan erraztuko dituzten neurriez hornitu behar da. Horrengatik proposatzen dugu ezarritako baldintzak desagertu behar direla eta errenta jasotzeko adina 18 urtean ezarri behar dela, inolako murrizketarik gabe.
IV. Azkenik programa pertsonalizatua betetzeko derrigorrezkotasunarekin zalantzak sortzen zaizkigu. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen iraun ahal izateko betebeharra ezartzen dela dirudi. Ulergaitza zaigu. Nafar Gobernuti argitu beharreko zalantza da. Dena dela, erantzuna aldekoa balitz, Programa-hitzarmenaren beste puntuetako bat ez litzateke beteko, non Txertatze Hitzarmena sinatzearen eskakizun orokorra ezabatzea ezartzen den. Egia bada ere, ez garela Errenta Bermatua lehen aldiz jasotzeko derrigorrezko eskakizunaz ari, dirudienez, bigarren urteaz geroztik derrigorrezkoa izango da. Baina horrez gain, atarikoan bada paragrafo bat non adierazten eta ohartarazten den derrigorrezko Hitzarmen mota hauekin zerikusia duten baldintzagarritasunak eta zorroztasunak eragotzi beharreko arriskuak dakartzatela. Hortaz, kontuan hartuz Lege berak, haren Atarikoan, ezartzen duela arriskua, eta hartaz ohartarazten duela, kontraesankorra deritzagu ondoko arautzeari (agian gaizki interpretatzen ari gara). Dena dela, hertsatze neurri batez ari gara, zeinak lana ordain baten truke eman behar izatera dakarren berekin. Hots, prestazioa galtzearekin mehatxu egiten zaio enplegu eskaintza arbuiatzen duenari. Hauen larderia ez da gaitzik gabekoa. Jasotzaileak erabili nahi dituzte onartezina onar dezaten eta horrela, langileriaren alderdi handia lan baldintza negargarrien amildegira bultzatu nahi dute. Elkarrekikotasuna errekurtsorik ez dutenei bakarrik eskatzen zaie. Paternalismoaren adierazgarri, jendearen gaitasuna edota autonomia mugatuz kalitateko enpleguaren hautua egiterakoan.
Amaitzeko, beharrezkoa deritzogu, gutxi gorabehera, bi urteko epean, Legearen emaitzen ebaluazioa egitea. Ebaluazioan aintzat hartuko da Legean ezarri neurriak txirotasuna eta gizarte bazterketa erauzten ari diren, eta inklusibotasunetik jendearen bizi baldintzak hobetzen ari diren. Hala gertatuko ez balitz, Legea aldatu beharko litzateke, aipatu emaitzak ontze aldera. Hauek eskuratzeko baldintzak ez lirateke zaildu, ez eta gogortu behar, honelakoetan gertatu ohi den bezala (emaitza txarragoak lortuz gainera), baizik eta prestazio mota honen eskuratzea areagotu eta erraztu beharko litzateke, baita goian aipatu neurriak inplementatuz ere.


