Desgaitasun fisikoa edo/eta organikoa duten pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileko beharginek hitzarmen propioa dute aldarri.
Fekoor elkarteko langileak 2023ko abenduaz geroztik ari dira hitzarmen propio baten aldeko borrokan. Aniztasun funtzionala ardatz duten Bizkaiko beste enpresetan, hala nola Gorabiden, Apnabin edota Gauden enpresa hitzarmenen bitartez beren lan baldintzak hobetu dituzten bitartean, Fekoorreko langileen lan baldintzak oraindik estatu espainoleko hitzarmenaren menpe daude, Fekoorreko zuzendaritzak ez baitu langileekin enpresa hitzarmenik sinatu nahi. Halaber, aitzinean aipatutako elkarteen urteko jardunaldia 1592 ordukoa da, Fekoorreko langileek 1680 ordu lan egiten duten bitartean. Gorabiden, Apnabin eta Gauden batez beste KPIaren %20 igo bada ere, Fekoorreko langileen soldata igoera datozen hiru urteotan %3,75ekoa izango da.
Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila da Aniztasun Funtzionala ardatz duten elkarteen ardura duen erakundea; beraz, pribatizatutako zerbitzu publikoa da. Aldundiak publikoak izan behar diren zerbitzuak subkontratatzen ditu, eta subkontrata hauek bizkarra ematen diete langileen eskariei. Hori gutxi balitz, estatu espainoleko hitzarmenak langileen lan eta bizi baldintzak prekarizatzen ditu eta, ondorioz, baita artatzen dituzten erabiltzaileen bizi baldintzak eta haiei ematen dizkieten zerbitzuak ere.
Hori guztia dela eta, Fekoorreko langileek borroka ziklo bat abiarazi dute, Bilbon hainbat mobilizazio iragarri dituztelarik. Hitzarmen propio bat lortzea helburu duen borroka zikloa iraila eta urriak bitartean gauzatuko da.
IRAILAK 26, osteguna. Lanuztea
7:15 Elkarretaratzea Etxegokiren aurrean (Txomin Garat etorbidea, 42)
9:30 Elkarretaratzea Arbolarteren aurrean (Blas de Otero, 63)
10:45 Elkarretaratzea Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean (Kale Nagusia, 25)
IRAILAK 27, ostirala. Lanuztea
7:15 Elkarretaratzea Etxegokiren aurrean (Txomin Garat etorbidea, 42)
9:30 Elkarretaratzea Arbolarteren aurrean (Blas de Otero, 63)
10:45 Manifestazioa Arbolartetik Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko egoitzara (Ugasko bidea, 5)
IRAILAK, astelehena
7:00 Auto karabana
11:00 Elkarretaratzea Arbolarteren aurrean (Blas de Otero, 63)
URRIAK 1, asteartea
9:30 Elkarretaratzea Arbolarteren aurrean (Blas de Otero, 63)
URRIAK 3, osteguna. Lanuztea
7:15 Elkarretaratzea Etxegokiren aurrean (Txomin Garat etorbidea, 42)
9:30 Elkarretaratzea Arbolarte aurrean (Blas de Otero, 63)
10:45 Elkarretaratzea Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean
URRIAK 4, ostirala. Lanuztea
7:15 Elkarretaratzea Etxegokiren aurrean (Txomin Garat etorbidea, 42)
9:30 Elkarretaratzea Arbolarte aurrean (Blas de Otero, 63)
10:45 Manifestazioa Arbolartetik Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko egoitzara (Ugasko bidea, 5)
Fiskalitatearen inguruan antolatu dugun lehen solasaldietako lehena izan da gaur, Iruñeko Txalaparta liburudendan. Ilargi Jaunarena sindikatuko ekonomialariak gidatuta, Carlos Cruzado “Los ricos no pagan IRPF. Claves para afrontar el debate fiscal” (Capìtan Swing, 2024) liburuaren egilea eta Mikel Aranburu Nafarroako Gobernuko Ogasun kontseilari ohia zerga-politikaz aritu dira.
Nafarroako Hezkuntza publikoko sindikatu guztietako ordezkariok (LAB, Steilas, ANPE, AFAPNA, CCOO, ELA eta UGT) prentsaurrekoa eman dugu gaur goizean Iruñean, eta bertan jakinarazi dugu datorren irailaren 26ko grebari begira sortutako Greba Batzordeak eskaera formala erregistratu duela Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin batzartzeko, sektorean egin beharreko hobekuntzen inguruan benetako negoziazioa bultzatzeko helburuarekin. Gainera, irailaren 26ko goizean mobilizazioak izanen dira eskualde buruetan, eta arratsaldean manifestazioa eginen dugu Iruñean.
Gaurko agerraldian, Irakaskuntza publikoko intersindikalak esplikatu du sindikatuek hilabete asko daramatzagula Hezkuntza Departamentuarekin negoziatu nahian, eta borondate onenarekin parte hartu izan dugula proposatu zaizkigun lan talde guztietan, baina Departamentuaren erantzun eskasa ikusita, aho batez erabaki dugula mobilizazio egun bat deitzea sindikatuon eta Nafarroako Gobernuaren artean benetako negoziazio bat has dadin.
“Irakaskuntza publikoko ikasle guztiek merezi duten arreta jasotzeko mobilizatzen gara irakasleok”, nabarmendu dute ordezkari sindikalek. “Hau da, Nafarroako gizarteari eskaintzen diogun zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi dugu. Izan ere, inork zalantzan jartzen du ratioen jaitsierak, lan gainkarga arintzeak eta irakasle-plantilla egonkorragoak izateak mesede eginen dietela gure ikasleei eta hezkuntza komunitate osoari?”.
Iragan irailaren 6an erregistratu genuen sindikatuok greba deialdia -ekainaren 27ko prentsaurrekoan lanuztearen data aurreratua genuen, gainera-, baina, ordutik, Hezkuntza Departamentuko zein Nafarroako Gobernuko inor ez da gurekin kontaktuan jarri. Horregatik, atzo erregistratu genuen Greba Batzordearen eta Maria Txibite lehendakariaren arteko bilera bat egiteko eskaera, eta benetako negoziazio baterako prest gaudela adierazi genuen.
Egunotan, ordezkari sindikalak Nafarroa Garaiko ikastetxe publiko guztiak ari dira bisitatzen, dozenaka batzar eginez eta aldarrikapenak milaka irakaslerekin partekatuz. Irakasleak aho batez ari dira aldarrikapenak babesten. Era berean, bihar, irailak 19, arratsaldeko 17:30ean, batzarra eginen dute Iruñeko San Frantzisko eskolako areto nagusian, irakasle guztiei zuzenduta.
Irailaren 26an, Nafarroako Hezkuntza publikoak egun bizi duen egoeragatik duten ezinegona jarri nahi dute agerian irakasleek. Lanuzteaz landara, goizean mobilizazioak izanen dira Altsasun, Elizondon, Lizarran, Iruñean, Tafallan eta Tuteran, eta arratsaldean manifestazio bakarra eginen dugu, Iruñean, 18:00etan Gurutze plazatik abiatuta. Nafarroako gizarte osoari manifestazioan parte hartzeko deia egiten diogu.
Udaltzain lanposturako euskara eskakizuna baliogabetu duen epaiaren berri izan ostean, premiaz landu beharreko gaia dela iritzi dio sail sindikalak.
Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikalak dei egiten die Donostiako Udaleko Euskara arloko arduradun politikoa den Jon Insaustiri, Euskara Zerbitzuko zuzendaria den Edurne Otamendiri, ERNE, ESAN eta ELAko ordezkariei eta Udaleko PNV, EH Bildu eta Elkarrekin talde politikoetako arduradunei, Euskara Batzordearen premiazko bilera giteko. Izan ere, Donostian udaltzain izateko ez dela euskarazko B2 maila eduki beharrik ebazten duen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren azken erabakiaren ondoren, erantzun bateratua eta eraginkorra bideratzea ezinbestekoa da.
LABen ustez, herritarrek eta langileek duten euskaraz lan eta bizitzeko eskubidearen aurkako ebazpen hauei bide juridikoetatik eta ekintza sozial, sindikal eta politikoaren bitartez erantzun behar zaie. Horregatik, Euskara Batzordearen bilera horretan, Euskara Zerbitzuko arduradunez gain, udaleko talde politikoak eta sindikatuak zein euskararen aldeko eragile sozialek parte hartu beharko lukete, hala nola Euskalgintzaren Kontseiluak, Donostiako Bagera Euskara Elkarteak eta Euskal Herrian Euskaraz taldeak. Hori izango da erantzun bateratua eta adostua bideratzeko modu bakarra.
Enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan UGT sindikatuak euskarazko hizkuntza eskakizunen aurka jarritako salaketa deitoratu dugu Bilboko epaitegiaren aurrean eginiko mobilizazioaren bidez. Orain, epaitegi barruko saioa amaitu den honetan, zer gertatuko den ezin jakin arren, sindikatuak egindako defentsa irmoarekin pozik eta itxaropentsu gaude, egindako lanak emaitza onak ekarriko dituela uste dugu.
Euskotreneko LABen sail sindikalak atsekabez eta arduraz jaso zuen egonkortze prozesuaren baitan esleituko diren lanpostuetan euskara eskakizuna baliogabetzeko eskatuz UGT sail sindikalak sartutako salaketaren berria. Gure hizkuntzaren etorkizuna jokoan dagoen testuinguru berezi honetan, sistematikoak izaten ari dira euskarak eta euskal hiztunok gure herrian bizi dugun subordinazio egoera bere horretan jarraitzeko jasaten ari garen erasoak. Euskararen aurkako oldarraldiaren baitan kokatzen dugun eraso berri honek, denboran hainbat hamarkada atzera egin eta euskararen normalizazio prozesuan azkenengo urtetan Euskotrenen egindako lan guztia baliogabetzea du helburu.
Gizartean euskararen ezagutza orokortzen ez den bitartean, hizkuntza-eskakizunen bitartez jarraitu beharko dugu euskararen ezagutza bermatzen. Hizkuntza-eskakizun hau baliogabetzearen ondorioak larriak izango liratekeela ziurra da, Euskotrenen euskaraz lan egin nahi duten langileen eta euskaraz artatuak izan nahi duten erabiltzaileen hikuntza-eskubideak urratzeko ateak parez pare zabalduko lirateke eta.
Nabaria da, beraz, euskararen normalizazio prozesuan urratsak eman beharrean, UGT bezalako sindikatu espainolistek euskararen aurkako erasoak normalizatzeko erabakia hartu dutela. Egoera honen aurrean, justizia sozialean eta berdintasunean oinarritutako hizkuntza-politikak aldarrikatzen jarraitzeko asmoa daukagu, politika horiek izan direlako bere hizkuntzaren alde borrokan ibilbide luzea egin duen euskal komunitate sendo eta indartsu bat izatera eraman gaituztenak.
Atzo, irailak 16, 42 urteko langile bat hil zen Irunberriko etxebizitza baten berritze lanetan ari zela aldamio batetik erorita.
LAB sindikatutik elkartasun eta babes osoa adierazten diegu hildako langilearen familiari, lagunei eta lankideei.
Beste drama bat. Beste langile bat hil da ekidin zitekeen lan-istripu batean. Heriotza honekin, dagoeneko 42 langile hil dira lan-istripuz aurten. LABetik istripua zorrotz ikertzeko eskatzen dugu, eta gertakari guztiak argitzeko, baita istripuaren ondoriozko erantzukizun guztiak argitzeko ere.
LABen argi daukagu, aldamioen arloko segurtasun-araudia aplikatu izan balitz, ez litzatekela lan-istripu hori gertatuko. Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko. Heriotza mota hauek guztiak ekidin daitezke prebentzio-jarduera behar bezala kudeatuz, integratuz eta aplikatuz.
Azken 10 urteetan, Euskal Herrian, gutxienez 79 langile hil dira altueratiko erorikoen ondorioz, gehienak eraikuntzaren sektorean. Laneko heriotzen % 12,5 baino gehiago dira, eta nagusia eraikuntzaren sektorean. Heriotza berri honekin, aurten beste 6 langile hil dira arrazoi horrengatik.
Horrenbestez, eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko legea indarrean sartu zenetik ia 30 urte igaro ondoren, gaitz sozial eta laboral hori saihesteko neurriak hartu behar dira berehala.
Horretarako, funtsezkoa da erakundeen kontrola, lan-osasunari buruzko araudia bete dadin eskatzeko. Kasu zehatz honetan, Irunberriko Udalak obra-plana berrikusi behar zuen egiaztatzeko ea segurtasun-neurri guztiak betetzen ziren eta ea aldamioa bat zetorren araudiak ezarritakoarekin.
Nafarroako Gobernuak nabarmen handitu behar ditu lan-ikuskatzaileen kopurua eta kontrolak, obretan eta lantokietan prebentzio-araudia bete dadin.
Amaitu behar da patronalaren zigorgabetasunarekin. Amaitu behar da lan-absentismoari buruzko eztabaida interesatu eta faltsuarekin. Nola da posible, lan-osasunari buruzko araudia indarrean sartu zenetik ia 30 urte igaro ondoren, erorikoaren ondoriozko heriotzak izatea, urtez urte, eraikuntzaren sektoreko lan-istripu hilgarrien kausa nagusia? Hori da laneko absentismoaren benetako gaitza: patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte, gero, gainera langileok kriminalizatzeko.
Azkenik, azken lan-istripu hau salatzeko egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak onartu egin du LAB sindikatuak jarritako helegitea langabeziarako eskubidea ukatu zioten euskal preso baten kasuan. Hala, atzera bota du aurrez Bilboko epaitegiak emandako epaia, zeinak ez baitzion langabeziarako eskubiderik aitortzen kaltetuari. Epaia behin-behinekoa da.
Hirugarren graduan dagoen euskal preso baten aldekoa da epaia. 2002an espetxeratu zuten, eta hirugarren gradua eman zioten 2023ko otsailean. Hala dago egun, eta 2028an geratuko da aske zigorra osorik betez gero. Espetxean zegoen bitartean, aipatutako presoak Aukerak Gizarteratzearen Euskal Agentziaren bidez lana egin zuen espetxean bertan, urtebete baino gehiago iraun zuen epealdian. Egindako lan horrengatik langabezia eskatu zuen behin hirugarren gradua eskuratutakoan, baina ukatu egin zioten. Orain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak horretarako eskubidea aitortu dio.
Auzitegiak dio Espainiako Konstituzioak berak aitortzen diola ezein presori ordainpeko lanerako eskubidea eta horren ondorioz Gizarte Segurantzaren onurak jasotzekoa, inolako salbuespenik gabe. Aipatutako kasuan, langabeziarako eskaera presoak espetxean egindako lanean zegoen oinarrituta. Behin hirugarren graduan, ordea, SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak ukatu egin zion presoari langabezia.
Horretarako arrazoirik ez zegoela ebatzi du orain epaitegiak, eta presoari eskatua zuen langabeziari dagokion ordaina emateko agindu du, baita epealdi horretan langabezia jaso izana aitor diezaioten ere.
LABek positiboki baloratzen du epaia, presoen oinarrizko eskubideak aitortzera bidean urratsa baita, eta aurrekari izan baitaiteke bide horretan. Beste edozein herritarren moduan, presoek ere badute lanerako eskubidea, eta baita, horrenbestez, Gizarte Segurantzara sarbidea izatekoa ere. Justizia sistema ez punitibista baten oinarrietako bat behar luke presoari bere bizi proiektua garatzeko oinarrizkoak dituen eskubideak aitortzeak, eta horren alde lanean jarraituko du LABek. Zentzu berean, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak amaitzeko eskatzen du.
Bilbon eta Baionan egindako agerraldi banaren bidez, Hego zein Ipar Euskal Herrian garatuko dugun kanpaina aurkeztu dugu gaur. Datozen asteetan ehunka ordezkari sindikal bilduko ditugu hamalau batzarretan eta milaka esku-orri banatuko ditugu lantokietan. Era berean, hainbat mobilizazio egingo ditu, horien artean nagusia Bilbon, abenduaren 12an.
Bilboko agerraldian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak hartu du hitza. Haren esanetan, “borroka sindikal eta sozialari esker, langileontzat garrantzitsuak diren auziak kokatu dira agenda politikoaren erdigunean: soldatak, lanaldia, etxebizitza, hezkuntza, osasun sistema publikoa, estatus politikoa. EAJ-PSEk ezin izan diote jarrera negazionistari eutsi”.
Hala ere, haien borondatea eta gaitasuna zalantzan jarri ditu Arroyok: “Ez dute borondaterik Patronalaren interesekin konfrontatzeko eta, hori egin ezean, ezin izango zaie aipatutako arazoei benetako erantzunik eman”.
Arroyoren arabera, EAJ-Geroa Bai eta PSE/PSN binomioak ez du Patronalaren pribilegio fiskalekin amaitzeko borondaterik. “Zerga gutxiago ala zerga gehiago, hori ez da auzia. Auzia da hemen langileok ordaintzen ditugula zergak. Patronalak pribilegio fiskalak dituela. Eta pribilegio horiekin amaitu beharra dagoela, justiziazkoa delako eta herritarren beharrak asetuko dituzten politika publikoak indartzeko beharrezkoa delako”. Zehazki, bi neurritan jarri du azpimarra Arroyok: batetik, akzio eta bestelakoen bidez enpresariek dituzten diru-sarrerak (hots, kapital errentak) soldaten portzentaia berberarekin zergapetzea; eta bestetik, enpresen irabazietatik zati handiago bat jendartearen mesedetan bideratzea, Elkarteen Zerga indartuz.
Konfrontaziorik gabe sakoneko aldaketarik ez dela egongo berretsi du LABeko koordinatzaile orokorrak. Eta horregatik, lantoki eta sektore mailako borroketan parte hartzen jarraitzearekin batera, Gobernuak eta Patronala interpelatzeko kanpaina jarri dugu martxan. LAB sindikatuaren izaera soziopolitikoa berretsiz, aldaketak lantokietan, kalean eta instituzioetan borrokatzeko determinazioa duguk. “Borroka sindikalei dagokionez aurrerapausoak lortu ditugu lantoki eta sektore askotan, baina langile guztiak aintzat hartuko dituzten neurri orokorrak ere beharrezkoak dira. Euskal Herrian langileen aldeko erabakiak hartzeko presioa handitzera goaz. Langileen alde, eta hemen, erabaki nahi dugu, baden erabaki ahalmena erabiliz nahiz erabaki ahalmen hori handituz”.
Zehazki, hiru dira kanpaina honen bidez aldarrikatuko ditugun premiazko neurriak. Lehenik eta behin, 1600 euroko gutxieneko soldata. “Egun, enplegu bat izatea ez da pobreziaren arriskutik urruntzeko bermea. Prekaritatea geroz eta hedatuago dago eta handitzen ari da langileen arteko aldea ere, lan baldintza duinak dituzten eta ez dituztenen artean. Soldata baxuenak dituzten eremuetan emakumeen*, langile migratu edota arrazializatuen zein gazteen presentzia handia da. Soldatak hobetu egin behar dira aberastasunaren birbanaketa egokiago baterako. Langileen gutxieneko bizi baldintzak ziurtatzeko, bertako gutxieneko soldata ezar daiteke negoziazio kolektibo intersektorialaren bidez. Horixe da 2020ko Greba Orokorrean gehiengo sindikal eta sozialak aldarrikatu zuena eta 2023ko udaberrian Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaularitzari galdegin ziona”.
Bigarrenik, 30 orduko lanaldia: “Jardunaldi murrizketa ezinbesteko erronka da: digitalizazioak ekarriko duen enplegu suntsiketari erantzuteko, krisi ekosozialak eskatzen duen trantsizioari ekiteko, eta zaintza krisiari aterabidea emateko. Azken horri dagokionean, zaintza lanak aitortu, banatu eta kolektibizatu egin behar dira, zaintza guztion ardura baita. Enpleguari eskainitako denbora murriztu behar da, asteko jardunaldia 30 ordutara jaitsi eta zaintzarako lizentzia eta baimenak sustatu. Espainiako Gobernuak 37,5 orduen inguruan irekitako eztabaida oso motz geratzen da Hego Euskal Herriari dagokionez, hemen badira 25 urte 35 orduen aldeko Greba Orokorra egin zela eta badaude baldintzak harago joateko”.
Hirugarrenik, zerbitzu publikoak indartzea: “Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari dei egiten diegu zerbitzu publikoak indartu ditzaten, baliabideak handituz, ratioak hobetuz eta pribatizatutako zerbitzuak lehengoratuz, lehentasunez lau eremutan: zaintza, osasuna, etxebizitza eta hezkuntza”.
Baionan, negoziazio esparru propioa galdegin du LABek
Baionan Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendik hartu dute hitza, eta kanpaina konfederalak Ipar Euskal Herrian hartuko duen forman sakondu dute.
“2012an Bertan Erabaki ekimena aurkeztu zuen LAB Sindikatuak, eta 12 urteotan Ipar Euskal Herriak zenbait aldaketa izan ditu arlo instituzionalean, politikoan zein sozialean”, Aramendik azaldu duenez. Bada, egungo egoera kontutan hartuta, LABen proposamena eguneratzeko eta indartzeko unea iritsi da, eta hainbat ardatzetan zehaztuko da planteamendua, Hego Euskal Herrian bezala, tartean egongo direlarik zerbitzu publikoen indartzea, etxebizitza eskubidea edota gutxieneko soldata baten ezarpena.
Bada, helburuok behar bezala garatzeko egungo eskumenak urriegiak direla eta, Ipar Euskal Herria eremu sozial gisa aitortu beharra dagoela uste dugu LABen, eta, hortaz, Ipar Euskal Herri mailako negoziazio kolektiboko guneak aldarrikatzen ditugu langile guztientzat, izan arlo pribatukoak zein publikokoak.
Argitxu Dufauk Hemen Erabaki aldarrikapenak garatzen dituen hiru neurri zehatzak aurkeztu ditu: Egitura sozioekonomikoa eta langileentzako negoziazio kolektiborako guneak sortzea, sektore pribatuko langileentzako negoziazio kolektiborako gune berezia edo tokiko batzorde parekidea eratzea, eta lurraldeko agenteentzat negoziazio kolektiborako gune berezia edo Herriarteko Lurralde Batzorde Soziala abian jartzea.
LAB sindikatuaren 50. urteurrena ospatzen ari gara 2024 honetan, eta gaur, larunbata, Araban Zabaltzen izenpean ospakizun eguna dugu Gasteizen. Info gunearekin abiatu dugu eguna goizean, eta aldarrikapenez beteriko kalejira izan da jarraian.
Andra Mari Zuritik abiatu da mobilizazioa, eta geldialdi ezberdinak egin dituzte ibilbidean zehar. Horrela, Atzerritar Legea salatu dute Olagibel kalean; Santiago ospitalean, osasungintza publikoaren aldeko borroka gogoratu dute. Etxebizitza eskubidea ere aldarrikatu duteVital Kutxaren parean, eta Hezkuntza Delegaritzara abiatu dira handik. Legebiltzarrean, 1.260 eurotako gutxieneko pentsioak eta1.600 eurotako gutxieneko soldata eskatu dituzte eta Katedralaren parean, memoria izan da ardatza, Martxoaren 3ko sarraskia gogoan. Egoitzetako langileen borrokari lekua eman diote Aldundian, eta Andra Mari Zurira bueltatuz amaitu dute manifestazioa, hitzartze batekin eta kantatuz.
Horren ostean, Arabako LABkideak eta lagunak bazkari herrikoian bilduko dira, giro ederrean sabela bete dutelarik eta Gorka Etxeberriaren musikak goxatuko duelarik bazkalostea.
Hori gutxi balitz, egitarauak iluntzean jarraituko du, Garraxi tabernan DJak egongo baitira: Azken erromantikoak eta Etxekoi.