2025-12-24
Blog Page 1059

Altxa gaitezen Lanbide Heziketan esplotazioarekin amaitzeko

0


Gaur egungo sistemak gazteak prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi ditu, beraien etorkizunaz erabakitzeko aukera lapurtuz, edota enplegua lortzeko emigratzera behartuz. Egoera hau errotik aldatzeko elkarlana eta indarrak batzea ezinbestekoa dira. Helburu honekin langile, gazte zein ikasleen arteko aliantzak eraikitzen ari gara eta honen adierazle da gaur LAB, Ernai eta Ikasle Abertzaleak-ek Lanbide Heziketako praktiketan gazteen eskubideak bermatzeko martxan jarritako kanpaina. 

Krisiaren aitzakiarekin patronalari eskubide guztiak oparitu izanaren ondorioz gazteak inolako eskubiderik gabe sartzen ari dira lan munduan, Patronala bere abantailazko posiziotik, esplotazio eredu gupidagabea inposatzen ari da. Hain zuzen ere gazteei eskaintzen zaien enplegua aldibaterakoa eta prekarioa da, askotan lan kontraturik gabe, segurtasuna neurririk gabe eta soldata miserableekin lan egitera behartuak daude, eta gainera langabeziak bortizki kolpatzen ditu —25urtetik beherakoen artean langabezi tasa %6,3 igo da—.

Egoera larria da eta aldaketak bultzatzeko elkarleanean aritu behar dugu. Aliantza hauen emaitza izan zen Ernairekin batera kaleratu genuen “gazte prekarietatea brrokatzeko aldarrikapen taula”. Bertan jasotzen zen puntuetariko batek “praktikak ikasteko direla eta ez esplotatzeko” zioen. Beraz orain, lanbide heziketako ikastetxeetan praktikaldiak egiteko garai izanki, dinamika bateratu bat martxan jartzeko beharra ikusi dugu. Hala, LAB, Ernai eta ikasle Abertzaleek hainbat neurri har daitezela aldarrikatuko dugu, praktikak duindu eta hezkuntza patronalaren eta esku pribatuen logikaren arabera baino gazte eta langileon mesedetara jar dadin. LABek bere aldetik ikasle horiei harrera egiteko protokolo bat martxan jarriko du, delegatuek ikasle harremanetan jarri eta praktikak ikasleak formatzeko eta esperientzia jasotzeko helburuarekin bat datozela zainduko dute.

Zehatz mehatz, praktikak hezkuntza prozesuaren parte diren heinean lanpostu ezberdinetan formazio integrala jasotzea eskatzen dugu. Hain zuzen ere, praktikaldiak ezin dira izan enpresek egin beharreko kontratazio berriak aurreztu eta gazteekin betetzeko. Bestalde praktikak ezin dira koste bilakatu, beraz bidaia eta dieten ordainketa ezin da ikasleen gain geratu. Eta amaitzeko, beste langile bat bezala produzitzen duten heinean, soldatarik ez izan arren, lan orduek segurtasun sozialean kotizatu behar dute.

Aldarrikapen hauek errealitate egitea borondate kontu bat besterik ez da. Beraz enplegu eta hezkuntza sailei, patronalei mesede egin baino ikasleen eta oro har langileen aldeko politikak sustatzeko eskatzen diegu. Aldarrikapen hauetaz gain ikasleei, formulario baten bidez, praktiketako enpresak ebaluatzeko aukera emango zaie. Bertan ikasleek formazio helburuak bete diren, segurtasun neurriak bermatu diren, praktikak euskaraz garatzeko eskubidea izan duten,… baloratuko da. Balorazio honetatik enpresa beltzen zerrenda osatuko da.


 


 

 

CONDESAko langileen etorkizuna eta enpleguaren defentsan

0


Gaur, hilak 5, LABek konzentrazio bat burutu du CONDESAko bulego nagusiaren aurrean Legutioko lantegietarako, baita besteetarako ere, konponbideak eskatzeko. Azken ia 2 urteetan langileak ziurgabetasun egoeran bizi dira, lan karga eskasarekin, ERTEak bata bestearen atzetik sufritzen, horren ondorioz langabezi prestazioa erruz kontsumitzen, eta inolako informaziorik jaso gabe. Hori gutxi ez eta langileei abenduko aparteko pagaren %75a ez zieten ordaindu inolako azalpenik eman gabe.

Prozesu honetan guztian, oso esanguratsua izan da Eusko Jaurlaritza eta EAJ-PNVren papera. Langileen ordezkariei informazioa ezkutatu, zenbaitetan beraiekin biltzeari uko egin eta Eusko Legebiltzarrean langileen aldeko adierazpen bati babesa eman ez izana benetan tamalgarria da.

Otsailaren 1ean jakin genuen Europar Batasunak onespena eman ziola CONDESAk, ARCELORrek eta Bankuek adostutako akordioari baina gaur akordio hori nola gauzatuko den jakin gabe jarraitzen dugu.

Horren aurrean, LABek jabe berriei Industria Plana exigitzen die aktibitatea, enplegua eta lan baldintzak bermatzeko. Horrekin batera, dei egiten diegu instituzioei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, Arabarako estrategikoa den proiektu hau babestu dezaten. Euskal altzairuzko egoeraren eztabaidan, itxuratik haratago benetako inplikazioa eskatzen diegu.

Honenbestez, LABek jarraituko du CONDESAko langileen etorkizuna, enplegua eta eskubideen alde mobilizatzen.

 

 

 

Denon enplegu duina bermatzeko, lan harremanetarako esparru propioa beharrezkoa da

Nafarroako Parlamentuak enpleguari buruz egin duen osoko bilkura monografikoaren harira, LAB sindikatuak kontzentrazio zaratatsua egin du, enplegu politikan aldaketa aldarrikatzeko. Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok eskatu du "Nafarroan eman den aldaketa lantokietara iritsi dadila. Aldaketa langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntzan islatu behar da, enplegu politika berri baten bidez". Aldarrikapen hau sustatzeko, LABek manifestazio handi bat antolatu du martxoaren 19an Iruñean.

LABek aldarrikatzen duen enplegu politika beria bost ardatzetan oinarritzen da: lehenik eta behin, 35 orduko lan astea, Nafarroan 14.000 lanpostu baino gehiago sortuko lituzkeena; bigarrenik, 1200 euroko gutxieneko soldata, "bizitza duin eta autonomoa bermatzeko oinarrizko zorua baita"; hirugarrenik, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzeko neurriak, hala nola industrian KYBSEko klausula ezarriz (kontratazio berrien %50 gizon eta %50 emakume) eta "lan berdinak soldata berdina" irizpidea gauzatuz; laugarrenik, zerbitzu publikoetan 5.000 lanpostu sortzea; eta azkenik, Nafarroan lan harremanetarako esparru propioa egituratzea, honelako neurriak Espainiako Gobernuaren injerentziarik gabe aplikatu ahal izateko.

Ildo honetan, Arroyok burujabetza falta salatu du: "Espainiako Gobernuak arazo zehatzei erantzuna ematen zioten 17 nafar lege indargabetu ditu. Ezin baditugu langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko neurriak hartu, hordagoa bota beharko dugu, eremu guztietan Nafarroaren burujabetza defendatuz, baita lan eremuan ere".
 

 

 

Pobrezia eta prekarietateari erantzuteko oinarrizkoa da lana eta aberastasuna banatzea


LAB sindikatutik prekarietateari aurre eginez, lana eta aberastasuna banatzea eskatzen dugu. Aberastasunaren banaketarako 1.200 euroko gutxieneko soldata kokatzen dugu ipar-orratz, eta lanaren banaketarako 35 orduak dira erreferentzia. 

Sektore publikoan 35 orduko lanastearen ezarpena bere momentuan sindikatuokin egindako negoziazio baten emaitza izan zen. Jaurlaritzak bere aldetik, aldebakarreko erabakiz apurtu zuen akordio hura eta 37,5 orduko lanastea inposatu. Hego Euskal Herrian hau ezartzen ausartu zen instituzio bakarrenetako izan zen, ezta UPNren esku zegoen Nafarroako Gobernua ere ausartzen ez zena. Oraingoan berriro ere negoziaziorik gabeko testuinguruan erabaki du 35 orduetara bueltatzea. Jaurlaritzak negoziazio kolektiboaren gainean duen jarrera salatzen dugu, beraz, negoziazio kolektiboaren ukazioa egiten jarraitzen du.

Bestalde, ikuskizun dago erabakiak zer eragin izango duen enpleguan, alegia, zer kalitateko enplegua izango duen. Hauteskunde usaina duen erabakia da eta beraz, tentuz hartzen dugu.

Patronalak erabakiaren inguruan egindako erreakzioaren inguruan, LAB sindikatutik prekarietateari aurre eginez, lana eta aberastasuna banatzea eskatzen dugu. Aberastasunaren banaketarako 1200 euroko gutxieneko soldata kokatzen dugu ipar-orratz, eta lanaren banaketarako 35 orduak dira erreferentzia.

Arrakala soziala geroz eta handiagoa da. Lanaren eta aberastasunaren banaketa gero eta desorekatuagoa da. Honen aurrean, 35 orduen ezarpena neurri eraginkorra litzateke, langabeziari aurre egiteko, lana modu eraginkorrean banatzeko.

Gogoratu behar dugu ordu extren nahiz inposatutako lanaldi partzialen atzean miseriazko soldatak daudela. Beraz, 1200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduak oinarrizkoak zaizkigu egungo prekarietate eta pobrezia egoerari buelta emateko.

 

 

 

Nafarroako Hezkuntzako LEParen kudeaketa desastre hutsa izan da

0

LEParen kudeaketa desastre hutsa izan da . Denboran gehiegi luzatu da inolako justifikaziorik gabe. Gaurko proposamen hau ez da erabaki teknikoetan oinarritu, tempus politikotik gehiago du, merkadeo tamalgarrian bukatuz. LABek, prozesu hau kudeatu duen Hezkuntza Departamentuko lantaldearen dimisioa eskatzen du, baita Mendoza Kontseilariarena ere, prozesu hau bideratzeko ahalmena ez duelako erakutsi, negoziazio faltsuetan aritu delako eta kudeaketa traketsa lideratu duelako. 

Abenduko Mahai Orokorrean onartutako LEPtik Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako euskarazko 120 plaza desagertu dira. LEP honen helburu bakarra, eta ez bestelakorik, Nafarroako Hezkuntza sistemak dituen beharrak asetzeak izan beharko luke. Kolokan jartzen dira orain arte Hezkuntza Departamentuak berak azaldu dituen argumentazio teknikoak.

Gobernuak berak arduragaberiaz jokatu du, eta Podemos eta Izquierda/Ezkerraren papera lotsagarria izan da, klientelismoan erori dira. Ezin ahaztu “erregimena” sostengatu duten sindikatu eta alderdiek egindako presioaren ondorio ere badela egun dugun egoera. Merkadeoak, gezurrak eta manipulazioak nagusi izan dira prozesu honetan, eta Uxue Barkosen Gobernua ere “erregimen” beraren besarkadan erori da.

Irakasle lanpostuen zerrenda kudeaketa arautzen duen 60/2009 Foru Dekretuaren aldaketa ezinbesteko baldintza izan zen sindikatu guztientzako. Ondorioz, koherentziaz, ezetz esan beharko liokete sindikatu guztiek LEP honi.

LABek LEP honi ezetz esaten dio, zerrenda bakarraren ezinbesteko baldintza ez delako betetzen. Zerrenda bakarrarena ez onartzeak erakusten du nola Hezkuntza Departamentuak UPNren lekukoa hartu duen euskaldunen hizkuntz eskubideen ukazioan. Napartheidak jarraitzen du.

Guzti honek berresten digu LABen hasierako planteamendua egokiena zela. Ikasturte hau Nafarroako hezkuntza sistemaren beharrak identifikatzeko izan behar zen. Diagnostikoa oraindik egiteke dago.

Hortaz LABek, prozesu hau kudeatu duen Hezkuntza Departamentuko lantaldearen dimisioa eskatzen du, baita Mendoza Kontseilariarena ere, prozesu hau bideratzeko ahalmena ez duelako erakutsi, negoziazio faltsuetan aritu delako eta kudeaketa traketsa lideratu duelako.
 

 

 

Prekarietatearen kontrako koplak Bilbon


Santa Ageda bezpera da gaur, kantari ateratzeko eguna Euskal Herrian, aspalditik. LABetik ere gure ekarpena egin nahi izan diogu egunari eta honen barruan, mezu argia luzatu diegu langileei, zure eskubideen alde, aktiba zaitez! Egin aurre prekarietateari. Horretarako jarri dugu martxan “ZureESKUbideak, ¡actívate por tus derechos!” egitasmoa martxan. 

LAB sindikatuak badauka tresna indartsu bat prekarietateari aurre egiteko, langileriaren aktibazioa, bost aldarrikapenen inguruan eraikia. “Prekarietatearen aurrean, eman bostekoa” esaten dugu guk, eman lanaren banaketa eta 35 orduko lan astea, eman 1.200 eurotako gutxieneko soldata, eman aukera berdintasuna, eman lan osasuna eta eman hizkuntza eskubideak. 

Instituzioak eta patronala interpelatuko ditugu gaur. Erabaki ausartak behar ditugu gaur, politiken errotiko aldaketa. Eusko Jaurlaritzan gaude orain, Confebaskera joko dugu gero eta Foru Aldundiaren aurrean amaituko dugu gure kantu-jira aldarrikatzailea.

Gaur ez diogu Santa Agedari abestuko, txikitzen ari zaigun prekarietateari aurre egiteko antolaketa eta borrokari baino. Gure koplen leloak dioen bezala “prekarietatean nahi gaituzte, ikusi kondenatuta, baina guk kontra egingo dugu borrokan antolatuta”.


 

 

 


Prekarietatearen aurka kantari


Gaur Santa Ageda bezperan, LABeko kideok prekarietateari aurre egiteko sindikatuak proposatutako 5 zutabeak kantatuko ditugu Bilboko kaleetan. Lan munduak bizi duen prekarietatearen arduradunei gure aldarrikapenak helarazteko eta behar diren neurriak har ditzaten eskatzeko Jaurlaritzaren, Confebasken eta Aldundiaren aurrean izango gara.

KOPLA BERRIAK PREKARIETATEARI JARRIAK
#ZUREESKUBIDEAK 
(Santa Ageda kantaren doinua)

Prekarietatean nahi gaituzte
ikusi kondenatuta
baina guk kontra egingo dugu
borrokan antolatuta

Kalitatezko enplegu ona
nahi badu langileriak
hogeita hamabost ordukoa
izan behar du lanaldiak

Prekarietatean nahi gaituzte
ikusi kondenatuta
baina guk kontra egingo dugu
borrokan antolatuta

Dirua eta lan osasuna
nahi ditugu egunero:
istripurik ez eta soldata
mila eta berrehun euro

Prekarietatean nahi gaituzte
ikusi kondenatuta
baina guk kontra egingo dugu
borrokan antolatuta

Lantokietan ezin da onartu
diskriminazio kasurik
sexu-aukera, genero, hizkuntza
guztia integraturik

Prekarietatean nahi gaituzte
ikusi kondenatuta
baina guk kontra egingo dugu
borrokan antolatuta

  

 

 

“Kalitatea eta bikaintasuna” ez dira ageri EAEko irakaskuntzako ordezkapenetan

0

EAEko irakaskuntzako ordezkapenak ez dira betetzen. Zerbitzu publikoen defentsan eta langileen eskubideen defentsan, ikastetxeetan dauden beharrizanei aurre egiteko zerrenda guztiak urtero irekitzea eta ordezkapen guztiak lehen egunetik ordezkatzea eskatzen dugu.

Ordezkoen zerrenden kudeaketa kaxkarra salatu nahi dugu. Azken asteetan egoerak hondoa jo du. Zerrenda asko agorturik daude eta hainbat espezialitatetan ez dira bajak ordezkatzen ari. Arauturiko Lehen Hezkuntzako 4 egunek eta Bigarren Hezkuntzako 5ek irakasleen lan kargan eragin handia dute, baina kasu batzuetan 14 egunetara bidaltzen ari dira ordezko irakaslea. Beste kasu batzuetan, besterik ez dagoenez, ikastetxeei hizkuntz eskakizun gabeko irakasleak eskaintzen dizkiete.

Argi dago gaur egun erabiltzen den kudeaketa ez dela baliagarria. Zerrendak agortzear daudenean irekitzen dira eta bi hilabete behar dira zerrenda berria martxan egon arte. Irizpide horrek arazoak sortzen ditu urtero. Langileen lan karga handitzen da ordezkorik ezean lankideen artean bete behar dituztelako ordu horiek. Ikasleek ere pairatzen dute kaltea ikasgai horietako saio asko galtzen ari baitira.

Hezkuntza Sailburu Cristina Uriarteri galdetzen diogu ea hau den Heziberrin goraipatzen den “kalitatea eta bikaintasuna” helburu duen hezkuntza sistemaren eredua. Izan ere, publikoki hitzen bidez kalitatea aldarrikatzen duten bitartean, ekintzetan eta aurrekontuetan bestelako bidea erakusten dute. LABetik, zerbitzu publikoen defentsan eta langileen eskubideen defentsan, ikastetxeetan dauden beharrizanei aurre egiteko zerrenda guztiak urtero irekitzea eta ordezkapen guztiak lehen egunetik ordezkatzea eskatzen dugu.

 

 

 

NApartheid linguistikoa

0

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako LEPak Napartheid linguistikoa mantentzen duela salatzeko kontzentrazioa egin genuen atzo Iruñean. Irakaskuntzan soilik ematen den egoera lotsagarria bertan behera gera dadin eskatzearekin batera, LEP prozesuaren kudeaketa aurrera eraman duen Hezkuntza Departamentuaren aldaketa eskatzen dugu.

LAB Irakaskuntza Nafarroak LEPari buruz

Hezkuntza Kontseilariak baieztatu du Gobernuak LEP/OPEri buruzko erabakia aditzera bihar emanen duela eta zerrenda bakarra ez dela egonen. LABek erabaki hauen inguruan zera adierazi nahi du:

1. LEP/OPE honen kudeaketa ezin okerragoa izan dela. Denboran gehiegiegi luzatu da eta erabaki teknikotik baino tempus politikotik gehiago duela.

2. Zerrenda bakarra ez onartzeak eskubideen urraketaren lekukoa Hezkuntza Departamentu honek hartu duela adierazten du.

3. Gure hasierako planteamendua egokiena zela berresten da. Ikasturte hau Nafarroako Hezkuntza Sistemaren beharrak identifikatzeko izan behar zen. Diagnostikoa oraindik egiteke dago.

4. LABek LEP honi ezetz esaten dio, prozesuaren kudeaketa txarra izan delako eta zerrenda bakarrarena ezinbesteko baldintza zelako.

5. LABek LEParen kudeaketa kaxkarra dela medio, prozesua aurrera eraman duen taldearen aldaketa eskatu nahi du.