2025-12-24
Blog Page 1053

Azpikontratetan enplegua eta lan-baldintza duinak bermatu behar dira


Azpikontratetan klausula sozialak sartzeko proposamena aurkeztu dugu Bizkaiko Foru Aldundian

Horixe da LABen izenean David Rasines eta Alberto Cristobalek Bizkaiko Foru Aldundiko Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean eskatu dutena. Prekarietatearen aurrean Aldundiko azpikontratetan enplegua eta lan-baldintza duinak defendatzen dituen proposamena egin dute. Ekimena “Zure ESKUbideak, ¡actívate por tus derechos!” kanpainaren barruan kokatzen da. 

Batzordearen proposamena aurkeztu ondoren, Aldundiak azpikontratatutako enpresetako delegatuek kontzentrazioa egin dute Foru Aldundiaren atarian “Azpikontratetarako klausula sozialak, BFAn zergatik ez?” lemapean.

Bizkaia da EAEko lurralde bakarra da langileen lan baldintzak arautuko dituen eta haiei duintasuna emango dien araurik edo legerik onartu ez duena. Bakarra da ere alor pribatuari ematen zaion diru-publikoa kontrolatzea onartu ez dena. Egoera honekin amaitzeko garaia iritsi da, garaia da prekarietatea suntsitzeko.

Azken hamarkadetan, Euskal Herriko erakundeak gobernatu duten alderdi politikoek, batik bat EAJk, PSEk, PPk eta UPNk, erabaki dute zerbitzuak azpikontratatu eta kanpora eroan behar zirela. Iraganean administrazioak berak betetzen zituen lanak eta zerbitzuak kanpora eramanez mozkinen aldea handitzen saiatu dira, lagunen aginte pribatuan jarri izan dira, eta askotan, multinazionalen esku. Hori eginez soldata-kostuak urritzen dituzte, eta enpresa nagusiaren kontratu-harremana apurtzen dute, eta langileei dagokienez, Bizkaiko Aldundiak azpikontratatu diren langileekiko lotura eteten du, haien egoerari jaramonik ez eginez, bertan lan egin arren, Aldundiko langilea ez delako. Horrela, irabazi tartea handitu gura dute, eta zerbitzuaren kudeaketari edota kanpora eraman diren lanen kudeaketari muzin egiten diote, langileak banatzen dituzte lan baldintzak ezberdinduz, administrazioan edota azpikontratan beharra egiten den arabera.

Erabaki politiko horrek oso ondorio larriak dakarzkie langilei:

• Erakundeak euretaz ahaztu dira, soldata eta baldintza negargarriekin zapaldu dituzte.
• Ez bagara lehenbailehen irteten kalera, arazoak izatean, lanpostuak urrituko dituzte.
• Langileek betetzen duten eginkizunak kalitatea galdu du; hori enpresa pribatuek irabaziak guztiaren gainetik lehenestearen ondorioa da.

LABek jakin badaki hiritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak langile publikoek bete behar dituztela. Hori gure helburua izanik, badakigu lan edo zerbitzu hauetako asko eta asko azpikontratatzen eta azpikontratatuko direla. Hortaz, dinamika bati ekin dio sindikatuak enpresa hauetako langileoi enplegua berma dadin eta lan baldintzak duinak izan daitezen, horrek ekarriko duelako eskainiko diren zerbitzuak kalitatezkoak izango direla eta lan eskubideek galerarik izango ez dutela.

Egin daiteke, legezkoa eta beharrezkoa da. Bizkaia ezin daiteke bazterrean gera. LABek proposatu du Bizkaiko Foru Aldundian, Gipuzkoan onartu zen antzeko Foru Araua onar dadila, berme juridikoak emango dituena eta langileen lan-baldintzak arautuko dituena. Honela, klausula sozialak txertatuko dira Aldundiak lehiaketara ateratzen dituen pleguetan, zeintzuk, besteak beste, honako puntuak jasoko dituzten: subrogazioa, hitzarmena betetzea, enpresek euren erabakiz gure baldintzak alda ez ditzan, langabetuen enplegua bermatzea, hizkuntza eskubideak bermatu, ingurumenari buruzko irizpideak sartu,…

Bidea seinalatu du LABek, gure lan baldintzen hobekuntzan borrokatzeari eta azpikontratetan bizi dugun prekarietatea zapuzteko borrokari eutsi dio. Foru arau honen bidez enplegua bermatu gura du LABek, eta hura kalitatekoa izatea lortu.

 

 

 

MARTXOAK 3 – 40. URTEURRENA [ ELA, LAB, ESK eta STEILAS ]

MEMORIAK INDARTUTA
Geure etorkizuna eraikitzen

Dagoeneko berrogei urte beteko dira Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda poliziak erailak izan zirela Gasteizen.

Ez ditugu ahaztu nahi ere: Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Antón Ferrero, Tarragonan eta Basaurin elkartasun manifestazioetan erail zituztenak. 

Martxoak 3: Langileon borrokaz Euskal Herrian aldaketa behingoz!

  

Martxoaren 3a gertu dugu. Aurten 40 urte betetzen dira langileon eskubideen defentsan borrokan ziren 5 langile erail zituztela Estatuko botere faktikoek Gasteizen. Langile haien omenez eta haien borrokak egun duen garrantzia azpimarratzeko ekimen ezberdinak burutuko dira Martxoaren 3an. Goizean LABeko kideok "Martxoak 3: Langileon borrokaz Euskal Herrian aldaketa behingoz" lelopean mobilizatuko gara. Aldaben batzartu ostean 11:15etan giza-katean Martxoak 3 plazaraino hurbilduko gara bertan ekitaldia egitera.

Arratsaldean ere, LAB kalean izango da, oraingo honetan beste sindikatuekin batera deitu dugun manifestazioan. Manifestazioa arratsaldeko 19:00etan hasiko da Andra Mari Zuriaren plazan eta "Martxoak 3. Memoriatik etorkizuna eraikiz" lelopean Martxoak 3ko plazan amaituko da.

 

 

Mendekuzko eta salbuespenezko kartzela politikarekin amaitu behar dugu


Espainiar eta frantziar estatuek euskal presoekin eta senitartekoekin mendekuzko eta salbuespenezko kartzela politika kriminala darabiltela salatzeko elkarretaratzea egin genuen atzo Eskoriatzan. Politika horien adierazle dira preso baten senide batzuek izandako auto istripua eta larriki gaixo diren presoen kasuak.

Giza eskubideen defentsan alderdi politiko eta eragile ezberdinen inplikazioa ezinbestekoa da eta LAB bide horretan gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu.
 

 

 

Panda Security Bilbon gelditzen da

0

Panda Securityko langileek, asanbladan batuta, botazioz erabaki dute (151 boto alde eta 22 kontra) enpresaren egoitza Bilboko Miribillan kokatuko dela eta ez Zamudion. Hilabete mugituaren ondoren dator erabakia, enpresak egoitza Bizkaiko teknologia parkera eramatea iragarri zuenean, Zamudion, Bilboko udalerritik kanpo. Erabaki hau, langile eta euren familiengan sortuko zuen eragin ekonomikoa zein bestelakoa kontuan hartu barik hartu zen.

Leku berriak langileentzat ekarriko lituzkeen kalteak ikusita eta enpresak uko egiten ziola lekualdatzeak ekarriko lukeen denbora eta diru galera konpentsatzeari, asanbladak LABek deitutako greba mugagabera jotzea erabaki zuen.

Greba deialdiari esker, enpresaren zuzendaritzak bere planteamendua aldatu eta ordezkari sindikalekin negoziatzeari ekin zion. Aipatu negoziazio mahaian, Zamudiora lekualdatzea gelditzea erabaki zen eta otsailean zehar leku alternatibo bat bilatzea enpresa eta langileen artean. Bilera horren ondoren, bertan behera utzi zuen greba Asanbladak.

Langileek egindako ahaleginari esker, ordezkaritza sindikalak Miribillako aukera jarri zuen mahai gainean. Ikuspuntu ekonomikotik, aukera honek Zamudiokoak ekarriko lukeenaren antzerako aurrezkia ekarriko luke. Era berean, ez da hain lekualdatze traumatikoa langileentzat desplazamendua mugatu egingo delako. Bilbo barruan geratzen da enpresa eta garraio publikoz joan ahal izango da bertara. Gainera, Miribillara lekualdatzeak hobekuntzak ekarriko ditu ordutegi aldetiko malgutasunaren aldetik, Enpresa-batzordeak eta Panda Securityko zuzendaritzak adostu dituztenak.

Langileen batasuna eta ordezkaritza sindikalarengan izan duten konfidantza funtsezkoa izan da enpresa Zamudiora eramateko aldebakarreko erabakia gelditzerako orduan. Pandako langileek erakutsitako tinkotasunak eta denek egin duten ahaleginak erakusten dute posible izaten jarraitzen duela inposizioei aurre egitea. Arrazoia izateaz aparte indarra eta batasuna daudenean, posible da egoera latzei buelta ematea guztion onurarako izango diren zerbait bihurtzeko.
 

 

 

LABek ez du parte hartuko “Altzairuaren krisi mahaia” deiturikoan

0

LABek “altzairuaren krisi mahai” deiturikoan ez parte hartzeko erabakia hartu besteak beste ez baitie erantzuten ez sektorearen, ez kideen beharrei eta eskaerei. Sindikatuaren iritziz Eusko Jaularitzaren Industria Sailaren propaganda beharrei erantzuteko sortu den mahai da hau. Horrexegatik LAB sindikatuak interpelatzen jarraituko du, proposamen zehatzak egiten, eta altzairugintzako langileak gure industria eta enpleguaren alde mobilizatzen.

LABek ez du biharko bileran parte hartuko ondorengo arrazoiengatik:

Altzairuaren krisi mahaia deiturikoak ez die erantzuten ez sektorearen, ez kideen beharrei eta eskaerei, Eusko Jaularitzaren Industria Sailaren propaganda beharrei baizik. Berak bakarrik erabakitzen du noiz egiten den bilera eta zeri buruz hitz egiten den. Ez dago metodologia, ezta aurrrikusitako gaiordenik ere. Ez gaude ados, eta horretarako, ez dezatela LABekin kontatu.

Lehenengo bileran garbi geratu, eta ordutik pasatako denborak baieztatu duen moduan, ez da sortu neurriak hartu eta bere baitan ardurak onartzeko helburuarekin, baizik eta hirugarrengoei, kasu honetan Espainiar Gobernuari eta Europar Batasunari neurriak hartzera exijitzeko soilik. Erabaki honekin, Eusko Jaularitzak orain arte ezer egin ez izanagatik duen ardura ezkutatu nahi du, eta era berean, multinazioanalen arpegia zuritu sektoreko langileek jasaten duten egoeraren aurrean duten arduragatik. Hori ez da laneko mahai bat.

Altzairu sektorearen arazoa, altzairu txinatarraren lehia desleiala edo kostu energetikoa baino zabalagoa da. Honen atzean aurki ditzakegu sektorean dagoen inbertsio eza, multinazionalek Euskal Herriko fabriken alde apustu ez egitea, berrikuntza eta garapen eza, produktuen dibertsifikazio eza, erakundeek multinazionalei emandako laguntza publikoak enplegu eta lurraldearekiko konpromisoei baldintzatzeko borondate eza. Bitartean, multinazional hauek ez dute argitzen beraien altzairutegiak salgai dauden, fabrikak ixten dituzte mugagabe eta produktuak lekualdatzen dituzte edo ez dituzte onartzen sektoreko langileen heriotza eragiten duten kasuak, amiantoak eragiten dituenak, besteak beste. Guzti hau txinatarren errua al da?

Guzti hau ez da aztertu nahi, Eusko Jaularitzak ez du aztertu nahi. LAB jarrera honen erabat kontra dago.

Horrexegatik ezin dugu bilera hauetan parte hartu, nahiz eta LAB sindikatua izan zen altzairuaren sektorea jasaten ari den ondorio gogorrak aztertzeko laneko mahai bat sortzea exigitu zuen lehenengoa.

Hala ere, LAB sindikatuak interpelatzen jarraituko du, proposamen zehatzak egiten, eta altzairugintzako langileak gure industria eta enpleguaren alde mobilizatzen, gure berme onena denaren ustearekin.
 

 

 

TRWn UGT eta CCOOk adostutako akordioak lan balditzen galera izugarria dakar

0


TRW Landabenen izandako gatazkari buruz LABek salatu nahi du UGT eta CCOOk adostu duten akordioak lan baldinzen galera handia dakarrela berarekin eta eredugarria izan den lan hitzarmen bat xahutzen du. Horrez gain Nafarroako Gobernuak gatazkaren amanera positibotzat jotzea onartezina dela deritzogu.

TRWko gatazkaren amaieraren harira LABek ondoko hau salatzen du:

1. UGT eta CCOO-k adostu duten akordioak TRW-n lan baldintzen galera izugarria suposatzen du. Akordioak Nafarroan eredugarri izan den lan hitzarmena bat xahututa uzten du.

2. TRW-k etekinak eman dituen eta ematen dituen enpresa da prozesu guztian zehar baieztatu izan den bezalaxe, honek kaleratzeak oraindik ere injustuago bihurtzen ditu eta multinazionalaren krudeltasuna agerian uzten du.

3. Proposamenak ez du lantegiaren etorkizunik bermatzen. Azken proposamenean argi uzten du multinalazionalak, lan zamak ez direla aski izango eta datozen lan zama urriak ekarri bezala nahi duenean eraman ditzakela. Honekin batera, enpresak berriro ere kaleratze kolektiboak egiteko aukerari ateak irekita uzten dizkio.

4. Nafarroako Gobernuak egindako adierazpenak bereziki larriak iruditzen zaizkigu, non TRW gatazkararen bukaera positibotzat jotzen duen. Onartezina da kaleratze masiboak suposatu eta lan baldintzen murrizketa izugarriak dituen akordioak justifikatzea are eta gehiago motibo objetiborik ez dagoenean, multinazionalaren diru egarria baino gehiago.

 

 

 

Hazkunde ekonomikoan sartu arren, pobreagoak gara


Datu makroekonomikoek diote krisi ekonomikoa atzean utzi eta hazkunde fase batean sartu dela Hego Euskal Herria, baina honek ez du herritarron egoera hobetu, alderantziz batzuen aberastasuna, jendartearen sektore zabalen miseriaren kontura egin da. Hau salatuz agerraldia eskaini du LABek.

Barne produktu gordinari, enpresa handien irabaziei edo enpleguari lotutako mezu baikor asko entzutzen ari gara, baina lan merkatuko datu hotzak aztertuz gero errealitatea bestelakoa dela argi dago. Egoera sozio-laborala oso larria da. Adibidez, azken urteetan urtez-urte igo egin da oinarrizko gastuei aurre egin ahal izateko RGI edo RIS behar duten herritarren kopurua.

Lan prekarietatea, langile pobreak eta pobrezia orokorrean, ez dira krisiaren ondorio “natural” bat, politika jakin batzuen emaitza baizik. Hain zuzen ere azken urteetan, patronal zein instituzioek, aplikatutako pobretze politikek helburu jakina zuten, hala nola pobreziaren hedapena zabatzea kapitalaren irabaziak handitzeko. Hala nola, lan erreformaren ondorioz gaur egun gero eta gehiago dira enplegua izanda RGIarekin osatu behar izaten dutenak eta bestalde babes soziala suntsitzeak pobrezia betikotzea dakar.

Honen aurrean LABek alternatibak poropsatzen ditu. Lan erreformei aurre egiteko neurriak —35 orduko lanaldia, ordu estrak ezabatzea eta jubilzaio adina aurreratzea—aplikatu ahal izateko tresnak propioak exigitzen ditugu. Bestalde enpleguaren kaskartzea gainditzeko kalitateko enplegua bermatzea beharrezko jotzen dugu, besteak beste 1.200ko gutxieneko soldata ezarriz, hitzarmenen ultraaktibitatea mantenduz edo behin behinekotasuna mugatuz. Azkenik, gaur egun orokortzen ari den babes faltaren aurrean Premiazko Plan bat abiatzea proposatzen dugu. Horrek, gizarte prestazioak hobetuko ditu enpleguaren galerari eta diru-sarreren faltari erantzuteko. Etxebizitza eta elikadurarako eskubidea bermatuko du eta, gizarte eta enplegu zerbitzu publikoak indartuko ditu.
 

 

Lan-istripuen aurrean enpresen gaineko kontrola handitu behar da

Euskal gehiengo sindikalaren kontzentrazioa bihar, Barañainen izandako azken lan-istripu hilgarria salatzeko

Pasa den asteko ostiralean Sebastian Gila Ocaña langilea hil zen, Barañainen eraikuntza-lanetan ari zela izandako istripuak sortutako zaurien ondorioz. Langilea Estructuras y Encofrados de Navarran enpresan ari zen lanean, Murias eraikuntza enpresak azpikontratatua. Urte hasieratik Euskal Herrian laneko istripuz hiltzen den 9. langilea da, Nafarroako bigarrena.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu senide, gertuko eta langileriari, orohar.

Era berean, salatu nahi dugu langileok lanean jasaten ari garen heriotza guztiek erantzule eta arrazoi agerikoak dituztela. Beste behin gaude azpikontratatutako langile baten heriotzaren aurrean. Azpimarratzekoa da osagai hau 2015 eta 2016an lanean emandako heriotzen erdian egon dela presente. Hortaz, errepikatu egiten da azpikontratazioa-prekarietatea-laneko heriotza lotzen dituen ekuazioa, are gehiago eraikuntza bezalako sektorean. Arlo honetan, eskandaluzkoak dira prekarizazio mailak eta lan-baldintzen kontrol eta jarraipen falta.

Azpikontratak dira lan-baldintzen prekarizazioaren alderdietako bat (zabor kontratutak, aldi-baterakotasuna, kaleratzeari beldurra, etab.). Hauek eragoitzi egiten diete langileei segurtasun neurriak exijitzea euren lanpostua galtzeko beldurrez.

LABen lan-istripuak lakra sozial bat direla uste dugu eta erakunde publiko zein Nafarroako Gobernuaren inplikazioa behar dela hauek erauzteko. Horregatik, “zero tolerantziako” jarrera erakutsi behar dugu laneko istripuen aurrean, enpresen gaineko kontrola handitu edo egun pribatuak diren eta euren lana behar bezala egiten duten Prebentzio Zerbitzuen publifikazioa. Hauek eta beste batzuk ekimen beharrezkoak dira lan-istripuekin amaitzeko.

Horregatik, LABetik deialdia egiten diegu langile guztiei eta herritarrei orokorrean euskal gehiengo sindikalarekin bat mobilizatzera gertakari hau salatzeko. Kontzentrazioa egingo dugu bihar asteazkena, otsailak 24, 18:00etan Barañaingo Udaletxeko Plazan.