2025-12-24
Blog Page 1051

MARTXOAK 3: Langileon borrokaz Euskal Herrian aldaketa behingoz!

Orain dela 40 urte, gaurko egunez, Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, José Castillo eta Bienvenido Pereda Poliziak hil zituen Gasteizen. Saihestezina izan zen eta da, ehundaka zauritu eta eraildako eragin zituztenek 1976ko hilabete hoietan sarraski horretan izan zuten erantzunkizunari muzin egitea eta oraindik ere egiten jarraitzea. Baina gertatutakoa aitortzea eta memoria kolektiboa eraikitzea ezinbesteko zeregina da.Martxoaren 3an Gasteizen eraildako 5 langileetaz gain, Juan Gabril Rodrigo eta Vicente Antón Ferrero ere gogoratu nahi ditugu, hildakoenganako elkartasun manifestazioetan erail baitzituzten Tarragonan eta Basaurin.

7 langile hauek, eta zauritutako ehundaka pertsona hoiek, langile klasearen eskubideen defentsan atera ziren kalera, eta oinarriak ezarri zituzten gaur egun, pertsona oro, “pertsonak” izateko eta ez kapitalaren morroiak.

40 urte iragan dira gertakizun hoietatik eta gaur egun, jendartearen zati garrantzitsu batek bizi duen egoera, ez da garai haietan bizi zena baino askoz ezberdinagoa. Bere burua demokratikotzat hartzen duen gizarte eredu batean bizi bagara ere, ezezagunak ziren ezberdintasun sozial handi batzuekin aurkitzen gara, gainera, hurrengo belaunaldiek ez dute bermatuta euren bizi eta on- gizate maila aurrekoena baino hobeagoa izango denik.

Urte hauetan borroka asko egin ditugu kapitalaren eta patronalaren aurka. Guztietan, greba bakoitzean, EREen kontrako mobilizazioetan, kaleratzeen kontra, generoaren diskriminazioaren kontra, edozein motatako diskriminazioaren kontra, LABek beti izan du argi, borrokarik gabe ez dagoela aldaketa soziolaboralik, inork ez digula ezer oparituko, inork ez digula bidea erraztuko aurrera egin dezagun. Aldaketa denon ahaleginez eraikiko da.

Bizitzen ari garen injustizia sozial honetan, LABek borrokan jarraitzeko beharran berresten du, izan ere borrokarik gabe ez dago aldaketa soziolaboralik, eta aldaketa soziolaborala gabe gelditzen zaigun bakarra sistema kapitalista honen basakeria besterik ez da, eta nora garamatzan garbi ikusten ari gara.

Borroka hau gure aurretik izan direnei zor diegu.

IZAN ZIRELAKO GARA GARELAKO IZANGO DIRA!

DEIALDIAK

GASTEIZ
Langileon borrokaz Euskal Herrian aldaketa behingoz!
11:15etan LABen giza-katea Aldabetik Martxoak 3 plazara
19:00etan Andra Mari Zurian sindikatuok deituta

BERMEO
Oroimena, duintasuna eta borroka
19:30etan Harrizko bankuen

LEKEITIO
Oroimena, egia eta justizia
19:00etan Eskolapian

ONDARRU
40 urte geroago Langile Eskubideen alde Borrokan!
19:30etan Alde Zaharrean

 

 

 

Ongi etorri Arnaldo eta besarkada bat Rafa eta gainerako euskal presoei

0

Estatuak errepresioa eta eskubide zibil eta politikoen urraketa erabiltzen duen bitartean Euskal herriak mobilizazioa eta borroka politikoa egin beharko du

LABek Arnaldo Otegiren askapenaren inguruko sindikatuaren balorazioa egin du gaur Bilbon. Ainhoa Etxaide, LABeko Idazkari Nagusiak, Rafa Diez eta gainontzeko presoak etxera ekartzea LABen agendan gorriz markatuta dagoela adierazi du eta bide horretan, larunbatean Anoetako belodromoan izango den mobilizazioan parte hartzeko gonbitea luzatu digu LABeko kide guztioi.



Agerraldiaren hasieran Etxaidek Arnaldori ongi etorria eman dio LABeko kide guztion izenean eta era berean, besarkada bat bidali dio bai Rafari, baita bere familiari ere.

Etxaidek atzoko eguna ikusita, estatuaren porrota bikoitza eta oso bistakoa izan dela adierazi du. Batetik, Bategune auziarekin atxilotu zituztenean ez zutelako lortu Ezker Abertzalearen apustu politikoa zapuztea, eta zigorra beteta espetxetik irten direnean independentziaren aldarria hauspotua izan delako.

Bestetik, Etxaidek espetxe politikaren porrota zenbatekoa den ikusteko aukera izan dugula adierazi du, "Arnaldo independentistagoa eta sozialistagoa atera da kartzeletik" gaineratu du. Estatu makinaria guztiaren gainetik, Europako espetxe politikarik bortitzenak ez du bere helburua lortzen.

Hori horrela izanik ere, Etxaidek erabaki hauen garrantzia eta ankerkeriari garrantzirik ezin diogula kendu esan du. Espetxe politikak sufrimendua besterik ez du eragiten senideengan eta eskubide urraketa iraunkorra da presoentzat. Epaiketa politikoak oztopo handi bat dira Euskal herrian pakea eta demokrazia behingoz nagusitzeko.

Estatuak errepresioa eta eskubide zibil eta politikoen urraketa erabiltzen duen bitartean Euskal herriak mobilizazioa eta borroka politikoa egin beharko duela aipatu du Etxaidek, "egoera antidemokratiko hau gainditzeko, demokrazia ziurtatuko duen agertoki politikoak eraikitzeko" ezinbestekoa dela azpimarratuz.

 

 

 

Negoziazio kolektiborako eskubidea mobilizazioaren bidez berreskuratuko dugu

0



Langabezia, prekarietatea eta pobrezia egoerak ez du hobera egiten eta negoziazio kolektiboak muga handiak ditu egoera honi buelta emateko. Gaur egun negoziazio kolektiboak bizi duen egoera zein den azalduz txosten bat aurkeztu du LABek. Egoera oso kezkagarria da. Honen aurrean langileoi lapurtutako eskubidea berreskuratzeko bide bakarra ikusten du sindikatuak: mobilizazioa.

Garbiñe Aranburu, negoziazio kolektiboko idazkariak, sindikatuak landutako txostena aurkezteko ardura izan du. Ostean, Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusiak, hartu du hitza eta lehenik eta behin salatu du “negoziazio kolektiboa Hego Euskal Herrian langile gehienak urratu duten eskubidea” dela. Gainera, azpimarratu du, gaur egun, negoziazio kolektiboak bizi duen egoera “erabaki politikoen ondorioa” dela. Ze nolako lan harreman eredua dugun adierazten du.

Negoziazio kolektiboa lan mundua demokratizatzeko tresna bat izan behar da, hori da bere benetako balioa. Erreformaz erreforma deuseztatu egin dute, patronalaren gehiegiriei babes politiko instituzionala emanez, eta gauzak aldatu nahi ditugun sindikatuon kontra eginez sistematikoki. Honek aldaketak behar beharrezkoak direla erakusteb du.

Tresna emankorra
Atzera begira jarrizgero argi geratuko zaigu “hitzarmen kolektiboak, sektorekoak batez ere, oso tresna emankorrak izan direla gure garapen ekonomiko eta sozialean”. Eta orain, Euskal Herriko egoera sozial eta ekonomikoak okerrera egin du hitzarmenak likidatu eta prekarietatea neurririk gabe zabaltzen dituen eredu sozioekonomikoa inposatu dutelako.

Idazkari Nagusiaren hitzetan “negoziazio kolektiboaren egoera aztertzerakoan erantzun beharreko galdera ez da nola lortu hitzarmenak bizirautea. Nolako jendartea nahi dugun galdetu behar diogu gure buruari” eta LABen jarrera oso argi da zentzu horretan: ezin da onargarria herri oso bat elite ekonomiko txiki baten zerbitzura jartzea, ez da onargarria langabezia, prekarietatea eta pobrezia zabaltzea pertsona multzo txiki bat geroz eta aberatsagoa izateko.

Bestalde, “Urkulluk enpleguaz hitz egitea negoziazio kolektiboaren auziari begiratu gabe herriari iruzur egitea da eta enplegu sail buruak prekarietateaz hitz egitea negoziazio kolektiboaren auzian patronala interpelatu gabe hutsala da” Etxaideren iritziz.

LABek lanean jarraituko du
Patronalaren neurriko hitzarmenak ez dituzte langileon arazoak konpontzen. Zentzu honetan Etxaidek, datuak eskutan, salatu du “gaur egiten den negoziazio kolektiboarekin ez dela prekarietatea murrizten eta ez direla langabezia murrizteko neurriak hartzen”.

Egoera honen aurrean sindikatuak tinko jarraituko du, “ez ditugu onartu eta ez ditugu onartuko ere hitzarmenak desblokeatzeko patronalak egiten dituen proposamenak”. Hitzarmenak ez dira berreskuratuko langileen interesak baztertuz.

Bestalde aberastasuna banatzeko eskakizunak eta langabeziaren kontrako neurriak eramango ditugu negoziazio mahaietara.

  • Soldatak: gure erreferentzia 1200 euro dira. Hemendik behera dauden hitzarmenetan IPCa gainditzen duten igoerak eskatuko ditugu.
  • Lanaldia: 35 orduak dira gure erreferentzia. Enplegua banatzeko kasu batzuetan, lanaldi osoa ziurtatzeko kasu askotan. Eta lanaldia erregulatzeko beti ere. Lanaldiaren desregulazioa erabatekoa da eta horrela ezinezkoa da enplegua sortzea.
  • Emakumeen aldeko neurri zehatzak eta bereziak. Soldaten arteko aldea handitu da, prekarietatearen hedapena handiagoa da.
  • Lan osasuna
  • Euskeraz lan egiteko eskubidea ziurtatu dadila.

Sindikatuak borroka hauek negoziazio mahaitean, eta mahaitik kanpo burutuko ditugu. Egoerari buelta emateko eta negoziazioak berreskuratzeko borrokatzea beste biderik ez dago. Zentzu horretan “mobilizazioa, konfrontazioa eta langileak aktibatzea helburu duen ekintza sindikala egiten ari gara”.

“LABek ez du sekulan negoziazio kolektiboari uko egingo, baina ez gara negoziazio prozesu antzuetara lotuko” gogoratu du Idazkari Nagusiak. Ekintza sindikala indartuko dugu negoziazio kolektiboa blokeatuz borroka sindikala ito nahi duen patronalaren aurrean.

Lan erreformak goitik behera aldatu du lan mundua, gu ez gara inposatu diguten egoerara moldatuko. Aldaketa eragiteko martxan da sindikatua. Ekimen eta egitasmo asko jarri ditugu martxan azken hilabeteetan egoera honi buelta emateko.

Marko propio bat

Negoziazio kolektiborako marko propio bat eraikitzea eskatzen dugu eta honen alde egiten jarraituko dugu. Negoziazio kolektiboa ez deuseztatzeko erabakiak hartzea eta negoziazio kolektiboa berrantolatzeko eredu propio baten diseinua egitea borondate politiko kontua da. Jaurlaritzak ez du nahi eta Nafar Gobernuak ez dio oraindik heldu gai honi.
 

 

Otsailean behera egin du langabeziak, baina ez nahikoa urtarrileko igoera konpentsatzeko

%0,1 egin zuen behera langabeziak pasa den otsailean Hego Euskal Herrian. 199.651 dira langabetuak guztira, hau da, aurreko hilabetean baino 254 gutxiago. Hala ere, txikitze honek ez du kopentsatzen urtarrilean izandako gorakada handia. Urtarrilean, 6.745 langabetu gehiago erregistratu ziren.

Nabarmendu behar da Araba dela lurralde bakarra langabeziak gora egin duena otsailean, eta modu nabarmenean gainera. Langabeziaren hazkundea %3,6koa izan da, zerbitzu sektorearen eboluzio kaskarraren ondorioz nagusiki. Gainera, langabeziak %2 egin zuen gora gazteen artean, eta %0,1 zerbitzu sektorean. Emakumeak langabezian daudenen %54,1 dira.

Beste alde batetik, salatu behar dugu suspertze ekonomikoak kalitateko enpleguaren galera dakarrela. Aldi baterakoak dira sinatutako kontratuen %92,5. Gainera, lanaldi partzialeko kontratuek gero eta pisu handiagoa daukate, %39ra iristen direlarik eta gehienetan ez direlarik langileek eurek bilatuak.
Lan-baldintzak larriki kaltetzen ari den faktorea soldaten debaluazioa da. Enplegu berriak erasaten ditu honek bereziki, batez ere gutxi kualifikatutako enpleguen eta gutxien irabazten dutenen kasuetan. Horrela, soldata-desberdintasunak gero eta handiagoak eta larriagoak dira.

Zentzu honetan, beharrezkoa da Bruselak behin baino gehiagotan zoriondu duela PPren gobernua bere erreformek sortutako eraginarengatik, soldaten moderazioan eta laneko malgutasunean. Hala ere, lan-erreforma koska bat harago estutzea eskatu dute.

Bien bitartean. PSOE eta Ciudadanos agerian geratzen dira ustezko inbestidura akordio batekin, iruzurra izateaz gain, asmo gaiztoak agerian uztea ahalbidetzen duena, adibidez: behin betiko negoziazio kolektiboaren herrialdeko esparrua ezabatzea, kontratu bakarra ezartzearen aldeko pausuak ematea edo kaleratzea merkatzen eta enpresei kotizazio sozialak murrizten jarraitzea.

Hortaz, espero ez den aldaketarik ematen ez bada, ematen du langile-klasearen kontrako mehatxu berriei egin behar diegula aurre eta erronka hauei hobe da modu prebentiboan aurre egitea.
 

 

 


35 orduko lan-astearekin, 2.000 lanpostu sortuko lirateke Basaurin eta ia 300 Arratian


Zure Eskubideak
 dinamikaren baitan “Prekarietatearen kontra… lana eta aberastasuna banatu” kanpaina aurkeztu du Hego Uribe Arratian. Lanpostu duina izateko eskubidea dugu, baita kalitateko bizi maila bermatuko duen soldata ere. Eta egoera gainditzeko bidean, baditugu alternatibak

Hazkunde ekonomikoaren diskurtsoarekin anestesiatu nahi gaituzte. Sinestarazi nahi digute amaitu dela krisia eta langabezia jaisten ari dela. Kalean eta lantokietan, ordea, ez dugu horrelakorik ikusten, kontrakoa baizik. Krisi garaiaz baliatuz, erreformaz erreforma laneko eskubideak eta eskubide sozialak suntsitu egin dizkigute. Aro berri baten aurrean gaude: prekarietatearen aroan.

Aberastasunaren banaketa geroz eta desorekatuagoa da eta desberdintasun sozial geroz eta handiagoak nagusitzen ari dira. Espainiar estatuan, herritar pobreenen %30ak adina aberastasun du 20 pertsonak. Azken bost urteetan, %40 handitu dute euren aberastasun maila. Aberatsak gero eta aberatsago dira, eta gehiengo sozial handia gero eta pobreagoa: Ibex 35a osatzen duten enpresetako exekutiboen soldatak %80 igo diren bitartean, langileen soldata %1,5 jaitsi da.

Herritarron etengabeko pobretzea eta langileon eskubideen urraketa oinarri ditu fase berriak. Gure bizi eta lan baldintzen kontura bermatu nahi dute euren hazkunde ekonomikoa. Beraz, betiko lepotik burua, aberatsak gero eta aberatsago diren bitartean, arrakala soziala gero eta handiagoa bihurtzen ari da.

Langileok bizi eta sufritzen dugun errealitatea gordina da oso: malgutasun eta lan jardunaldi luzeegiak; derrigorrezko aparteko orduak miseriazko soldaten osagarri; soldata bikoitzak; 1200 euroz azpiko soldatak… Prekarietate maila eskandalagarria, kontratu berrien ia %94 aldi baterakoak izanik, gehienetan epe laburrekoa eta askotan, partziala. Gainera, errealitate hori are latzagoa da emakumeentzat eta gazteentzat.

Hego Uriben langabezia tasa %15,4koa da eta Arratian %12koa. Langile asko denbora luzez daude egoera horretan. Gero eta gehiagotan egun baterako edo aste beterako lan kontratuak eskaintzen dizkigute.

BADITUGU ALTERNATIBAK. AKTIBA GAITEZEN!

Lanpostu duina izateko eskubidea dugu, baita kalitateko bizi maila bermatuko duen soldata ere. Egoera gainditzeko bidean, baditugu alternatibak:

1200 euroko gutxieneko soldata. Gaur enplegua izateak ez gaitu pobreziaren arriskutik kanpo uzten. Enplegua duten 10 langiletik 2 pobreziaren mugatik behera bizi dira eta 10 langiletik 4 (lana izan ala ez) pobreak dira. Miseriazko soldaten aurrean, 1.200 euroko gutxieneko soldata aldarrikatzen dugu. Europako Karta Sozialaren erreferentziatik abiatzen gara erreferentzia hori ezartzeko, eta beraz, gaur egungo Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LAGS) guztiz askieza, bikoiztu egin beharko litzateke aipatu kopuruetara iristeko.

35 orduko lan-astea. Derrigorrezko lanaldi partzialekin amaituz eta miseriazko soldaten osagarri diren aparateko orduak baztertuz. Enplegua sortzeko ezinbesteko neurriak dira. 35 orduko lan astea aplikatuz gero:

– Gaur egungo 7 lanpostuetatik, lanpostu berri bat sortuko litzateke, gure senide eta lagun langabetuei lana edukitzeko aukera sortuko litzaiekelarik. Basaurin 2000 lanpostu baino gehiago sortuko lirateke (lanaldi osoko kontratazioari buruzko hainbat informazioren arabaera, 14.700 biztanleek dute horrelako kontratazioa) eta Arratian 300 inguru.

-Langileon lan eta bizi baldintzen kalitatea hobetuko litzateke.

-Aberastasunaren banaketan urrats garrantzitsua litzateke.

-Laneko istripu eta heriotzak gutxituko lirateke.

Abian ipiniko dugun dinamikak bilatzen du langileek jabetzea gaur egungo egoera gainditzea posiblea dela. Geure aldarrikapenak jakinarazi nahi ditugu nonnahi, lantoki zein herri guztietan, eta horretarako langile asanbladak, enpresa komiteko bilerak eta hainbat ekimen antolatu nahi ditugu, ahal den neurrian beste sindikatuekin akordioak lortzeko eta indarrak batzeko.

Beste alde batetik, eskualdeko eragile sozialekin harremanetan ipini gara beraien babesa jasotzeko eta herrietan alderdi politikoak interpelatzeko, ardura badutelako eta udaletan, bertoko zein azpikontratako langilei neurri hauek aplikatzea exigitu behar diegu.

Gauzak horrela, dinamika aurrera joango den heinean mobilizazioak burutzea aurreikusten dugu. Honengatik guztiagatik, prekarietatearen kontra eta lana eta aberastasuna banatzeko, aktiba gaitezen!

 

 

 


LABeko Idazkari Nagusia Portugaleko CGTP intersindikalaren XIII. Kongresoan izan da

0


LAB Portugaleko CGPT Intersindikalaren XIII. Kongresuan izan da. Kongresuan inguruko saioak Portugaleko Almada hirian izan dira Otsailak 25-27 bitartean. Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusia eta Gaizka Zuriarrain nazioarteko idazkaritzako kidea izan dira sindikatuaren ordezkariak.

Otsailak 25ean “TRABALHO COM DIREITOS – CONTRA A EXPLORAÇÃO – PELA PAZ E A SOLIDARIEDADE!” gaiaren inguruan Sindikatuen Nazioarteko Konferentzia ospatu zen.

Ainhoa Etxaide, Idazkari Nagusia eta Gaizka Zuriarrain nazioarteko idazkaritzako kidea.

Otsailak 26 eta 27an XIII. Kongresuko lanei ekin zieten, hurrengo urteetako Ekintza plana eta Nazio Kontseiluaren osaketa zehazteko. Geroago Nazio kontseilu horrek CGTP-IN eko Batzorde exekutiboa eta Idazkari nagusia izendatuko ditu.

Aipatu beharra dago 80 nazioarteko ordezkaritzak elkartu zirela CGTPari beraien XIII kongresuan sostengua ematera.
 

 

 


ONCEk ezgaitasuna duten pertsonen lanpostuak arriskuan jartzen ditu bere produktuak kanporatzeko politikarekin

0

Gaur, martxoak 2, Enpresa Batzordeak, CCOO, ELA eta LABen babesarekin elkarretaratzea burutuko du Correosek Bilbon duen Alameda Urkijo kaleko egoitzan eguerdiko 13:30etan. Helburua, Correos eta ONCEk hartutako akordioa salatzea eta ONCEko Zuzendaritzak duen salmenta politika ankerrari desadostasuna adieraztea. 

Bere produktuak kanporatzen ditu, orain dela gutxi arte ONCEko saltzaileenak bakarrik izan direnak, hain zuzen ere, estanko, gasolindegi eta prentsa kioskoei emateko (CFC deritzona). Oraingoan ”11/11” kupoia eman dien bezala, aitaren egunekoa Correosi eman dio. ONCEren helburua 12.000 saltoki gehiagotara heltzea da.
Externalizazio politika hauek eta ONCEren helburu soziala ez datoz bat, eta ONCEren betiko irudia arriskuan jartzen dute, hau da, ONCEren produktuak ezgaitasuna duten pertsonek bakarrik saltzen dituztela.

Langileei salmenta kendu eta presioa sartu gehiago saltzeko. Biak batera egiten ari da, lan egunak luzatuz, baita atseden egunetan lan eginaraziz. Ezin da onartu, bere betebeharraz harro dagoen erakunde batek, langileak errentagarritasun baxuagatik zigortzea edo eta zenbaki baxuak izateagatik, kontraturik ez luzatzea, ezta pertsona itsuei ere.

Zuzendaritzak probetxua atera eta harro agertzen da sinesmen handiarekin herrialde honetako politikarien aurrean, burutzen duen betebehar eredugarriarekin. Zentzugabea da, babes kontseiluak eta Osasun eta Gizarte Zerbitzuetako Ministeritzako lehendakariak eta politikariak ez ikusiarena egiten duten bitartean, kuota patronala ordaindu behar ez duen eta laguntza publiko mordoa jasotzen duen erakunde batek, bere langileak egoera kaskar honetan tratatzea. Ezin dugu ahaztu langileen kopurua gutxitzen ari dela urtez urte (70 langile gutxiago 3 urtetan) eta honekin batera lan-baldintzak ere kaskartzen ari dira.

Mobilizazioak saltzaileen sinadura bilketa batekin jarraituko du, baita ere biztanleriari eskuorriak banatuz gure protesta plazaratuz. Ezgaitasuna duten pertsona talde honentzat beste irtenbiderik ez dagoen bitartean, lanpostu guztiak berma daitezela eskatu behar dugula uste dugu eta baita ere, lan-baldintza duinak izatea.
 

 

 


Tratu txarrak direla-eta LABek salatutako bi magistratuen kasuak BJKNra bidali ditu Gobernu Salak

0

Urtarrilaren azkenetan LABek bina idazki aurkeztu zituen Dekanotzan eta Auzitegi Nagusiko Gobernu Salan, Bilboko Lan Arloko 1 zki.ko Epaitegiko magistratuaren eta Indarkeria 2 zki.koaren jokabide despotiko eta agintzailea dela-eta. LABen eskariz BJKNra helarazi dituzte bi magistratuen aurkako kexak.

Lehendabiziko kasuan, aspaldi-aspalditik jakina da magistratuak ematen duen tratua. Titular aritu den organoetako langileez aparte, abokatuen kexak ere izan dira. Indarkeria 2ren kasuan, ordea, botere-abusua izan ote den aztertuko dute. Magistratu honen portaera ere ezaguna zen estamentu guztietan orain dela denbora luze.

Azkenik, BJKNra helarazi dituzte bi magistratuen aurkako kexak, LABen eskariz. Zigorra egokitu zein ez, LABek uste du honaino heltze hutsak erakusten duela epaileak ez direla ukiezin. Langileek erabateko frogak eta bizitako bidegabekeriak argitara emateko gogoak badauzkate, Gobernu Salak erantzun egiten du.

Denok dakigu epaileek botere handia daukatela; baina ezin ditugu gehiegikeriak onartu.

 

 

 

Mediku forentseek greba hasiko dute bihar

0

Mediku forentseen kolektiboak greba deitu du datozen asteazkenetarako, martxoaren 2, 9 eta 16rako. Lanuzteak Justizia Administrazioan ordezkaritza dute sindikatu guztiek babesten dituzte (CCOO, ELA, CSI-F, LAB eta CGT) eta Euskadiko Medikuen Sindikatuak ere.

Mediku forentseen kolektiboaren oharra

Posible den guztia egiten ahalegindu gara egoera honetara ez heltzeko baina Eusko Jaurlaritzako arduradun ezberdinen aurrean egindako jarduerek ez dute fruiturik eman. Justizia Administrazioko Zuzendariak, Jon Arturo Uriartek, bere ezezkoekin lanuzteak egitera eraman gaitu, Medikuntza Legaleko Euskal Institutuaren funtzionamendu egokirako oinarrizko eta ezinbesteko aldarrikapenak eskatzeko.
Hiru diru gure aldarrikapen nagusiak:

1. Kolektiboa Osakidetzako medikuekin ekiparatzea. Langileak Eusko Jaurlaritzarik transferitu zitzaizkionetik (1996) kolektibo horrekin ekiparatuko ginela esan zitzaigun, kartzeletako medikuekin egin duten modaun, adibidez. Soldata igoera eskatzen dugu, gure soldata Osakidetzan gutxien kobratzen duen medikuarenarekin berdintzeko.

2. Prestakuntza. Justizia Administrazioko Zuzendariak, Jon Arturo Uriartek, ziurtatzen du medikuok ez dugula inolako prestakuntzarik behar eta nahikoa kualifikazioa dugula bere egunean egindako ikasketekin. Ez dute inporta aurrerakada zientifikoek ez sortu diren gaixotasun berriek. Prestakuntza nahi badugu, gure poltsikotik ordaindu behar dugu.

3. Guardia baten ondoren 11 ordutako atsedena gutxienez. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak jakinda ez du betetzen jardunaldien arteko atsedenak zuzentzen dituen Europako zuzentaraua. Hau 24 ordutako guardietan gertatzen da. Presentzia gaueko 21:00etan amaitzen da eta hurrengo eguneko 09:00ak arte eskuragarri egoten da.
Gainera, gertatzen da 24 orduko presentzia duen guardia baten ondoren, hurrengo egunean atsedena tokatzen zaigunean, zerbitzuaren beharrizanengatik epaiketara joateko betebeharra dugunean eta hortaz, egun horretan lan egin behar dugunean,

Justizia Administrazioko Zuzendaritzak uko egiten dio egun hori beste batekin konpentsatzeari eta galtzera behartzen gaitu.
Idatzi honen bidez lanuzteak egitearen arrazoiak azaldu nahi dizkizuegu eta sor genitzakeen arazoak sentitzen ditugula jakinarazi nahi dizuegu. Hala ere, greba egiteko eskubide zilegia erabili beharrean ikusi dugu gure burua.