2026-01-29
Blog Page 1046

Lanbide Heziketa Zentro Integratuak, burbuila berria EAEko irakaskuntzan?

0

Catering enpresetako afera argitara atera zen duela gutxi. Prezioak hitzartzeagatik 18 milioi eurotako isuna ezarri diete enpresa batzuei eta Hezkuntza Sailak zerikusirik ez duela aldarrikatu du. Hau azaltezina iruditzen zaigu egunero arduraz jokatzen duela eta kudeaketa gardentasunez egiten duela aldarrikatzen duen administrazioa izanik. Aipatu sailak kontrolatzen hasi beharko litzatekeen beste arazo batean jarri nahiko luke LABek arreta, ikasturte batzuk igaro ostean beste burbuila batekin topo egin ez dezagun, 2015ean sortu ziren Lanbide-Heziketa Zentro Integratuez ari gara.

Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak harreman zuzena du ikastetxe hauen sorreran, eratze eta arautze dekretuetan gauzatu dena. LABek puntu hau argitu nahi du, unea iristean ardura ez dadin lausotu, jantokietan gertatu antzera.

Ikastetxe hauek sortzearen helburua bizitzan zehar ikasi ahal izatea da; hauen heziketan hastapeneko lanbide heziketari dagozkion ikasketak, langileen lanerako insertzio eta berrinsertziorako ekintzak, baita lanean ari direnen etengabeko prestakuntzakoak hartzen ditu. Oro har, 900.000 langabetu eta lanean ari diren pertsona hartzen ditu kontuan.

Hobetuzera 2016-2017 ikasturterako esleitu den aurrekontua 16.900.000 eurotakoa izan da. Kontuan hartuz eskola hauetatik 25ek premia hauek beteko dituztela, kalkulatzen dugu hauetako bakoitzarentzat, batez beste, 676.000 euro esleituko direla.
LABi kezka sortu dio ikastetxe hauek arautzen duen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak. Honek erabateko autonomia ematen die ikastetxeei antolakuntzan, pedagogian, kudeaketa ekonomikoan eta langileenean, indarrean dagoen araudiaren arabera, dekretuaren 10. artikuluan jasotzen dena.

Bestalde, zuzendariaren eginkizunen artean jasotzen da lanak, zerbitzuak eta hornidurak kontratatzea. Ez dugu ulertzen aipatu ikastetxeek kontratatzeko autonomia izatea, publikoak direlako eta diru publikoa kudeatzen dutelako.

LABek antzeman du eskolak, haien autonomia osoa erabiliz, zerbitzuetako langileekin kudeatzen ari direla, batzutan, aipatu langileak eginkizunak bikoiztera behartzen dituztelarik. Hau kontraesanean dago aipatu dekretuaren 7. artikuluarekin. Hemen, behar beste administrazio eta zerbitzuetako langile izango dituztela jasotzen da.

Diru publikoak gaizki erabiltzen ari direla uler genezake. Horretan, zerikusia izan dezake Hezkuntza Sailak, zerbitzuetako langileei dagokienez, lanpostuen zerrenda aldatu ez izanarekin, ez baitu adierazten lanpostu kopurua handitu denik eskola hauetako beharrizanak handitzearekin lotuta.

LABek beharrizan hauek aztertuko ditu eta gehikuntza hori lanpostuen zerrendan isla dadila eskatuko du. Honez gain, eta jantokien lana kanpora ateratzearen emaitza zein den ikusita, zerbitzu hauei ekiteko era bakarra dagoela uste dugu, zerbitzu publikotik eginez. Horrela, gure diruak gaizki erabiltzea saihestuko dugu.
Beharrizan hau premiaz atenditu izan dadin eskatuko dugu, honezkero ekin zaiolako prestakuntza eskaintzari, benetako langile-premiak aintzat hartu gabe. Burbuila berri baten aurrean al gaude?
 

 

 

Prekarietatearen aurkako Kaiera langileen esku jarri dugu


#OROezdaURRE zerbitzu publikoetako prekarietatea borrokatzeko kanpainaren barruan ekimen berria jarri dugu martxan. Prekarietate egoerak antzemateko asmoz lantzen ari den galdetegiei bultzada emateko, langileek euren iritziak utz ditzaten “Kaiera” edo koadernoa aurkeztu dugu.

Gaur Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan egon da, eta ekarpen ugari idatzi dira bertan. Prekarietatearen ezaugarrien artean nabarmenenak lan kargak, behin-behinekotasuna, externalizazioak eta lan osasuna apuntatu dira batez ere; konponbide bezala kontratazioa, deialdi publikoak eta mobilizazioak gailendu dira.

Apirilean zehar Hegoaldeko lantokietan zehar ibiliko da Kaiera langileen iritzi gehiago jasotzen, eta hor eta galdetegietan jasotzen diren ekarpenak aztertuta proposamen zehatza aurkeztuko du LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioak. Aste honetan Araban, eta
 

 

 

Emakume sindikalistok prest! Feministok prest!


Gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuetako emakumeok “11 eraso 12 erantzun” lelopean apirilaren 9an indarkeria sexistaren kontra Gasteizen izango den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dugu gaur Bilbon.

Emakume sindikalistok prest! Feministok prest!
ELA – LAB – ESK – STEILAS – EHNE – HIRU

Gehiengo sindikalaren parte garen ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuko emakume feministok, apirilaren 9an Gasteizen Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta eta “11 eraso 12 erantzun” lelopean egingo den manifestazio nazionalari gure atxikimendua eman nahi diogu.

Guk ondo ezagutzen ditugu egungo sistema kapitalista heteropatriarkalak lan munduan ere emakumeon gain ezartzen dituen indarkeria anitzak. Lan munduan, lan merkatu formalaren munduan, eta nola ez, aitortzarik gabeko lanen esparru ikusezinetan, indarkeria sexistak ere baditu milaka aurpegi. Askotan neurgaitzak izanik ere, izendatu eta salatu beharrekoak.

Indarkeria sexista estrukturala den heinean, lan munduan zein gure bizitzako gainontzeko esparru guztietan eragiten digu, horregatik mugimendu feministarekin batera, eta gu ere feministak garelako, saretze feminista handi honekin bat egin nahi dugu.

2014. urtean Euskal Herriko hainbat sindikatu eta eragile sozialek Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bezala ezagutzen den tresna bateratua sortu eta plazaratu genuen. Tresna honekin, instituzioak zuzenean interpelatzeaz gain, bestelako jendarte eredu baterako printzipio eta tresnen proposamen indartsu bat egin genuen.

Feministok bertan egon ginen eta “indarkeria sexistarik gabeko bizitza baterako eskubidea” printzipio nagusi bezala kokatu genuen. Bertatik, baina baita bidean ditugun hainbat elkargune desberdinetatik indarkeria sexistaren hamaika aurpegiak identifikatu eta salatzeko prest egongo gara, bai lan mundutik baina baita lan mundutik kanpo ere. Ahalegin kolektibo hau irmoki babestu eta hedatu nahi dugulako.

Bide horretan, euskal jendarteari dei egiten diogu apirilaren 9an Gasteizko kaleak bete eta indarkeria sexistaren kontrako salaketa eta borrokara batu daitezen.

Euskal Herrian, 2016ko apirilaren 6an

 

 

 

Lau urte luze igaro dira

0


Lau urte luze igaro dira gure lankide izandako Iñigo Cabacas Ertzaintzaren pilotakada batek hil zuenetik. Lau urte luze daramatza epaile batek testigantzak jasotzen han gertatutakoa “argitzeko asmoz”. Hori diote behintzat, baina errealitatea bestelakoa da. Zelan da posible lau urte luzetan Ertzaintza berak eragindako hilketa bat argitu ezin izatea? 

Momentuz 6 ertzaina inputatu dituzte, baina erantzukizunak zehaztu barik eta polizi gehigikeri honen arduradun nagusiei (polizialak zein politikoak) kargurik ezarri gabe. Horretaz gain, oraindik ez dago argi salaketa aurrera joango den eta ekainean epaileak kasua itxi dezake epaiketarik gabe. Lau urte luze daramatzagu senitarteko eta lagunek JUSTIZIA eskatzen.

Hainbeste denbora pasatzen uztean lortu nahi dutena Iñigori egindakoa ahaztea da eta bide batez arduradunak zigorrik gabe geratzea. Ez da bidezkoa familia eta lagunak hainbeste sufritzen ari diren bitartean, ukiezinak diren kargu horietako batek, Ugarteko lotsabakoak, (“entren al callejon con todo lo que tenemos” agindua eman zuena, jakinda momentu horretan istilurik ez zegoela) gurasoen abokatua eta komunikabide bat salatzea egia argira ateratzeagatik.

Guzti honek nolabaiteko erantzuna behar du, horregatik justizia eskatzen izan gara gaur Plaza Zirkularretik PSEren egoitzara arte giza kate bat eginez.

Asteburuan ere ekintzak ezberdinak egongo dira: larunbatean 12:30etan Kirruli plazan (Iñigo zauritu zuten tokian) konzentrazioa eta igandean manifestazioa 17:30etan “justizia” jauregitik (kandela bat eraman).

Parte hartzera animatzen zaituztegu!
 

 

 

Borrokak bere emaitzak eman ditu Elgoibarko Tratamientos Intxaustin

0


Elgoibarren aurkitzen den Tratamientos Intxausti SAko langileak, martxoaren 16an hasitako greba mugagabearen ostean, akordio batetara iritsi dira enpresarekin. 3 urtetarako enpresa hitzarmen baterako aurreakordioa egin dute. LAB sindikatutik oso positibotzat joten dugu, langileen mobilizazio, kohesio eta presioaren ondorioz lortutako akordio hau.

Metalgintza sektoreko enpresa honetan, aurreko urtean lorturiko hitzarmena oinarri moduan hartuta, hainbat hobekuntza lortu dituzte mobilizazio eta borrokaren ondorioz.
Langileek lortutakoa honakoa da:

• 2016- KPI + % 1,5.
• 2017- KPI + % 1.
• 2018- KPI + %1.
• Aldi baterako ezintasun guztietan, bai lanetik bai gaixotasun arruntetatik eratorritako gaixotasunetan, udako eta neguko aparteko ordainsarietan %100eko konplementua.
• Lan osasunean hobekuntzak egiteko konpromisoa.

Hau dena, lan erreformatik babesturiko eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenari loturiko Enpresa Hitzarmen baten bitartez egingo da.
 

 

 


Atxurin EuskoTreneko euskara-eskakizunak jaisteko asmoen aurka mobilizatu da LAB

0

Ez da urtebete bat pasa Euskara Plana onartu zenetik eta, jadanik batzuk (tartean ELA sindikatua) idatzizko eskakizunak jaitsi nahi dituzte oposaketa bat izan eta gero. Neurri honi esker, lehenengoz sartu dira langileak EuskoTrenen euskaraz ondo hitz egiten eta idazten dakitela, 2. eskakizuna eskatu baizen. Euskara frogak zuzendu zituzten Herri Ardularitzaren Euskal Eurakundeko (HAEE) kideek esan zuten, administrazioarekin alderatuta, emaitzak oso onak izan zirela.

2016ean gaude eta EuskoTrenek oraindik ez du bermatzen bezeroen arreta kalitatezko euskaraz emango dela. Are gehiago, euskara eskakizunak jaisteak, suposatuko du akats ortografikoak eta gramatikalak eginda posible izango dela Euskotrenen sartzea.

Hizkuntza bat jakiteko ez al da beharrezkoa idazten jakitea? Zergatik gutxiesten da euskara?

LABetik zera salatu nahi dugu: Gehiengo sindikalak negoziatu eta onartutako Euskara Plana hitzarmenean bildu, indarrean urte bete eskas izan eta langilegai guztiek euskararen ezagutza taxuzkoa bermatu duen kanpo deialdi baten ondoren; enpresak, ELA eta beste sindikatuekin batera, euskararen idatzizko ezagutza maila B1era jaitsi nahi du.

EuskoTrenen euskalduntze prozesuan atzera pausua dela uste dugu, ELA eta beste sindikatuen, zein enpresaren interes korporatiboen mesedetara makurtzen den neurria delarik.
 

 

 

PREKARIETATEAREKIN AMAITU DEZAGUN

0


Kaixo lagunak, LAB sindikatua prekarietatearen aurkako dinamina batean murgildurik dabil pasadan udaberritik. Lan horretan eta bereziki zerbitzu sektorean (garbiketa, kolektibitateak, merkataritza, ostalaritza, telemarketing…) ematen den prekarietatearekin amaitzeko, zure laguntza eske gatoz.

Zure egoeraren berri jakin nahi dugu eta horretarako ondorengo galdetegia erantzutea gustatuko litzaiguke.

Sartu helbide honetan: https://inkestak.lab.eus/index.php/164522 eta aktibatu zaitez zure eskubideen alde.

Gogoratu bizi dugun egoera eta zure lan baldintzak ez direla normalak. Prekarietatearekin amaitzeko ordua da.

Mila esker prekarietatearekin amaitzeko urrats berri honetan gure ondoan izateagatik.

Laneko istripu berri honen atzean langileriaren lan eta bizi baldintza kaxkarrak daude

0

Gaur goizean langile bat hil da laneko istripuz Arroitzen. Urteko laugarrena Nafarroan eta hamaseigarrena Euskal Herrian.
E.M. 45 urtetako langile autonomoa hondeamakina batek harrapatu du, Arroitzeko bere oilaskoen etxaldean lanean ari zela.LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Era berean, langileok orokorrean jasaten ditugun laneko istripuak salatu nahi ditugu, bereziki lehen sektorean ematen den autonomoen egoera. Hauxe da, emakume eta gazteekin batera, murgilduta gauden esplotazioan oinarritutako sistema kapitalista honen barruan babesik txikiena duena sektoreetakoa.

Laneko istripu honen eta ematen diren besteen azpian langileriaren lan eta bizi baldintzak daude. Jakitun gara laneko istripuak faktore askoren emaitza direla: lanaren prekarizazioa, lanaldi luzeak, nahikoa ez diren atsedenak, gero eta margen apalagoak sektoreko enpresa handien mesedetan, etab. Faktore hauek istripuak jasotzeko arriskua larriatzen dute eta, gutxi batzuk euren irabaziak handi ditzaten sistema honek lan egitera behartzera ahalegintzearen ondorio dira.

LABen argi dugu mobilizazioa eta borroka direla laneko istripuekin eta hauek sortzen dituzten kausa eta faktoreekin arma bakarra.
 

 

 

Euskal Telebistako langileei 2010etik lapurtutako soldataren %5a itzuli behar diete

0

Gaur jaso dugu % 5eko murrizketa bertan behera utzi duen Auzitegi Gorenaren epaia. Epai honek Euskal Telebistako langileei ordutik hona kendutako diru guztia itzultzeko agintzen du. Baina LABek ez du aurreikusten Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak besterik gabe bidegabekeria etengo dutenik, eta bestelako fronteak ireki beharko dira. Zentzu honetan LABek borroka instituzionala eta sindikala planteatzen du.

Prozesua berriro argitzearren:

– 2010ean Madrilgo PSOEren gobernuak %5aren murrizketa agindu zuen dekretuz Estatu osoko administrazio publikoetako langile guztientzako. Erkidego autonomoak agindua egokitzera behartuta zeuden.

– EAEn agintean zegoen PSEren gobernuak erabakia sektore publiko osora zabaldu zuen. Hau da, administrazio publikoez gain, sozietate publikoei ere ezarri zien murrizketa. Arazoa hor sortu zen, Jaurlaritzak ez duelako eskumenik oinarrizko lege baten gainean (langileen estatutua kasu) legislatzeko.

– 2011ko urtarrilean EAEko Auzitegi Nagusiak gure salaketen kontrako ebazpena eman zuen. Ondorioz langile batzordeek helegite bana jarri zuten Madrilgo Auzitegi Gorenean (TS). Eusko Irratikoa eta EITBkoa ELAk bideratu zuen, eta Euskal Telebistakoa LABek. Kontuan hartu behar da EITBko kasua ez dela sartzen, administrazio publikoa delako eta ondorioz murrizketa legearen barruan egin zen.

– Auzitegi Gorenak 2014ko irailean atera zuen ebazpena: Eusko Irratiaren eta EITBren murrizketen kontrako helegitea ez zuen onartu. Euskal Telebistaren kasuan, LABek neurriaren konstituzionaltasuna auzitan jarri zuenez, Gorenak zalantza hau Auzitegi Konstituzionalera (TC) bideratzea erabaki zuen.

– 2015eko uztailaren 31n Auzitegi Konstituzionalak Euskal Telebistako langile batzordearen helegiteari eman dio arrazoi eta gaur Auzitegi Gorenak azken epaia bidali du.

Oraingo egoera, labur-labur:

– Euskal Telebistan: Esan bezala, 2010eko uztailetik ETBko langileoi hilero-hilero nominatik kendu izan diguten zatia itzuli behar digute. Horretaz gain jakina, hemendik aurrera ezin izango digute gehiago kendu, soldata maila 2010eko lan hitzarmenean jasota dagoen bezala finkatuz.

– Eusko Irratian eta EITBNETen: Bi lantokietan dagoeneko gatazka kolektiboak sartuta daude murrizketak eteteko eta atzerapenak kobratzeko. Halere, Auzitegi Konstituzionalak argi utzi zuen atzera-eraginaren data berak ateratako ebazpenarena izango zela. Hau da, 2014ko uztailaren 31ra arte eskatu ahal izango dira atzerapenak. Inork 2010era arte eskatu nahi izan ezkero bide zaila eta garestia izango luke, salaketak kontentziosoan eta indibidualak izan beharko zirelako.

Aurrera begira:

Euskal Telebistan, zuzendaritzari dirua itzultzeko eta murrizketak eteteko bideak berehala irekiko ditugu, ez da arazorik egon behar. Eusko Irratian eta EITBNETen, esan bezala bide juridikoa aktibatuta dago, eta denbora emango du. EITB Netean, esan bezala bide juridikorik ez dago, eta LABek planteatzen duen borroka instituzionala eta sindikala da. Ez da aurreikusten Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzak besterik gabe bidegabekeria etengo dutenik, eta bestelako fronteak ireki beharko dira. Administrazio Kontseiluan LABeko ordezkariaren bitartez eskatuko da murrizketen itzulpena EITB taldeko langile guztiei egitea, eta Parlamentuan EH Bildu ari da. Bide instituzionala garrantzitsua izanik ere, ez dugu uste indar korrelazio nahikorik egongo denik gure eskaerak aurrera egiteko. Batez ere kontutan hartuta PSEk zein EAJk eta PPk izan duten jarrera aktiboa murrizketa hauek ezartzeko eta mantentzeko.

Erakundeek (Zuzendaritza, Parlamentua eta Jaurlaritza) murrizketak mantentzeko jarritako aitzakia segurtasun juridikoarena izan da. Orain segurtasun juridikoa da murrizketa legez kanpokoa izan dela. Eusko Irratian eta EITBNETen ez dago zertan legea urratzen jarraitu beharrik, baina borrokatu beharko dugu.

Beraz LABek EITBko langile guztiei dei egiten die ETBko langileen poza ospatzeko eta Taldeko gainontzeko langile guztien murrizketaren kontra borrokatzeko, hori ere ospatzen amaituko dugu eta!