2025-12-25
Blog Page 1046

Gezurrak gezur, Arcelor Mittal Sestao eta Zumarraga bideragarriak dira

0


Arcelor Mittal multinazionalak bere Sestaoko eta Zumarragako lantokiak ixtearekin egiten duen mehatxuaren arrazoia ez dago Txinako altzairu merkean, ez eta elektrizitatearen prezio handian ere. Bi lantokiak ixteko erabakia multinazionalak aspaldi diseinatu zuen berariazko egitasmo batean oinarritzen da. Erabakiek ez diote erantzuten egungo egoerari, multinazionalak hartu duen erabaki estrategikoari eta korporatiboari baizik. Arcelor Mittalek bere lantokiak berregituratzeko prozesuari ekin dio. Eta egitasmo horretan, Sestaoko eta Zumarragako lantokiei okerrena egokitu zaie.

Zergatik diogu hau?

Arcelor Mittalek lantoki hauetara lan-zama ekarriko duela esanez agindu eta lotu duen guztia ez du bete.
Gogora dezagun, duela urte eta erdi, Zumarragako Arcelor Mittal berak, malgutasun osoaren ordainez, agindu zuela lan-zama gehiago ekarriko zuela, baita lan-txanda gehiago zabalduko zituela ere. Ez du ezertxo ere bete. Langileek bakarrik bete dute hitza. Orduan gezurretan ari ziren, eta gaur egun, gezurretan ari dira. Horrexegatik ez zuen sinatu LABek inposaketa hura orduan.

Ez dute ia inolako inbertsiorik egin lantoki hauetan.
Horrek tupust egiten du aurten bertan Asturiasen dituen lantokietan aurreikusi dituzten 275 milioi eurotako inbertsioekin. Beraz, argi dago zein den euren apustu estrategikoa, Asturiaseko lantokiak indartzea alegia. Eta honen aurrean, gure galdera da: lantegi horiei ez die Txinako altzairuak eragiten ala? Merkatuaren ondorioa da edota multinazionalaren erabakia?

– Taldearekiko duten menpekotasuna erabatekoa da. Opakotasuna erabatekoa da.

Lehengaia nahiz txatarra Arcelor Mittal taldeari erosi ohi diote, hark ezartzen duen prezioan. Ekoizpena, zuzenean eta osoki, saltzen diote taldeari; hortaz, taldeak ezarri ohi du erosteko prezioa, zeinak erabakitzen duen prezioan saltzen baituen berriro. Horrela, nahiz eta ACBri eta Zumarragari galerak egotzi, Taldeak dirua irabaz dezake. Hortaz, haren kontuen eta emaitzen opakotasuna erabatekoa da.

– Enplegua suntsitu eta lan-baldintzak okertu ditu.
Langileen lan baldintzak okertu ditu; zuzeneko enplegua suntsitu du, eta azpikontratazio handiago batez ordezkatu du. Hots, haren langileei “dumpinga” ezarri die.

– Beste lantokietara lan-zama igorri dute.

Aurten ACBk duen lan-zama Asturiasen eta Frantzian dauzkan lantegietara igorri du; dirudienez, hauei ere eragiten die Txinako altzairu merkea sartu izanak.

Bide batez, esan, Txinan altzairu merkea ekoizten duela eta mundu mailan dagoen altzairu ekoizle handiena dela.
Beraz, gauza hauek guztiek ez dute zerikusirik, ez altzairu txinatar merkearekin ezta argindarraren prezio garestiarekin ere.

Honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak…

•2011. urtean, multinazionalari saldu zizkion bere esku zeuden akzioak (%10), krisialdiaren gordinean, baita BBK-k zeuzkan beste %10a ere. Langileak bazter utzi ditu.

•Ez dugu, multinazionalari eskaera argi eta garbia egin diola aditu, Sestaoko ekoizpenari berriro ekitearen harira. Ezta Zumarragakoaren kasuan ere.

•Multinazionalak zabaldu duen tesia bere egin du, altzairutegia itxi izanaren erantzule Txinako altzairua eta energiaren kostu handia eginez. Hortaz, multinazionalak ez du inolako ardurarik honetan. Are gehiago, haren eginkizuna Bruselan txosten bat aurkeztera mugatu da, non besteak beste, multinazional honen eskakizunak biltzen diren. Hartan ez da inolako konpromisorik eskatzen bere altzairutegientzat. Hortaz, errealitatean, bien itxiera justifikatzen ari da.

•Behin, Zumarragako itxieraren berri eman ondoren, agerian geratu da haren gaitasunik eza, nahiz multinazional handiekiko mendetasuna. Agerian utzi du ere, ez duela gure herriarentzako benetako industria politikarik.

•Honengatik guztiarengatik, Industria Sailburua den Arantza Tapia anderearen dimisioa eskatzen dugu. Zu ezgaitua zaude Arcelor Mittali ardurak eskatu ahal izateko. Zu haien itxura txukuntzen jardun zaren bitartean, langileei, etengabe, arduratsu jokatzeko eta sakrifizioak egiteko eskatzen zenien. Oso gogoan dauzkagu, duela urtebete, multinazionalak Zumarragako lantokia ixteko mehatxu egin zuenean, egin zenituen adierazpenak.

LABek exijitzen du…

Tamalez, halako bakardadean utzi gaituzte ACB zein Zumarragako langileak. Dena dela, LAB borrokatuko da biak berriro zabal daitezen, bideragarriak direlako eta etorkizuna dutelako. Baina hori jazo dadin, neurriak bideratu eta sustatu behar dira. Multinazionalari zein erakundeei eskatzen diegu:

1.Jendartean ACB eta Zumarragaren aldeko konpromiso argi eta garbia har dezaten. ACBko lantegia berehala zabal dadila eskatzen dugu eta Zumarraga ixteko mehatxua bertan behera uztea.

2.Arcelor Mittali eskatzen diogu bi lantokiei jarraitutasuna emango dien Industria Plana egin dezan.

3.Hainbat neurri hartu behar dira, adibidez, enpresek eta partikularrok ordaintzen ohi dugun elektrizitatearen prezioa merkatzea. Altzairutegi hauen aldeko borroka, energia demokratizatzearen aldeko borroka da. Finantza botere espekulatibo handien tiraniarekin amaitu behar da, egiazko ekonomiaren eta klase herritarren etsaiak direlako.

4.Ikerketa, Garapena eta Berrikuntzaren (I+D+I) hautua errealitate bihurtuko duen konpromisoa. Sektoreak bultzada publikoa behar du produktuen dibertsifikazioa eta kalitatea hobetzeko, teknologia eta informatika programak edota ekoizpenari loturiko softwareak hobetzeko. BPGren pontzentaiaren arabera, ikerketa, garapena eta ikerkuntzan (I+D+I) egiten den inbertsioa gurearen antzeko errenta per kapita duten beste herrialdeek xedatzen duten ia-ia erdia da.

5.Bestelako neurriak bideratzea.

Azkenik, euskal jendarte osoari dei egiten diogu antolatuko diren mobilizazio guztietan parte har dezan.
 


MANIFESTAZIOA

ARCELOR ZUMARRAGA EZ ITXI!
Martxoak 19, 12:00etan Kalebarrenean

 

 

LABen ezezkoa Tubos Reunidoseko balizko aldi baterako EEE bati

0

Enpresa-komiteari batzorde negoziatzailea izendatzeko eskatu dio zuzendaritzak. Honekin, Tubos Reunidosek konfirmatu egin du Amurrioko lantegian laster aldi baterako Enplegu Erregulazio Espedientea aurkezteko mehatxua. Iazko azaroan, jada salatu genuen enpresak egin zuen proposamena, soldata murriztu, lanaldia luzatu eta malgutasuna ezartzeko. Aipatu proposamenak enpresa-batzordeak ahobatez baztertu zituen.

Gertaera honen aurrean Abasolok bere egunean egin zituen adierazpenen inguruan egin genuen balorazioan sakondu nahi genuke. Orduan esan genuen bezala, enpresaren zuzendaritzak langileei murrizektak ezartzeko asmoa ez da berria. Iazko azaroan salatu genuen enpresak egin zuen proposamena, soldata murriztu, lanaldia luzatu eta malgutasuna ezartzeko. Guztia balizko aldi baterako EEEa aurkezteko erabiltzen zituzten argudio berdinekin, petrolioaren prezioen jaitsiera, esplotazio berria irekitzeko planak izoztea, etab. Aipatu proposamenak enpresa-batzordeak ahobatez baztertu zituen.

Aipatu adierazpenetan, zuzendaritzak argudiatu eta komunikabideek nabarmentzen zituzten 2015ean egindako galerak eta etorkizunean aurreikus zitezkeenak, baina ematen du denek ahaztu dituztela aurreko urteetako emaitzak eta irabazien banaketak. Orain, enpresak gure soldatak eta herritar guztion baliabide publikoak erabili nahi ditu bere emaitzak mantentzeko, honela irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatuz.

Era berean, dei egin nahi diogu Tubos Reunidoseko zuzendaritzari, gure eskubideak urratzearekin mehatxatu beharrean, enpresan dagoen antolakuntza aldetiko kaosari konponbidea eman diezaion. Horrela ditugun arazoetariko asko estaliko lituzke, indarrean dagoen inprobisazioa, antolaketa falta eta aurreikusten faltak sortutakoak. Horren isla dira urtarrilean, 12 egunetako epean, gertatu ziren istripu larriak.

Amaitzeko, ez dugu ahaztu nahi Eusko Jaurlaritzak ematen dituen sarietako batzuk jasotzen dituztenek, gero honen antzeko “opariak” egiten dizkigutela. Abasolok “Joxe Mari Korta” sarietako bat jaso zuen bere ibilbide profesionalagatik duela ez azko. Zalantzan jartzen dugu langileoi eta jendarteari orohar bere irabaziak mantentzeagatik ordainaraztea saritzeko modukoa zerbait denik.
 

 

 

Langileen borrokak egin du posible TSren berrirekiera

0

Gaur, hilak 17, TS Fundicioneseko langile ohiek enpresaren berrirekitzea eta honek sortzen duen egoera azaltzeko agerraldia egin. Enpresa berriro ere martxan jartzeak dakarren poza plazaratzeaz gain denbora luze honetan langileek egindako lana eta borroka azpimarratu dute. Hori gabe irekiera hau ez litzateke posible izango.

TSko langile ohien oharra:

Denbora asko pasa da TS enpresa zena erortzen utzi zutenetik. Duela ia 3 urte itxiera mamuak mahai gainean jarri zizkiguten, 2014ko ekainean itxiera ofiziala eta langileok langabeziaren gogortasuna ezagutu genuenetik.

Ez omen zuen etorkizunik, ez omen zuen bideragarritasunik, Arantza Tapiak eta bere gobernuaren inkonpetentzia eta politika industrial eza ere gure azaletan ezagutu genuen, Eskualdeko eta Euskal Herriko beste hainbat enpresa eta langilek bezalaxe. Eta guzti honen gainetik errudunak gu ginen, inongo kulparik gabe, zulo beltzean sartu gintuzten 150 langileak, nor bestela?

Denbora guzti honetan bide luzea egin dugu. Hara eta hona ibili gara, ate joka ahal izan dugun leku guztietan, baita instituzioetan ere, lege zapaltzaileen artetik onik irten nahian eta TS zenarentzako eta bertako langileok sinisten genuen etorkizun bat bilatu eta eraiki nahian. Bide batez, ezin ahaztu bide lagun eta babes izan ditugun herri eta eskualdeko eragile eta norbanako guztiak noski.

2014ean, Gipuzkoako Diputazioa ere bidelagun genuelarik hasi ginen erosle berrien bila, eta batzuekin eta besteekin hitzegin ondoren, konkurtsora 3 eskeintza aurkeztea ahalbidetu zen denon artean. Kudeaketa on batekin, TS bideragarria zela eta izango zela argi geneukalarik.

2015eko Maiatzean hilabete luze batzuen ondoren eta lege konkurtsalak jartzen dituen hainbat eta hainbat arazo gainditu ondoren, jakin genuen berri pozgarria: konkurtso egoerak adjudikazio bat ekarri zuen! Berri oso pozgarria, eta bide batez, garbi geratu zen “egoera txarraren erantzule egin nahi izan gintuztenen” arrazoi falta.

Adjudikazio honek erakutsi zuen behin eta berriz aldarrikatzen genuena: bideragarria zela eta izango zela baldin eta borondaterik bazegoen, Denborak eta lanak benetan proiektu egonkor bat posible dela erakutsi digute. Arrazoi eman digute.

Langileok Kolektibo gisa funtzionatu izanak urrea balio du. Egoera zailenetan ere elkarrekin talde bezela antolatzeko gaitasunak are eta gehiago batu gaitu! Gure borrokak espekulatzaileak uxatu zituen, eta gure borrokak lanpostu duinak sortzea ekarri du.

Esan bezala, hemen aurkitzen garenok, TSko langile ohiak gara, eta borrokaren emaitzak azaltzera gatoz UrolaKostako herritar eta langileei, zein eta Euskal Herrikoei ere.

Dakizuen bezela,

TS zena, Gonvarri taldeak erosi zuen eta GRI CASTINGS izenez ezagutuko dugu hemendik aurrera. Zestoan proiektu lehiakor eta serio bat gauzatu ahal izateko modua egongo delako pozak gailentzen gaituelarik. Eta dagoeneko martxan dago, irekita dago!

Pasa den urte amaieratik “abiarazteko” lan talde bat osatu zen, lehenengo salda probak egin ahal izateko lanean aritu direlarik eta baita lortu ere, aurtengo Martxoko lehenengo asteburuan egin zen hau eta baita emaitzak lortu ere! Orain esperotako eta kalkulatutako lan kargarekin lanean hastea besterik ez da gelditzen!

Jabe berriekin bilera asko egin izan ditugu eta baita jarraitu ere, baina bada lortu genuen nabarmentzeko akordio bat: langile ohiak izango gara GRI CASTINGS-eko proiektuaren ardatz eta lana sartu ahala kontratatuak izango gara, eta negoziazio bat ere irekia dugu iada bertoko langileen lan baldintzak zein izango diren zehaztu eta adosteko.

Berri oso Pozgarria da hau. Denborak luze doaz, baina ezin esan gaizki doazenik! 23-25 langile lanean dira dagoeneko eta beste batzuk lanerako zain aurkitzen gara. Ilusioz, gogoz eta gauzak ondo egiteko eta egin izanaren sentsazioa gailentzen da.

Lehen ezagutu genituen lan harreman pitzatuak atzean utzi eta haize frexkoa ekarri dezaketen lan harremanak hasteko gogoz gara. Iragana atzean utzi eta denon artean proiektu berri honi hasten laguntzeko prest gaude, lanpostu berriak eta Urola-Kostako sare industriala sendotzeko asmoarekin.

Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena oinarri izango duen akordio bat eraikitzeko adostasun batetik abiatzen gara eta badakigu lortzen duguna duina izango dela, baina momentuz ez dugu akordiorik itxi lan baldintzen inguruan, aurrez hitzartutako bermeez haratago. Nahi baino gehiago luzatzen ari da negoziazioa, baina uste dugu borondatea badago ezin duela inolako eragozpenik egon akordio bat lortzeko.

Akordioak bi aldeen esfortzuan oinarritzen dira, eta gaurko honetan irekieraren berri ona zuek guztiokin konpartitzeaz haratago, kolektibo gisa antolatuta jarraitzen dugun langileok, bi aldeon arteko akordio duin bat behar dugula gogorarazi eta eskatu nahi diogu zuzendaritza berriari.

Gure, Zestoako eta Euskal Herriko sare Industrialean, lan harreman egoki eta proiektu bateratu bat elkarrekin eraikitzea posible dela aldarrikatzera gatoz. Guk ixilpeko lanetan jarraituko dugu, helmuga gero eta gertuago dugu!
 

 

 

Euskal Herriko biztanleen %40,7 estatu propioaren alde


Ipar Hegoa Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz Ikerketa Taldeak "Euskal estatua irudikatzen. Euskal Estatuaren aurreko iritziak eta jarrerak Euskal Herrian" azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa aurkeztu dute gaur Bilbon. 2012an, "Euskal Estatuari bidea zabaltzen", Euskal Estatuak Europan duen bideragarritasuna aztertzen duen liburuarekin hasitako biderari jarraituz, eta Eskozian eta Katalunian gertatu diren independentzia prozesuak abiapuntu hartuta jaio da lan berri hau.

Azken bi urteetan Parte Hartuz Ikerketa taldea (UPV/EHU) eta Ipar Hegoa Fundazioa elkarlanean aritu dira Euskal Herriko biztanleek balizko Euskal Estatu baten aurrean zer jarrera izango luketen aztertzeko. Emaitza askoren artean nabarmendu dezakegu etorkizun politikoa erabakitzeko galdeketa egitearen alde daudela euskal herritarren bi heren.

Lanak lau azterketa biltzen ditu:

Azterketa kuantitatiboa: Euskal Herri osoan Euskal Estatuari buruz egindako inkesta bateko datuak erabiliz.

Azterketa kualitatiboa: Euskal Herri osoan Euskal Estatuari buruz hitz egiteko antolatu ziren eztabaida taldeetako iritziak erabiliz.

Kasu azterketa: Euskal Estatuaren alde dauden enpresaburuen iritziak eta arrazoiak jarrera hori izateko.

Kasu azterketa: euskara eta euskal kultura kontuan harturik, Euskal Estatuaren aurrean Euskalgintzako eragileek izan ditzaketen jarrera eta iritziak.

 

 

Hezkuntzako sindikatuok 3. mailako azterketei planto egitera deitzen dugu

0


Hezkuntzako sindikatuok Hezkuntza Sailak Heziberriko bigarren faseko curriculum dekretuen bitartez, LOMCEren aplikazioan aurrera pausu nabarmena eman berri duela salatzeko agerraldia eskaini dugu gaur. Neurri honen aurrean LOMCEk eta Heziberrik ezartzen duten 3. mailako azterketari planto egitera deitzen dugu, eta horrekin batera, ebaluazio eredu berri baten bidean adostasunak eraikitzera.

Hezkuntzako sindikatuok 3. mailako azterketei planto egitera deitzen dugu
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTren irakurketa

Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Sailak, Heziberriko bigarren faseko curriculum dekretuen bitartez, LOMCEren aplikazioan aurrera pausu nabarmena eman berri du. Besteak beste, egun jada indarrean dugun ebaluazio sistema antipedagogiko, segregatzaile eta merkantilistan LOMCEren azterketak barnebildu ditu, ezarrita dagoen ereduan sakonduz.

Horrela hezkuntza sistema osoa baldintzatu eta kontrolatzea helburu duen ebaluazio sistemaren norabidean beste urrats bat eman du. Aurreko ikasturtean Hezkuntza Komunitateak ebaluazio sistema honekiko duen iritzia eta jarrera argi erakutsi zuen. Aurten ere, Eusko Jaurlaritzak 3. mailako azterketa modu orokorrean egiteko hartu duen erabakiaren aurrean, hainbat hezkuntza eragilek, argi utzi dugu gure erabateko aurkakotasuna.

Hezkuntza Sailak, modu erabat arduragabean jokatuz, azterketa egitearen erabakiaren ardura ikastetxeei pasa die, hori argi uzten duen inolako idazki ofizialik argitaratu gabe, ikastetxeetan zalaparta eta zalantza sortuz. Honen aurrean, irakaskuntzan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok ikastetxe guztietako langile eta eragileei, Ikastetxe Publiko, Ikastola zein Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetakoei, dei egiten diegu azterketa hauek ez egiteko bere esku dagoen guztia egitera, planto egitera, alegia. Bide horretan, klaustroak azterketa ez egiteko erabakia hartzera deitzen ditugu; eta honetan oinarrituta, Eskola Kontseiluek, zuzendaritzek edota ikastetxeetako titularrek azterketarik ez egiteko erabakia hartzera. Izan ere,

1.- LOMCEren aplikazio hutsa direlako eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako azterketari eta Bigarren Hezkuntzako errebalidei bidea irekitzen dielako.
2.- Hezkuntza sistema osoa kontrolatu eta baldintzatu eta pedagokikoki atzerapauso izugarria delako.
3.- Hezkuntza Komunitatearekin adostu gabeko ebaluazio sistema bat delako eta egungo ebaluazio ereduan beste pauso bat ematen dutelako, ikaslearen hezkuntza hobekuntza baino kalifikatu eta sailkatzea bilatuz.

Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu azterketa hauek, LOMCE eta honen aplikazio hutsa diren Heziberriren curriculum dekretuak, bertan behera utz ditzala eta hezkuntza komunitatearekin adosturiko hezkuntza sistema propioa garatu dezala berau ebaluatzeko ebaluazio sistema adostu batekin batera.

Hau honela ez den bitartean, Hezkuntza Komunitate osoari dei egiten diogu ebaluazio sistema honi aurre egin eta ebaluazio eredu berri baten eraikuntzan lan egitera. Oraingoan, eta bereziki, ikastetxe guztietako klaustroei, zuzendaritza taldeei, eskola kontseiluei eta ikastetxeetako titularrei zuzentzen gatzaizkie LOMCEk eta Heziberrik ezartzen duten 3. mailako azterketari planto egitera eta horrekin batera, ebaluazio eredu berri baten bidean adostasunak eraikitzera.

Euskal Herrian, 2016ko martxoaren 16ean.
 

 

 

Herri oso baten elkartasuna eta salaketa azken heriotz istripuaren aurrean

Gaur, gehiengo sindikalak deituta, Ondarroan mobilizatu gara astelehenean Santa Klara izotz enpresan izandako lan istripuan bizia galdu zuten Alberto eta Jabi gogoratu eta egoera hauek jasatera garamatzan lan eredua salatzeko. Lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen ondorio dira, ekidin daitezkeenak. Horrela izanik, neurri zorrotzak eskatzen ditugu heriotza eta miseria baino ez dakarren ereduarekin amaitzeko. Igande honetan, hilak 20, LAB Lekeition mobilizatuko da berriz ere "Lan istripu gehiagorik ez!" exijitzeko eta Alberto eta Jabiri gure agurrik sentituena eskaintzako.
 

MANIFESTAZIOA MARTXOAREN 20an
LEKEITION 12:30etan
LAN ISTRIPU GEHIAGORIK EZ!
LAN HERIOTZIK EZ!


 Urtea hasi zenetik 14 langile hil dira lan istripuz

 Bihar kalean izango gara heriotz istripua salatuz (Gehiengo sindikala)


  
 

Arcelor Mittalek barre egiten die langileei eta euskal jendarteari orohar

0

Arcelor Mittalek Zumarragako lantokian jarduera eteteko berria ezagutu ostean, LABek adierazi nahi du Arcelor Mittal ehunka langileren etorkizunarekin jolasean ari dela. Era berean agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak multinazionalarekiko duen morrontza.

Arcelor Mittal ehundaka langileren etorkizunarekin jolasean ari da, informazioa ezkutatuz, bere interesen arabera gubidagabeki jokatuz. Ez dugu sinesten erabakia inprobisatu dutela, lehenagotik prestatutako plan bati erantzuten dio erabakiak.

Egoera honen aurrean, bi aukera daude: edo Jaurlaritzak bazekien zein zen Arcelor Mittalen asmoa, eta hortaz, planaren gauzapenean ezinbesteko laguntzailea izan da, edo Arcelor Mittalek barre egiten dio Eusko Jaurlaritzari eta hortaz, euskal gizarteari.

Edozein kasutan, Eusko Jaurlaritzak multinazionalarekiko duen morrontza agerian gelditu da. Eusko Jaurlaritzari Bruselan multinazional hauen mandatuak egiteari uzteko, eta behingoz sektoreko lanpostuak eta sektorearen etorkizuna bermatzeko lanean hasteko exijitzen diogu.
 

 

 

Badugu proposamena Nafarroako lan harremanetan aldaketa gauzatzeko


Iruñean Ainhoa Etxaide Idazkari Nagusiak eta Igor Arroyo Nafarroako bozeramaileak egindako agerraldiaren bidez, LAB sindikatuak aldaketa lantokietan gauzatzeko proposamena egin du. Bide hori sustatzeko, manifestazioa egingo du LABek larunbata honetan Iruñean, 17:30etan Gaztelu Plazatik abiatuta. 

LABen iritziz, nafar instituzioetan emandako aldaketa, herritarren lan eta bizi baldintzen hobekuntzan islatu beharra dago. Helburu horrekin, LABek zazpi oinarrizko neurri proposatzen ditu: enplegu suntsiketa gelditu;
35 orduko lan astea; hileko 1.200 euroko gutxieneko soldata; erretiro adina aurreratu eta 1080 euroko pentsioa ezarri; aukera berdintasuna bermatu; langileon osasuna enpresarien etekinen aurretik lehenetsi; lantokietan euskararen normalizazioa sustatu; eta Nafarroako sektore publikoa garatu.

Era berean, LABek neurri hauek ezartzeko bideak aurkeztu ditu. Lehenik eta behin, funtsezko baldintza lantokiz lantoki borroka sindikala egitea da. Horrekin batera, alderdi politikoak interpelatu egin ditu LABek, neurriok garatzeko akordio parlamentarioak egin ditzaten. Hirugarrenik, negoziazio kolektibo sektorial eta intersektorialean akordioen beharra planteatu du, nahiz eta Patronalak ez duen horretarako inolako asmorik: "hala sindikalgintzatik nola eremu instituzionaletik Patronala interpelatu beharra dago". Laugarrenik, langileen parte hartze instituzionala ahalbidetzeko Lanaren Kontseilua proposatu du LABek, langileek zuzeneko bozkaren bidez hautatuko litzatekeena. Eta azkenik, Akordio Programatikoan jasotzen den Nafarroarako estatus berrian lan esparru nahiz gizarte segurantza propioa txertatzea defendatu du.

Gauzak horrela, LABek uko egin dio berriz ere Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluan parte hartzeari eta gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren jarrera: "Irtenbidetzat bere erreforma soila planteatzea oinarriak kolokan dituen eraikinaren teilatua konpontzea bezalakoa da. Eraikin berria eraiki beharra dago oinarrietatik. Ildo honetan, Nafar langileen beharrak eta nahiak erdigunean kokatuko dituen benetako elkarrizketa batean parte hartzeko prest gaude. Adostu ditzagun Nafarroan hartu behar diren neurriak, adostu ditzagun neurri horiek gauzatzeko bideak eta, orduan bai, sor ditzagun horren guztiaren jarraipena egiteko beharrezkoak diren Kontseiluak edota bestelako guneak. LABek mahai gainean jarri ditu, proposamen honen bidez, bere ustez hartu beharreko neurriak eta neurri horiek egikaritzeko bideak zeintzuk diren. Gainontzeko eragileek, eta bereziki Nafarroako Gobernuak, berdina egin dezaten espero dugu. Ez dezala Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren erreforma bezalako amarruak erabili bere erantzunkizunei muzin egiteko".

Amaitzeko, LABek dei egin die langileei larunbat honetan Gaztelu Plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko. Gazte bloke bat antolatuko da, 5etan udal plazan, eta pentsiodunen arloak ere presentzia izango du. Era berean, lantokiz lantoki dauden behar eta aldarrikapenak islatuko dira martxan zehar.
 

 

11 ERASO 12 ERANTZUN Emakume langileok prest!

LABeko emakumeok, datorren apirilaren 9an, Gasteizen, Mugimendu Feministak indarkeria sexistaren aurka deitutako manifestazioarekin bat egin nahi dugu.
Guk ondo ezagutzen ditugu egungo sistema kapitalista heteropatriarkalak lan munduan ere emakumeongain ezartzen dituen indarkeria anitzak. Indarkeria sexista estrukturala den heinean, lan munduan ere, gure bizitzako gainontzeko esparru guztietan bezala, hamaika dira emakumeok egunero pairatu behar ditugun erasoak.