2024-04-24
HomeIndustriaMetalgintzaLangileen borrokak egin du posible TSren berrirekiera

Langileen borrokak egin du posible TSren berrirekiera


Gaur, hilak 17, TS Fundicioneseko langile ohiek enpresaren berrirekitzea eta honek sortzen duen egoera azaltzeko agerraldia egin. Enpresa berriro ere martxan jartzeak dakarren poza plazaratzeaz gain denbora luze honetan langileek egindako lana eta borroka azpimarratu dute. Hori gabe irekiera hau ez litzateke posible izango.

TSko langile ohien oharra:

Denbora asko pasa da TS enpresa zena erortzen utzi zutenetik. Duela ia 3 urte itxiera mamuak mahai gainean jarri zizkiguten, 2014ko ekainean itxiera ofiziala eta langileok langabeziaren gogortasuna ezagutu genuenetik.

Ez omen zuen etorkizunik, ez omen zuen bideragarritasunik, Arantza Tapiak eta bere gobernuaren inkonpetentzia eta politika industrial eza ere gure azaletan ezagutu genuen, Eskualdeko eta Euskal Herriko beste hainbat enpresa eta langilek bezalaxe. Eta guzti honen gainetik errudunak gu ginen, inongo kulparik gabe, zulo beltzean sartu gintuzten 150 langileak, nor bestela?

Denbora guzti honetan bide luzea egin dugu. Hara eta hona ibili gara, ate joka ahal izan dugun leku guztietan, baita instituzioetan ere, lege zapaltzaileen artetik onik irten nahian eta TS zenarentzako eta bertako langileok sinisten genuen etorkizun bat bilatu eta eraiki nahian. Bide batez, ezin ahaztu bide lagun eta babes izan ditugun herri eta eskualdeko eragile eta norbanako guztiak noski.

2014ean, Gipuzkoako Diputazioa ere bidelagun genuelarik hasi ginen erosle berrien bila, eta batzuekin eta besteekin hitzegin ondoren, konkurtsora 3 eskeintza aurkeztea ahalbidetu zen denon artean. Kudeaketa on batekin, TS bideragarria zela eta izango zela argi geneukalarik.

2015eko Maiatzean hilabete luze batzuen ondoren eta lege konkurtsalak jartzen dituen hainbat eta hainbat arazo gainditu ondoren, jakin genuen berri pozgarria: konkurtso egoerak adjudikazio bat ekarri zuen! Berri oso pozgarria, eta bide batez, garbi geratu zen “egoera txarraren erantzule egin nahi izan gintuztenen” arrazoi falta.

Adjudikazio honek erakutsi zuen behin eta berriz aldarrikatzen genuena: bideragarria zela eta izango zela baldin eta borondaterik bazegoen, Denborak eta lanak benetan proiektu egonkor bat posible dela erakutsi digute. Arrazoi eman digute.

Langileok Kolektibo gisa funtzionatu izanak urrea balio du. Egoera zailenetan ere elkarrekin talde bezela antolatzeko gaitasunak are eta gehiago batu gaitu! Gure borrokak espekulatzaileak uxatu zituen, eta gure borrokak lanpostu duinak sortzea ekarri du.

Esan bezala, hemen aurkitzen garenok, TSko langile ohiak gara, eta borrokaren emaitzak azaltzera gatoz UrolaKostako herritar eta langileei, zein eta Euskal Herrikoei ere.

Dakizuen bezela,

TS zena, Gonvarri taldeak erosi zuen eta GRI CASTINGS izenez ezagutuko dugu hemendik aurrera. Zestoan proiektu lehiakor eta serio bat gauzatu ahal izateko modua egongo delako pozak gailentzen gaituelarik. Eta dagoeneko martxan dago, irekita dago!

Pasa den urte amaieratik “abiarazteko” lan talde bat osatu zen, lehenengo salda probak egin ahal izateko lanean aritu direlarik eta baita lortu ere, aurtengo Martxoko lehenengo asteburuan egin zen hau eta baita emaitzak lortu ere! Orain esperotako eta kalkulatutako lan kargarekin lanean hastea besterik ez da gelditzen!

Jabe berriekin bilera asko egin izan ditugu eta baita jarraitu ere, baina bada lortu genuen nabarmentzeko akordio bat: langile ohiak izango gara GRI CASTINGS-eko proiektuaren ardatz eta lana sartu ahala kontratatuak izango gara, eta negoziazio bat ere irekia dugu iada bertoko langileen lan baldintzak zein izango diren zehaztu eta adosteko.

Berri oso Pozgarria da hau. Denborak luze doaz, baina ezin esan gaizki doazenik! 23-25 langile lanean dira dagoeneko eta beste batzuk lanerako zain aurkitzen gara. Ilusioz, gogoz eta gauzak ondo egiteko eta egin izanaren sentsazioa gailentzen da.

Lehen ezagutu genituen lan harreman pitzatuak atzean utzi eta haize frexkoa ekarri dezaketen lan harremanak hasteko gogoz gara. Iragana atzean utzi eta denon artean proiektu berri honi hasten laguntzeko prest gaude, lanpostu berriak eta Urola-Kostako sare industriala sendotzeko asmoarekin.

Gipuzkoako Metalgintzako Hitzarmena oinarri izango duen akordio bat eraikitzeko adostasun batetik abiatzen gara eta badakigu lortzen duguna duina izango dela, baina momentuz ez dugu akordiorik itxi lan baldintzen inguruan, aurrez hitzartutako bermeez haratago. Nahi baino gehiago luzatzen ari da negoziazioa, baina uste dugu borondatea badago ezin duela inolako eragozpenik egon akordio bat lortzeko.

Akordioak bi aldeen esfortzuan oinarritzen dira, eta gaurko honetan irekieraren berri ona zuek guztiokin konpartitzeaz haratago, kolektibo gisa antolatuta jarraitzen dugun langileok, bi aldeon arteko akordio duin bat behar dugula gogorarazi eta eskatu nahi diogu zuzendaritza berriari.

Gure, Zestoako eta Euskal Herriko sare Industrialean, lan harreman egoki eta proiektu bateratu bat elkarrekin eraikitzea posible dela aldarrikatzera gatoz. Guk ixilpeko lanetan jarraituko dugu, helmuga gero eta gertuago dugu!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.