2026-07-03
Blog Page 1045

Santa Marina ospitaleko zuzendaritzaren inpunitatearen aurkako protesta

0

LAB sindikatuak Osakidetzako buruzagitzen inpunitatearen kontra martxan daukan kanpainaren barruan, gaur protesta ekintza burutu du Bilboko Santa Marina ospitalean. Petoak jantzita, ospitaleko zerbitzu osoak bisitatu ditugu , zuzendaritzaren bulegoak barne, esku-orriak banatzen eta argi adierazten bertan bizi diren egoerak jasanezinak direla eta ez direla batere normalak.

Azken kasua orain dela gutxi gertatu da. Ospitaleko zuzendaritzak langile baten zerbitzuetako eginkizuna bertan behera utzi du, langilea lan-baldintza hobeak, plantilla handitzea eta bere eskubideak errespetatzea aldarrikatzen ari zela argudiatuta, beste gauzan batzuen artean.

Ez da lehenengo aldia halako urraketak gertatzen direla Santa Marina ospitalean. Izan ere, langileon eskubideak ez errespetatzea bertako eguneroko dinamika bihurtu da. LABek argi dauka ospitale publiko hau ezin dela Marbella gerentearen kortijoa izan. Beraz, salaketa eta mobilizazioekin jarraituko dugu.

 

 

 

Lanbideko orientatzaileak greban


Urriaren 3, 4 eta 5ean greba dago deituta Lanbiden. Gaur Donostian mobilizatu dira langileak Groseko Lanbideko egoitzaren aurrean. Aurretik kotxe-karabana egin dute. Bihar, urriak 5, kotxe-karabana egingo dute Gasteizen eta 11:00etan, kontzentrazioa Lakuan.

 

 

 

EuskoTreneko greba bertan behera enpresaren mehatxuek sortutako ziurgabetasunagatik

0

EuskoTreneko Greba batzordeak jakitera eman du Amara eta Arasoko egoitzetako (Gipuzkoa) makinistek iragarritako greba deialdiak bertan behera uzten dituela. Grebak erantzuten zion laneko arazoa oraindik ez da konpondu, baina deitzaileen arabera, ez dago beharrezko baldintza eta segurtasun juridikorik deialdiak behar bezala aurrera ateratzeko. Arrazoia, enpresak egindako jakinarazpena greba hasi baino egun gutxi batzuk lehenago. Bertan, greba ilegaltzat jotzearen mehatxua egiten da, arrazoirik adierazi gabe. 

Adierazitakoagatik, eta enpresaren aldetiko jakinarazpenak sortutako ziurgabetasun egoera bideratzeko helburuarekin, aipatu erabakia hartu dugu. Enpresaren aldetiko jakinarazpenak greba eskubidea eta askatasun sindikala baldintzatzen ditu.
 

 

 


Ezinbestekoak dira neurri eraginkorrak kalitatezko enplegua sortzeko

Irailean Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak gora egin du. Datu ofizialen arabera, 183.398 daude langabezian, abuztuan baino 1.385 langabe gehiago. Herrialde guztietan egin du gora langabeziak, Araban kenduta (6 langabetu gutxiago herrialde honetan). Uda amaierarekin hasi zen goranzko joera indartu egiten da azken datuokin. 

Bestalde, hilabetez hilabete areagotzen ari da epe luzeko langabezia eta horren ondorioz langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa geroz eta ahulagoa da. Gaur egun 3 langabetik 1ek baino gutxiagok jasotzen du langabezia prestazioa.

Beraz, datu hauek garbi erakusten dute pobrezia eta prekarietatea zabaltzen ari direla gizartean, langile eta langabeen artean, eta ezinbestekoa dela neurri eraginkorrak hartzea kalitatezko enplegua sortzeko. LABek, bere ekintza sindikalaren bidez, prekarizazioaren kontrako borrokan jarraituko du, enpresa mailan zein kalean.
 

 

 


Enpresa txikietako hauteskundeetan aurkezten ahalko gara


Ostiralean, irailak 30, eman zuen Kasazio Auzitegiak CGTk LABen aurka martxan ezarritako prozeduraren inguruko erabakia. Kasazio gorteak Bordaleko Instantzia Epaitegiak hartutako erabakia bertan behera utzi du. Kasazio Auzitegiaren deliberioaren arabera, azaroaren 28an, Ipar Euskal Herrian hasiko diren enpresa txikietako hauteskundeetan aurkezten ahalko gara.

Heren Muruaga (LAB) Euskal Irratiak-eko Goiz Berri saioan
{saudioplayer}http://biltegia.lab.eus/audioak/16_10_04LABHerenMuruaga.mp3{/saudioplayer}

 LABi langile ez-euskaldunak diskriminatzea leporatu zion Bordeleko epaitegiak, CGTk aurkeztutako salaketa baten haritik. Epaitegiak argudiatu zuen LABek izaera erregionalista duela, euskarari lehentasuna ematen diola eta soilik Euskal Herrira mugatzen dela. Hau da, legeak jasotzen dituen ordezkaritza irizpideak ez betetzea leporatzen diote LABi. Auzitegiaren arrazoiak ulergaitzak egin zitzaizkigun eta Kasazio Auzitegira jotzea erabaki genuen. Abokatu orokorraren arabera CGTren akusazioek ez dute inongo oinarririk.

Honela sindikalismo abertzaleari bidea ixteko beste saiakera bat atzera bota du Frantziako Kasazio Auzitegiak. Borroka luzea izan da honako hau, ekonomikoki eta denbora aldetik kostu handia izan ditu sindikatuarentzat, baina beti argi izan dugu TPEtako hauteskundeetan egon behar genuela eta egongo ginela. Azpimarratu behar dugu ere LABek babes zabala jaso duela hilabete hauetan.

 

 

43 dira jadanik aurten Euskal Herrian lan-istripuz hildako langileak

Gaur, urriaren 3an, laneko istripu hilgarri baten berri jaso dugu, Seguran langile bat hil egin da adar batek gainean harrapatuta. Beste alde batetik, jakin dugu aurreko larunbatean zumaiar garraiolari bat hil zela Catalunyan laneko istripuz, beste ibilgailu batek harrapatuta.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik, samina, elkartasuna eta doluminak adieraztea haien sendi, lankide eta langile klase osoari.

Bi heriotza berri hauekin 43 dira, gutxienez, lan istripuz aurten hildako langileak. Bizkaian 24, Gipuzkoan 5, Araban 1, Nafarroan 11, eta Iparraldean 2.

Garraio sektorean gertatutako istripu berria. Prekarizatutako sektorea, eta modu berean, urtero istripu ugari eta osasun galera izaten dituena.

Behin eta berriz aldarrikatu eta salatu dugu sektore honetan lan baldintzek sortzen dituztela istripuak; jardunaldi luzeek, itxoite denborek, eta merkantzia langileen osasunaren gainetik jartzeak. Horregatik diogu sektore honetako lan-baldintzak aldatu, kontrolatu eta zuzendu behar direla, instituzio, administrazioa eta enpresen aldetik

Bestetik, gaur Seguran baso lanetan ari ziren langile bat hil egin da laneko istripuz. Jona den asteko ostegunean beste langile bat hil zen antzerako lanak egiten Bizkaian eta beste bi orain bi aste Nafarroan. Urte hasieran ere antzeko istripu bat gertatu zela aspimarratu behar dugu.

Berriz ere historia errepikatzen da. Nazkatuta eta haserre gaude. Urtero, behin eta berriz errepikatzen dira antzeko gertaerak.

Noizko benetako eta eraginkorrak diren neurriak. Noizko egongo dira pertsonak eta euren bizitza erdigunean, mozkinen gainetik?

Guzti honek agerian uzten du aldaketaren beharra, hemendik egin beharreko aldaketaren beharra. Ezinbestekoa da botere publiko eta elite politikoek urteetan elikatu eta gizendutako patronalari aurre egingo dion, eta langile klasearen interesak lehenetsiko dituen marko propio bat eraikitzea.

Horregatik, LAB sindikatutik heriotza berri hau salatu eta datozen orduetan istripu berri hau salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu. Adibidez, Zumaian salatuko du gehiengo sindikalak hildako garraiolariaren heriotza, etzi, urriaren 5ean, 12:00etatik aurrera, Erribera kalean.

Ildo beretik, eredu justu eta langileen segurtasuna eta osasuna aintzakotzat hartuko dituen marko propio baten beharra aldarrikatu nahi dugu.

 

 

 

Lanbideko orientatzaileak greban jarraitzen dute zerbitzu publikoaren defentsan

Iraila eta urrian, hainbat greba egun deitu dituzte Lanbiden. Gaur hirugarren greba eguna zuten eta orientatzaileen erdiak baino gehiago jarraitu du. Bide batez, langileek mobilizazioa egin dute Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean pairatzen duten egoera salatuz. Bihar, urriaren 3an kotxe-karabana egingo dute Donostian 10:00etatik aurrera, Antiguo, Mirakontxa-Andiatik buelta, San Martzialeko bulegoa eta Groseko bulegoan amaitu. Lanbideko Groseko bulegoan kontzentrazioa egingo dute 11:00etatik aurrera. Etzi, Gasteizera eramango dute protesta.

LAB eta ELAren oharra:

Lanbideko langileok inork baino hobeto dakizue zein izan den Lanbideren ibilbidea bere sorreratik. Orohar iñolako aurrikuspen eta aurretiazko planifikazio gabe gauzatu zen transferentzia, baita langilegoaren kudeaketari dagokionez ere. Ondoren hartutako erabakiek ere, ez dute planifikazio hobeagorik izan, eta guzti honek eragin latza dauka Lanbidek eskeintzen duen zerbitzuaren kalitatean, eta ikaragarrizko karga zerbitzua eskeintzen duten langileengan.

Orientatzaileen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro errepikatu digu lanpostu berezitu bat dela. Are gehiago, Enplegu Publikoaren Lege proiektuan bertan lan orientazioko eskala baten sorrera defendatu du Jaurlaritzak.

Halabaina, une honetan, lanpostuaren berezitasunaren errekonozimendua baztertu eta postu hauek lekualdatze lehiaketara ateratzeko asmoa du Jaurlaritzak, egungo Lanpostu zerrendan lanpostuaren berezitasun hori errekonozituko duen aurrikuspenik jaso gabe. Honela, Lanbide sortu zenetik orientazio lanetan aritu diren orientatzaileen ia %100 (196 langile) ordezkatua izateko arriskua dago

Hilabeteak daramatzagu Gobernuarekin biltzen eta irtenbide posibleak proposatzen, Gobernuaren aldetik proposamen bakar bat ere jaso ez dugularik. Une honetan, lau sindikatuok aho batez aurkeztutako proposamen garbi, azkar eta juridikoki bideragarria dago mahai gainean: lanpostu zerrendan betebehar jakin batzuk barneratzea orientazio lanpostua bete ahal izateko. Lau sindikatuotako zerbitzu juridikoak ados daude aldaketaren bideragarritasunean. Gobernuak juridikoki eragozpenak ikusten dizkiola esaten digu, baina eragozpen horiek jasotzen dituen txostena sindikatuoi entregatzeari uko egin dio.

Gainera, irtenbide erraz eta egokiena adostu ordez, onartezina den eta orientazio lanpostuaren berezitasuna aitortzen ez duen proposamen bat aurkeztu du. Gobernuak egin duen “proposamenak”, Lanbide zein Administrazio orokorreko langileei eragiteaz gain, beste eremu batzuetako 80.000 langile baino gehiagori eragiten dio (Osakidetza, Irakaskuntza, Justizia…). Mahai Orokorreko akordioan aldaketa hau jasotzeak, ixtea asko kostatu zen ate bat irekiko lioke administrazioari, ez bakarrik Lanbiden edo Administrazio orokorrean, baizik eta gainerako eremu guzti horietan ere, zenbait lanpostu lekualdatze lehiaketatik at uzteko aukerak irekiz. Gobernuaren proposamen honek ez du irtenbide bat bilatzeko helbururik, mobilizazioa desaktibatu eta langileak banatzeko baino.

ELA eta LAB sindikatuok lau sindikatuon babesa duen eta ikuspegi guztietatik egokiena den irtenbidearen alde egingo dugu lan, hau da, lanpostu zerrendaren aldaketaren alde. Horretarako, ezinbestekoa da une honetan mobilizazioetan parte hartu eta lau sindikatuon babesa daukan aldarrikapen konkretu hau gure egitea, bai orientatzaileok eta bai Lanbideko plantila osoa, zeinari elkartasuna eskatzen baitiogun.

 

 

 

Azken lan istripua salatuz kalera irten gara

Irailaren 29an, 33 urtetako langile bat hil zen laneko istripuz Erandion. Bizkaiko Foru Aldundiko Basalan enpresako langile zen. Heriotz hau salatuz, gaur, urriak 3, Bizkaiko Foru Aldundiako langileek kontzentrazioa egin dute “lan istripu gehiagorik ez” lemapean. Gertatutakoan Bizkaiko Foru Aldundiak ardura zuzena duela deritzogu eta beraz egoerak eskatzen dituen neurriak hartzeko exigitu diogu.

Lan istripuak ez dira kasualitatearen ondorio. Gertakari hauen atzean, lan munduan zabaltzen ari den prekarietatea eta langileon segurtasuna bermatuko duten neurri falta daude. Horregatik, behingoz arduraz jokatu eta heriotz hauen atzean dagoen prekarietatearekin amaitu eta prebentzio neurriak ezartzea exigitu diogu Bizkaiko Foru Aldundiari.

 

 

 

Euskal Preso eta Iheslarien aldeko borroka lehentasuneko gaia da sindikatuarentzat


Garai berri bat ireki ahal izateko gatazkaren konponbide demokratikoaren alde lanean jarraitu behar dugu eta horretan jarriko ditugu indarrak. Konponbidea lortzeko bidean presoen eta iheslarien aferari heltzea ezinbestekoa dela uste dugu, horregatik LABek Euskal preso eta iheslarien aldeko borrokan urrats berriak emango ditu. Gaur argi utzi dugu hau lehentasunezko gaia dela sindikatuarentzat.


Herri bezala, zein sindikatuetatik, baita langile bakoitzak ere zer egin eta zer esan handia du afera honetan. Denok urratsak emanez etxeranzko bidean jartzea lortuko dugu. Ainhoa Etxaidek azaldu bezala “sindikatuak ekimen berriak jarriko ditu martxan, garai delako, gure artean nahi ditugulako, ahalegin guztiak egitea zor diegulako”.