2026-07-04
Blog Page 1025

Nafarroako Lehendakariak bere erregea den Antso Itxiera-ren agindu zuzenari uko egin dio

Abenduaren 3an, Nafarroaren egunean, LAB sindikatuak jai egun eta igandeen irekitzearen kontra ekimena egin zuen. Nafarroako egunaren ekitaldiaren bukaeran, Antso Itxiera erregeak Nafarroako Gobernuko Lehendakariarengana hurbildu zitzaion merkatal guneak jai egun eta igandeetan itxita egon daitezen legea aldatu dezan.

Nafarroako eguna ospatu ordez, langileak lan egitera behartuak izatea tamalgarria da. Kezkagarria da Nafar Gobernuak, jai egunaren sustatzailea, jai egunetan lan zentruen irekiera baimentzea.

Foruak aldarrikatzea, gure erkidegoaren legislazio propioa aldarrikatzea suposatu beharko luke, Madriletik inposatutako legeak jarraitu beharrean, gure herrialdean gaur egun dugun beste errealitate ezberdin bat ezarriz.

Jai egunen irekitzeak langileriarentzat eskubideak galtzea suposatzen du, merkatari txikiak haien dendak irekitzera behartuak sentitzen dira eta erritmo hau jarraitu ezinean, askok behin betiko pertsiana itxi eta gizarteari asialdiaren gozamen kaltegarri batera bultzatzen zaio geihegizko kontsumo eredua zabalduz.

Honengatik guztiagatik, Nafar Gobernuari eskatzen diogu merkataritzan jai egun eta igandeetan 0 irekierari lege ematea. Autonomia eskatzea eta Nafarroako Foruen aldarrikapena, gaur bezalako, jai egunaren ez irekitzearekin eskutik joan beharko ziren.
 

 

 


Kezkaz ikusten dugu Osakidetzako informatika zerbitzuaren berrantolatzea

0

Osakidetzako informatika zerbitzuaren berrantolatze prozesuaren aurrean LAB sindikatuak kezka adierazten du. Lehenik eta behin, ohartarazi nahi dugu sindikatuok ez dugula inolako oharpen edota informaziorik jaso gai honen inguruan Osakidetzaren aldetik. Osakidetzako zuzendaritzarengan ohikoa den jokamolde hau, langileon ordezkariontzako mespretxu adierazpena izateaz gain, lan eskubideei dagokionez arriskutsua da erabat, gardentasun ezaren segidan eskubide urraketak baitatoz sarri askotan.

Orain arte Osakidetzaren esku zeuden informatika arloko zenbait azpiegitura eta zerbitzu EJIE enpresak, Eusko Jaurlaritzaren informatika enpresa publikoak, hartuko omen ditu bere gain. Euskal administrazioetako zenbait baliabide informatiko optimizatzea edota bategitea teknikoki zentzuzkoa izan daiteke, baino langileon eskubideei dagokionez atzerapausoak ekar ditzake egoera honek, ez bada orain, etorkizunean. Izan ere, beste hainbat enpresa publikotan gertatzen den moduan, EJIEn ere, administrazio publikoan beharko lukeenaren aurka, gardentasun eza da nagusi, besteak beste langileen kontratazio sistemari dagokionez.

Osakidetzako langile informatikoentzako bestelako berrantolaketak ere prestatzen ari direla jakinarazi die Osakidetzak langile informatikoei. Funtzio aldaketak eta mugikortasuna ekarriko duen berrantolaketa, oraindik ere zehaztu gabe omen daukaten arren. Informatiko kopurua ez handitzeko erabakia ere jakinarazi du, eta hau LAB sindikatuan ez dugu onargarritzat hartzen. Izan ere, Osakidetzako informatika zerbitzuak gero eta proiektu eta lan karga gehiagori egin behar dio aurre, eta etorkizunean egoera hau areagotzea espero da.

Osakidetzak langileon ordezkarioi informatika zerbitzuan eman diren pauso eta aldaketen berri zehatza ematea eskatzen dugu, etorkizunean berrantolaketa hau zehazte prozesuan sindikatuon parte-hartzea bermatzea, eta prozesu guzti honetan langileon eskubideak bermatuak izango direlako konpromisoak adostea jadanik

 

 

 

BAI esaten diogu independentziari

Bihar, abenduak 6, ez dugu ezer ospatzeko, LABentzat lan eguna izango da, datozen urteetan martxan jarri nahi dugun burujabetza prozesuaren alde urratsak emateko eguna. Norabide honetan LAB
 sindikatuak
 bat
 egiten du Independentistak Sareak, independentzia
 aldarri,
 biharko Durangon deitu duen Martxa Berdearekin. Gu ere presente izango gara, ‘Espainiar Konstituzioa kartzela Euskal Herriarentzat. Independentziari BAI’ lemapean, Landako gunetik 12.30ean abiatuko den ekimenean. Euskal langile
 eta herritar orori bertaratzeko deia luzatzen diegu.

BAI esaten diogu Independentziari. Espainiako konstituzioa kartzela da Euskal Herriarentzat, eta, beraz, Estatuari lotzen gaituzten kateak apurtzeko garaia da. Oraindik indarrean diren auzi juridiko-politikoekin behin-betiko amaitu, euskal presoak etxera ekarri, gatazkaren ondorioak gainditu eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko garaia da. Herri independiente batean bizi nahi dugunok, inori baimenik eskatu gabe, gure bidea egin behar dugu.

Espainiar konstituzioa kartzela da, bereziki langileontzat. Botere ekonomikoari gure eskubideak suntsitzeko bidea erraztu zaio; krisia aitzakia hartuta, gure eskubide sozial eta laboralak txikitu dituzte. Eta, datozen urteetan ere, PPren gobernuak bide beretik jarraituko du. Aplikatzen ari diren politiketan ez dago irtenbiderik; langileontzat ez, behintzat.

Euskal Herriak bere prozesu propioa egin behar du. Eta lortuko dugu egoera berrietarako bidea, gure kabuz egitea erabakitzen badugu. Lortuko dugu, bidea gure ekimenetan oinarritzen badugu. Posiblea da, burujabetzaren alde gaudela esaten dugunok iniziatibak hartzen baditugu, herri hau martxan jartzen badugu.

LAB aktibo izango da borroka honetan, eta euskal langileria ere martxan jarriko du. Datozen 2-3 urteetan burujabetza prozesua martxan jartzea dugu helburu, eta, horretarako, borroka sindikala indartuko dugu lantoki, hiri zein herrietan langileok burujabetza prozesuaren aldeko palanka izateko.

Erabakitzeko, eraldatzeko, eraikitzeko, herri libre eta justu baten bidean aurrera egiteko, guk, euskal langileok, independentziari BAI esaten diogu.

 

 

 

PPk murrizketa berria ezarri die pobreenen nominei

Pasa den ostiraleko Ministroen Kontseiluan, PPren Gobernuak ia oharkabean pasa den erabaki bat hartu zuen, Gizarte Segurantzaren kotizazioak igotzea. Igoera hau beste moduren batean egin izan balitz bere logika edukiko luke, baina Rajoyk nahiago izan du gehiago kobratzen dutenei “laguntzen jarraitzea”, Gehienezko Oinarriaren kotizazioak %3 soilik igoz, igoera erridikulua. Bien bitartean, nomina baxuenak eta Gutxieneko Oinarria dituztenei, %8 igo dizkiete
kotizazioak.

Honek aizkorakada bat suposatuko du gero eta soldata baxuagoak jasotzen dituzten milaka pertsonen nominetan.
Kotizazioak %8 igotzerakoan, euren nominak modu nabarmenean murriztuko dituzte, etorkizunean kotizazio gehiago
izango duten arren. Hala ere, itzelezko soldatak jasotzen dituztenentzako eta orain arte hilean 3.642 eurotako kotizazio
“topea” zutenentzako, apalagoa izango da igoera, %3 baino ez, hortaz, ez dute diru-kutxa publikoetan ingresatuko
hilabetero topearen gainetik kobratzen duten guztiagatik eta horrela, pentsio pribatuak ziurtatzen jarraitu ahal izango dute,
eurek soilik.

PPk koska bat estutu du egoera gutxien dutenentzat eta askoz igoera apalagoa ezarri die aberasten ari direnei. Honek
erakusten du eskubitako Gobernu honen apustua ez dela langile guztien pentsioak bermatzea. Aukera zezakeen, eskatzen
ari garen moduan, kotizazio topeak kentzea eta horrela, gehien kobratzen dutenek euren diru-sarrera guztiengatik
kotizatuko lukete Gizarte Segurantzen eta diru-sarrera gehiago egongo litzateke, eta horrela pentsioak bermatu ahaliko
lirateke, baina Rajoyk aberatsei laguntzearen alde egiten du.

Guzti hau gertatzen da, gainera, pentsioen inguruko eztabaida mahai gainean dagoenean. Bermatu behar direla
diogunean, orain zein etorkizunean, eta Gizarte-Segurantzaren diru-sarrerak igotzeaz. Hala ere, pobreenak gehiago
zigortzearen eta aberatsenak laguntzearen alde egiten du PPk. Guzti hau, ez dezagun ahaz, laguntza gehigarria da,
beharko luketena ez kotizatzean, pentsio pribatuak berma dizakete, ematen baitu horixe dela gobernu honen helburua,
pribatizatzea.

Beste behin, neurri guzti hauek erakusten dute urjentea dela burujabetza izatea, hemen erabaki ahal izateko, Estatuak
inposatzen dituzen honen antzeko neurriekiko menpeko izan gabe, aberatsenek dagokiena ordain dezaten modu justuago
batean.

LABetik beharrezkoa eta urjentea dela uste dugu Euskal Herrian Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propio eta
Publikoa martxan jartzea, orain zein etorkizunean, bermatuko duena pentsiodun guztiek euren pentsioa kobratuko dutela
eta pentsio hauek bizitza duina bermatuko dutela, urte luzeak lanean ibiliz gero, jubilaziora heltzen denean.

 

 

 

Gorabide elkarteko langileek mobilizazioei ekin diete


Gorabideko elkarteak Bizkaian desgaitasun intelektuala dutenei laguntzen egiten du lan. Bertako langileek asanbalda egin zuten abenduaren 1ean eta bertan, enpresak egindako azken proposamena aztertu zuten. Honek ez du azken 5 urteotako eros-ahalmenaren galera konpentsatzen, eta ez du du langileen proposatutako inolako hobekuntza sozialak onartzen. Proposamen honi ezezkoa ematea erabaki dute langileek eta mobilizazioei ekitea. Lehena, gaur izango da, Gorabide elkartearen egoitzaren aurrean.

12:45etatik aurrera protesta egin dute langileek txilibitu eta bozinaz hornituta. Eskuorri informatiboak banatu dituzte kaletik pasatzen zirenen artean. Hauetan, Bizkaiko Foru Aldundiak Gorabide azpikontratatzen dutela aipatzen zen, elkartearen barruko hainbat egoera bidegabe zerrendatuz: kudeatzaile eta zuzendariak hitzarmenentik kanpora, “hatzamarrez” kontratatutako konfidantza postuak, giltzapean izkutatutako lankidetza hitzarmenak, ordezkoen boltsa arautzeari ezezkoa ematea…

 

 

 

Aldaketa euskaraz egiteko garrantzia aldarrikatu dugu

Euskararen Nazioarteko eguna ospatu berri dugun honetan LABek euskararen normalizazioaren aldeko konpromisoa adierazi nahi izan du. Urtero egiten den euskal liburu eta disko azokaren harira Durango euskaltzalez betetzen dela baliatuz, LAB sindikatuak kontzentrazioa egin du “langileok aldaketa euskaraz” aldarrikatuz.


 

 

 

Pobretu eta prekarizatu egiten gaitu Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatak

Igoera eman bada ere, LABentzat ez da nahikoa. Gure aldarrikapena 1.200 eurotan kokatua dago egun, Estatu espainolak ezartzen duen gutxieneko soldata, aurtengo igoera barne, oso baxua delako euskal langileriarentzat.

Baxua da Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata, Hego Euskal Herriko soldatak Estatu espainoleko soldatekin alderatuz, %13 altuagoak direlako (bataz beste). Hortaz, Hego Euskal Herrian ordainsari duina eta onargarria bermatzeko eginkizuna betetzeko orduan, Espainiako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren ezintasuna are nabarmenagoa da.

Alor soziolaboralean Espainiako Estatuarekiko dugun menpekotasun politiko-administratiboak mugatu, pobretu eta
prekarizatu egiten gaitu. Estatutik inposatzen zaigun Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata hain baxua izatea, ezin da aitzakia edota arazo gisa erabili hortik gorako gutxieneko soldatak defendatzeko. Ez dago muga legalik hortik gora ordaintzeko, patronalaren borondate falta baizik. Eroso daude eta, ahal izanez gero, are eta gutxiago ordainduko lukete.

Bukatzeko, Hego Euskal Herriko erakundeei esparru sozio-laboral propioa lortzeko konpromiso sendoa hartzeko eskatzen
diegu. Berton erabaki eta zehaztu nahi ditugu gure enplegu eta babes sozialerako politikak, berton bizi eta lan egiten dugun heinean.
 

 

 

“Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko”

LABek SEPE zebitzuaren aurka salaketa jarri du, prebarikazio delitu bat leporatuta, kartzelatik irtetzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatzeagatik.

"Gaur salatutako hau beste adibide bat da aspalditik esaten ari garenari buruz: Estatu espainolak ez du inongo borondaterik bake prozesuaren alde egiteko eta gatazka konpontzeko; mendekua du oinarri eta, horrenbestez, gatazkaren logika elikatzen ari da". 

LABeko Exekutiboko kide Arantzi Sarasolaren hitzak dira hauek, Bilbon gaur egindako agerraldiaren harira. Hain zuzen ere, sindikatuko kideak SEPEren aurka jarritako salaketaren berri emateko agertu dira komunikabideen aurrean, Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzuek kartzelatik ateratzen ari diren euskal preso politikoei legez dagozkien diru laguntzak ukatu eta gero. Prebarikazio delituagatik jo du epaitegietara LABek.

Salaketak SEPEko Bizkaiko Probintzi Idazkaria izango du jomuga, baina eduki eta izaera bereko ebazpenak hartu dituzten edo har ditzaketenen kontra ere egingo du sindikatuak; beste Probintzi Idazkari zein SEPEren erabakiaren jatorrian leudekeen funtzionario edo autoritate orori zabaldu litezke salaketak, bai ebazpen horien izapidetzan beharrezko laguntza edo sostengua emateagatik edo berrikusteko duten legezko betebeharra ez betetzeagatik.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak SEPEren jokabidearen kontra ebatzi du; hala ere, diru laguntzak ukatzen jarraitu du Bizkaiko idazkariak. LABeko ordezkariek jakinarazitakoaren arabera, idazkariarekin jarri dira harremanetan, eta jaso duten argibide bakarra "Madrildik datozen aginduak" betetzen ari dela izan da.

Arantzi Sarasolaren arabera, SEPEk aurrera eramandako halako erabaki bat ez da Estatuaren babesik gabe hartzen: "Ezin dugu ezer ere espero Estatu espainoletik, ezta estatu frantsesetik ere. Euskal eragileon gaitasunari esker lortuko dugu gatazkaren konponbide osoa. Era berean, mobilizatzeko dugun gaitasuna giltzarria izango da presoak etxera ekartzeko eta euren eskubide guztiak errespetatzeko".
 

 

 

Langabezia behera, prekarietatearen gorakadaren kontura

Azaroan 3.261 pertsonetan egin zuen behera Hego Euskal Herrian langabeziak. Egun, 176.616 pertsona daude langabezian lau herrialdeetan, enplegu zerbitzu publikoetan izena emanda.

Hala ere, Gizarte Segurantzaren afiliazio datuek argi uzten dute enpleguaren bilakaera ez dela hain baikorra izan, aurreko hilabetean baino 1.267 pertsona gehiago daude afiliatuta. Honek harremana izan dezake lana aurkitzeko esperantza galtzeak sortzen duen etsipenarekin eta enplegua modu aktiboan bilatzeari uztearekin.

Horrela, estatistika ofizialetan agertzen ez den ezkutuko langabezia boltsa egon badagoela ikusten dugu, eta konprobatzen dugu epe luzeko langabeziaren eragina gero eta handiagoa dela eta kronifikatzeko joera duten bazterkeria egoerak islatzen dituena.

Honen ondorioz, eta PPko gobernuak onartutako erreformez ondorioz, langabeziagatiko estaldurak beheranzko joerarekin jarraitzen du eta egun, langabetuen %30ak soilik jasotzen du langabeziagatiko prestazioren bat.

Beste alde batetik, sortutako enplegua oso kalitate kaskarrekoa da, sinatutako kontratuen %93 baino gehiago aldi baterakoa delako eta %40a lanaldi partzialekoa.

Hortaz, enpleguaren berreskurapena desiragarri litzatekeena baino geldoagoa izaten ari da, baina onartezina ere bada bere izaera prekario eta desegonkorrari erreparatzen badiegu, eta miseriazko soldatei ere.

Zentzu honetan, beharrezkoa da gure ekintza sindikalaren oinarria prekarietatearen kontrako borroka eta eredu ekonomikoaren eraldaketan mantentzea, agenda politikoan ere presente egon behar den konpromisoa.