2026-09-10
Blog Page 1015

La Milagrosa ikastetxeko hezkuntza proiektua eta langileak defendatu ditugu Gasteizen


LABek elkarretaratzea egin du gaur Gasteizen, ‘La Milagrosa aurrera! Hezkuntza proiektua eta langileak bat" leloarekin. Gasteizko Legebiltzarraren kontrol plenoaren harira egin dugu protesta, gaiari buruz Hezkuntza sailburuari egin beharreko galdera dela eta. Ikastetxeko hezkuntza komunitateak, bere aldetik, Barakaldon egingo duen manifestaziora deitu ditu herritarrak arratsalderako. 

Barakaldoko La Milagrosa ikastetxea ixteko arriskuan dago, eta erabaki horrek 40 irakasle kaleratzea ekarriko luke, besteak beste. Gasteizen egindako protestaren ostean, gaur arratsaldean, manifestazio bat egingo dute Barakaldon, ikastetxeko hezkuntza komunitateak deituta (gurasoek eta langileek). 17:00etan, bi zutabe abiatuko dira; bata La Milagrosatik eta bestea, Rontegi ikastetxetik. Bi zutabeak batu eta elkarrekin abiatuko dira Barakaldoko Herriko Plazara. Bertan, 18:00ak inguruan, adierazpen bat irakurriko dute bi ikastetxeetako ordezkariek.

Manifestazioak ‘Gure hezkuntza proiektuak defenda ditzagun. La Milagrosa ez itxi!’ leloa izango du.
 

 

 

Alegazioak aurkeztuko dizkiogu EAEko Hezkuntzako LEP deialdiari, langileen egonkortasuna hobetzeko helburuarekin

0

Honako alegazioak aurkeztu ditugu: euskarazko gaitegiak argitaratzea; azterketak euskaraz izatea; objektibotasuna bermatze aldera idatzizko azterketak test bidezkoak izatea; prozesuan erreklamazioak bideratzeko prozedura gardena zehaztea; balorazioan erabiliko diren irizpideak denboraz aldez aurretik argitaratzea; irakasle gisa ikasleekin urtez urte egindako lan esperientziari balio gehiago ematea; ordezkoen zerrendak irekitzea; oposaketak ez dira zerrendetan sartzeko bidea.

Urtarrilaren 25ean EAEko Hezkuntzako Mahai Sektoriala izan genuen administrazioarekin irakasleen oposaketen gaia lantzeko. Guk berriro ere aurreikusitako lanpostuak ondorengo deialdi baterako gordetzea aldarrikatu dugu. Alde batetik, ez dira langileak kontuan hartzen. Abenduaren bukaeran iragartzen da, ez dago Heziberrin oinarritutako gaitegirik argitaratuta, programazioak aldatu behar dira… Argi dugu, ez direla baldintza minimoak betetzen halako prozesu bati aurre egiteko.

Bestetik, lan eskaintza honek ez dio egonkortasunaren arazoari ekarpenik egiten. Jubilatutakoen plazak besterik ez dira ateratzen eta beraz, langileen behin behinekotasun tasa (ia %40) mantentzeko besterik ez du balio. Hala ere, prozesuarekin aurrera egiteko asmoa agertu du Hezkuntza Sailak. Horren aurrean, guk langileen eskubideen eta gardentasunaren alde egingo dugu.

Urtez urteko inprobisazioa alde batera utzi eta egiturazko arazoari irtenbidea emango dion kontratazio eta sarbide eredua adostea beharrezkoa da. Langileen eta zentroetako plantillen egonkortasuna beharrezkoa da.

 

 

 

Garoña ixteko eskatuko dugu bihar, Bilbon

0

Denon inplikazio eta konpromisoa behar da Garoña ez zabaltzeko. Hau aldarrikatuz hainbat elkarte, sindikatu eta alderdik dei egiten diegu euskal herritarrei otsailaren 4an, larunbatean, Bilboko Euskadi Plazan 12:30etan egingo den kontzentrazioan parte hartzera. Ondoren, giza kate bat egingo dugu Euskadi plazatik Sabin Etxeraino, Errekalde zumarkalean dagoen PSOEren egoitzatik pasatuz.

Ezinbestekoa da Garoñaren gaia lehentasunez alderdi guztien agendan sartzea. Horregatik mobilizazio honen helburua Garoña ez zabaltzeko denon benetako inplikazio eta konpromiso eskatzea da. Horrez gain, Garoña zabalduz gero, udal, aldundi, Jaurlaritza, enpresa eta herritar guztiei Iberdrolan betiko baja emateko konpromisoa eskatzen diegu, edo portabilitatea oraintxe bertan egitea, Garoña ixteko eskaerari indar gehiago emateko.

Ekintza hau Lisboan burutuko den Nazioarteko Biltzar Antinuklearrarekin batera egingo dugu. Bertan, inguruko estatuetako ekintzaileek zein hautetsiek hartuko dute parte. Gaur egun Portugalen ez dago zentral nuklearrik baina Extremadurako Almaraz oso hurbil dute eta energia nuklearrari buruzko eztabaida publiko handia dago han, espainiar estatuan ez dagoena. Nuklearrei baimena luzatu nahi diete 40tik 60 urteetara eta ez dute eztabaida hau ematerik nahi.

Txernobil eta Fukushimako 800.000 hildako eta 700.000 milioi euroko galerak eta gero, argi esan nahi dugu ez dugula hemen antzekorik nahi. Egin dezagun denok portabilitatea behingoz energia berriztagarria saltzen duten enpresetara.

 

 

 

Ainhoa Etxaide: “Pertsonak jarri behar dira politikaren erdian, ez merkatua”


Sindikatu eta eragile sozialetako hainbat ordezkarik giza-kate bat egin dute gaur Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta. Hain zuzen ere, Lanbidek Bilbon duen egoitzatik Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzarainoko bidea egin dute, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak gizarte politika alda dezala eskatzeko. Murrizketak salatu eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) Gutxieneko Soldata (SMI) bezain beste igotzea aldarrikatu dute. "RGIa, Euskal Herrian egindako bokorrokarekin lortu dugun eskubidea, errespetatzea eta hobetzea eskatzen dugu", adierazi du LABeko idazkari nagusiak.

LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du: "Hauteskunde kanpaina amaitzen denean, diskurtsoak alde batera uzten direnean, politikak egin behar direnean, gobernu batek nor babestu eta nor zainduko duen erakusten du lehenik. Eta Eusko Jaurlaritzak, EAJk eta PSE-EEk, berriro erakutsi dute merkatua izango dela babestuko duten bakarra, pertsonak beharrean". Ildo honetan, LABen aldarria zein den berretsi du: "Pertsonak jarri behar dira politikaren erdian, ez merkatua".

Prekarietatea ez dela lan baldintza kaskarretara bakarrik mugatzen ohartarazi du. "Langileak biluzik uzten dituen sistema bat da prekarietatea, eskubiderik gabe, prestaziorik gabe, merkatuaren eta enpresarien esku. Horrek pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak sortzen ditu", azaldu du Etxaidek.

Egoerari nola aurre egin argi du sindikatuak. "2008 eta 2014. urteen arteko alderaketa eginez gero, desberdintasunak handitu egin direla ikusten dugu, daukaten eta ez daukatenen artean. Horri politika sozialekin, babes sozialarekin eta prestazio sozialekin aurre egiten zaio. Pobreziaren kontra borroka dezatela eskatzen dugu, neurriak badaudelako. Neurri horiek har ditzatela eskatzen dugu", erantsi du Etxaidek.
 

 

 

Premiazkoa da enplegua lehentasun gisa ez duen eredua borrokatzea

Jakitera eman dute gaur langabe kopuruen datua, urtarrilari dagokionez. Egun, 180.319 pertsona dago langabezian Hego Euskal Herrian enplegu zerbitzu publikoek dituzten bulegoetan izena emanda. Gabonetako eta beherapenen kanpainen amaierak urtarrileko langabeziaren gorakada ekarri dute, horrela, aurreko hilabetean baino 4.101 langabetu gehiago dago.

Erregistratutako langabeziaren bilakaeran ez du azken hilabetean galdu den enpleguaren benetako bolumenaren berri ematen. Zehazki, Gizarte Segurantzaren datuek adierazten dute 12.500 pertsonetan egin duela behera afiliazioak. Honen arabera, erregistratutako langabeziaren gorakadak erakusten duena baino handiagoa izango litzateke enpleguaren suntsiketa.

Honek argi adierazten digu beste behin sortutako enplegu berriak prekarioak eta ezengonkorrak direla, eta beraz, oso hauskorrak. Horregatik da horren garrantzitsua berriz gogoratzea enpleguaren sorrerari dagokionean kantitatea garrantzitsua dela, baina kalitatea, funtsezkoa.

Enpleguaren kalitatea txarrak erantzule politiko eta ekonomikoak ditu, baina batez ere, asko dio patronalaren “kalitatea” eta bere enpresa ereduaz.

Horregatik irizten diogu egungo prekarietatearen krisiaren aurrean premiazkoa dela ahalegin guztiak bideratzea enplegua lehentasun moduan ikusten ez duen eredu sozioekonomikoa borrokatzera. Eredu honen arabera, prekarietatea da lana lortzeko bide saihestezina.

 

 

Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu alarguntza-pentsioa %8 igotzea

Harriduraz eta etsipenez jaso ditugu Nafarroako gizarte politiketako presidenteorde Miguel Laparraren adierazpenak. Alarguntza-pentsioa ez dutela %8 igoko iragarri du, Nafarroako Parlamentuak Gutxieneko Soldatarekin (SMI) parekatzeko erabakia hartu zuenean. Murrizketa hau onartezina litzateke, LABen iritziz; Geroa Bai buru duen Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren antzera jokatuko luke horrela, foru eskuduntzak dituela onartu arren. Alarguntza-pentsioa ez igotzeko, Laparrak Rajoyren Gobernuaren atzean ezkutatu nahi du, baina argudio hori aitzakia bat besterik ez da, eta ezin dugu onartu.

LAB-Pentsiodunak arloak ohar bat argitaratu du Miguel Laparraren iragarpena salatzeko. Espero dugu Nafarroako Gobernuak gizarte politiketako presidenteordearen adierazpenak zuzentzea eta alarguntza-pentsioa Gutxieneko Soldataren (SMI) pare igotzea.
 

 

 

Justizia aldarrikatu dugu inpunitatearekin amaitzeko

1976ko martxoaren 3ko hilketengatik Arabako Batzar Nagusiek aurkeztutako kereila artxibatu egin du Gasteizko 3. Intsrukzio Auzitegiak. Halako erabaki judizialen aurrean, LABetik nabarmendu nahi dugu borrokatzen jarraitu behar dugula, inpunitatearen aurka eta justizia sozialaren alde. Era berean, elkartasuna adierazi nahi diegu biktima eta senitartekoei, eta martxoaren 3ra begira langileak mobilizatzeko gure konpromisoa berretsi nahi dugu, inoiz baino arrazoi gehiagorekin.

Gasteizko 1976ko biktimek inoiz ez dute egia, justizia eta erreparazioa jaso Espainiako Estatuko instituzio politika edo judizialetatik, 41 urte hauetan . Egoera honek diktadura frankistari lotuta dagoen 78ko erregimenaren kalitate demokratiko eskasa adierazten du.

LABetik beti esan dugu poliziaren ekintza hura, elizan tiroka sartzen eta bost langile hil eta ehun baino gehiago zaurituz, benetako ekintza terrorista izan zela, gizarteriaren aurkako delitutzat hartzeko modukoa. Arrazoi politiko garbiak izan zituen ekintzak: benetako haustura demokratikoa eta gehiengo sozialaren aldeko aldaketa sakonak ekidin.

 

 

 

24 orduko lan uztea egingo dute EuskoTrenen, martxoaren 1ean

0

EuskoTreneko batzorde iraunkorrak 24 orduko lan uzte bat iragarri du martxoaren 1erako. Egun horretan, greba eskubidea defendatu zutenen aurkako epaiketa egingo dute.

EuskoTreneko batzorde iraunkorrak ohar hau kaleratu du:

Urtarrilaren 24an Batzorde Iraunkorra bilduta, bai Batzorde Iraunkorrari zein EuskoTrenen ordezkaritza duten sindikatuei eta burutzera iritsi ez zen grebaren Greba Batzordea osatzen zutenei egindako eraso antisindikalari aurre egiteko ekintza sorta adostu zen.

Batzorde honek ez du greba eskubidearen aurkako inolako erasorik onartuko. Greba langileon funtsezko eskubidea da. Ezin dugu epaitegietara eramanda berau manipula dezaten onartu. EuskoTrenen Zuzendaritzak abiatutako ekimenak langileon eskubideak zapaltzea du helburu, gizarte demokratikoan onartezina dena.

Lehen ekintza gisa Zuzendaritzari harreman-etete idatzia bidaltzea adostu zen. Etzuen zentzurik bileretara ezer gertatuko ezpalitz bezala joateak, eta horrelako egoeran negoziazio gaitasuna ezbaian jarria dago. Ezin da horrelako harritzarra gainean dugula negoziatu. Halaber, honako proposamenak ere berretsiak izan ziren:

– Martxoaren 1ean burutuko den epaiketa egunean 24 orduko lan uztea eta enkartelada epaitegi atarian.

– Enkartelada batekin batera federazioen prentsaurrekoa, pairatutako erasoa salatzeko (data zehazteke).

Epaiketa dataren aurretik enkartelada gehiago egiteko datak adostea zintzilik geratuko litzateke.
 

 

 

Zazpi neurri aurkeztu ditugu eztabaida sozialaren iruzurrari aurre egiteko

0


Azken egunotan UGT-k, CCOO-k eta CEN-k, haien egiturak ordaintzeko, diru publikoa erabili izanaz argitaratu den informazioak denok ezagutzen genuen sekretua baieztatu du: UPN-k legez kontra finantzatu zituen aipatu eragileak, erregimenarekiko atxikimendua lortze aldera. Horixe da gaur LAB sindikatuak adierazi duena, Nafar Lansareko egoitzaren parean.

Nafar Lansaren LABeko ordezkaria den Imanol Karrerak eta Nafarroako bozeramaile Igor Arroyok honako zazpi proposamen zehatz hauek erregistratu dituzte.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokionez:

-Eskatzen dugu Nafarroako Enplegu Zerbitzuak edo bertzela, Nafarroako gobernu berak ekin diezaiola UGT-k, CCOO-k eta CEN-k funtsa publikoak erabili izanaren harira, administrazio espedienteari. Uste dugu Nafarroako Gobernuak ez dezakeela aurreko egoera gainditutzat eman, eta ardurak eskatu behar dituela, bidegabe edo zilegitasunik gabe erabili dirua itzultzea barne hartuz.

-LABek eskatuta, UGT-rekin eta CCOO-rekin lotu hitzarmen arauemaileak deuseztatu badira ere, Gobernuak, batez ere, eusten dio laneko prestakuntza eta orientabideko zerbitzuak azpikontratatzeari, norgehiagoka bidez. Horrela, UGT-k eta CCOO-k jarduera horien alderdi bat kudeatzeko aukera izan dezakete. LABen iritzian, administrazio espedientea ebatziko ez den bitartean, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi behar die UGT-ri, CCOO-ri eta CEN-ri programa publikoen esleipen berri oro.

-Berresten gara eraginkortasun, efizientzia eta gardentasun bermerik onena lanbide prestakuntza eta orientabideko sare publikoa garatzean datzala, azpikontratazioen politikarekin amaituz. Nafarroako Gobernuak onartu zuen, LABek eskatuta, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutu berrituetan sare publikoaren funtsezko ardatz eratzailearen izaera, baina bi aurrekontu-ekitaldietan, %23tik %27ra bakarrik handitu da. Aurtengo urtea erabakigarria izanen da 2018. urteko aurrekontuetan aurrera egin nahi bada. Xede horretan, proposatzen dugu berariazko Batzordea sortzea, horretan ardura izan dezaketen eragile guztiez osatua. Sare publikoa aipatu ildoan garatuko ez balitz, LABek utziko luke Nafarroako Enplegu Zerbitzua.

Nafarroako Parlamentuari dagokionez:

-Gobernua sustengatzen duten taldeei eskatzen diegu Ikerketa-batzordea sor dezatela Parlamentuan. LABen ustez, Gobernuak hasi beharko lukeen administrazio espedientearen ekimen osagarria dugu. Ikerketa-batzorde horren xedea balizko “Eztabaida Sozialaren” estalduran Nafarroan garatu zen eredu klientelarraren ardura politikoak ebaztea litzateke.

-Honez gain, Gobernua sostengatzen duten taldeei eskatzen diegu Nafarroako Eztabaida Sozialaren Kontseiluaren sorrera agintzen zuen 22/2014 legea indargabetzeari ekin diezaiotela, klientelismoan eta funtsa publikoen erabilpen bidegabean oinarritu eztabaida sozialaren eredua instituzionalizatzea dakarrelako.

Garapen Ekonomikoaren Sailari dagokionez:

-Nafarroako Gobernuari egin eskaeran berresten gara, lanerako sarbidean ematen den bazterkeria oro gainditzeaz ardura dadin, batez ere, UGT-ri eta CCOO-ri afiliatuak dauden gizonak nagusiki kontratatzen diren industriako enpresetan. VW-eri dagokionez, asmo-aitorpena lotu bada ere, enpresak oraindik ez du bermerik eskaintzen aukera berdintasuna berma dadin. Gure ustez, Ekonomia Garapen Sailaren sustapena oinarrizkoa gertatuko da alderdi hau egokiro ebatz dadin.

-Funtsezkoa deritzagu UGT-ren eta CCOO-ren gainfinantziazioak hauteskunde sindikalen emaitzetan izan duen eraginari buruzko azterketa egiteari. Prestakuntza eta enpresa askorako sarbidea kontrolatzean, nahiz proselitismoa egiteko baliabide publiko ugari haien esku izatean, UGT-ren eta CCOO-ren ordezkaritza sindikala puztu da toleski.