2025-12-27
Blog Page 1013

Langabeziagatiko estaldura tasa %31tik behera dago

Ekainean Hego Euskal Herrian erregistratutako langabeziak behera egin zuen. Beraz datu ofizialen arabera 184.083 pertsona daude langabezian, maiatzan baino %2,7 gutxiago. Bestalde, %55 emakumek dira. Datu hauen atzean dagoena salatu beharrean gaude, hau da, langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa geroz eta ahulagoa da.

Langabeziaren bilakaera hau udako denboraldiari lotutako faktoreek lagundu dute, horregatik ondorioak nagusiki zerbitzuetako sektorean nabaritu dira. Hala ere, enplegu berrien ezaugarriek jada oso prekarizatutako lan eredua larriagotzen jarratitzen dute.

Hain zuzen ere, ekainean sinatutako lan kontratuen %94 aldi baterako kontratuak dira eta oso epe laburrekoak. Zentzu honetan, gogorarazi behar dugu, INEk argitaratu berri duen Soldata Estrukturaren Inkestaren arabera aldi baterako kontratua duen pertsona baten soldata kontratu mugagabea duen batena baino %35 baxuagoa dela.

Zabor enpleguen eta miseriazko soldaten zabaltzeak pobrezian egoteko arriskua areagotzen du eta bazterketa egoerara darama geroz eta kapa sozial handiagoa.

Bestalde, lan baldintzen kaxkartzeak, baita soldatena ere, Gizarte Segurantzako kontuetan eragin zuzena du eta ekainak 26ko hauteskundeetatik irtengo de Gobernua finantziaziorako formulak topatzera behartuta egongo da. Baldintza honek alerta egoeran kokatzen gaitu datorren kurtsoari begira.

Eta amaitzeko, salatu beharrean gaude langabeziagatiko babes sistemak eskaintzen duen estaldura tasa geroz eta ahulagoa dela. Gaur egun, langabezian daudenen %31ak baino gutxiagok jasotzen du langabezia prestazioa, honek 131.000 pertsona inguru langabezia estaldurarik gabe uzten ditu.

 

 

 

Guggenheimeko langileek beharrezko jotzen dute prekarietateari aurre egingo dioten neurriak hartzea


LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari gutuna bidali die, baita Bilboko Udalari eta Enplegu Sailburua den Angel Toña jaunari ere, laster egingo den lizitazioan dagozkion klausulak sar ditzatela eskatuz, subrogazioa eta MANPOWER GROUP SOLUTIONS enpresan diharduten orientatzaileen, hezitzaileen eta azpikontratatutako laguntzaileen egonkortasuna eta enplegu kalitatea berma daitezen.

Guggenheim Bilbao Museoa osatzen duten pertsonen iritziz beharrezkoa da, hurrengo lizitazioen harira, Hezkuntza eta Interpretazio Zuzendariordetzari nahiz Guggenheim Museo Fundazioaren Patronatuari jakinaraztea egun jasaten ari diren baldintza kaskarrean lan egin beharrak sortu duen ezinegon orokortua eta haien lan baldintzak hobetu eta bermatuko dituzten akordioak lotzeko beharra.

Museoak urteak daramatza zerbitzuak kanpoko enpresen bidez eskaintzen (gure lantaldearen zeregina duela lau urte externalizatu zen). Horrek hainbat ondorio ekarri ditu berekin. Erakundeak zein enpresa publikoak edota pribatuak, behin zerbitzua kanpora eramanda, langile horietaz ahaztu ohi dira.
Arazoak daudenean eskuak garbitzen dituzte, eta behin eta berriz desbideratzen dituzte haien arazoak azpikontratetara. Azpikontratazioak lan baldintzak kaskartzea dakar; prekarietatea areagotu egin da lan erreformarekin.

Enpleguaren egonkortasuna galduz, kontratak izan dezakeen iraunaldiak baldintzatzen gaitu, eta krisialdiaren eraginez erakundetan ematen ari diren murrizketekin, lanpostuak suntsitzen eta murrizten dira azpikontratetan.

Lizentziaturako titulazioa, hizkuntzak, esperientzia, balio-aniztasuna eta ordu-prestasuna eskatzen zaion talde batez ari garela kontuan hartuz, beharrezkoa da zerbitzua baldintza duinez hornitzeko neurriak hartzea.

Zerbitzua egiten duen enpresarekin lan baldintzak itundu behar badira ere, uste dugu ere, museoak eta bere Patronatuak, haren esleipen pleguetan, ezarri behar dituela bete behar diren gutxiengoak eta laster egingo diren lizitazioan, dagokion partida ekonomikoaz hornitu beharko dituela.

Honen helburua, museoak eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea nahiz zerbitzua eskaintzen duen enpresan ematen diren lan baldintzak hobetzea izango da. Hortaz, beharrezkoa deritzogu gaur egun jasaten dugun prekarietate egoerari aurre egingo dizkioten ekimenak ekiteari.

Azken hilabeteotan ezagunak eta agerikoak dira honelako egoeretan ematen diren jarrera geldoek dakartzaten zorigaiztoko ondorioak. Horregatik hau bidaltzen eta idazten dizuegunon ardura publikora eta instituzionalera eta “Euskal Herriko ekonomiaren berpizkundearen kultur ikurra” (haren estatutuetako 5. artikulua) izan nahi duen horrengan jotzen dugu, ez dadin bere langileen lan baldintzen prekarietatean oinarritu, baizik eta kalitateko enpleguaren defentsan, haren langileen onarpenean eta lan baldintzak duintzean; horrek guztiak, zalantzarik gabe, zerbitzua hobea ekarriko du eta museoak duen irudia, Euskal Herrian zein atzerrian, hobetuko du.

 

 

 

Lan mundua euskalduntzeko egindako ekarpena saritu du Bai Euskararik

Pasa den ostiralean, uztailak 1ean, Bai Euskarari Sariak 2016 banatu ziren Donostian. LAB sindikatuak ekitaldian parte hartu zuen, beste eragile sozial, enpresa eta norbanakoekin batera. Eremu soziekonomikoan eragin eta lan munduko subjektu ezberdinen arteko elkarlanean Bai Euskarari ziurtagiri Elkarteak urteetan zehar egindako lana balioan jartzeko baliatu zuen.
 

Kalea guztiona dela adierazi dugu Mobilizazioak Mozal legearen urteurrenean

0


Urtebete pasatu da Mozal Legea indarrean sartu zenetik, eta Herritarren Kriminalizazioaren aurkako Plataformak mobilizazioa egin du gaur goizean Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, Plaza Eliptikoan. Deitzaileek adierazi dute “batetik, eskubide sozialak lapurtzen dizkigute, bestetik eskubide horien alde borrokatzeko eskubidea kentzen digute”.

Gaineratu dute “beldurra, zigorra, errepresioa gailentzea eta kaleak hustea” dutela xede, “baina guk elkartasunean oinarritutako gizarte baten hazia daramagu bihotzetan, eta egunerakotasunean uzta jasotzen ari gara”.

“Kalea herritarron lekua da, bizilagunen arteko antolakuntza eta elkarlaguntzarako joerak biderkatzeko unea da. Ez bagara gu nortzuk? Ez bada orain, noiz?”

Donostia, Gasteizen eta Iruñean arratsaldean egingo dituzte mobilizazioak.

 

MOBILIZAZIOAK HIRIBURUTAN

No a las leyes mordaza. Lege injustuak desobeditu

 

 

Azken heriotz istripua salatu dugu lan ikuskaritzaren aurrean

0


Ekainaren 28an langile bat hil zen lan-istripuz Erandion, LIDL enpresako berritze lanetan ari zela. Istripu eta heriotz hauek lan munduan gero eta gehio zabaltzen ari den prekarietatearen ondorio dira. Horregatik ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek, BIlboko Lan Ikuskaritza aurrean kontzentrazioa egin dute azkenengo hilketa salatzeko eta laneko prebentzioan eta ikuskaritzan dotazio handiagoa exijitzeko.

Osasuna galtzea eta lan istripuak, ez dira lanaren ezaugarriak, lan eredu jakin baten emaitza ankerra baizik. Ekidin zitekeen emaitza, baina batzuen utzikeriak eta besteen neurririk gabeko irabazi asmoak langileok kondenatzen gaituzte.

Betidanik salatu dugu prekaritateak, eta horren barruan, azpikontratazioak, eragin zuzena dutela gure osasunean eta lan baldintza gero eta kaxkarragoek gero eta arrisku gehiago sortarazten dituztela. LABen iritziz administrazioek erabaki zehatzak hartu behar dituzte egoera hau ekiditeko.

Langileok, bizi ahal izateko egiten dugu lan eta ez, saiakera horretan bizia galtzeko. Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak. Langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarria. Ez, lan istripuak patronalak lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Hau guztia dela eta, lanean jarraituko du honelakorik berriro gerta ez dadin.

 

 

 

Klausula sozialak aplikatu daitezen lanean jarraitzen dugu

LABek agerraldia egin du gaur Gernikako Udaletxe aurrean, kurtso honetan zehar sartutako klausula sozialen inguruko mozio batzuen berri emateko. LABek argi du zerbitzu publikoko lanak langile publikoek bete behar dituztela, baina hori lortu bitartean azpikontrata batek obra edo zerbitzuren bat kontratatzen duenean langileen lan baldintzak bermatuko dituzten klausulak ezartzeko eskatu diegu erakunde publikoei.

Udal administrazio zerbitzuen azpikontratazioa, Euskal Herriko erakundeetan gobernatzen duten alderdi politikoen erabakiz gauzatu zen, EAJren erabakiz batik bat. Erabaki politiko horrek ondorio larriak ekarri ditu azpikontratetako langileentzat:

1.-Erakunde publikoak ahaztu dira langile hauetaz, bere langileak ez balira bezala; nahiz eta zerbitzu publikoa emateko ezinbestekoak izan. Arazorik sortzen bada, instituzioek eskuak garbitzen dituzte eta arazoak azpikontratetara desbideratzen dute.
2.-Azpikontratazioak lan baldintzak kaskartzea ekarri du eta prekarietatea larriagotu da lan erreformarekin.
3.-Krisiak eraginda, erakunde publikoetan ematen ari diren murrizketak direla-eta, azpikontratetako lanpostuak suntsitu eta murriztu dituzte.

LABek argi dauka zerbitzu publikoko lanak langile publikoek bete behar dituztela, eta halaxe defendatuko dugu; izan ere, lanpostu horiek, berez, baldintza hobeagoak dituzte eta diru publikoaren kontrola handiagoa delako.

Hori da gure helburua, baina hori lortu bitartean ezin gara ezer egin gabe geratu. Udal administrazioek badute ardura azpikontratetako langileekin. Erakunde publikoek gaitasuna dute, azpikontrata batek obra edo zerbitzuren bat kontratatzen duenean langileen lan baldintzak bermatuko dituzten klausulak ezartzeko, pliego de condiciones deritzonaren bidez.

Horregatik, kurtso honetan zehar, udal administrazioko azpikontratetako langileen prekarietateari aurre egiteko asmoz, LABek mozioak sartu ditu Busturialdea eta Lea Artibaiko mankomunitateetan eta Lekeitio, Ondarroa, Markina-Xemein, Gernika eta Bermeoko herrietan.

Mozio horien helburua argia izan da: Udal erakunde hauetako plenoen eta alderdi politikoen konpromisoa exijitzea zerbitzu publikoa bermatzen duten azpikontratetako langileen prekarietateari aurre egiteko.

Hamaika ziren mozioan eskatzen genituen konpromisoak, baina honetan laburbildu dezakegu: gutxienezko lan-baldintzak herrialdeko hitzarmenak ezartzen dituenak izatea (nahiz eta hitzarmenak eraginkortasuna galdu izana lan erreformaren ondorioz); zerbitzua beste enpresa pribatu bati esleitzen bazaio langile guztien subrogazioa bermatzea, langileen kopurua gutxitu barik; murrizketarik ez egitea eta langileen
ordezkapenak bermatzea baja, oporretan, erretiroetan,; emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna exijitzea kontratari; lan osasun arloan araudiaren betetzea bermatu; langileen hizkuntza eskubideak bermatu eta lanpostuak euskalduntzearen aldeko plana eskatu kontratari. Hauek dira udal administrazioak kontratei exijitzeko ezarri ditugun puntu nagusienak.

Udal erakunde bakoitzaren erantzuna ezberdina izan da, boterea duen alderdiaren arabera. Zoritzarrez, oraingoan ere, berriro ikusi dugu batzuentzako langileen prekarietatea bost axola zaiela.

Udaletan otsailean sartu genituen mozioak eta amankomunazgoetan apirilean zehar. Ondarroan eta Markina-Xemein, aurkeztu genuen mozioa bere horretan onartu zuen Udal Batzak. Bermeon, mozioaren puntu batzuk onartu ziren eta aurrera begira klausula sozialak garatzeko konpromisoa hartu zen. Hiru herri hauetan EH Bilduk du gehiengoa. Gernikan ezezko borobila eman zion Udal Batzak EAJren bozengatik, Bilduk mozioaren alde egin zuelako eta Lekeition, EAJren gobernupean, oraindik ez da mozioa
udalbatzara eraman. Amankomunazgoei dagokienez, Lea Artibaikoek hurrengo plenoan landuko dutela esan diguten bitartean, Busturialdeako amankomunazgoa, EAJren gidaritzapean, esan digu ez duela mozioa sartuko plenoan eztabaidatzeko ere.

Berriro ere oso argi geratu da prekarietatearen kontrako borrokan konpromisoak hartzeko prest daudenak; eta alderantziz, nortzuk langileen eskubideen gainetik interes ekonomiko eta partidistak gailentzen dituztenak. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak. Guk argi dugu: prekarietatea garaitu behar dugu eta horretarako egunerokotasunean jardun eta konpromisoak hartu behar dira.

 

 

 

Catalunyatik elkartasuna helarazi diote Rafari

Rafa Díez, LABeko Idazkari ohia, askatzeko aldarria ozen entzun da Bartzelonan. Hain zuzen ere CIEMEN eta Intersindical-CSC antolatutako ekitaldian CDC, ERC eta CUPeko ordezkariek baita Euskal Herritik joandako Naike Díez (Rafaren semea), Garbiñe Aranburu (LAB) eta Pernando Barrenak (Sortu) Rafa omendu eta beren elkartasuna helarazi nahi izan diote.

Ekitaldi osoan zear hizlariek Rafaren ibilbidea azpimarratu dute. Adibidez Carles Sastrek, Intersindical-CSCko Idazkari Nagusiak Rafa Diezek LAB sindiakatuaren internazionlizazioan izandako rola gogoratu zuen. “90. hamarkadan LAB erreferente bilakatu zen, aterki efektua bilatzeko modua zen, hau da nazioarteko onarpena lortzen baduzu errepresioak egin dezakenaren aurka babesten zara”.

Barrenak eta Aranburuak Rafaren ibilbide sindikala zein politikoari erreparatu zioten. “Rafaren ekarpena oso garrantzitsua izan da Euskal gatazkaren konponbidean” azpimarratu zuen Aranburuk. Rafak egindako lanari jarraipena ematea inoiz baino beharrezkoagoa da Estatuak ez baitu inongo borondaterik aldaketak ekar ditzaken prozesu demokratiko batean inplikatzeko.

LABek ez du pobreziara eta bazterketa sozialera kondenatzen gaituen sistemarik ontzat emango, alderantziz aldaketaren alde lanean jarraituko dugu. Honelako erronkei aurre egiteko “gaur, inoiz baino premiazkoagoa da, Rafa bezalako pertsonak kalean egotea” adierazi zuen LABeko kideak.

 

 

Jangeletako auzian Fiskaltzak eredu kaltegarri baten aldeko erabakia hartu du

Euskadiko fiskatzak jantokien auzia artxibatzea erabaki du. Katering enpresen eta Eusko Jaurlaritzaren prozeduran delitu penal zantzurik ez omen dago fiskaltzaren arabera. Bide penala itxita, 18 milloi euroren isunak aurrera egiteko bide administratiboa geratzen da bakarrik.

Ikastetxeetako jantokietan zerbitzua ematen duten enpresa horiek —Auzolagun, Tamar Las Arenas, Cocina central Goñi, Cocina Central Magui, Eurest Euskadi, Eurest Colectividades, Gastronomia Cantabrica eta Gastronomia Vasca— isunei helegitea aurkeztu zioten eta azken hitza ebazpen bidez ezagutuko dugu.

LAB sindikatutik askotan salatu dugun bezala jantokien erdu hau jada agortuta dago eta kudeaketa eredu berria beharrezkoa da. Eusko Jaurlaritzak bere aldetik enpresen alde egiten duen ereduarekin jarraitzeko hautua egin du enpresa hauei kontratua bi urtez luzatuz. AIBAK enpresak salatu bezala, tokian tokiko ekoizleei eta enpresa txikiei atea ixten dion ereduaren alde egin dute, sukaldeetan bertoko eta garaiko jakiak bigarren maila batean uzten duen ereduaren alde. Gogoratu beharra dago azken kontratu hauek ere salatuak izan direla eta ebazpenaren zain daudela.

Auzibide hauetan gure interesak, gure seme alaben elikadura eta jendartearen interesak orohar Eusko Jaurlaritzaren eskuetan ditugu. Aldaketarako asmorik agertzen ez duen gobernu honen esku. Madrileko murrizketak hitzez hitz aplikatzeaz gain berezko murrizketak ezarri dituen gobernuaren esku. Edo gure Hezkuntz eredu gisa LOMCEren euskal bertsioa den Heziberriren defentsa sutsua egiten duen gobernu honen esku. Jangeletako zerbitzua azpikontratatutako zerbitzuaren aldeko apostu garbia da. Kalitatearen eta lan baldintzen kontura egindako apostua, enpresen irabazien aldeko apostua…, Eusko Jaurlaritzak jangeletako bere langileen lanaldiak murriztueaz gain ez ditu lanpostuak handitzen nahiz eta beharrak eta aurrekontua egon badauden. Ikastetxeetako sukaldeak kentzen ditu kanpotik garraiotutako janari eredua aukera bakarra bilakatu dadin. Gainera azpikontratatzen du publifikatzea gutxiago kostatuko litzatekenean.

Hezkuntza sail honek kurtso hasieran jangela ukatzen die familiei Iruña Okako kasuan bezala. Gure langileen izaera hezitzailea ukatzen du Hezkuntza Sailak, jangelak zerbitzu hutsa izatera mugatuz. Agerian gelditzen da Madrilen hartzen diren erabakien kudeatzaile besterik ez direla.

LABen iritziz, fiskaltzaren erabakia albiste txarra da dakarren ondoriarengatik: eredu kaltegarri baten aldeko erabakia delako. Nahiz eta fiskaltzaren arabera delitu penailik ez egon, argi eta garbi geratu da gobernu honen utzikeria gai honetan diru publikoaren, guztion diruaren, kudeaketa enpresen mesedetan uzten duen ereduaren aldeko apostua eginez. Badago beste kudeaketa eredu posiblerik. Kudeaketa eredu berri baten alde egiten du LAB sindikatuak. Langile eta familien parte hartze eta erabakiekin sortuko den eredu baten alde.

 

 

 

LABek gertatu diren bi istripu larri salatzen ditu

0

Atzo, hilak 30, beste 2 lan istripu oso larri izan ziren. Lehen istripua, goizaldean, Gasteizko Zorelor enpresan gertatu zen. Makina batek harrapatuta langileak anputazio bat jasan zuen. Bigarren ezbeharra Urnietan dagoen Esnelat enpresan izan zen, langilea altuera batetik erori zen eta hil ala biziko egoeran aurkitzen da Donostiako ospitalean.

LAB sindikatutik lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi diegu bi langile hauen senide, lagun, lankide eta gertuko guztiei.

Bi langileak oso gazteak dira eta baldintza prekarioetan egiten dute lan. Hamaika aldiz salatu dugun arren, berriro diogu gertakari hauek ez dira kasualitatea. Eta beraz gogorki salatzen ditugu bi istripu berri hauek.

Bestalde gogorarazi behar dugu Euskal Herrian 2016ean jadanik 29 langile hil direla lan istripuz, zenbatu gabe gaixotasun profesionalek hildakoak. Hauei heriotzik gabe sekulako osasun kalteak jasan dituzten langileak gehitu behar dizkiegu.

Zifra beldurgarri eta onartezin hauek agerian uzten dute Euskal Herriko langileriak jasaten dituen lan baldintza prekarioak, eta gertaera hauek egoera horren isla bortitzena dira. Horregatik LABek lanean jarraituko du eta langileriari datozen eguten egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten dio.
 

MOBILIZAZIOA

Uztailak 1 Urnietako Esnelat enpresaren aurrean 12:00etan