2026-09-10
Blog Page 1004

Atenaseko Ledra Hoteleko langileen borrokarekin bat egiten dugu

0

Atenaseko Ledra Hoteleko langileak lan baldintzakk mantendu eta behar ekonomikoak asetzeko baldintza zailetan borrokan ari zirenean, Patronalak hotela ixteko erabakia hartu du. Turismoak eta hoteletako jabeek irabazi handiak izan dituzten bitartean, langileek langabezia, soldata baxuak eta malgutasuna pairatu dituzte. Langileek 250 egun baino gehiago daramatzate greba egoera irauli nahian. LABetik, borroka honen garrantzia azpimarratu eta Atenaseko Ledra Hoteleko langileei elkartasuna helarazi nahi diegu.

Atenaseko Ledra Hoteleko langileak eta beraien borroka Grezian, Euskal Herrian, Europan eta munduan eredugarriak dira. Langileen eskubideen eta justiziaren aldeko borrokak soilik lortuko du sistema kapitalistaren eraso hauek gelditzea eta zentzu honetan Atenaseko Ledra Hoteleko langileen borroka denontzat eredugarria da.

 

 

 

Martxoak 3: frente al sindikalismo que se vende, BORROKA eta ANTOLAKUNTZA

Lan erreforma ezberdinek aurrera egin duten neurrian, lan eremuetan eskubideak murrizteko interesa etengabea izan da patronalaren aldetik. Prekaritatea, esplotazioa, sexuen araberako diskriminazioa, miseriazko soldatak eta abar enpresarien ohiko hizkera bilakatu direnean, agerian gelditu dira jasotako ordainengatik morrontzako eta gatibu den eredu sindikalaren defendatzaileak.

Politika ekonomiko eta sozialetan aldaketak bultzatzeko borroka eta antolakuntza erreferentzia diren egoera batean, inoiz baino garrantzitsuagoa da bi eredu sindikalen arteko konfrontazioa. Marka España eredua “eta nirea zer” horren inguruan mugitzen da, hitzarmenak gutxiengoan sinatzeko prestutasuna adierazten du (baldin eta tartean ordainik badago), geure eskubideak saltzeko ere, baita geure lan baldintzetan murrizketak eta atzerakadak onartzeko… Eta larriena, Sistema eusten duen hirugarren hanka, patronalarekin eta agintari klasearekin batera, izateko prest agertzen dira.

Patronalarentzat zoritxarrez bestelako eredu sindikala badago, zein gai sozialengatik kezkatzeagatik ilegalizatu nahi izan dutena; kontrako ahotsak isiltzea besterik bilatzen ez diren balizko erakunde sozialetan postuekin erosi nahi dutena; gehiengoaren kontra sinatutako hitzarmenei zilegitasuna emanez desaktibatu nahi duten eredua… Azken finean borrokaren alde, antolakuntzaren alde, eta sektore eta baldintza guztiak aktibatzearen alde egiten duen eredua: finkoak, ebentualak, etxeko langileak, praktiketako ikasleak, autonomoak, prekarioak, langabetuak… halaxe izango da benetako aldaketa lortzeko bidea.

Duela 41 urte Gasteizko kaleak amorruz eta saminez bete ziren, Estatua era basatian erreakzionatu eta bost langile hil zituenean, baina kaleak duintasunez eta borroka ereduaz ere bete egin ziren. Ez zuten amore eman; ez zituzten euren eskubideak saldu; ez zituzten traizionatu kaleak hartzera bultzatu zituzten printzipioak; patronalak ez duela inoiz ezer musutruk ematen oso argi zeukaten; eskubideak konkistatu eta defendatu egiten direla; eta garrantzitsuena, gaur defendatzen eta konkistatzen duguna etorkizun klabean egiten dugula.

LAB proiektu sindikalaren parte garenok eredua horixe dela sinesten dugu: antolakuntza elementu nagusi bezala; borroka tresna dinamizatzaile gisa eta jendartearen aktibazioa bide erabakigarri moduan. Horixe geure apustua: elkarrekin antolatu eta borrokatu, prekaritatearen aurka, injustizia sozialaren aurka, kapitalismoaren aurka, geure etorkizunaren jabe izatearen alde, Euskal Herri independente eta sozialistaren eraikuntzan.
  

 

 

Lehen indarra gara berriro Iruñerriko Mankomunitatean

0

Lau ordezkari lortu ditugu SCPSAn, eta berehala hasiko gara lanean langile guztien aurrean hartu ditugun konpromisoak gauzatzeko.

LABek langileak eskertu nahi ditu, sindikatuan eta hautaturiko ordezkariengan konfiantza jarri duten pertsona guztiak, hain zuzen ere: "LABeko taldea zintzoa eta borrokalaria izanen da langile guztien lan baldintzak eta herritarrei ematen diegun zerbitzua hobetzen lortzeko. Ez ezazue ahaztu zuen parte hartzea eta laguntza ezinbestekoak izanen direla gure helburuak lortu ahal izateko".

Iruñerriko Mankomunitatea, SCPSA, toki erakunde bat da, 50 udalerrik osatua. Ura, hondakinak, hiri garraioa eta eskualdeko ibai parkea kudeatzen ditu, besteak beste.

 

 

 

Informatika zerbitzua ere pribatizatu nahi dute Osakidetzan

0

Darpon sailburuak ez dio egia, esaten baitu Osakidetzan ez dela pribatizazio berririk egiten, ez eta egingo ere. Eta ez duela egia esaten diogu, uste dugulako, egiazki, Darpon jaunak ez dakiela zer gertatzen den bere ospitaletan eta osasun-zentroetan. Bestela, jakin beharko luke, Osakidetzan, “betiko” negozioez gain, garbikuntza, segurtasuna, sukaldeak eta garbitegi edo ikuztegiak besteak beste, ikerketan, berrikuntzan eta informazioaren teknologietan bezalako arloetan pribatizazioak sustatzen ari direla.

Darpon jaunak jakin beharko luke, azken urteotan, ospitaletan pribatizatu dela artxibo kliniketako lana eta horren onuradun nagusia, batik bat, Document XXI enpresa izan zela, non urte askoan Asistentzia Sanitarioaren aurreko Zuzendaria den Antonio Arraiza Armendariz jauna enpresaren kontseilaria izan zen.

Jakin beharko luke ere, Dokumentazio Klinikora iritsi dela pribatizazioa. Aipatu arloan, estatu mailako ospe handiko profesionalak ditugun arren, beldur gara artxibotan erabili zen filosofia bera beteko dela: “bertako” profesionalak, gero eta kaskarragoak diren lan baldintzetan zokoratzen dira, kanpoko enpresak azpikontratatzeari ekiten zaio, eta aipatu kanpoko enpresei eskura ematen zaie gure profesionalek osatu dituzten kodifikazio baliabideak.

Sailburu jauna aspaldi ez da kezkatzen Osakidetza kudeatzeaz; bestela ezin daitezke ulertu haren hitzak informatika arloan begi-bistakoa dena ukatuz: duela hilabete gutxi batzuk Ibermática enpresari esleitu zaio, milioi bat euro baino gehiagoren truke, zerbitzuak emateko kontratua, Osakidetzako Erabiltzailearen Laguntza-Zentro Korporatiboari lotua (CAU). Horrela jarraipena ematen zaio, 2012. urtean, UTE Prosodie-Ibermáticarekin, zerbitzuak pribatizatzeko ekin zitzaion estrategiari.

Benetan kezkatuko balio Osakidetzaren kudeaketa, pertsonal klinikoaren ustearekin sentiberagoa litzateke Darpon jauna, aspertuak daudelako etengabeko informatika arazoak jasan beharraz, gaixoak atenditzen baino, ordenagailu aurrean denbora gehiago ematen duten sentsazio iraunkorra sentitu beharraz. Kezkatuko litzateke ere, informazioaren teknologia esparruan, kanpoko zerbitzuak kontratatzeko egiten diren gastu izugarriekin, Osarean bezalako proiektu makroen eraginkortasun zalantzagarriak kontuan hartuz. Kezkatuko litzateke, batez ere, oker egindako gastua izugarria izanagatik, oraindik ez daukagulako historia kliniko bateraturik, eOsabide programak 2000 eta 2004. urteen artean garatu behar zuena; aski ongi gogoratuko da, Asistentzia Sanitarioaren Zuzendaria zeneko proiektu kuttuna zuelako.

Lana deskapitalizatzeko egin den azken saiakera dela-eta informatikako pertsonalak adierazi duen atsekabe hedatua azaldu ondoren informatika zuzendaritzak egin diuen bisitetan, Darpon jaunak egiten ez duen bezala Osakidetzaren informatika zuzendaritza berak onartu berri du erabiltzaileen informatika atenditzeko zerbitzuan bai eman dela pribatizazioa.

Informatikako Zuzendaritzari adieraziko diogu, Osakidetzako informatikariekin bat etorrita, ez gatozela bat bere adierazpenekin, kanpora eraman den zerbitzu hau berreskuratzeak ez duela merezi esan berri bait du Darponek, haren ustez, “ez diolako baliorik eransten gure negozioari”. LABek babestuko du asistentzia informatikoa, CAU barne hartuz, Osakidetzako langileek osoki bete behar dutela, hauen soldatak eta lan baldintzak duinak izan behar dutela. Adieraziko dugu ere, honela, gaur egun eskaintzen den zerbitzua merkeagoa eta eraginkorragoa izan daitekeela.

Hitz batez, argi eta garbi adieraziko diogu enplegu publikoa babesteko daukagun asmo irmoa, egun, zerbitzuak kanpora eramateko politikari aurre eginez.
 

 

 
 

Madrilek oraindik frankistak babesten dituela salatu du Ainhoa Etxaidek

Gasteizen poliziak hildako 5 langileen 41. urteurrena beteko da bihar. Gertaera lazgarri hori gogoratzeko ekitaldien bezperan, berrehun bat lagunek elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, gertaeraren egileen aurka aurkeztutako kereiletako bat artxibatu berri dutela salatzeko. LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide egon da protestan, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ez dezala utzi Espainiako Gobernuaren esku biktimen erreparazioa eta justizia. Izan ere, esan du Madrilek frankistak babesten dituela oraindik, Estatuaren beraren inpunitatea mantentzeko.

Biharko aurreikusitako ekitaldiei dagokienez, LABek delegatuen asanblada egingo du Gasteizen, eta, ondoren, giza kate bat egingo du Martxoaren 3ko plazaraino, “Bere burua saltzen duen sindikalismoaren aurrean, antolakuntza eta borroka” leloarekin. Omenaldia egingo dugu 12:00etan, plazan bertan.

Arratsaldean, bat egingo dugu ELA, ESK eta STEILASekin batera antolatutako omenaldiarekin. Martxoaren 3ko plazan izango da, 18:30ean. Manifestazioa egingo dugu ondoren, 19:00etan, “Justizia eta elkartasuna” leloarekin.


 

 

 

Enplegu prekarioa sortzea da politika sozialik okerrena

Hego Euskal Herrian otsaila amaieran erregistratutako 179.943 langabetu zeuden, %55,6 emakumezkoak, Enplegu Ministerioaren datuen arabera. Pasa den hilabetean langabeziak Bizkaian izandako bilakaera txarra Nafarroa eta Arabako langabeziaren jaitsirak konpentsatu dute. Hortaz, saldo netoan %0,2ko beherakada urria egon da Hego Euskal Herrian. Kontrapuntu bezala, nabarmendu beharrekoa da sinatutako kontratuen %92 aldi baterako izan zela, eta gehientsuenak oso iraupen laburrekoak.

Ez dago zalantzarik kontratazioa prekarioa konstante bat bihartu dela kultura enpresarialean. Hortik dator gure herrian dagoen lan segmentazioaren maila altua. Egun, Europar
Batasuneko aldi-baterakotasun tasa altuena dugu, %23,8koa.

Era berean, oroitarazi behar da Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoetan langabetu bezala izena emanda duten 124.000 pertsona inguruk ez dutela langabeziagatiko inolako prestaziorik jasotzen.

Hain zuzen, laneko pobreziaren gorakada eta arrakala sozial gero eta handiagoa dira gure errealitate soziolaboralaren ondoriorik larrienak. Hala ere, patronalaren exijentziek ez dute mugarik.

CEOEko buruek (bertako kide dira bai Confebask bai CEN) berriki aurkeztu dituzte lan erreforma berri eta sakona izan beharko lukeenarekin oinarriak. Hauek dira euren eskarietako batzuk: gazteentzako zabor kontratu berria, alde baterako eta lanaldi partzialeko kontratazioa are gehiago malgutu, langabeziagatiko prestazioak lortu ahal izateko baldintzak zorrozto, kotizazio sozialak jaitsi ondoriozko Segurtasun Sozialaren desoreka finantzieroa handituz, edo lan zentruetako ordezkaritza sindikalaren berme eta eskubideak murriztu.

Eta egoera honetan, egunero, buruzagi politiko zaharkituenek betiko leloari ekiten diote, “politika sozialik onena enplegua sortzea dela” errepikatuz. Edozelan, hau horrela balitz gehitu beharko genuke ez dagoela enplegu prekarioa sustatzea baino politika soziala okerragorik.
 

 

 

Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean egin dugu protesta, Gasteizen

0

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Gasteizen, Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, “Lan baldintzak hobetu, hezkuntza eraiki” leloarekin. Martxoaren 22an unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan egingo dugun greba aurreko lehen protesta izan da, Donostian eta Bilbon egingo ditugun mobilizazioen aurrekari.

Hain zuzen ere, Donostian martxoaren 7an egingo dugu elkarretaratzea, 11:30ean, Alderdi Ederren; eta Bilbon martxoaren 15ean egingo dugu, 11:00etan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Agerraldia egin genuen joan den otsailaren 16an, martxoaren 22ko grebaren arrazoiak azaltzeko. EAEn eta Nafarroan behar dugun hezkuntza sistemaren bidean eman beharreko urratsen egoera oro har eta gaur egungo hezkuntza publikoarena, modu berezian,larria dela ohartarazi dugu gaurko protestan ere.
 

 

 

Prekarietateak hil egiten duela salatu dugu Nafarroako CEN patronalaren aurrean

Manifestazio bat egin dugu gaur Iruñean, LAB, ELA, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT sindikatuek deituta, "Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez!" leloarekin. Euskal gehiengo sindikalak Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzaren atarira eraman du protesta, "zuen etekinak, gure istripuak" oihuen artean. Nafarroako Gobernuari ere egin diogu dei sindikatuok, honen egoitzaren aurrean ere, prebentzioa zerbitzu publikotik bultza dezan eskatzeko.


 

 

 

Administrazioan hizkuntza erabilerarako dekretu zirriborroa oso eskasa iruditzen zaigu

LAB sindikatuaren iritziz, Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen Administrazioan hizkuntza erabilera arautzeko dekretu zirriborroak egungo diskriminazio egoera leuntzen du, baina euskararen bigarren mailako hizkuntza izatea egonkortzen du. Hobekuntzak badaude ere, inolaz ere ez ditu bermatzen nafarren hizkuntza eskubideak eta hizkuntza hautatzeko askatasuna Administrazioan.

LABen ustez, indarrean dagoen “Vascuenceren Legeak” ezartzen dituen mugak gainditu behar dira zalantzarik gabe. Lege horrek inposatzen duen zonifikazioa eta hortik eratorria hiritarren artean finkatzen duen hizkuntza diskriminazio antidemokratikoa lehenbailehen bertan behera uztea ezinbestekoa da, nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatu ahal izateko. Dekretu zirriborro hau lege marko baztertzaile horren gatibua da. Tamalez Gobernuak ez du helburu “Vascuenceren Legea” baliogabetzea nafar jendartea bere kalteak pairatzen jarraitzera zigortuz. Azken hiru hamarkadetan zonalde misto eta ez-euskalduneko hiritarrek hizkuntza eskubide gutxiago izan dituzte zonalde euskaldunekoek baino (hauen egoera perfektua izan gabe). “Aldaketaren Gobernua” deritzonak baztertutako hiritar hauei hau da eskaini ahal dien konponbiderik hoberena? Hau da euskarak lor dezakeen statusik gorena (beti gaztelaniaren oso azpitik egonik)? Nor da benetako aldaketa sakona eragozten ari dena? Nafarroako hiritarren bizilekuaren arabera hizkuntza eskubide desberdinak daudela onartu behar dugu diskriminazioa betikotuz? Hiritar guztiek ez dute izan behar Administrazioaren aurrean hizkuntza aukeratzeko askatasunik edota eskubiderik? LABen iritziz etsigarria da eskaintzen dena: zonifikazioa ontzat ematen du eta euskarak behar duen normalizaziotik oso urrun dago.

Gure errealitatea da euskara hizkuntza gutxitua dela baita zonalde euskaldunean ere. Egoera honek euskararekiko babes neurriak ezartzea eskatzen du Nafarroa osoan. Dekretu zirriborro honetan zonalde mistoan eta ez-euskaldunean euskara bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzea planteatzen da. Zonalde euskaldunerako aldiz, gaztelaniarekiko erabateko simetria aseptiko egoera proposatzen da, baina euskara hizkuntza gutxitua den heinean, ikuspuntu sozio-linguista hutsetik, diskriminazio positiboa beharko luke babesteko eta suspertzeko.

Zirriborroak proposatzen dituen aldaketa positibo batzuk betetzeko ez da eperik finkatzen (errotulazio aldaketa adibidez), edo zehazten direnak luzeegiak dira (departamentuen plangintza egiteko urtebete adibidez).

Herritarrei euskaraz zerbitzua eman ahal izatea lehenesten da, eskubide hau Nafarroa osoan bermatu gabe, baina ez da proposatzen Administrazioak gaztelera hutsez funtzionatzeari uzteko pausoak eman behar direla. Neurriak hartzen joan beharko da Administrazioaren funtzionatzeko hizkuntza euskara izateko ere.

Administrazioaren helburua administratuei zerbitzu egokia eskaintzea izan behar da, besteak beste ele biz. Horretarako administrazioak lanpostu guztien hizkuntza gaitasuna zehaztu behar du, eta horren arabera langileak jarri. Alde batetik, administratuen hizkuntza hautatzeko eskubidea ziurtatu behar da. Bestetik, bermatu behar da Administrazioko langile guztiek lan ordutegian eta doan euskara ikasteko duten eskubidea, eta ikasten duten bitartean ordezkatuak izatekoa. Administrazioaren ardura da langileak euskalduntzea eta eskubide hau bermatzeak lagunduko dio euskararen normalizazioa bere baitan lortzen.

Langileok euskararen normalizazioan eragile aktiboak izan behar gara. LAB prest dago prozesu honetan laguntzeko, ekarpenak egiteko eta lan egiteko.