2026-10-30
Blog Page 10

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre.

Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk, galeretan sartu aurretik, jabea den familiak milioi bat euro banatu zituen dibidenduetan. Ordutik, enpresak ez du bururik altxatu.

Duela lau urte, Durangaldeko Arteaga enpresak erosi zuen enpresa. Eta hobetu beharrean, okerrera egin zuen: lan baldintzen funtsezko aldaketak aplikatzeko saiakerak, ez ordaintzea, prebentzio arloko ez-betetze oso larriak, silikosi kasuak…

Gasteizko fundizio zaharrenetarikoa ixteko arriskuan dago. Enpresak uztaileko nominen %60 bakarrik ordaindu zien langileei, abuztukoak ez zizkien ordaindu eta ez da aurreikusten irailekoak ordainduko dizkienik. Honen aurrean, zor dietena ordaintzeko eskatu diote langileek eta enpresaren erantzuna hartzekodunen lehiaketa eskatzea izan da.

LABen argi dugu egoera hau enpresa kudeaketa negargarriaren ondorio dela. Aste batzuetan enpresak ez zuen produkzioari eusteko materialik eta zuzendaritzaren interes eta proiektu industrial falta jasan behar izan ditu. Gainera, ez da inbertsiorik egin. Guzti honek eraman du enpresa egun dagoen egoerara. 30 lanpostu arriskuan daude.

Joan den irailaren 24an, Olazabal y Huarteko langileek lanuztea egin zuten eta Durangon mobilizatu ziren, Arteaga taldeko Funbarriren lantegiren aurrean, konponbide bat exijitzeko. Jasaten ari diren gehiegikeriari aurre nola egingo dioten erabakitzen ari dira orain.

Kirol jardueren sektorean lanuzteak deitu ditugu urrian zehar Araba osoan

Iaz sinatu genuen 2024-2026 eperako hitzarmen kolektiboa, zeinaren bidez 2027rako ere hobekuntza batzuk adostu genituen. Akordio horrek aurrerapen nabarmena ekarri zuen langile guztien lan-baldintzen hobekuntzan.

Joan den martxoan hasi ginen kirol jardueren sektoreko hitzarmena negoziatzen. Bi alderdion asmoa zen uda baino lehen hitzarmen berri bat sinatzea, lurraldeko administrazioek jakin zezaten zer lan-baldintza izango zituen sektoreak kirol-zerbitzu nagusiak lizitaziora atera baino lehen.

Hala ere, negoziazioa ez zen espero bezala hasi; izan ere, hasieran patronalak iragarri zuen aurreko urtean sinatu ziren 2027rako adostutako edukiak aplikatuko ez zituela. Iragarpen horrek negoziazioa oztopatu eta geldiarazi zuen 2 hilabetez. Gertakari horrek benetako negoziazioa udaberri amaiera arte ez abiatzea eragin zuen. Azkenik, uztailean patronalaren partetik negoziaziorako benetako borondatearen erakusgarri bat somatu genuen, bi aldeentzat baliagarria izan litekeen akordio batera iristeko benetako prestasunarekin, lizitazioen atarian.

2026. urte osoa daramagu negoziatzen, baina 6 hilabete baino gehiagoz bilerak egiten egon ondoren, irailaren 2ko 10. mahai negoziatzailean kiroletako patronalak amaitutzat eman zuen hirugarrenentzat kirol jarduerak egiten dituzten enpresen sektoreko Arabako VI. Hitzarmen Kolektiboa izan zitekeenaren negoziazioa.

Plantillaren zenbait eskaritan aurrerapausoak izan diren arren —hala nola, lanaldia kategorien artean parekatzea, igande eta jaiegunetako plusak kobratzea, APen igoerak, etab.—, oraindik ere erantzun gabeko puntu batzuk geratzen dira, eta funtsezkoak dira langileen lan-baldintza egokiak eta ongizatea bermatzeko. Hauen artean daude: soldaten igoera, ABE (aldi baterako ezintasun) egoeren prestazioa hobetzea, antzinatasunean hirurtekoak gehitzea, langileek eskatutako baimenei erantzunik ez ematea, joan-etorriengatiko konpentsazioak hobetzea eta klaseen arteko etenaldiak antolatzea.

Testuinguru honetan, Arabako lurralde historiko osoko kirol jardueren sektoreko langileek urrian zehar hainbat lanuzte egun deitzeko erabakia hartu dute. Goizeko 8:30etatik 10:30era arte eta arratsaldeko 17:30etik 19:30era arte izango dira jardunaren etenaldiak, hurrengo egunetan:

  • Asteazkena 7, asteartea 13, osteguna 15, astelehena 19 eta ostirala 23.

Patronalaren ultimatumarekin, langileok kalera irtengo gara gure lan-baldintzak hobetzearen alde borrokatzera. Akordioa inoiz baino posibleago da, jarrerak inoiz baino gertuago daude adostasun batera iritsi eta hitzarmen on eta justu bat lortzetik. Patronalak mugitu gabe jarraitzen duela ikusten badugu borrokan jarraitu beharko dugu plantillak eskatzen dituen helburuak lortu arte.

Hitzarmen duin baten alde, kirolak borrokan!

Atxikimendua adierazten diogu Justizia Anderrentzat plataformak larunbatean deitu duen mobilizazioari

Santurtziko Kabiezes plazatik abiatuko da bortizkeria eta inpunitate polizialaren kontrako protesta, 12:00etan.

Ekainaren 24an hil zen Santurtziko Ander gaztea, bi egun lehenago Santurtziko Udaltzaingoak egin zuen esku hartzearen ondorioz. Udaltzainek oso era bortitz eta desegokian jardun zuten, gertatutakoa ezkutatu zuten eta haien arduradunek babestu egin zituzten.

Kasuan dauden ardura zuzen eta politiko guztiak argitu ditzatela exijitzen die LABek udalari eta Segurtasun Sailari, justizia egin eta honelako gertakari larriak berriz gertatu ez daitezen.

Anderrekin gertatutakoa agintari politikoek poliziaren edozein jarduera babesteko duten ohiko jarrerari lotuta dago. Ikusi ahal izan ditugun gardentasun faltak eta erantzukizunei heltzeari uko egiteak inpunitatea areagotzen du, eta edozein jendarte demokratikok zaindu beharreko oinarrizko zutabeak kaltetzen ditu. Ondorioz, LABentzat guztiz salagarria da Santurtziko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erakutsi duten jarrera.

LABek Anderrentzat justizia eskatzen jarraituko du, eta bere senide eta hurbilekoei babes osoa adierazten die. Honela, larunbatean Santurtzin izango den mobilizazioan parte hartzeko deia egiten die euskal langileei.

Gernikako Udaleko gardentasun falta salatu dugu

Informazioa lortzeko ukazio etengabeen aurrean, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jotzea erabaki zuen sindikatuak, eta organo horrek aitortu du informazio hori jasotzeko eskubidea dugula.

Azken legegintzaldi honetara arte, LABeko atal sindikalak informazioa behar zuenean udaleko teknikari eta langileengana jotzen zuen zuzenean. 2024an, ordea, udalak prozedura aldatu eta langileria arloko informazioa teknikariei zuzenean eskatu beharrean eskaerak idatziz egin behar zirela agindu zuen.

Hasiera batetan ez zen arazorik egon, baina 2025eko uztailetik 2026ko urtarrilera bitartean sei idatzi aurkeztu genituen informazioa eskatuz. Besteak beste, kontratazioei, lan-poltsen kudeaketari eta hainbat langileriako espedienteri buruzko informazioa eskatu genuen, bai udalekoak, bai erakunde autonomoetakoak.

Hilabeteak igaro ziren, baina ez genuen idatzi bakar baten erantzunik jaso. Egoera horren aurrean, LABek Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jotzea erabaki zuen, hau da, Eusko Jaurlaritzaren organo independente batera, Gardentasuna kontrolatzeko organora, udalari eskatutako informazioa lortzen saiatzeko.

Erreklamazioak aurkeztu eta batzordeak espedienteak ireki ondoren hasi zen udala gure eskaerei erantzuten: batzuetan informazioaren zati bat ematen ziguten; beste batzuetan, berriz, informazio hori jasotzeko eskubiderik ez genuela adierazten zuen.

Gardentasuna eta informazio publikoa jasotzeko eskubidea oinarrizko printzipioak dira. Edozein herritarrek dauka informazioa jasotzeko eskubidea, betiere legeak ezartzen dituen mugen barruan. Baina gure kasuan badago beste elementu gehigarri bat: udal langileen ordezkariak gara, eta gaur egun LAB da udalean ordezkaritza handiena duen sindikatua eta gure ordezkaritza lana egiteko informazioa behar dugu eta ezinezkoa da gure lana ondo burutzea kontratazioei, lan-poltsei edo langileei eragiten dieten espedienteei buruzko informazioa ukatzen bazaigu.

Horregatik, gure eskubideak urratu zirela iritzita, berriro jo genuen batzordera. Eta orain jaso dugun ebazpena argia da: LABek eskatutako informazio guztia jasotzeko eskubidea dauka, eta batzordeak 10 eguneko epea eman zion udalari informazio hori emateko.

Azken urteotan udal agintariek sindikatuekiko duen jarrera nabarmen okertu da. Informazioa eskuratzeko gero eta zailtasun handiagoak ditugu, eta negoziazio-mahaiak desagertu egin dira. Horrek guztiak gure ordezkaritza-lana oztopatzen du, udalean dagoen giroa gaiztotu eta langileen arazoei irtenbideak bilatzeko aukerak ezeztatzen ditu.

Gertatutakoa argia da: informazioa eskatu dugu, ez dugu jaso, kanpoko organo batera jo behar izan dugu, eta organo horrek aitortu du informazio hori jasotzeko eskubidea dugula.

Horregatik, jarrera aldaketa bat eskatzen diogu udalari eta, bereziki, Nerea Revuelta langileria arloko arduradunari.

Bi eskaera nagusi egiten ditugu:

-Batetik, ordezkari sindikalek eskatutako eta jasotzeko eskubidea dugun informazioa garaiz eta behar bezala ematea. Sindikatuon lana ez oztopatzea eta informazioa eskuratzeko eskubidea normaltasunez bermatzea.

-Eta, bestetik, negoziazio-mahaia berriro aktibatzea.

Egoera honi buelta eman nahi diogu. Udalari eskatzen diogu ebazpen hau inflexio-puntu gisa hartzeko: informazioa normaltasunez emateko, negoziazio-mahaiak berriro martxan jartzeko eta mahai gainean dauden arazo guztiei heldu eta sindikatuekin batera konponbideetara heltzen saiatzea.

Salatzen dugu Babacar Welleren heriotza arrazakeria instituzionalaren ondorio lazgarriena izan dela

Urgentziazko eta ezinbesteko eztabaidari heldu behar zaio: segurtasun eredua eta polizien esku-hartzearena errotik aldatu behar dira.

Komunikabideek bitartez jakin ahal izan da atzo Babacar Welle, senegaldar jatorriko bizilaguna, hil zutela Hondarribian, Udaltzainek arauzko armaz hiru tiro egin izanaren ondorioz. Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasuna adierazten die bere familiako eta komunitateko kide guztiei.

Tamalez, hau ez da kasu isolatu bat. Indarkeria poliziala hauspotzen duen segurtasun ereduaren beste adibide bat da, ekidin zitekeen muturreko gertakari lazgarria. Gogoratu dezagun orain gutxi, ekainaren 24an, Ander Sáenz Torrontegi Santurtziko gaztea hil zela bertako udaltzainen esku-hartze bortitz baten ondorioz.

Babacar Welle Hondarribiko zerbitzu sozialek artatu izan duten bizilaguna izan da, osasun mentaleko arazoak zituena eta udaltzainentzako ezaguna, aurrez gertaturiko esku-hartzeak tarteko. Edonola ere, ez dago udaltzainen neurrigabeko indarkeria hori justifikatzeko inolako arrazoirik; ez atxiloketek edota aurretiazko ikerketek, ezta arma zuri bat eramateak ere ez dute zilegi bihurtzen. Horregatik guztiagatik, gertakariak argitzea eta esku-hartzean jardun zuten udaltzainen eta beren arduradun zuzenen zein politikoen ardurak argitu daitezela exijitzen du LABek, halako gertakari larririk berriz ere gertatu ez dadin.

Ditugun zerbitzu publikoak ahulak direla agerian uzteaz gain, kasu honek erakusten du, beste behin ere, segurtasun ereduaren zein polizia ereduaren inguruko urgentziazko eta errotiko aldaketak ezinbestekoak direla esku-hartzeetan prebentzioa, pertsonen babesa eta eskubideen errespetua lehenets daitezen. Horretarako, LABek gatazkak konpontzeko bitartekaritza metodoetan oinarrituko den formazioa exijituko du, udal langile diren polizien profilak eta funtzioak zehaztuz, eta formazio interkultural eta antiarrazista eskatuko du, baita hautaketa prozesu propioak adostea eta gardenak izango diren kontrol mekanismo zorrotzak ezartzea ere.

Halaber, LABek kezkaz bizi du azken hilabeteotan Euskal Herriko hiriburu eta udalerri garrantzitsuenetako batzuen ordezkaritza politikoa dutenen narratiba, gero eta arriskutsuagoa dena, begirada eta praktika gero eta arrazistagoak naturalizatzea ahalbidetzen baitu.

Abuztuan Bilboko alkateak eginiko adierazpenak gogorarazi ditu sindikatuak, kale salmentan aritzen diren pertsonei talde kriminaleko kide izatea egotzi baitzien, manteroak estigmatizatuz. Uztailean, berriz, Donostiako alkatearen eskutik Kaleko Afari Solidario (KAS) proiektua debekatu egin zen eta, ondoren, hura sostengatzen duten pertsonen kriminalizazioa etorri zen. Horrelako adierazpenek, neurri batean, indarkerian eta ordena sozialaren ezarpen zorrotzean oinarritzen diren polizien abusuzko jarrerak areagotzea dakarte.

Arauzko-armaz eginiko hiru tiro ez dira inolaz ere beharrezkoak edo ezinbestekoak. Berriki Donostiako bizilagun batek balkoi batetik espaloian eserita zegoen gazte migratu bati botatako aire konprimatuzko tiroak ere guztiz onartezinak dira. Horrek guztiak logika sakon bati erantzuten dio: gero eta modu arriskutsuagoan indartu eta zabaltzen den arrazakeria estrukturala -euskal erakundeetan, segurtasun indarretan, gure auzo eta herrietan- eta horren ondoriozko muturreko indarkeria. “Ez dezagun onartu inbasioaren erretorika eta horrek dakartzan ondorioak Euskal Herrian normalizatzea”, ohartarazi du LABek.

Amaitzeko, LABek elkartasuna adierazi die Babacar Welleren familiari eta Hondarribiko komunitate senegaldarrari; era berean, bat egiten du gaur arratsaldeko 17:00etan Martxoak 8 plazan egingo duten elkarretaratzearekin.

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan esku hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

Euskal Herrian ere baditugu Marivi, Juanjo eta Puri, Ruben, Nezha, Milena, Jimena, Abdellatif… Baditugu Mosaic, Testa Homes edota Adalquiler bezalako funts putreak eta promotoreak milaka bizilagun kaleratu nahian. Baditugu milaka gazte emantzipatu ezinik. Badira milaka langile ikusten dutenak etxebizitzaren prezioak soldataren gero eta zati handiagoa hartzen duela. Izan ere, etxebizitza lehen mailako arazoa bilakatu da langile klasearentzat, herritarrak pobretzeko arrazoi nagusia bilakatu baita.

LABek hainbat gatazka sindikal piztu eta antolatu ditu; hala nola, Erandioko Los Ochoseko maizterrekin, Testa funtsak mehatxatutako maizterrekin Iruñean eta Vitalquiler-Adania etxejabearen bizilagunekin Gasteizen. Ekintza sindikalaren bidez, etxebizitzaren negozio asmoei galga jartzen ari da sindikatua, alokairu amaieretan berriak borrokatuz, prezioak jaitsiaraziz eta etxegabetzeak galdituz.

Era berean, aldaketa politiko eta legalak ere ezinbestekoak dira. Eta, horregatik, gaur Madrilen eztabaidatu eta onartuko den Lege Dekretuak badu bere garrantzia. Langileok, premiaz, alokairu guztiak modu iraunkorrean luzatzea behar dugu, logelen eta aldi baterako alokairuen iruzurrarekin amaitzera, etxegabetzeak bukatzea, funts putreen erosketa espekulatiboak gelditzea eta prezioak jaistea. LABek Espainiako Estatu mailan borrokan eredugarria izaten ari diren Maizterren Sindikatuen lana goraipatu nahi du eta Maricarmen dekretua-n jasotako edukiak babesten ditu. Orain arte bezala, Maizterren Sindikatuak bidelagun izango du LAB.

Madrilen gertatzen dena gertatzen dela ere, Euskal Herrian posible da behar ditugun eraldaketa horiek sakonago eta urrunago eramatea. Iruñeko eta Gasteizko gobernuek badute horretarako aukera. Norabide horretan, borrokan eta presioa egiten jarraituko du LABek, eta horretara deitzen ditu langileak ere. Errentismoaren aldeko politika publikoekin amaitu beharra dagoela uste du sindikatuak.

Izan ere, etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, ezinbestekoa da arazoaren muinera jo eta egiturazko neurriak hartzea. Eredua goitik behera eraldatu behar da, eta, horretarako, premiazkoa da etxebizitzaren merkatuan esku hartzea eta errentismoa amaitzea.

Horretarako, epe motzeko zein luzeko neurriak hartu behar dira, norabide honetan:

  • Alokairu mugagabeak ezarri.
  • Etxegabetze guztiak gelditu.
  • Asmo espekulatiboekin egindako erosketak debekatu eta funts putreei ateak itxi.
  • Prezioak jaitsi.
  • Parke publikoa hedatu eta etxebizitza duina herritar guztien eskura jarri.

Horregatik, kalera ateratzeko deia egin du sindikatuak: larunbatean Iruñea, Gasteiz eta Donostian, eta igandean Bilbon. Borroka da giltza. Etxebizitzaren negozioa eten. lelopean, egiturazko aldaketen alde indarrak biltzera deitzen du sindikatuak.

Honako leku eta ordu hauetan izango dira mobilizazioak:

Bestalde, LABek urriaren 17rako Iruñean, Testak mehatxatutako bizilagunekin batera deitutako mobilizazioan parte hartzera dei egiten die LABek herritar guztiei. 17:30ean abiatuko da manifestazioa Baluartetik.

LABek, Izarkomek eta Goienerrek orain arteko elkarlana ospatu eta aurrera begira aukera berriak arakatzeko asmoa adierazi dugu

Hiru erakundeon iritziz energia eta komunikaziorako teknologiak oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen menpe egon. Premiazkoa da guztionak diren oinarrizko beharrizanen gaineko kontrol herritar eta komunitarioa berreskuratzea. Baita eredu jasangarriagoak, interkonektatuak eta burujabeak eraikitzea, Euskal Herria ardatz izango dutenak, eta Euskal Herriko langile klasearen energia eta komunikaziorako teknologiak oinarrizko eskubide bezala bermatzera bideratuak.

LAB, Izarkom eta Goienerrentzat, funtsezkoa da eremu publikotik eraldaketa honetan aurrera egiteko baldintza ekonomiko, politiko eta sozialak bermatzea. Halaber, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen paradigmapean kokatzen diren Goiener eta Izarkom bezalako kooperatibek paper garrantzitsua jokatzen dute telekomunikazioen eta energia sektorearen oligopolioari aurre egin eta aipatu alternatiba gorpuzteko: trantsizio ekosoziala, energia eta telekomunikazioen demokratizazioa eta jasangarritasuna, zerbitzu hauek euskaraz eskaintzea, eta burujabetzan aurrera egitea.

Sistema itzali eta alternatibak pizteko elkarlana

2025eko apirilaren 28ko itzalaldi handiak oligopolioen esku dauden azpiegitura kritikoekiko erabateko menpekotasuna eta gure gizartearen zaurgarritasun sakona utzi zituen agerian. Egoera horren aurrean, urteurrenean “Itzali sistema, piztu alternatibak” manifestua sustatu zuten Izarkom eta Goienerrek eta besteen artean LAB sindikatuak babestu zuen, oinarrizko zerbitzuen kontrol demokratikoa eta sare autonomo nahiz komunitarioak eraikitzeko premia aldarrikatuz.

Elkarlanaren fruitu LABen telekomunikazioak eta egoitzetako energia hornikuntza osorik Izarkom eta Goienerrek egiten dituzte egun. Izarkomeko kide Iker Garaialdek aipatu duenez garrantzitsua da erakustea ekonomia sozial eraldatzaileko alternatibak ez direla norbanakoei zuzendurikoak bakarrik, baizik eta erakunde handiagoei ere zerbitzua emateko baldintzetan direla egun Euskal Herrian.

LABeko kide Iratxe Delgadoren hitzetan, asko dira burujabetza eta eraldaketa sozial klabetan ekonomia sozial eraldatzaileko eragile hauekin konpartitutako ikuspegiak, baloreak eta elkarlan espazioak dinamika sozial ezberdinetan; horrekin batera, LAB hitza eta ekintza da, eta beraz, telekomunikazioen eta energiaren oligopolioetatik askatzeko, sindikatu gisa emandako urratsaren balio politikoa azpimarratu du.

Goienerreko Maria Arretxek aurreratu duenez, LABeko eraikinetan autokontsumo instalakuntzak ezartzeko dagoen potentziala arakatzen ari dira, energia kontsumoaren eremuan garaturiko elkarlana energia berriztagarrien ekoizpenera ere hedatzeko helburuarekin. Hiru erakundeek aurrera begirako elkarlan aukera berriak arakatzeko asmoa adierazi dute. Bizitzeko funtsezkoak diren ondasun eta zerbitzuen kontrola oligopolioen esku kontzentratzen ari delarik, izaera ezberdinetako eragileen arteko elkarlana jarri dute balioan, betiere lan eta bizi-baldintza duinen, burujabetzaren eta trantsizio ekosozial justuaren norabidean.

CCOOk Gipuzkoako zerbitzuguneen sektoreko langileak saldu ditu

Sektorean indar gutxiengoan egonik, AEGA patronalarekin eragin mugatuko akordioa sinatu du.

CCOOk Gipuzkoako gasolindegietako langileak saldu ditu, patronalarekin eragin mugatuko akordioa sinatu baitu. Hilabeteetako blokeo egoeraren aurrean, borroka sindikala eta kapitalarekiko konfrontazioa bilatu beharrean, gehiengoak ez errespetatzearen hautua egin du.

Nabarmena da LABek, ELAk eta UGTk osatzen duten gehiengoaren aurka patronalak eta CCOOk egin duten kanpaina zikina. Lerroburuan aipatu bezala, azken horiek sektoreko langileengan eraginik izango ez duen akordioa erdietsi dute, zer eta langileek historikoki aldarrikatu dituzten hainbat neurriri bizkar emanez, hala nola lanaldi murrizketa esanguratsuari, igande eta jaiegun berezietako plusari, kontziliaziorako behar bezalako baldintzei eta, finean, aberastasunaren birbanaketa justuagoari. Ekintza antidemokratiko horrek, gainera, hurrengo lau urteak baldintzatuko ditu sektorean.

LABen ustez, Gipuzkoan hitzarmen duina lortzeko borrokara jo beharra zegoen, eta aldarrikapen horri eutsi dio 2026ko urtarriletik oraintsura arte. Gainerako sindikatuak batzeko zailtasunak zailtasun, uztailean, ELA eta UGT sindikatuek LABen erronkari eutsi eta borroka zikloa batera aktibatzeko beharra ikusi zuten. Ordea, gaurko traizioak sektorearen gehiengo zabalak (%70’27ak) zuen borrokatzeko grina zapuztu du.

Negoziazio guztian zehar CCOO gezurretan aritu da eta gainontzeko sindikatuoi leporatu digu hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa. Are, sindikatu horrek adierazi du “sektoreko langile gutxi batzuen erruz” ez dagoela hitzarmenik. Bada, horixe da, hain zuzen ere, CCOOk egin duena. Hots, sindikatu batek sektoreko langileak batasunerantz bideratu ordez, bereizketara bideratzea. Horrek duen esanahi sinboliko negatiboa ikusgarria da.

LAB sindikatuak Euskal Herriko langile klasearen artikulazioan eta askapenean lan egiten jarraituko du eta Gipuzkoako zerbitzuguneetan ere beste hainbeste egingo du. Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa den garaiotan, argi dago sektoreko langileek gogoeta egin beharko dutela bi ereduren artean aukeratzeko. Lehena, CCOOrena; langile klasea saltzen duena. Bigarrena, LAB sindikatuak lideratzen duena; langile klasearen defentsan aritzen dena.

Donostiako Udalak, berriro ere legedia kontutan hartu gabe, zeroan utzi ditu SPEIS-en inbertsioak


2027ko aurrekontu-proiektuak suhiltzaile-etxe saturatua handitzea eragozten du, 2026an hasitako blokeoa luzatzen du eta Eneko Goia alkateak 2023ko azaroaren 16an langileekin egindako bileran bere gain hartutako isilbidezko konpromisotik aldentzen da: UNESPA aseguru-etxeen patronalaren bidez bildutako diru-sarrerek beti izango zutela izaera finalista eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzua(SPEIS) handitzeko eta hobetzeko inbertsioetara bideratuko zirela.

Donostiako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zerbitzuko langileek salatzen dute 2027ko udal-aurrekontuaren proiektuak zero euro esleitzen dizkiela SPEISeko inbertsio errealei. Erabaki horrek 2023ko egoera errepikatzen du.

Udalak langileen ordezkariekin hartutako konpromisoa betetzen ari da bi urtean hamabi suhiltzaile sartzeko: sei 2026an eta beste sei 2027an. Helburua sei brigadetako bakoitzean bi suhiltzaile gehiago izatea da. Plantilla handitzea beharrezkoa da, baina ezin da instalazioen handitzetik bereizi. Gaur egun ia ez dago leku erabilgarririk armairu berriak jartzeko, aldagelak handitzeko edo txaketoiak eta gainerako babes-ekipoak behar bezala gordetzeko. Hamabi langile berriek espazio egokiak behar dituzte, arropa garbia eta kutsatuta egon daitezkeen ekipoak bereizteko eta higiene-, segurtasun- eta antolaketa-baldintza egokiak bermatzeko.

2026ko aurrekontuak berak behar hori aitortu zuen: aldagelak handitzea, txaketoi-gune berria sortzea eta prestakuntza eta bileretarako erabilera anitzeko aretoa egokitzea aurreikusi zuen. Eraikin eta bestelako eraikuntzen partidan 322.500 euro jarri ziren. Gainera, pasa den irailaren 1ko Tokiko Gobernu Batzordeak suhiltzaile-etxea handitzeko proiektua onartu zuen; beraz, Udalak berak jada planifikatutako jarduera da.

Hala ere, (jada salatu genuen pasa den irailaren 10ean) Udalak SPEISeko bost inbertsio-partida blokeatu egin ditu, guztira 408.133,88 euro, eta suhiltzaile-etxea handitzeko partida osoa erabilgarritasunik gabe utzita. Orain, 2027ko proiektuak inbertsioen kapitulua erabat ezabatzen du, nahiz eta suhiltzaile-zerbitzua mantentzeko tasan 1.209.160 euroko diru-sarrera aurreikusi.

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3 zenbakiko Epaitegiaren 139/2025 Epaiak, uztailaren 2koak, ezarri zuen UNESPAri dagozkion diru-sarrerak SPEISen inbertsio errealetara bideratu behar direla, zerbitzua handitu eta hobetzeko, soilik, esklusiboki eta osorik.

Epaia langileek bultzatutako ekimenaren ondorio izan zen. Zerbitzuko langileen gehiengo handi batek ekarpen ekonomiko pertsonalak egin zituen erreklamazio judiziala izapidetu zuen abokatu-bulegoa kontratatzeko. Ahalegin kolektibo horren eta aldeko ebazpenaren ondoren, ez da onargarria inbertsioek blokeatuta jarraitzea.

Plantillak eskatzen du, 2027ko aurrekontua behin betiko onartu aurretik, parkea handitzeko 2026ko partidak eranstea, UNESPAren diru-sarreren xedearekin konpromisoa hartzea 2027ri begira eta epaia benetan betetzea. Zerbitzua zabaltzea eta hobetzea ez da aukerakoa, baizik eta behar operatibo, prebentibo eta antolatzailea.

Suhiltzaile zein hiritarren segurtasuna ezin da jokoan jarri !!!!