2025-12-05
HomeEkintza PolitikoaOsasun sistema publikoa indartzeko neurriak eskatzen dizkiogu Jaurlaritzari, ez COVID ziurtagiria ezartzea...

Osasun sistema publikoa indartzeko neurriak eskatzen dizkiogu Jaurlaritzari, ez COVID ziurtagiria ezartzea eta luzatzea

Pasa den igandean, Osakidetzako milaka langile eta erabiltzailek lehen arreta eta oro har osasun sistema publikoa indartzea eskatu zuten. Alabaina, eskari horri entzungor egin eta COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzera mugatu da Eusko Jaurlaritza.

LABen iritziz, osasun publikoaren ikuspegitik ez dago nahikoa justifikaziorik COVID ziurtagiria ezartzeko, kontutan hartuta euskal herritarren %90 inguru txertatua dagoela eta txertatuta dauden herritarrak ere birusaren eroale izan daitezkeela.

Gainera, elkarbizitzaren ikuspegitik ondorio ezkorrak izaten ari da herritarren eta langileen artean: txertatzea erabaki ez duten herritarrak estigmatizatu eta diskriminatu egiten ditu eta herritarren arteko arrakalak eragiten ditu, noiz eta pandemiari aurre egiteko herritarron arteko batasuna eta elkartasuna beharrezkoak ditugunean. Eta ikuspegi laboraletik, nahikoa justifikazio sanitariorik ez duen kontrol neurri bat aplikatzera behartzen ditu milaka eta milaka langile.

COVID ziurtagiriarekin kritikoak bagara ere, ez dugu bat egiten neurri honen kontra emandako zenbait erreakziorekin eta, zehazkiago, neoliberalismoak eragindako indibidualismoan sakonduz, norbanakoen “askatasuna” zaintza kolektiboaren gainetik jartzen duen diskurtsoarekin; eskuin muturrak baliatu nahi duen diskurtsoa, hain zuzen ere.

Edozein kasutan ere, COVID ziurtagirian fokoa jartzeak kudeaketa instituzionalaren gabeziak estaltzeko helburua du; erantzukizuna berriro ere herritarrengan jarrita, Gobernuen kudeaketa okerra ezkutatzeko. Nola uler liteke, pandemia hasi eta bi urtera, Osakidetzako lehen arreta kolapsatua egotea? Nola uler liteke, Eusko Jaurlaritzak osasun sistema publikoan egindako murrizketen ondorioz herritarren osasunari jarraipena egiteko protokoloei uko egin zaion bitartean, milaka langileri eraginkortasunik ez duen kontrol neurri bat aplikatzera derrigortzea? Nola begiratu liteke beste alde batera, Osakidetzako milaka eta milaka osasun langile eta herritar kalera ateratzen ari direnean?

LABen iritziz, pandemiari begirako politika publikoak berehala zuzendu beharra dago. Honako neurri hauek hartzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari:

1. COVID pasaportea bertan behera utzi. Botere publikoek txertaketaren aldeko mezu pedagogikoa igorri beharko lukete, jarrera zigortzaile oro baztertuz.

2. Konfinatutako seme-alabak dituzten langile guztientzako lan baimena ezarri, zaintzaren ikuspegitik ez ezik hirugarren baten kutsatze arriskua eragozteko.  

3. Kutsatze tasa murrizteko prebentzio neurriak eraginkorrak hartu

-Doako PCRak, CO2 neurgailuak, aforoen arauketa edota detektatze goiztiarrerako osasun protokolo eta baliabideen hobekuntza.

-Ikuspegi prebentiboz herritarron osasuna sustatzeko neurriak hartu, besteak beste, elikadura, kirola eta arlo sikosozialari dagokionean.

-Lantokietan lan osasuna lehentasuntzat hartu. Mutuak alboratu eta prebentzio sistema publikoa ezarri. Beharrezkotzat jotzen den lan jardueretan, doako PCRak jarri txertatu nahiz txertatu gabeko langileentzat, lan ordutegiaren barruan.

-Garraio publikoa hobetu eta areagotu, masifikazioak ekidinez.

4. Osasun eta zaintza sistema publikoa indartu.

-Lehen mailako arretan ratioak jaitsi, baliabideak areagotu eta enplegua egonkortu.

-COVID kasu larriei aurre egiteko baliabideak areagotu (ZIUak, larrialdiak…).

-Osasun baliabide pribatuak (txertoen ekoizpena eta banaketa barne) publifikatu, gutxi batzuen etekinei begira baino herritar guztien osasunari begira egon daitezen.

-Zaintza sistema publiko komunitarioa eratu. Adineko egoitza eta bestelako gizarte zerbitzuak publifikatu, ratioak jaitsi, lan baldintzak hobetu eta eredu bizigarriagoa eraiki. Adineko egoitzetako Nafarroako lan hitzarmena ezarri.

5. Pandemiak langile jendearen artean eragindako ondorio ekonomikoei aurre egin

-Enpleguaren defentsa, oinarrizko errenta duina, etxegabetzeen debekua, energiaren merkatzea…

-Oinarrizko lanetan ari diren emakumeekiko dagoen zor patriarkala aitortu eta euren lan-baldintzak hobetu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...