2026-07-28
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du ez dagoela arrazoirik altzairutegia ixteko, ezta Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko...

LABek salatu du ez dagoela arrazoirik altzairutegia ixteko, ezta Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientea aplikatzeko ere, eta ohartarazi du gatazkak kontsultalditik harago jarraituko duela

Tubos Reunidosek planteatutako EEEaren kontsultaldiaren azken bileratik egun gutxira, LABek argi eta garbi berresten du ez dagoela altzairutegia ixtea edo 301 lanpostu suntsitzea justifikatzen duen arrazoirik. Asteetan bilerak egin ondoren, enpresako zuzendaritza ez da gai izan neurri hori saihestezina dela frogatzeko, ezta enpresaren etorkizunerako, bere jarduera industrialaren funtsezko zati bat nahitaez desegin beharko dela frogatzeko ere.

Aitzitik, prozesu honek agerian uzten ari dena enpresaren gardentasun falta kezkagarria da. Orain arte aurkeztutako dokumentazioak ez du planteatutako neurrien larritasuna justifikatzen, eta galdera ugari uzten ditu erantzunik gabe Tubos Reunidosen garatu nahi den industria proiektua benetan zein den jakiteko.

Ildo horretan, LABetik berriro planteatu dugu oraindik erantzunik gabe jarraitzen duen gai bat. Azken hilabeteetan publikoki hitz egin da altzairutegiak batzeko aukeraz, José Ignacio Jainaga enpresariak bultzatuta. Jokaleku horri buruz galdetu diegu bai enpresako zuzendaritzari bai erakundeei, eta inork ez du argi eta garbi erantzun nahi izan.

Azalpen falta horrek arrazoizko susmo bat baino ez du elikatzen: plantillari eta negoziazio mahaiari helarazten ez zaien industria plan bat egon daitekeela. Benetan tamaina horretako enpresa-operazioak aztertzen ari badira, langileek jakiteko eskubidea dute. Ezin da fede onez negoziatu enpresaren etorkizunari buruzko informazio garrantzitsua ezkutatzen den bitartean.

Horregatik guztiagatik, LABetik zuzenean interpelazioa egiten diegu euskal erakundeei. EAJk eta PSEk osatzen duten Eusko Jaurlaritzak bere esku ditu industria eta enplegu arloko ardura nagusiak. Ez da onargarria tamaina horretako enplegu-suntsiketa prozesu baten aurrean anbiguotasunean eta konpromiso argirik gabe jarraitzea.

Zentzu horretan, komunikabideetan zabaltzen ari diren baieztapen batzuk ere gezurtatu nahi ditugu. Erakundeetatik esaten ari dira enpresa-batzordearekin harremana dutela, baina LABetik argitu behar dugu hori ez dela egia, edo behintzat ez dela egia gure sindikatuari dagokionez. Bilera bakarra otsailaren 13an egin zen, enpresa-batzordeak berak eskatuta. Harrezkero, erakundeen aldetik ez da harreman edo ekimen berririk izan langileen ordezkariekin biltzeko.

Hain zuzen ere, gaur, ostirala, langileek elkarretaratzea egin dute Sabin Etxearen aurrean, EAJren egoitzaren aurrean, Aitor Estebani enpresa-batzordearen izenean zuzendutako gutun bat emateko. Gutun horretan eskaera argiak egiten dira Eusko Jaurlaritzak enpleguaren eta enpresaren etorkizun industrialaren defentsan paper aktiboa har dezan.

Tubos Reunidosek bizi duen egoera ez da arazo txiki bat, ezta enpresa baten barne-kontu hutsa ere. Jokoan dago Aiaraldeko eta Ezkerraldeko etorkizun industriala, baita ehunka lanpostu zuzen eta zeharkako ere, desindustrializazio prozesu etengabeak urteak daramatzaten bi eskualdetan. 

LABetik argi utzi nahi dugu gatazka ez dela amaitzen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldiarekin. Prozesu horren amaiera edozein dela ere, Tubos Reunidosen enpleguaren eta industria-jardueraren defentsak aurrera jarraituko du.

Plantillak azken asteetan erakutsi du bere determinazioa eta mobilizatzeko gaitasuna. Eta LABen argi daukagu gatazka hau denboran luzatuko dela enpresak kaleratzeak inposatu eta altzairutegia justifikaziorik gabe ixteko asmoari eusten badio.

Lanpostu guztiak defendatzen jarraituko dugu, gardentasuna eskatzen eta erakundeei beste aldera begiratzeari uzteko eta dagozkien erantzukizunak beren gain hartzeko eskatuz. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langabezia jaitsi arren, arrakalak sakonak dira

Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.

“Barraskilo operazioa”: Nafarroako Gobernuak errepresioaren eta grebalarien zigorraren alde egin du, lantokietan grebarako eskubidea urratu izanaren aurrean beste alde batera begiratzen duen bitartean

Barraskilo Operazioan parte hartu genuenok, isunak eta errepresioa salatzen ditugu, martxoaren 17an Euskal Herrirako 1.500 euroko LGSren aldeko greba orokorraren testuinguruan egindako ekintza baketsu batengatik.

Babestutako Etxebizitzak esleitzeko kupo berriekin, Denis Itxasok sozialki injustua den eredua ezarri nahi du

Etxebideren araudia aldatzeko prozesuan da Itsasoren gidaritzapeko saila, eta sustapen bakoitzeko etxeen %30 gorde nahi du 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileentzat. Etxebiden izena emanda duten 110.000 herritarren %70 diskriminatuko du araudi berriak.