2026-06-11
HomeEkintza SindikalaOsasun publikoaren desegitearen aurrean, zatiketa korporatiboa baztertzea eta negoziazio integrala exijitzen ditu...

Osasun publikoaren desegitearen aurrean, zatiketa korporatiboa baztertzea eta negoziazio integrala exijitzen ditu LABek

LABek egoeraren larritasunari buruzko diagnostikoa partekatzen duen arren, arazoa egiturazkoa dela uste du, eta irtenbidea klase ikuspegiz landu behar dela. Sistema publikoa indartu behar da, eta, horretarako, plantilla behar bezala dimentsionatu, lan baldintzak hobetu, profesionalen ihesa saihestu eta pribatizazio prozesuei aurre egin behar zaie.

LABek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari exijitzen dio EAEko bere eskumen exekutiboak bere gain har ditzala, Madril ez dezala ezkutu gisa erabili eta duela 18 urtetik zaharkituta dagoen Akordio Arautzailea egunera dezala. Era berean, Osasun Itunaren instrumentalizazioa salatzen du. Izan ere, itunean lankidetza publiko-pribatua blindatu zen, eta saihestu egin zen plantilla handitzea, premiazkoa izan arren. Orain, berriz, gatazka baliatzen ari dira klinika pribatuak aberasteko, pazienteak modu masiboan hara bideratuz. Gainera, bideratze sistematiko horiek modu inprobisatuan eta kontrolik gabe egiten ari dira, eta horrek pazienteen segurtasuna arriskuan jartzen du.

LABen ustez, medikuen kolektiboaren lan baldintzak soilik negoziatzeak eta estatutu propio bat eskatzeak langile klasea ahultzen du, zerbitzu publikoa zatitzen du eta osasun sistema publikoaren arazoa egiturazkoa dela ezkutatzen du: dimentsionamendu falta, eredua eta lan eskubideen babes eskasa dira sistema osoari eragiten dioten arazoak. Gainera, sistemak berak ahalbidetzen eta sustatzen du jardun publiko-pribatu bikoitza, eta horrek profesionalen etengabeko ihesa eragiten du. Horregatik, LABek bateraezintasunen gaineko kontrol zorrotzaren alde egiten du.

LABek salatzen du Medikuen Sindikatuak eta Osakidetzako zuzendaritzak mahai sektoriala negoziaziorako esparru gisa deslegitimatzen dutela. Izan ere, ez dute bertan gatazka jorratzen, ezta aipatzen ere, Osakidetzako lan baldintzak negoziatzeko esparru ofiziala hori izan arren eta hainbat arlotan Estatutu Markoa gainditzeko gaitasuna duen arren.

Fakultatiboentzako estatutu propio eta berezitua eskatzen duten greba egunen eta mobilizazio korporatiboen aurrean, LABek adierazi nahi du egoeraren larritasunari buruzko diagnostikoa guztiz partekatzen duela. Sindikatuak aspalditik salatzen du Etengabeko Arretako Guneetako mediku faltaren eta lehen mailako arretaren egoera kritikoaren arazoa. Egoera hori logika merkantilistaren eta zerbitzu publikoa desegitearen estrategiaren ondorio da: profesionalen egiturazko gabezia, jasanezinak diren lan-kargak, 24 orduko guardia integralen sistema itogarria, ordezkapenen estaldura eskasa eta abar. Horrek guztiak burnout kasuen eta arrisku psikosozialen gorakada kezkagarria eragin du, aurrekaririk gabekoa eta erantzun egokirik izaten ari ez dena.

Ordainsarietan 70 milioi euro eskaintzea bezalako iragarpenak tranpa hutsak dira. Herritarrak engainatzea eta Osakidetza egoera honetara eraman duen eredua bera betikotzea dute helburu. Osakidetzaren arazoak ez dira konpontzen ordainsariak berrikusita soilik —berez, badute horretarako garaia, duela hamarkada bat baino gehiagotik berritu gabe daude eta—. Horrelako neurriek ez dute eraginkortasunik izango lan baldintzak hobetzeko neurriekin batera ez badatoz. LABen iritziz, iragarpen horiek sailaren komunikazio estrategiaren parte dira, osasungintza publikoaren egoera larria, langile guztien lan baldintza tamalgarriak eta zerbitzuaren desmantelamendua ezkutatzeko.

Horregatik, LABek uste du arazoaren erroa egiturazkoa dela eta irtenbidea klase ikuspegi kolektibotik landu behar dela. Horrenbestez, Osakidetzako medikuentzat negoziazio esparru berezitu bat sortzearen aurka dago. Aldarrikapen horrek Osasun Sailaren estrategia indartzen du, euskal osasun zerbitzuko plantilla zatitzeko helburua duena. LABek negoziazio kolektibo integral eta gardena defendatzen du, egungo arreta beharrei eta plantilla osoaren interesei erantzungo diena, kategoria eta unitate bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuko dituena.

LABen proposamenen artean daude plantilla osoarentzat urteko lanaldia murriztea, asteko 30 orduko lanaldia helburu moduan jarrita; guardiak lanaldiaren barruan integratzea, plantillaren plangintza hobetzea, eta profesional gehiago prestatzea, unibertsitateko eta BAME (Barneko Mediku Egoiliarrak) plazen kopurua handituz. Era berean, beharrezkoa da lanaren antolaketa berritzea eta atsedenaldiak bermatzea, profesional guztientzat antzeko lanaldiak ahalbidetuko dituen txanda-sistema aztertuz. Ildo horretan, LABek erabat baztertzen du medikuen sindikatuek proposatzen duten irtenbidea; hau da, lan boluntarioaren bidez arazoa konpontzea. Izan ere, horrek egungo sistema betikotzea baino ez luke ekarriko. Halaber, hainbat aldagai kontuan hartuta langileek erretiro-adina aurreratzeko edo lanaldia murrizteko formulak aztertu behar dira.

Sistema publikoa indartu behar da, eta, horretarako, plantilla behar bezala dimentsionatu, lan-baldintzak hobetu, profesionalen ihesa saihestu eta pribatizazio prozesuei aurre egin behar zaie.

Osasun sistema publikoak gero eta arazo gehiago dituen eta zuzendaritza lan-esparrua eguneratzeko gai ez den testuinguru honetan, LABek epe laburrean agertoki gatazkatsua aurreikusten du. Sindikatua dagoeneko hasia da dinamika propioak zein elkarlanekoak aktibatzen, plantillaren nekea eta haserrea bideratzeko eta kaleetan zein lantokietan beharrezko presioa egiteko, %100 publikoa, unibertsala, euskalduna eta komunitarioa izango den osasun eredua borrokatu eta defendatze aldera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako esku hartze sozialeko langileek sektorearen publifikazioa eta administrazio publikoarekin parekatzea exijitu dituzte

LABen antolatutako zaintza eta esku hartze sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Lan Epaitegiaren aurrean gaur goizean, esku-hartze sozialeko hirugarren hitzarmenaren negoziazio mahaia hasi...

EUDELek langileen ordezkaritzaren gehiengoak adierazitakoa errespetatu eta proposamenak egin behar ditu gatazka konpontzeko

EUDELek bere exekutiba biltzen du gaur eta beste gaien batzuen artean, euskara eta zerbitzuen kudeaketa landuko ditu. LABek eta ELAk udal sektoreak dituen aldarrikapenei...

PRIMAFRIOn jazarpen sindikalik ez! Negoziazioa orain!

Duela hilabete gutxi arte, PRIMAFRIO ordezkaritza sindikalik gabeko enpresa zen. Zuzendaritzak egoera hori baliatzen zuen nahi zuena egiteko. Izan ere, abenduan hauteskunde sindikalak deitu...