2026-03-20
HomeEkintza SindikalaOsasun Mahaiaren ezinak agerian geratzen hasiak dira, eta horrek mahaiko arduradunak metodologia...

Osasun Mahaiaren ezinak agerian geratzen hasiak dira, eta horrek mahaiko arduradunak metodologia etengabe aldatzera eraman ditu

Gaur publiko-pribatu lan taldean zein zerbitzu-zorrokoan osatutako dokumentuak mahaira ekarriko zituztela adierazi zuten arren, aldebakarrez erabaki dute horien aurkezpena atzeratzea.

Osasun Mahaiaren 8. bilera egin da gaur, eta bertan estrategien fasea diseinatzeko osatu ziren 24 lantaldeetatik 7tan egindako dokumentuak aurkeztu dituzte. LABen harridurarako, atzo bidalitako gai zerrendan ez ziren agertu lantaldeetan gaur bertan aurkeztuko zirela adierazi eta baieztatu zituzten bi gai garrantzitsu: zerbitzu-zorroarena eta lankidetza publiko-pribatuari dagokiona.

Mahaiaren nondik norakoak, aurkeztuko diren lantaldeetako dokumentuak eta metodologia bera etengabe aldatzen ari dira mahaiaren ardura duten koordinatzaileak eta Alberto Martinez sailburua berak. Badirudi haiek diseinaturiko metodologiak aurpegian eztanda egin diela eta lantaldeetako dokumentuetan erabakitako zenbait gauza atzera botatzeko modua bilatzen ari direla.

Metodologia momentuaren arabera moldatzen ari dira, eta aldaketak etengabe ezartzen dituzte, aldebakarrez. Mahaia gidatzen ari diren arduradunen komenigarritasunaren arabera aurkezpen epeak aldatu dituzte, dokumentu horiei ekarpenak egiteko epe berriak jarri edo bozketa berriak planteatu. Lantaldeetan erabakiak hartzeko eredua bera zalantzan jarri dute. Izan ere, gauza bakarra dago argi: lantalde batzuetan kontsentsurik ez dagoela. Eta, kontsentsu ezaren aurrean, lantaldearen gehiengoarekin hartu dira erabakiak.

Atzo hedabide batzuek filtratu zuten moduan, lankidetza publiko-pribatuaren lantaldean gehiengoz erabaki bat hartu zen: osasun sistema publikoak herritarren beharrei erantzuteko eta Osakidetzak autosufizientzia handitu dezan, orain arteko politika pribatizatzaileak lehengoratzea, horretarako osasun zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eskainiz eta sektore pribatuarekiko duen dependentzia progresiboki murriztuz, eta azken aukera hori soilik salbuespen egoeratan baliatuz. Salbuespen egoera horiek administrazioak, erabiltzaileek, langileen ordezkariek, eta kolegio profesionalek aztertu eta onartu beharko dituzte, eta inondik inora ere ez enpresariek. LAB hedabideetan zabaldutako erabakien jakitun zen talde horretan parte hartzen duelako eta erabaki horien parte izan delako. Osasun Sailak, ordea, ez du talde horretan erabakitakoa mahaira ekarri, erabakiak ez duelako bat egiten beraiek bultzatu nahi duten lerroarekin; hau da, pribatizatzen jarraitzea.

Zerbitzu-zorroari loturiko lantaldean, berriz, pribatizaturiko zerbitzu-zorroaren diagonostiko bat egin eta publifikazio plan progresibo bat egiteko erabakia hartu zen. Kanpora ateratako, hitzartutako, azpikontratatutako edo egungo zerbitzu-zorroan sartuta ez dauden asistentzia-zerbitzu guztien diagnostikoa egitea jaso zen; zerbitzuok pixkanaka integratzeko plana, alegia, pribatizaturiko zerbitzu guztien publifikazioa egiteko kronograma barnebiltzen duena.

LABek argi du bi eredu antagoniko lehiatzen eta azaleratzen ari direla lantaldeetan. Osasun sistema publikoa eraldatzeko zerbitzua baliabide publiko eta propioekin eman eta sektore pribatuaren esku hartzea murriztu eta salbuespen egoera adostuetara eraman nahi dutenena, batetik, eta lankidetza publiko-pribatuarekin jarraitu eta berau bultzatu nahi dutenena, bestetik; hau da, Confebask, PNV, unibertsitate pribatuak, eta beraien negozioa kolokan ikusiko luketen beste eragile batzuek.

Hortaz, LABek eskatzen du talde horietan gehiengoz erabakitakoa errespetatzea eta gobernuak dokumentuetan jasotakoa ezkutatzeko eta atzera botatzeko trikimailuak erabiltzeari uztea. Erabiltzaile, herritar eta langileok osasun sistema publikoa daukagu jokoan, eta horren defentsari tinko eutsiko diogu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Martxoak 21. Arraza diskriminazioaren aurka indar guztiz borroka egitera dei egiten du LABek

Ez dadila egun arrunt bat izan. Balio dezala, benetan, egiteke (asko) dauzkagun batzuetan aurrera egiteko. Erakunde sindikal gisa, LAB, olagarroaren beste tentakulu bat izan gaitezke edo, aitzitik, gure indar guztiekin haren aurka borrokatu.

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...