2026-10-03
HomeEkintza SindikalaOsakidetzako sindikatuok kontzentrazioak egin ditugu Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetan

Osakidetzako sindikatuok kontzentrazioak egin ditugu Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetan

Maiatzaren 18ko eta 19ko greba-deialdiaren ondoren, eta LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok Sailburuari Mahai Sektorialera joateko eskatu diogun arren, Osakidetzak ez du inolako erantzunik eman.

LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetako langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur, pairatzen dituzten lan baldintza eskasak salatzeko eta Osasun Sailari berehalako irtenbideak eskatzeko.

Osakidetzak ez du pausorik eman Mahai Sektoriala desblokeatzeko eta benetako negoziazio bat irekitzeko, gure osasun-sistema publikoak bizi duen egoera larriari irtenbidea emateko helburuarekin. Gogoratu behar da pasa den apirilaren 3an, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok eskaera formal bat erregistratu genuela Sailburuari Mahai Sektorialera joateko eskatuz. Gaur egun, ez dugu gure eskaeraren erantzunik jaso, eta ez da inolako harremanik izan.

Bitartean, Osasun Sailak asteartean publiko egin duen plan estrategikoaren berri izan dugu komunikabideen bitartez. Sindikatuokin eztabaidatu gabeko plana da, beste behin inposaketaren emaitza, eta gaur egun ez daukagu horren xehetasunik, Osakidetzak desegite neurriak aurkezteko erabiltzen dituen propaganda-panfletoetatik haratago. Hobekuntza planez mozorrotzen ditu Osakidetzak bere desegite neurriak. Nolanahi ere, eta komunikabideek jasotakoa ikusita, azpimarratu behar da, propaganda horretatik harago, planteatutako neurriek ez dietela heltzen Osakidetzaren benetako eta egiturazko arazoei. Planteamendu orokorrak dira; epe ertainera; eta ez dituzte funtsezko gaiak jorratzen, hala nola plantillaren lan-baldintzak hobetzea, profesionalak erakartzeko eta mantentzeko beharra, edo presentzialtasuna bermatzeko beharra. Osasun-zentro birtual bat sortzea bezalako neurriak, asko urruntzen dira kalitatezko osasun-arretatik.

Gero eta nabarmenagoa da Osakidetzak bizi duen egoeraren larritasuna, bereziki Lehen Arretan. Argi dago, halaber, Osakidetzak ez duela beste planik, murrizketak aplikatzen eta langileak estutzen jarraitzea baino. Egoeraren larritasunak, negoziaziorik ezak, Mahai Sektorialaren blokeoak eta Osasun Sailaren konponbide faltak eraginda, Mahai Sektorialeko sindikatuok bi greba-egun deitu ditugu maiatzaren 18rako eta 19rako.

Testuinguru horretan, LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO eta UGT sindikatuok larunbat honetarako Donostian (17etan, Boulevardean), Bilbon (12tan, Jesusen Bihotzean) eta Gasteizen (12tan, Bilbo plazan) deitutako manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu bai langileak bai herritarrak.

Gure osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzari eta Osasun Sailari borondate politikoa eskatzen diegu, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...