2026-10-03
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaAma bakarren eskubideen urraketa salatzen dugu

Ama bakarren eskubideen urraketa salatzen dugu

Ama bakarra izan den pertsona bati Gizarte Segurantzak adingabea zaintzeko baimen bikoitza ukatu zionean, LAB sindikatuak demanda jarri zuen, eta Auzitegi Gorenak eskubide horren ukoa berretsi berri du. LABek ama bakarren eskubideen alde egiten duenez gero, erabakia onartezintzat jo du, eta zaintza eskubidearen garrantzia berretsi nahi izan dugu.

Naike 2022ko uztailean ama izan zen eta ondorioz, Gizarte Segurantzak hamasei asteko prestazioa onartu zion, adingabea zaintzeko. Ama bakarra zen heinean, beste hamasei asteko eskaera aurkeztu zuen, guraso bakarra egonik adingabearen zaintzarako eskubide hau ezinbestekoa ikusten baitzen. Baina, ohikoa den bezala, Gizarte Segurantzaren ukoarekin topo egin zuen eta horren aurrean demanda aurkeztu genuen epaitegian, ordura arte epaile gehienek eskubide horren alde egiten baitzuten. Aurrerago, zehazki martxoaren 8an, Auzitegi Gorenak eskubide hau judizialki lortzeko bidea zapuztu zuen.

Ama bakarren eskubide urraketa den auzi hau Europar Batasuneko Justizia Auzitegira igorri zen, eta horretan oinarrituta, LABek eskatu zuen epaiketa eteteko, Europak ebazpen irmo bat eman arte. Beste behin ere, Gizarte Segurantzaren ukoarekin topo egin zuten, berariaz eskatu baitzuen epaiketa ospatzeko, eta atzo, apirilaren 19an, Gasteizko epaitegian, epaiketa egin zen, kontuan izan barik LAB sindikatutik egindako eskaerak.

Hortaz, LAB sindikatuak zera dio:

Jendartea eta testuinguru soziala, familia eredu bakar batetik haratago, aukera aniztasunaren aldeko trantsizio bat egiten ari da, aukera horien artean amabakarrak izatea erabakitzen duten pertsonak daudelarik. Baina sistema kapitalista (zis)heteropatriarkal honen mekanismo guztiak familia eredu nuklearra indartu eta saritzera bideratzeaz gain, hortik kanpo kokatzen diren aukera guztiak zigortzen ditu. Sistemak tresna guztiak (baita juridikoak ere) ditu eredu hori birproduzitzeko, eta hau adibide bat gehiago da. Izan ere, bere interes ekonomikoetarako behar-beharrezkoa dauka familia eredu nuklearra.

Zapalkuntza bikoitz baten inguruan hitz egiten ari gara: sexuaren araberako diskriminazioa gertatzen da, guraso bakar gehienak emakumeak direlako; bestalde zaintza eskubidea bera urratzen da, zaindua izan behar duen pertsona ere diskriminatua dagoelako. Hau da, zaintza berriro ere bazterrean geratzen da, zaintza bermatzeko gaur egun ditugun tresna bakarrak halako baimenak direlarik, lan produktiboaren logikatik diseinatutakoak eta bizitzaren sostengarritasuna balioan jartzen ez dutenak. Era berean, kontziliazioaren tranpaz eta sistemaren paradoxaz ere hitz egin behar dugu, zaintza lanak doakoak direnean eta sistemarentzako kostu ekonomikorik ez dutenean emakumeen gain geratzen baitira.

Nahiz eta berdintasun planetan eta zuriketarako erabiltzen diren legedien artean familia eredu ezberdinak izendatu eta teorikoki kontutan hartzen diren, praktikan argi ikusten da eredu bakarra nagusitasunez erdigunean kokatzen dela eta gainontzeko guztiak bigarren mailakoak direla. Berdintasun politika hauek ez daukate gaitasunik normatik aterako den eredurik babesteko, politika feministak behar ditugu. Teorian eredu desberdinak aitortzen dira, baina ez dira bitartekoak jartzen eskubide berdinak izateko.

Ezin dugu onartu ama bakarren eskubideak urratzen jarraitzea. Beraz, LAB sindikatuak egoera honen aurrean:

  • Zaintza erdigunean jarriko duen sistema oso baten aldarrikapena egiten dugu. Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa behar dugu.
  • Euskal Herritik eta Euskal Herrirako Lan Kode bat eta Gizarte Segurantza propio baterako lege bat behar dugu.
  • Marko propio bat behar dugu non eredu hegemoniko (zis)heteropatriarkaletik haratagoko aniztasuna kontutan hartu eta errealitate horientzako eskubideak sortuko diren.
  • Eskubideak gauzatzeko bitartekoak eta aldaketa legalak eskatzen ditugu. Bestela zuriketarako neurriak besterik ez dira.

Egoera honen aurrean, LAB sindikatuak iragarri du datozen egunetan, ama bakarren zaintza eskubideen aldeko mobilizazioak egingo dituela. “Beste behin ere egiaztatu dugu ezin dela tribunalek hartzen duten erabakiaren esku utzi eskubidea izateko edo ez izteko aukera”, dio. “Bide legalak eskubideen errekonozimendurako erreminta ustel izaten jarraitzen duten heinean, LABetik borroka sozio sindikala indartzen jarraituko dugu, hori bait da gizartearen eraldaketarako dugun tresnarik eraginkorrena”, amaitu du sindikatuak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...