2024-03-28
HomeEkintza SindikalaNemak, Domiberia, Indaux eta Maderas Mejoradas Industrial: borrokak merezi du

Nemak, Domiberia, Indaux eta Maderas Mejoradas Industrial: borrokak merezi du


Lau adibide izan ditugu urtarrilean, borrokak merezi duela harro esateko. Hain zuzen ere, Nemak, Domiberia, Indaux eta Maderas Mejoradas Industrial enpresetako langileek akordioak izenpetu dituzte zuzendaritzarekin, enpleguaren defentsan, negoziazio gogorren ostean.

Nemak Etxebarrian dago, Bizkaian, Lea-Artibai eskualdean. Aluminiozko fundizio honetan 58 langile finko egin behar izan ditu enpresak, lan itunak behartuta. Itunak beste 46 kontratu finko ekarri zituen iaz. 104 langile, orotara, bi urteko epean. Azken bost urteetan, berriz, ia 200 langile mugagabe bihurtu dituzte; hots, lan taldearen %35. Hau guztia, oso albiste ona. Izan ere, Nemakeko adibideak erakutsi du, antolakuntza eta borrokari esker, prekarietateari aurre egin ahal zaiola, kalitatezko enplegua sortzeko bidean.

Ugaon dago Domiberia, Bizkaian ere, Arratia-Nerbioi eskualdean. Metalezko edukiontziak egiten dituzte bertan, eta, lantegi honetan ere, kontratazio politikan eragin du LABek: Aldi Baterako Laneko Enpresako hamahiru langileri gutxienez kontratu mugagabea egitea lortu dugu.

Honetaz gain, borrokak zorioneko berri gehiago ekarri ditu Ugaoko lantegira. Hain justu, enpresako lan hitzarmena sinatu berri dute, langileen batzarraren gehiengo zabalarekin. Urtebeteko negoziazioak emaitzak ekarri ditu, hitzarmenak hobekuntza nabarmenak jaso baititu: lanaldia egun batez jaitsiko da, eta, aldi berean, malgutasuna jaitsi eta honen prezioa igo dira; erreformaren aurrean babestea lortu dugu, ultraktibitate klausula eta deskuelgearen kontrako klausula txertatuz eta derrigorrezko arbitraia ekidituz; eta KPIaren erreferentzia berreskuratu da, eta hemendik aurrera igoerak erreferentzia honetatik gorakoak izango dira. Era berean, igoera ekonomikoa eman da gaueko plusean, elbarritasun plusean, eskola laguntzan… Hau guztiaz gain, oporretako eta martxoko ordainsarien kopuruak igo dira.

Domiberian gauzatutako borrokaren oinarria sindikatuen batasuna izan da, horrek ahalbidetu baitu hitzarmen duin bat izenpetzea.

Aia eta Getarian dago Indaux, Gipuzkoan, Urola-Kosta eskualdean. Altzarien burdineria ekoizten dute lantegian, eta bertako langileek hitzarmena sinatu berri dute zuzendaritzarekin. Bistan da akordio hau ere borrokaren ondorioz iritsi dela. Izan ere, bi urteko negoziazioen ondoren, bi greba egunen ostean eta hainbat mobilizazioen eraginez sinatu dute. Gainera, gehiengo zabal batek babestu du, eta LABek hasieratik jarritako helburuak bete direla esan daiteke.

Besteak beste, kontratazio berriekiko diskriminazioa eta hauen eskala bikoitzekin amaitzea lortu dugu: aurreko hitzarmenetik kategoria baxuago berri bat zegoen kontratazio berrientzat, %30 gutxiago kobratzeko. Hitzarmen honetan kategoria hau desagertarazi dugu. Honetaz gain, aparteko orduek enplegua ez desagerrarazteko bidea ezarri dugu, kobratzea debekatuz; lan erreformaren kontrako klausula jaso dugu, lan baldintzak aplikatzea bermatuz; KPIari lotutako soldatak eta igoerak bermatzea ahalbidetu dugu, eta enpresa barneko tauletan ere aplika daitezen lortu; azkenik, enpresa euskalduntzeko Euskara Plana garatzeko konpromisoa adostu dugu.

Indauxen erdietsitako akordioa ere ez litzateke posible izango langilegoaren parte hartze eta kohesiorik gabe. LABen iritziz, horixe behar du izan jorratu beharreko bidea langile guztien eskubideak babesteko.

Maderas Mejoradas Industrial, lehen Prodema izenarekin ezagutua, Legorretan dago. Egurrezko xafla eta taulak egiten ditu enpresak, eta bertako langileak bi hilabete egon dira lan uzteak egiten hitzarmen duin bat lortzeko. Bada, asteotako borrokak emaitza ekarri du, aurreakordioa sinatu baitute zuzendaritzarekin. Beste lorpen askoren artean, azpimarratu behar da bi urteko hitzarmena dela adostutakoa, ultraktibitate mugagabearekin. 2016 eta 2017rako, urte bakoitzerako %1,9ko soldata igoera zehaztu dute; lizentzietan hobekuntza batzuk izango dira; gertakari arruntak gizarte segurantzarekin kudeatzeko konpromisoa hartu dute; eta hurrengo hitzarmenean lanaldia aztertzeko konpromisoa jaso dute.

Honela gauzak, urte berriak lau adibide esanguratsu hauek ekarri dizkigu. Hortaz, jarrai dezagun borrokan!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.