2024-04-25
HomeFederazioakZerbitzu PublikoakNafarroako zahar etxeetan nagusi den eredu kapitalistak ahalbidetu due Kasedakotik zuzendaritzak langileei...

Nafarroako zahar etxeetan nagusi den eredu kapitalistak ahalbidetu due Kasedakotik zuzendaritzak langileei ordaindu gabe ihes egitea

Kasedako zahar egoitzako langileak egoera benetan kezkagarrian daude. Otsaileko nomina kobratu gabe jarraitzen dute. Kasu honek argi eta garbi azaltzen du Nafarroako egoitzetan nagusi den negozioaren logika. Gaur egungo Nafarroako Gobernuak egoitzen kudeaketarako lankidetza publiko-pribatuaren alde egiten du, eta eredu horrek ahalbidetzen du enpresa pribatuen diru gosea adinekoen osasunaren gainetik eta langileen lan baldintzen gainetik jartzea. Horrela, zerbitzua eta langileen baldintzak duintzeko hitzarmen kolektibo bat negoziatzeko unea iristen denean, ihes egiten dute, adinekoak eta langileak abandonaturik utzita, beren interesak defendatzea besterik ez dutelako buruan.

LAB sindikatutik lehenbailehen hausnarketa sakona egin dezala eskatzen diogu Gobernuari: edo etorkizunari begira jartzen da eta sektore horretako milaka langileren baldintzak duintzen laguntzen du; edo, bestela, denok ezagutzen ditugun ondorio penagarriak ekarriko dituen eredu baten alde egiten du, orain arte bezala, adinekoen bizitza arriskuan jarriz eta milaka langile prekarietatera kondenatuz. Halaber, Nafarroako gizartea mobilizatzera animatzen dugu, abusu horiei amaiera emateko eta egungo eredua eraldatzeko, etorkizunari begira, adinekoen bizitza eta langileen lan baldintzak erdigunean jarriz.

Iragan udan enpresa-hitzarmenaren negoziazioari berrekin zioten, aurrekoaren indarraldia 2014an bukatu baitzen. Negoziatzeko hainbat saio egin ondoren, eta enpresak beren egoera duintzeko borondaterik ez zuela ikusita, langileek planto egitea erabaki zuten. Izan ere, egoitzaren egoera ekonomikoa ona da, langileen eskakizunk guztiz onargarriak dira, eta nazkatuta daude kasurik ez egiteaz. Nafarroako egoitzetan negozioa egin nahi dutenek ez dute dagokien erantzukizuna beren gain hartu nahi.

Aldiz, duela urte batzuk, egoitza egoera zailean zegoenean, langileek 50 euroko soldata-jaitsiera onartu zuten erabiltzaileei zerbitzua bermatzeko. Eta egoera hobetu denean, orain ihes egin duten horiek behin eta berriz uko egin diote langileek diru hori berreskuratzeari. Bitartean, haiek goi-karguei eta soldatei eutsi diete. Egoitzak 50 erabiltzaile eta 24 langile ditu. Normala al da horrelako egoitza txiki bat kudeatzeko zuzendari bat, kudeatzaile bat eta gobernante bat egotea?

Egoera salatu ondoren, enpresaren izenean negoziazio mahaietara joaten zen gerenteak modu bitxi samarrean alde egin zuen enpresatik, egun batetik bestera, Orpea enpresan gerente gisa aritzeko -enpresa horrek egoitza bat kudeatzen du Logroñon-. Gerenteak enpresa utzi eta hilabete eta erdira, gobernanteak Udalari jakinarazi zion 15 eguneko epean egoitzaren kudeaketa utziko zutela.

Bitxia eta kezkagarria da Udalak horrela ihes egiten utzi izana, presazko erabaki horretarako arrazoiak eskatu gabe eta otsaileko langileen soldatak ordaintzea erreklamatu gabe. Orain arteko kudeatzaileak ordezteko, egoitzaren kudeaketa beste enpresa bati esleitzeko prozesu bat egin dute, epeei, formei eta adjudikazioari dagokienez zalantza asko sortzen dituen prozedura bat erabiliz. Izan ere, gaur den egunean, enpresaren adjudikazioa irabazi duen enpresa eratu gabe dago.

Horren ondorioz, goian esan bezala, langileek oraindik ez dute otsaileko nomina kobratu, egoitzan elikagai falta dago, konpainia elektrikoak argia moztearekin mehatxatu du azkeneko fakturak ordaindu gabe daudelako, hornitzaileak ere kexu dira ez dutelako kobratzen. Hitz batean, kapitalismo gordin-gordina.

Gertatzen ari denaren kontrara, egoera erabat bestelakoa izan beharko litzateke. Eta hori da larriena. Izan ere, Udalak egindako inbertsio handiari esker (diru publikoa), egoitza berriak beste solairu bat dauka, plaza kopurua handitzeko aukera eman zuena. Plaza guztiak beteak daude eta itxaron-zerrendetan jendea zain dago. Hala ere, egoitzak ez du itundutako plazarik, “errentagarriagoa delako berarentzat denak pribatuak izatea”, nahiz eta plaza itunduak edukitzeko betebeharra duten, Udalarekin sinatutako kontratuan horrela ezarrita dagoelako. Negozioaren logika hori honela laburbiltzen da: Gobernuak erraztasunak ematen ditu, enpresak aprobetxatzen dira, eta horren ondorioak adinekoek eta langileek ordaintzen dituzte.

Zergatik egin dute ihes gerenteak eta zuzendariak? Zer ezkutatzen dute? Zergatik onartu du Udalak ihes egitea otsaileko soldatak eta ordaintzeke dauden fakturak ordaindu gabe? Ez dute inolako zigorrik ordainduko dena abandonatzeagatik? Nola da posible enpresa berri batek bere gain hartzea egoeraren erantzukizuna, eta langileen otsaileko soldatak eta ordaindu gabe dauden fakturak ordaindu behar izatea? Zer dago horren atzean?

Gure ustez, Udalak aukera bikaina galdu du zerbitzu horren zuzeneko kudeaketa planteatzeko. Izan ere, zerbitzuaren kudeaketa publikoa baldin bada, zerbitzuaren kalitatea eta langileen lan-baldintzak beste ezeren gainetik jartzen dira. Hondamendi hau eragin duen lankidetza publiko-pribatua mantentzea Udalaren eta Gobernuaren erantzukizuna da, eredu horren alde egiten dutelako. Kudeaketa-eredu hori sekulako pagotxa da betikoentzat, enpresa-kudeaketan enpresaren irabaziak beste gauza guztien gainetik jartzen direlako.

Horixe da gizarte gisa daukagun erronka, gauzak aldatzen hasteko eta gure bizitzak erdigunean jarriko dituen eredu publiko bat lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.