2026-02-01
HomeEkintza SindikalaNafarroako gazte langileak miseriaren atarian jarri dituen prekaritatea salatu dugu, Ernairekin batera

Nafarroako gazte langileak miseriaren atarian jarri dituen prekaritatea salatu dugu, Ernairekin batera

LAB sindikatuko eta Ernai gazte antolakundeko hainbat kidek kartel handiak jarri dituzte gaur Iruñerriko garraio publikoaren zenbait geltokitan Nafarroako gazte langileek pairatzen duten prekaritatea salatzeko. Markesinetan paraturiko kartelen bidez gazte langileen egoera larria erakusten duten datuak ikustarazi nahi izan dituzte LABek eta Ernaik. Datu horiei buelta emateko, bizitza kapitalaren aurretik lehenetsiko duen bideari ekiteko deia egin dute.

Pandemia hasi zenetik, Nafarroa Garaian, %47 igo da langabezia 25 urtetik beheitiko gazteen artean. Orain 4.685 dira nafar gazte langabeak. Edo, bertze modu batean erranda, orain, hamar nafar gaztetatik hiruk bakarrik dute lana. Hala, Nafarroako langabeen erdiak 35 urte baino gutxiago ditu. Eta lana dutenen artean ere, behin-behinekotasuna izutzeko modukoa da, %56koa hain zuzen.

Gazteen diru sarrerak gero eta prekarioagoak diren arren, diru irteerak etengabe ari dira handitzen. Adibidez, etxebizitzen batezbertzeko alokairua 690 eurotan dago Nafarroan, eta hori ordaintzeko gazteek beren soldataren bi heren erabili behar dituzte. Horregatik hain zuzen, 30 urte baino gutxiagoko gazteen artean bakarrik %16k lortzen du emantzipatzea.

LAB eta Ernairen ustez, datuok argi erakusten dute gazte langileak jo puntuan jarri dituela prekarizazio prozesu orokorrak. Eta horren aitzinean, pandemia garai hauetan, bizitza kapitalaren aurretik lehenetsiko duen bide iraultzaileari ekin behar zaio, bi erakunde hauen erranetan. “Lehentasun izan beharko litzateke zerbitzu publikoak indartzea, langile guztien enplegua eta osasuna bermatzea, zaintza baliabideak sendotzea, tokiko ekonomia babestea, eta oinarrizko behar sozialak ahalbidetzea. Eta gazte langileak miseria arriskutik urrutiratzeko bidean, gobernuek erabaki ausartak hartu beharko dituzte gazteei lan eta bizitza duina bermatzeko: gutxieneko soldata 1.200 eurotan ezarriz, 35 orduko lan astea finkatuz, enplegu suntsiketari atea itxiz, Nafarroako hitzarmen sektorialak lehenetsiz… Finean, gazte langileon interesak kapitalaren interesen aurrean defendatzea dagokio Nafarroako Gobernuari, eta horretarako bidean borrokan jarraitzeko hautu irmoa egiten dugu LABek eta Ernaik”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...