2026-07-14
HomeIndustriaIndustria KimikoaMobilizazioak eta beste kontratazio eredu bat proposatu ditugu Michelinen, behin behineko langileen...

Mobilizazioak eta beste kontratazio eredu bat proposatu ditugu Michelinen, behin behineko langileen kaleratzeak direla eta

Michelinek erabaki du behin behineko kontratua bukatzen zaien langileak ez berritzea, Espainiako Auzitegi Gorenak enpresaren kontratazio eredua zalantzan jartzen duen epaia kaleratu berritan. LAB sindikatuak kaleratzeak berehala etetea eta kaleratutakoak berronartzea exijitzen du, eta kontratazio eredu bat proposatzen dugu iruzurra saihesteko eta kalitatezko enplegua sustatzeko empresan.

Azken egunetan, Michelin kalean uzten ari da kontratua bukatzen ari zaien behin behineko langileak, eta hamarnaka izan daitezke kaltetuak datozen asteetan. Auzitegi Gorenak egungo kontratazio ereduaren aurkako epaia kaleratu ostean, behin behineko kontratua amaitzen zaien langileei kontratu mugagabea egin beharrean, enpresa bukatutzat ematen ari da langile hauekiko lan harremana.

LABen iritziz, jokabide hau oso larria da, Michelinek, iruzurrarekin bukatu beharrean, iruzurrean sakondu eta prekarietatea areagotzeko apustua egiten duelako, segurtasun eza gehiago eskainiz kontratazio berriei; gainera, kontratazio berri hauek soldata diskriminazioa pairatzen dute. Nabarmentzekoa da pertsona hauek egiturazko lanpostuetan egiten dutela lan; hortaz, lan harreman mugagabea izan beharko lukete.

Honen aurrean, LABek kaleratzeak berehala etetea eta kaleratutakoak berronartzea exijitzen du, baita kontratazio eredu berri baten alde egitea eskatu ere. Kontratazio eredu berri hau Gasteizko Michelinen dauden sail sindikalen eta lantegi honetako zuzendaritzaren artean adostu beharko litzateke, helburu hauekin: kontratazioan eman daitekeen iruzurra saihestu, behin behineko kontratazioei bermeak eskainiz; egiturazko lanpostuetarako kontratazio mugagabea sustatu; diskriminazioarekin amaitzeko irizpideak jaso; eta kalitatezko enplegua ziurtatu.

Honengatik guztiagatik, LABek mobilizazioak proposatu ditu Michelingo sail sindikal guztiok behin behineko langileen defentsan bat egin eta enplegu duin eta kalitatezkoa eskatu dezagun enpresan.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gipuzkoako papergintzan hitzarmena #LortuDugu

Enpresetan aurreakordioa bozkatzeko batzarrak egin ostean eta enpresa guztiek honen alde bozkatu ondoren, langileen lan baldintzak eta etorkizuna bermatuko dituen hitzarmena sinatu dugu.

Beste epai bat, euskara administrazioan eta lan munduan sustatzearen aurka

Administrazioak kontratatutako enpresei euskararen gutxieneko erabilera egiteko betebeharra kendu die Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak, euskara menpeko egoeran betikotzeko asmoz. Euskarari ziurtasun juridikoa emateko beharra agerian uzten du epaiak.

DUISAko langileek egunero lanuzteak hasiko dituzte, enpresako lehen itunaren negoziazioaren gaineko blokeoa gainditzeko

DUISAko langileen ordezkariek jakinarazten du enpresako lehen ituna negoziatzen saiatu ondoren, zuzendaritzak langileek egindako eskariei inolako jaramonik egin ez diela.