2026-10-20
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasunaMobilizatzera deitu ditugu langileak, Sanchez eta Cuixarten atxiloketen aurrean

Mobilizatzera deitu ditugu langileak, Sanchez eta Cuixarten atxiloketen aurrean

Kataluniako parlamentuak independentziarako adierazpena onartu zuen pasa den astean, etenaldian geratu zena bide negoziatu eta adostuari aukera eman nahian, hau da, negoziaziorako ate bat zabalik utzita. Orduan esaten genuen Espainiako Estatuak ez zutela kontutan hartuko negoziaziorako eskaintza hau. Gure aurreikuspen ilunenak bete dira. Ukazioa eta errepresioa erabili du orain arte Estatuak, debekua eta mehatxua, eta bortizkeriaz erantzun dio prozesuari.

Koska bat estuago joan da orain, Jordi Sanchez ANCko burua eta Jordi Cuixart Omnium Cultural-ekoa baldintzarik gabe kartzeleratuta, delitu larriak egotzita. Oraingoan, Carmen Lamela epailearen eskutik etorri da erabakia, Altsasuko gazteak urtebete kartzelan edukitzeagatik ezaguna gurean.

Onartezina iruditzen zaizkigu atxiloketak, eta Sanchez eta Cuixart lehenbailehen askatzea eskatzen dugu. Gure babes osoa daukate, herriaren borondate demokratikoari bide ematea da euren delitu bakarra; aldebikotasuna ezinezkoa denean, bide demokratikoetatik aldebakartasuna lantzea, hain zuzen ere.

Orain arte bezala, Euskal Herritik gure babes osoa erakutsi nahi diogu Kataluniak abiatutako bide demokratikoari eta konpromisoa adierazi Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko. Eragileen arteko adostasunak lantzen jarraituko dugu horretarako.

Gaur, Kataluniaren eta demokraziaren alde eta atxilotuak berehala askatzea eskatzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi diegu langileei. Besteak beste, 19:00etan Gure Esku Dagok herri guztietako plazetan deituta dituen elkarretaratzeetan.

Mobilizazioa eta herritarren aktibazioa da Kataluniaren bidea hauspotzeko tresnarik eraginkorrenetakoa eta ezinbestekoa Euskal Herrian ere aldebakarreko burujabetza prozesu soziala martxan jartzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko mahai orokorra: Eusko Jaurlaritza kudeaketa irizpideen bila joaten da Madrilera

Langile publikoen soldata igoera, erretiro-txanda kontratua, egonkortasunaren kalte-ordainak, lanaldi murrizketa... Madrilek zer esango zain gelditzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, inolako ekimenik hartu gabe.

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.