Ekoizpen eskakizun neurrigabeak beharginen ongizatearen gainetik ipintzea egotzi dio LABek enpresari.
20 langileko enpresa txikia da Mecanizados Mecar, Zaldibarren dagoena, Euskal Herria kalean, eta Bizkaiko metalgintzako hitzarmena aplikatzen zaio.
LABek salatu du enpresa langileak itotzen ari dela ekoizpen-eskakizun altuekin. Ekoizpen horiek lortzeko, hitzezko presio-metodoak eta metodo fisikoak erabiltzen ditu, kronometroak eta bestelako jardunbide ez-ortodoxoak baliatuta eta langileak muturrera eramanez. Bestela esanda, langileen aurkako indarkeria erabiltzen du.
Horrek ondorio larriak dakarzkio plantillari. Adibide gisa, presio-metodo horien ondorioz langile batek antsietate krisi larria jasan zuen. Langilea egoera horretan zegoela, enpresak ez zion arretarik eskaini ere egin.
LABek enpresaren jarrera hori salatzen du, egoera ahulean eta sorospen behar argian dagoen pertsona bati laguntza ukatzea ez baita gizalegezkoa. Enpresak uko egin zion mutualitatearentzat partea egiteari eta, ondorioz, langileak mediku-arreta jasotzea eragotzi zuen. Hori dela eta, lankideek, egoera ikusita, larrialdietara deitu zuten, enpresak ezer egin gabe jarraitzen zuen bitartean.
Gertaera hori oso larria da; enpresak laguntza ukatu zion sorospen behar larrian zegoen langile bati, eta arriskuan jarri zuen langilearen osasuna. LABek ez du onartuko langileen aurkako halako jarrera eta errepresiorik. Enpresari eskatzen dio langileen osasuna lehenesteko ekoizpen eskakizun gogor horien aurretik, ikusita beharginek beren osasuna arriskuan jartzen dutela horiek betetzeko.

