2024-04-20
HomeOharrakZerbitzu PublikoakMaiatzaren 31n Greba Hego Euskal Herriko Administrazioan eta Zerbitzu Publikoetan

Maiatzaren 31n Greba Hego Euskal Herriko Administrazioan eta Zerbitzu Publikoetan

Sektore publikoko langileak gure eskubideak defendatzeko eta osasuna, hezkuntza eta babes soziala bermatuko dituen politika publikoetan aldaketa aldarrikatzeko atera gara kalera.
Gaur Espainian zein EAE eta Nafarroan gobernatzen dutenek baliabide publikoak bankari eta enpresa handien esku jartzea baino beste egitekorik ez dutela salatu dugu.

Greba eta mobilizazioei esker, honezkero ezin diote inori ziririk sartu. Lehenik harria bota eta orain eskua ezkutatu nahian dabiltza, Jimenez eta Lopez bezala Nafarroan eta EAEn, nortzuk behin murrizketak babestu eta ezarri ondoren propaganda hutsezko keinuak egiten dituzten, halako erabakiengandik aldendu nahian. Hemen inor ez omen da ezeren erantzule.

Zerbitzu publikoak suntsitzen ari dira, ahalik eta murritzen bihurtuz, gutxi batzuk gure eskubideekin negozioa egin dezaten. Zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzte, eta gero eta zerbitzu publiko gutxiago egotea nahi dute jendeak irtenbideak arlo pribatuan bila ditzan.

Zerbitzu publikoak birritan ordaintzea nahi dute: lehenik, zergen bidez, horietan lanaren errentak dira ekarpen funtsezkoena, enpresariek eta profesionalek langileok baino 10.000€ gutxiagoko urteko errentak aitortzen dituztelarik; bigarrenez, unibertsal eta doakoak izan beharko liratekeen zerbitzuak geure poltsikotik ordainduz.

Zenbat eta zerbitzu publiko gutxiago, orduan eta langile gutxiago. Administrazio eta zerbitzu publikoetako milaka langilek euren lanpostua galduko dute; EAE eta Nafarroako gobernuak bitartekoekin eta ordezkapenekin hasi ziren, baina enplegu erregulazio espedienteekin eta pertsonal finkoarekin ere jarraituko dute, eta horri “Administrazioaren modernizazioa” deituko diote.

Zerbitzu publikoak eta enplegua suntsitzen dituzte eta gure lan baldintzak okertzen, izan ere ez dira espekulatzaileei aurre egitera ausartzen, ezta nahi ere.

Inori ziria ez sartzea lortu dugu, eta Greba honekin euren politikak aldatu edo bestela alde egin araziko ditugu. Erantzuleek horregatik ordaindu egin beharko dute. Eta erantzuleak Madrilgo PPren Gobernua eta gaur bere esanetara Nafarroa eta EAEn gobernatzen dutenak dira. Ez dago balio duen aitzakiarik, ezta hitz hutsalik ere. Ekintzak nahi ditugu.

Politika publikoak aldatzea exijitzen dugu; geuk geure erabakiak hartu nahi ditugu; geure zergen dirua non erabiltzen den, nola garatu geure zerbitzu publikoak eta kalitateko enplegua sortu eta hori lortzeko geure ekonomia antolatzeko modua erabaki nahi dugu.

Nafarroa eta EAEko gobernuei Martxoaren 29ko Greba Orokorrean jendarteak egindako aldarria bere egin dezaten exijitzen diegu, Euskal Herriko langileon borondatea errespeta dezatela eta zerbitzu publikoak bermatzeko behar diren neurri guztiak har ditzatela. Baita, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan bizi garen pertsona guztioi kalitateko enplegua eta bizimodu duina izateko aukerak emango dizkigun aberastasunaren banaketa bidezkoari ekin diezaiotela.

Exijitzen diegu Hego Euskal Herriko erakunde publikoei Espainiar Gobernuaren neurriak ez ditzatela ezarri.

Exijitzen diegu EAE eta Nafarroako gobernuei helegiteekin itxurakeriak egiteari utz diezaiotela. Gure eskubideak benetan defendatu nahi badituzte, Patxi Lopezek eta Yolanda Barcinak euren kabuz azken urteetan egindako murrizketak bertan behera utz ditzatela eta osasuna, hezkuntza eta babes sozialerako aurrekontuak handitu ditzatela, EBko batez bestekoarekin parekatu arte.

Exijitzen diegu Euskal Herriko alderdi politiko eta erakundeei beharrezkoak diren neurri guztiak har ditzatela, hemen eta orain, geuri gehien komeni zaigun politika ekonomiko, laboral eta soziala erabakitzen dugunak geu izan gaitezen. Eta egiteko prest ez badaude, alde egin dezatela.

Estatu Espainiarraren barruan ez dugu eredu sozio-ekonomikoa aldatzeko aukerarik, eta hondamendira goaz.

Ondorioz, datozen maiatzaren 20 eta 26an Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostian gizarte eragileekin batera egingo diren mobilizazioetarako deia luzatzen dugu, bai eta maiatzaren 31n Hego Euskal Herriko Sektore Publikoan deitua dagoen Greba egunean parte hartzera ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.