2026-09-30
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaMaiatzak 28. Emakumeen Osasun Eguna

Maiatzak 28. Emakumeen Osasun Eguna

Zaila da emakumeen osasunaz berba egitea, gutxi aztertu direlako eragiten dizkiguten gaitzak. Osasunean zein bizitzaren gainontzeko ataletan ezberdintasuna agerian geratzen da.

Horren adierazgarri argia gaixotasun kardiobaskularren ikerketan eta tratamenduetan dagoen aldea dugu. Hauek emakumeen heriotza-zergati nagusia dira, baina gizonei eragiten dien gaixotasuna bailitzan ikertzen, prebenitzen eta tratatzen da.

Denok ezagutzen ditugu gizonei agertzen zaizkien sintomak zeintzuk diren, baina gutxik dakite emakumeen sintomak bestelakoak direla: hasieran sabeleko minak eta goragaleak nabaritzen dira, eta mina matrailetaraino zabaltzen da. Ondorioa: diagnostiko berantiarraren ondorioz emakumeak, gizonak baino 2 eta 5 ordu beranduago iristen dira ospitalera, eta infartua jasan ondorengo heriotza-tasa handiagoa da, %17,6koa, gizonena %4,7koa denean.

Bestelako tratamendua ematearen beste adibidea lehen zaintzak oinazeari ematen dion erantzunean eta emakumeen sintometan gauzatzen da: emakumeon minen %25a psikosomatikotzat jotzen da, aldiz, gizonen kexuen %9a bakarrik halakotzat jotzen da. Ondorioa: Espainian errezetatzen diren antsiolitiko eta antidepresiboen %85a emakumeei ematen zaie. Horren eraginez, gaur egun, emakumeen heriotza-tasa handitu da, medikazio gehiegi hartzen dutelako eta minbizia bezalako gaixotasun larrien diagnostikoak atzerapenez egiten direlako.

Horrek lan munduari ere eragiten dio. Horren adibide Correosek emakume bat iraitzi edo kaleratu izana dugu, eta leporatzen dioten delitu bakarra fibromialgiaz gaixotu izana da. Batik bat, emakumeei eragiten dien gaixotasun autoimmuneak (fibromialgia, neke kronikoa, sentikortasun kimiko anitza, tiroiditisa,…) gutxiesten dituzten, psikosomatikotzat hartzen dituzte, ia-ia ez dira ikertzen eta hauen tratamendua botikak aginduz bakarrik egiten da.

Mitoak ezabatzeari ekin behar diogu. Nahiz eta enpresarien %60ak irizten dion emakumeok gaixotasunak eraginda lanera ez agertze-tasa handiagoa agertzen dugula, datuok gezurtatzen dute; amatasun-baimena gaixotasun bajetatik bereizten badugu, gaixotasunek eragindako lanera ez agertzea, emakumeen artean, gizonena baino txikiagoa da.

Lan osasunari dagokionez, hainbat alderdi azpimarratu behar dugu. Aurrena, emakumeok lan baldintza eskasak pairatzen ditugula. Batik bat, prekarietateak, egun ekoizpenari eta ugaltzeari lotutako lanaren zatiketak eta zeregin berezietan emakume-langileak biltzeak ezaugarri berezitako lesioak eta gaixotasunak jasatera eramaten gaitu.

Honez gain, kontuan hartu behar da datu ofizialek ez dutela genero ikuspegiko azterketarik egiten. Ez dezagun ahantz, kasu gehienetan, lan istripu eta laneko gaixotasun gehienak, genero ikuspegitik, neutralak diruditen arren, gizonezko langileaz ari direla inplizituki, edo bestela, ukatzen dute generoa aintzat hartu beharreko aldagaia dela. Baina hala ere, egia da prebentzio jarduera eraginkorrak aztertu eta kontuan hartu behar duela genero aldagaia lan osasunaren esparruan, emakumeen berezitasun biologikoari ez ezik, ekoizpenari eta ugaltzeari loturiko lanak gaur egun duen banaketa eta lanaldi bikoitzaren ondorioak ere.

Horrengatik, LABek agintzen du ezberdintasunak jendarteratuko dituela eta batik bat, guri dagokigun lan esparruan suertatukoak. Negoziazio kolektiboa erabiliko dugu berdintasun printzipioa ezartzeko baliabide gisa eta prebentzioan eta lan arriskuen antzematean egingo dugu lan, genero ikuspegia kontuan hartuz:

• Arriskuak ezagutuz eta hauek ebaluatuz.
• Ebaluatzeko metodologia, metodoak eta teknikak hautatuz.
• Osasunari egin kalteak ikertuz (lan istripuak, laneko gaixotasunak eta lanak eragindako bestelako minak).
• Prebentzioan esku hartuz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...