2025-12-05
HomeEkintza SindikalaLoiuko FCC Aqualiako langileek aurreakordio historikoa lortu dute 30 eguneko grebaren ostean

Loiuko FCC Aqualiako langileek aurreakordio historikoa lortu dute 30 eguneko grebaren ostean

Uztailaren 4an, 30 eguneko greba mugagabearen ostean, FCC Aqualia enpresarekin aurreakordio bat lortu zuten Loiuko ur-zerbitzuko langileek. Aurreakordio horren bidez, urteetako desorekak amaitu eta lan berdina egiten duten langile guztiek lan baldintza berdinak izatea bermatuko da.

Langileek aspaldiko aldarrikapen nagusia lortu dute: Bizkaiko Ur Partzuergoaren azpikontrata guztien artean lan baldintzen parekatzea. Akordioaren bidez, hainbat eduki nabarmenetan –hala nola dietak, zaintza-guardia sistemak eta bestelako prestazioak– berehalako ekiparazioa ezarriko da. Gainera, soldataren ekiparazio osoa bi fasetan gauzatuko da: 2027an eta 2028an, ordainsarien parekatze osoa iritsiko da, eta horrek, kasu batzuetan, %42ko soldata igoera ekarriko du. Ez da, beraz, akordio sinple bat: langileen bizi-baldintzetan, jauzi kualitatiboa baizik.

Langileek aurreakordioa aho batez onartu zuten grebalarien asanbladan. Bai borrokaren luzerak, bai langileen batasunak erakutsi dute antolakuntza sindikalak eta borroka kolektiboak bide emankorra direla benetako aldaketak lortzeko.

Greba honek, eta azken urteetan Bizkaian izandako azpikontratetako beste hainbat gatazkek, agerian utzi dute egungo pribatizazio politikek zerbitzu publikoak bermatzen dituzten langileen prekarizazioa dakartela. Ezin dugu ahaztu uraren kudeaketa publikoa dela, baina enpresek etekin pribatuak lortzeko baliatzen dutela azpikontratazioa, eta ondorioz, langileen eskubideak urratuak izaten direla. Egoera horrek arduradun politiko zuzenak ditu, eta langileek argi utzi dute prekarizazio horri aurre egiteko borrokan jarraituko dutela.

Loiuko Aqualia zerbitzuko langileek hauteskunde sindikaletan LABekin antolatzeko hautua egin zuten, eta borrokatzeko erabaki irmoa hartu. Aukera horri esker, lan baldintzak nabarmen hobetzea lortu dute. LABek zorionak helarazi nahi dizkie langile guztiei erakutsitako irmotasunagatik eta batasunagatik.

Aurrerapauso hau ez da kasualitatea: antolakuntza, konpromisoa eta borrokaren bidez lortu da. Ozen esan dezakegu: borrokak merezi du. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...