2026-10-20
HomeEkintza SindikalaLangileon osasunak eta bizitzak enpresarien irabaziek baino gehiago balio dutela erakusteko kaleak...

Langileon osasunak eta bizitzak enpresarien irabaziek baino gehiago balio dutela erakusteko kaleak bete ditugu

Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 28. Bada, Iruñean eta Baionan mobilizazioak egin ditugu. Prebentzioari jarri beharreko arreta azpimarratzeaz bat, jakinarazi dugu LABek areagotu egingo duela ekintza sindikala gai honen bueltan.

Atzo Bilbon egin bezala, gaur Nafarroako eta Lapurdiko hiriburuetan mobilizatu da LAB, Lan Osasunari behar duen garrantzia eman dakion eskatzeko, urtero legez. Gogoan izan behar da aurten Euskal Herrian 18 hildako utzi dituela dagoeneko patronal zein instituzioen arduragabekeriak. Iaz, berriz, 69 izan ziren guztira.

Nafarroako delegatuen batzarra jendetsua izan da goizean, eta bertan Inko Iriarte Lan Osasuneko idazkariak eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak Lan Osasunaren arloan egun bizi dugun egoeraren nahiz etorkizuneko asmoen berri eman dute. Jarraian, mobilizazioan atera dira delegatu guztiak, eta beste behin ere oihukatu dute ez dela onargarria batzuen irabazien truke langileon osasuna nahiz bizitza jokoan jartzea.

Hala, besteak beste amiantoarekin lan egitearen ondorioz kaltetutako zein bizia galdutako lankideak gogoan izan dituzte, eta halakorik ez errepikatzeko aldarria zabaldu dute, aintzat hartuta laneko gaixotasun zein istripuak, gehien-gehienak, prebentzio neurri eraginkorrekin saihestu daitezkeela.

Baionan, berriz, gainerako sindikatuekin batera mobilizatu da LAB, prekaritatean hil egiten duela salatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.

Lan-baldintzak hobetzearen alde, beste greba ziklo bati ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek urriaren 27tik abenduaren 23ra

Greba ziklo berri honek hiru urrats izango ditu. Lehena, urriaren 27ko 22:00etatik urriaren 29ko 22:00etara izango da. Bigarrena, azaroaren 23ko 22:00etan hasi eta azaroaren 25eko 22:00etara arte luzatuko da. Azkenik, hirugarrena, abenduaren 21eko 22:00etan hasiko da eta abenduaren 23ko 22:00etan bukatuko da.