2026-06-30
HomeEkintza SindikalaLangileentzat gutxieneko soldata Nafarroan negoziatzeko eta ezartzeko eskuduntzak izateko mobilizazioak eta sinadura...

Langileentzat gutxieneko soldata Nafarroan negoziatzeko eta ezartzeko eskuduntzak izateko mobilizazioak eta sinadura bilketa martxan jarriko dituzte LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek CEN, UGT eta CCOO eragileen jarrera salatzearekin batera, Nafarroako Parlamentuak gutxieneko soldata arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea ez dela tramitera onartu ere publiko egin dute. Oztopo guzti horien aurrean ez dutela etsiko berretsi dute, eta mobilizazioak zein sinadura bilketa bat martxan jarriko dituzte CEN, UGT, CCOO eragileak eta Nafarroako Gobernuak onar dezaten gutxieneko soldata propio baten beharra, eratu dezaten negoziazio mahaia eta negozia dezaten fede onez. Aldiz, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei dei egin diete gutxieneko soldata propio baten Herri Ekimen Legegilearen defentsa bere egin dezaten.

CEN, UGT eta CCOO: Nafarroako gizarte osoa kaltetzen duen aliantza

Pasa den ostiralean (hilak 28) CENeko enpresariek, UGTk eta CCOOek lagunduta, jarrera antisindikal argi batean, Nafarroan estatukoa gaindituko lukeen gutxieneko soldata bat negoziatzeko prest ez daudela helarazi zioten nafar gizarteari. Beraz, jarrera hori mantenduz gero ateak itxiko dizkiote negoziazioaren bidez bizitza duina bermatzeko soldatak hobetzea nahi dituzten langileen itxaropenak betetzeari.

Eta horretara ausartu dira Nafarroako Gobernuren konplizitatea beraien alde daukatelako. Nafarroako enplegu planaren ospakizunetan murgilduta, CEN patronala pozik dago bere agenda ezartzea eta lehenestea lortu duelako. UGT eta CCOO, aldiz, lasai, Gobernuaren sostengua daukatelako, Txibite Lehendakariaren jarrera partidista argi batean. Guztiz salagarria da Txibitek uko egin diola sindikatuen proposamena azaltzeko bilera eskaerari, eta Gobernuari Lanbidearteko akordioaren bilera egiteko aretoa eskaerari baita ere ezetz esan diola. Ikuspegi demokratiko batetik jarrera eta jokatzeko modu horiek onartezinak dira. Nafarroako Gobernuari jarrera argia izatea dagokio elkarrizketaren eta negoziazioaren bideari ateak ixten dizkion CEN, UGT eta CCOO eragileen aurrean.

Duela 10 urteko jarrera horiek Nafarroako gizarte osoa kaltetzen dute. Horregatik, LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dute berau ontzat emanen. UGT, CCOO, CEN eta Nafarroako Gobernuak ahotsik gabe utzi nahi dute langileen ordezkaritzaren %40a baino gehiago.

Gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa

Ekimen garrantzitsuen eta erabakigarrien bideak aldapatsuak dira maiz. Langileek modu eraginkorrean jasoko dituzten akordioak lortzea batzuetan gehiago kostatzen da. Gutxieneko soldatarena Nafarroan hala izaten ari da. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak ez du onartu tramitera gutxieneko soldata arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea.

LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek ez dituzte argudio juridiko horiek partekatzen. Ondorioz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hartutako erabakiaren aurrean Auzitegi Konstituzionalean helegite bat aurkeztuko dute. Alde batetik, ikuspegi demokratikotik Nafarroako Foru Hobekuntzak Euskal Autonomi Erkidegoarekin alderatuta duen gabezia zuzentzeko. Beste alde batetik, Mahaiak egin duen interpretazio mugatua gainditzeko. Hala, aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen proposamenak ez du gutxieneko soldata arautzen. Aitzitik, arautu ahal izateko eskumen gaikuntza eskatzen du, eta eskaera hori bai da eskumen autonomikoa.

Hau guztia esanda, argi geratzen da Nafarroak gutxieneko soldata ezartzeko orduan, zalantza juridikorik gabeko, eskumen propioak behar dituela, eta hori oso garrantzitsua da langile klasearen egoera, lan eta bizi baldintzak hobetzeko.

Ezinbestekoa da beraz eskumen osoak eskuratzea lan harremanak arautzeko. Horregatik, oztopo guztien gainetik datozen hilabeteetan gutxieneko soldata propioaren aldeko sinadura bilketa martxan jarriko dute LAB, ELA, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, Nafarroako Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei gutxieneko soldata propio baten Herri Ekimen Legegilearen defentsa berea egin dezaten.

Datozen hilabeteetan kaleko mobilizazioekin eta sinadura bilketarekin, ozen eta argi adieraziko dugu Nafarroan langileek gutxieneko soldata propioa nahi dutela eta bidezkoa den aldarrikapen honi ezin zaiola bizkarra eman. Helburu horrekin, apirilaren 14an mobilizazio sindikal baten deia egin dute.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.

Salatzen dugu segregazio mahaiak ez duela balio izan eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala lortzeko

EAEko Hezkuntza Sailak prozesua baliatu du Hezkuntza Legea legitimatzeko eta bere erabakien propaganda egiteko

Osakidetzako ESI guztietako lan osasun batzordeetan beroaren protokoloa garatzeko eskatu dugu

LAB sindikatutik Osakidetzari eskatu diogu lan osasunerako araudia bete eta bitarteko kolektiboak ipini ditzala beroaren arriskuari aurre egiteko, hala nola estres termikoari buruzko azterketak garatzeko. Osakidetzak langile eta erabiltzaileak babesteko bermeak eskaini behar ditu instalazio guztietan. Bistan da klima aldaketaren eraginez urtez urte areagotzen ari den arrisku horren aurrean egiturazko erabakiak hartu behar direla.