2025-12-17
HomeEkintza Sindikala“Langile migratu eta arrazializatuentzako GIDA” argitaratu dugu

“Langile migratu eta arrazializatuentzako GIDA” argitaratu dugu

 “Langile migratu eta arrazializatuentzako GIDA” argitaratu du LABek, lan eskubideen inguruko kontuez gain, ekintza sindikal antirrazista baterako gakoak jasotzen dituena. Sindikatua langile GUZTION etxea izatea nahi dugu. Ildo horretan ari da lanean LAB, urrats zehatzak ematen, Idazkaritza Antirrazistaren sorrera bera, adibidez.

Prekarizazioaren, pobretzearen eta eskubideen murrizketaren aurrean, sindikalismo berri bat birsortzea da LABen apustua, Euskal Herrian langile subjektu askotariko eta dinamiko baten errealitateak aintzat hartuko dituena.

Euskal Herrian arrazakeria dago. Horixe da gure abiapuntua. Eta arlo guztietan nabari da, erakundeetan, kaleetan eta lan zentroetan. Gero eta nabariagoa da enpresariek egoera administratiboa, arraza, hizkuntza, erlijioa, sexua eta/edo klase soziala erabiltzen dituztela migratutako pertsonak esplotatzeko; hauetariko askok bizi duten egoera zaurgarria baliatuz.

Informazioa boterea da. Hortaz, langile moduan engainatu ez gaitzaten, garrantzitsua da eskubideak ditugula jakitea eta zeintzuk diren ezagutzea. Horregatik kaleratu du LABek “Langile migratu eta arrazializatuentzako GIDA”.

Argitalpen hau ekintza sindikal antirrazistarako tresna erabilgarria izatea nahi dugu, lan munduaren inguruko oinarrizko informazioarekin eta oharrekin, langile migratuen edo/eta arrazializatuen eskubideak eta antolaketa kolektiboa defendatzen laguntzeko helburuarekin.

GIDAn, lan elkarrizketaren inguruko gomendioak; kontratua, soldata, lan- eta atseden- denbora, Gizarte Segurantza eta lan osasunaren inguruko argibideak daude, lan harremana amaitu ondorenerako aholkuez gain; akordioak, kaleratzeak, eszedentziak, likidazioa, finikitoa eta erreklamaziorako epeen inguruko informazioa ere jasotzen baitu.

GIDA LABen Hego Euskal Herriko egoitzetan dago eskuragai, eta langile migratu eta arraziliazatuekin egindako prestakuntza saioetan erabiltzeaz gain, langile hauekin lanean ari diren eragileei ere helaraziko diegu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu,...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak...