2026-09-01
HomeEkintza SindikalaLanbide heziketako oposizioak Nafarroan, arazo iturri oposiziogileentzat eta epaimahaikideentzat

Lanbide heziketako oposizioak Nafarroan, arazo iturri oposiziogileentzat eta epaimahaikideentzat

Hezkuntza etapa honek Nafarroan dituen hamaika arazoei beste bat batu zaie oraingoan, oposizioen harira. Batetik, indarrean dauden curriculumak aurreko Lanbide Heziketako Legean daude oinarrituta, eta bestetik, berriak ez dira oraindik NAOn argitaratu. Zeren gainean eraiki programazioa? Zertan oinarritu ebaluazioa?

LAB sindikatuak Lanbide Heziketako irakasleek egun, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoetarako 2025eko LEParen aurrean, bizi duten egoera salatu eta deitoratzen du.

Lanbide Heziketa Antolatzeko eta Integratzeko Lege Organiko berriaren ezarpenarekin, oposiziogileak batere babesik gabe sentitzen dira, programazioan zer aurkeztu ez dakitela. Kontua da Nafarroako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan irizpide desberdinak erabiltzen direla legea aplikatzeko orduan, espezialitateen curriculumak ez dituztelako oraindik ere NAOn argitaratu. Hori dela eta, Nafarroan Lanbide Heziketa DUALA “probaldian” baino ez dagoela ematen du.

Aurkeztuko diren pertsonen kexa eta galdera askoren ondoren, otsailaren 11n izandako Mahai Sektorialean LHrako programazio didaktikoa egiteko baldintzak aldatu ziren. Ondorioz, kasu guztietarako araudi komuna erabili beharrean, etapa horretako LEPera aurkeztuko diren pertsonek curriculum zaharrean oinarritutako programazioak aurkeztu ahal izango dituzte 1. eta 2. mailetarako, baina hala nahi duenak NAOn argitaratu gabe dagoen curriculumean oinarrituta ere osa dezake 1. mailako programazioa. Egoera honetan daude, halaber, epaimahaietako kideak ere, oposizio-lehiaketara aurkezten diren irakasleen programazio didaktikoak ebaluatzeko errubrika desberdinak erabili beharko baitituzte.

Bestalde, bada atal bat non aipatzen den zein diren programazioan nahitaez adierazi beharrekoak. Bertan, besteak beste, honakoa zehaztea eskatzen du: “hezkuntza-mailari dagozkion gaitasunak eta zikloko gaitasun orokorra”. Aipatutako Mahai Sektorialean, LABek adierazi du 2023an indargabetu zela LHko hezkuntza-mailari dagozkien gaitasunak zehazten zituen Errege Dekretua, ordutik ez dugula araudi berririk ezagutzen Nafarroako Foru Komunitaterako eta oposiziogileek ez dakitela nola islatu puntu hori beren programazioetan. Erantzun modura, isiltasuna baino ez genuen jaso.

Gauzak horrela, Lanbide Heziketako irakasleek, bai oposiziora aurkeztuko direnek bai oposizioko epaimahaiak osatzen dituztenek, hutsune oso garrantzitsu bat dute. Noiz eta oposiziorako lau hilabete eskas baino falta ez direnean!

Urteak dira LAB sindikatua Nafarroako Lanbide Heziketan nagusi den zentzugabekeria salatzen ari dela. Aurten, esate baterako, ikasturte hasierako jarraibideak azaroan bidali zitzaizkien Lanbide Heziketako eskolei, kurtsoa hasi eta hiru hilabetera. Hori urte askotan gertatu izan da, baina aurtengoa are larriagoa izan da, Lanbide Heziketa DUALA ezarri berria baita.

Horrek guztiak neurrigabeko ezinegona sortzen du irakasleengan, eta baita hamaika arazo ere ikasturteari ekiteko. Horren adibide dira, besteak beste, behin baino gehiagotan irakurri eta entzun ditugun Virgen del Caminoko, Nekazaritza eta Basogintzako Zentro Profesionaleko edo Elizondoko Lanbide eskolako irakasleek egin dituzten kexak, zeinak askotan hedabideetara ere iritsi diren.

Egoera tamalgarri hori ikusita, beraz, LAB sindikatuak erreklamazio andana iragarri du 2025eko Lanbide Heziketako oposizioetan.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena sinatu du #LortuDugu

Borrokaldi luze baten ostean, joan den martxoaren 17an Hego Euskal Herri osoan egin zen greba orokorraren alderdietako asko gauzatu dira hitzarmenean, besteak beste, 1.500...

Irunen izandako sexu erasoaren aurrean, sexu langileen eskubideak aldarrikatu ditu LABek

Era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileei bere baliabideak eskaini dizkiegu LABen, erakundeei indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzearekin batera. Sexu lana indarkeriarekin parekatzeak sexu langileei ahotsa eta agentzia kentzea eragin dezakeela ohartarazten dugu.

Navarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak, LABeko bederatzi ordezkarik osatua, elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean. Ekimenak helburu bikoitza izan du: herritarrei argi erakustea Navarrabiomeden egiten duten lanaren garrantzia eta langile guztientzako lan-baldintza duinak aldarrikatzea. Horrela, ikerketa biomediko publikoaren errealitatea hurbildu nahi izan zaio gizarteari.