2024-04-27
HomeEkintza SindikalaLan-zama areagotzen ez duen formakuntza adostua eta ikastetxeko autonomiaren araberakoa eskatu diogu...

Lan-zama areagotzen ez duen formakuntza adostua eta ikastetxeko autonomiaren araberakoa eskatu diogu EAEko Hezkuntza Sailari

LABek mobilizazio dinamika egin du egunotan, Lan Zama gehiagorik ez, formakuntza adostua bai! Curri-digi: pertson@k helburu? lelopean, EAEko Hezkuntza Publikoko irakasleei curri-digi izeneko formakuntzak sortutako noraeza, lan zama handitzea, eta ordutegiz gaindi lan egitea salatzeko. Edozein prestakuntza era adostuan antolatzeko eta hezkuntza-proiektuaren araberako antolatzeko eskatzeko egin ditu LABek mobilizazioak.

Martxoaren 14an Gasteizko Europa Jauregian Berrikuntza Arduradunek ikastaro bat jaso zutela-eta, protesta haraino eraman zuen LABek irakasle figura hauen funtzioak langileen ordezkariekin negoziatu behar direla eskatzeko. Martxoaren 14an, 16an eta 21ean, gainera, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait ikastetxetan eskaera berdina egin dute irakasleek: Araban, besteak beste, Gasteizeko Aita Orbison, Odon Apraizen, Mariturrin, Salburua eta Errekabarrin; Abendañoko ikastolan, Murgiako Oroko Andra Mari ikastetxean eta Maeztuko herri ikastetxean. Bizkaian Erandioko Altzaga ikastolan, Abanto-Zierbenako Askartza-Isusin, Lemoako Eguzkitza Meaben, Sestaoko Kueton eta Saturnino de la Peña BHIn, Bilboko Luis Briñas BHIn eta Zamakolan, Markiñako Bekobentan, Leioako Txomin Arestin, Portugaleteko Kanpazarren, Barakaldoko Ibaiben eta Zamudioko eskolan. Gipuzkoako Pasaiako Karmengo Aman, Donostiako Aitor ikastolan, Irungo Txingudi BHIn, Debako eskolako haur hezkuntza, Antzuolako herri eskolan eta Bergarako Ipintza BHIn.

2022ko maiatzaren 26an beste sindikatu batzuekin batera LABek lortutako akordioari esker, Berrikuntzarako arduradunak ditugu egun eskola publikoetan. Irakasle hauen lana zentro bakoitzaren garapen metodologikoan bidelagun izatea beharko lukeen arren, bestelako eginkizunetan jarri ditu Hezkuntza Sailak; ikastetxe bakoitzaren beharrei kasu egin gabe eta baliabideak Europako funtsen exigentzia arrotzetara bideratuz.

LABen borroka beti izan da ikastetxeen autonomian sakontzeko tresnak eskuratzea eta horren baitan, ikastetxe bakoitzak beharrezko dituen formakuntzak identifikatu eta planifikatzea, Sailaren eginkizuna izanik horretarako baliabideak ahalbidetzea.

Horregatik, sindikatuak Hezkuntza Sailari eskatzen dio formakuntzarako proposamen oro langileekin adostua eta aurrez planifikatua izan behar duela. Sekula ere lan zama handituz, lan-ordutegiaren barruan eta digitalizazioari dagokionez, 60 urtetik gorakoentzako salbuespenak eginez.

LABen ustez, euskararen normalkuntzarako, pedagogia feministarako, inklusiorako eta berrikuntza metodologikorako baliabideak dira lehentasuna Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.