2026-09-28
HomeEkintza SindikalaLABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen “azterketa” egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.

48/2020 Foru Dekretuak ezartzen du administrazioak finantzatuko dituela oinarrizko gizarte-zerbitzuetako langileen soldatak, Nafarroako Gobernuko plantillakoen parekoak izan daitezen. Soldata osatuko da toki entitate bakoitzak egiten duen diru-ekarpenarekin. Horrela, administrariek, gizarte-langileek, gizarte-hezitzaileek eta zerbitzu horietako gainerako kolektiboek Nafarroako Gobernuko langileek duten finantzaketa bera jasoko dute Administrazioaren aldetik.

Alabaina, foru administrazioan ez dago familia-langilerik, eta, D mailako langileak direnez, haien finantzaketa etxezainekin edo zerbitzu orokorretako langileekin parekatu dute. Kontua da langile horiek ez dutela titulazio espezifikorik behar, DBHko graduatu-tituluaz edo baliokideaz gainera. Baina familia-langileek bai. Horregatik, haien soldatak erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien edo zaintzaileen soldatekin parekatu beharko lirateke. Gauzak horrela, gaur egun, Eskubide Sozialetako Departamentuaren azpifinantzaketa hori dela eta, Nafarroako Gobernuko erreferentziazko langileek baino % 10 gutxiago jasotzen ari dira lanpostuko osagarriaren kontzeptua dela-eta.

Duela urtebete, LABetik aipatu departamentuari eskatu genion konparaziozko bidegabekeria horren zergatia azaldu zezan eta ahalik eta azkarren zuzendu zezan. Erantzunik gabe geratu ginen. Hori ikusita, abenduan Arartekoarengana jo genuen, eta orduan bakarrik erantzun zigun departamentuak. Martxoan erantzun zigun, eta zera iragarri zigun: “langile horien kostuak kalkulatzeko erabilitako metodologiari buruzko azterketa bat egingo da, aldatu beharko balitz ere”. Bada, hiru hilabete igaro dira erantzun hartatik, eta oraindik ez dugu azterketa horri buruzko inolako berririk, are gutxiago aldaketaren berririk.

LABen tokiko autonomia errespetatzen dugu, noski, baina buru-belarri borrokatzen gara konparaziozko bidegabekeria guztien aurka. Horregatik, uste dugu lanpostu bereko langileek soldata bera jaso beharko luketela, edozein dela ere lan egiten duten administrazioa. Gainera, kasu batzuk beste batzuk baino larriagoak dira, eta honako hau ezin larriagoa da; izan ere, ukitutako langileak zainketen eremukoak dira, eta hasiera-hasieratik gutxietsita daude, langile gehienak emakumeak direlako, haien oinarrizko soldata LGStik behera dagoelako, lanaldi partzialak dituztelako eta sektore horretan behin-behinekotasun handia dagoelako.

Horregatik, LABen, eskura ditugun toki guztietan borrokan jarraituko dugu langile guztiek baldintza duinak izan ditzaten; bereziki, behartsuenek eta diskriminatuenik daudenek. Eta ildo horretan doazen ekarpenak egiten eta lantzen jarraituko dugu, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutu berriaren negoziazio prozesuan egin genuen bezala, non proposatu baikenuen, besteak beste, toki entitateen negoziazio mahai bat eratzea honelako gaiak jorratzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.