2026-02-02
HomeEkintza SozialaLABen Pentsiodunen arloak batzar nazionala egin du Oreretan

LABen Pentsiodunen arloak batzar nazionala egin du Oreretan

Urtero legez, LABen Pentsiodunen arloak batzar nazionala egin du Oreretan, 150 kideren parte-hartzarekin. Sindikatuaren lan-ildoak eztabaidatu eta arloaren ikasturteko plangintza adostu dute.

Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak hitza hartu du bertan eta sindikatuaren 50. urteurrena izan du hizpide: “Egun pentsiodunen arloan zaudetenok sindikatua sortzen eta garatzen lagundu duzue. Eta ekarpena egiten jarraitzen diozue LABen egitasmoari. Sortu eta 50 urtera, bere misio fundazionala berretsi du LABek, Euskal Herria eta langileria askatzea, esplotaziorik eta patriarkaturik gabeko mundua sortzea. Belaunaldiz belaunaldi egindako borrokari esker, mundua hobea da. Eta testuingurua kezkagarria bada ere, guk baikortasun iraultzaileari eusten diogu. Kapitalismoaren ongizatearen mitoa agortuta, Euskal Herrian badugu aukera eta beharra eraldaketa soziala sustatzeko”.

Borroka sindikal eta sozialen bidez, langileon beharrak (etxebizitza, soldatak, osasun sistema, zaintza) agenda politikoan kokatu direla nabarmendu du Arroyok: “Orain neurri zehatzak har daitezen presionatu behar dugu, ez daitezen eztabaida hauek faltsuan itxi”.

Helburu horrekin, hain zuzen ere, “Langileen alde, hemen erabaki” kanpaina egiten ari da LAB sindikatua, euskal langile guztientzako oinarrizko lan eta bizi baldintzak aldarrikatuz: 1.600 euroko gutxieneko soldata; enplegua zaintzarekin bateragarri egiteko 30 orduko lanaldia; eta osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitza eskubideak bermatuko dituzten zerbitzu publikoak. Era berean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean aurkezturiko gutxieneko pentsioa bermatzeko sustatzen duen herri ekimen legegilearekin bat egiten du LABek. Eta sindikatuko pentsiodunen arloak ekarpen propioa egingo du aldarrikapen hauen alde.

Zaintzaren inguruko gogoeta eta borroka, osasungintza publikoaren defentsa irmoa edota arrakala digitala izan dituzte hizpide Oreretako asanblada orokorrean, baita pentsio sistema publiko eta propioaren aldeko LABek aurkezturiko Haritik proposamena ere. Bilera amaitu ondoren, elkarrekin bazkaltzera joan dira bertaratutako militanteak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...