2026-11-11
HomeEkintza SozialaLABen Pentsiodunen arloak batzar nazionala egin du Oreretan

LABen Pentsiodunen arloak batzar nazionala egin du Oreretan

Urtero legez, LABen Pentsiodunen arloak batzar nazionala egin du Oreretan, 150 kideren parte-hartzarekin. Sindikatuaren lan-ildoak eztabaidatu eta arloaren ikasturteko plangintza adostu dute.

Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak hitza hartu du bertan eta sindikatuaren 50. urteurrena izan du hizpide: “Egun pentsiodunen arloan zaudetenok sindikatua sortzen eta garatzen lagundu duzue. Eta ekarpena egiten jarraitzen diozue LABen egitasmoari. Sortu eta 50 urtera, bere misio fundazionala berretsi du LABek, Euskal Herria eta langileria askatzea, esplotaziorik eta patriarkaturik gabeko mundua sortzea. Belaunaldiz belaunaldi egindako borrokari esker, mundua hobea da. Eta testuingurua kezkagarria bada ere, guk baikortasun iraultzaileari eusten diogu. Kapitalismoaren ongizatearen mitoa agortuta, Euskal Herrian badugu aukera eta beharra eraldaketa soziala sustatzeko”.

Borroka sindikal eta sozialen bidez, langileon beharrak (etxebizitza, soldatak, osasun sistema, zaintza) agenda politikoan kokatu direla nabarmendu du Arroyok: “Orain neurri zehatzak har daitezen presionatu behar dugu, ez daitezen eztabaida hauek faltsuan itxi”.

Helburu horrekin, hain zuzen ere, “Langileen alde, hemen erabaki” kanpaina egiten ari da LAB sindikatua, euskal langile guztientzako oinarrizko lan eta bizi baldintzak aldarrikatuz: 1.600 euroko gutxieneko soldata; enplegua zaintzarekin bateragarri egiteko 30 orduko lanaldia; eta osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitza eskubideak bermatuko dituzten zerbitzu publikoak. Era berean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Gasteizko Legebiltzarrean aurkezturiko gutxieneko pentsioa bermatzeko sustatzen duen herri ekimen legegilearekin bat egiten du LABek. Eta sindikatuko pentsiodunen arloak ekarpen propioa egingo du aldarrikapen hauen alde.

Zaintzaren inguruko gogoeta eta borroka, osasungintza publikoaren defentsa irmoa edota arrakala digitala izan dituzte hizpide Oreretako asanblada orokorrean, baita pentsio sistema publiko eta propioaren aldeko LABek aurkezturiko Haritik proposamena ere. Bilera amaitu ondoren, elkarrekin bazkaltzera joan dira bertaratutako militanteak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal langileen erantzun masiboa eta maizterrak protagonista, greba orokorraren goiz honetan

Milaka euskal langilek bat egin dute lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deiarekin; Hego Euskal Herrian jarraipen oso zabala izaten ari da, estatuan baino zabalagoa: industrian jarraipen oso zabala izaten ari da lau herrialdeetan; zerbitzu publikoetan ere nabarmena da eragina, bereziki irakaskuntzan eta udaletan; garraioan ere eragin nabarmena izan du: hiri garraioan eta Euskotrenen, esaterako, soilik gutxieneko zerbitzuak dituzte, eta Santurtziko zein Pasaiko portuak aktibitaterik gabe dira, langile gehienak greban direlako.

Greba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da

Azaroaren 11ko greba orokorra eragin nabarmena izaten ari da Hego Euskal Herri osoan: jarduera ohikoa baino askoz apalagoa izaten ari da oro har, eta...

240 eragile eta mugimendu sozial baino gehiago atxiki dira etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorrera

Etxebizitza eskubide bermatuaren eta soldata duinen aldeko greba orokorra arrakastatsua izango dela aurreikusten dugu deitzaileok.