2026-09-28
HomeIdazkaritzakEuskara IdazkaritzaLABek Metro Bilbaon gaztelania hutsean jarri den erakusketa kendu dadin eskatzen du

LABek Metro Bilbaon gaztelania hutsean jarri den erakusketa kendu dadin eskatzen du

35 panelek osatzen dute erakusketa eta gaztelania hutsean daude. Hainbat erakunde publikok babesten dutenez, argi geratzen da ez dutela interes handirik euskararen normalizazioan. Metro Bilbaok ere agerian utzi du kontzientzia urria duela horretan, eta ez diela jarraipen handirik egiten uzten dituen espazio publikoetan erakusten diren edukiei.

“Diálogos: Arquitectura Vizcaína del siglo XXI” erakusketa joan den astelehenean, irailak 8, jarri zuten. 35 panel guztira, Zazpi Kaleak, Abando, Moyua, Indautxu eta San Mameseko gelokietan. Bi hilabete inguru luzatzea aurreikusten du Metro Bilbaok.

LABek eskatzen du berehala kentzeko, panel guztiak gaztelania hutsean daudelako. Sindikatuaren ustez, sinestezina da garraio publikoaren zerbitzuan horren nabarmen urratzea erabiltzaileen hizkuntza eskubideak.

Metro Bilbaok doan utzi ditu instalazioak Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa Ofizialak egindako erakusketa jartzeko, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gasteizko Jaurlaritza babesle nagusi dituela.

LAB sindikatuaren iritziz, utzikeria nabarmenez jokatzen ari dira erakunde horiek guztiak, euskaldunen hizkuntza eskubideak zaindu eta leku eta instalazio publikoetan, hala nola, Metro Bilbaoko geltokietan, euskararen presentzia eta erabilera sustatu beharko lituzkeen arren.

LABek salatu du, halaber, Metro Bilbaoko zuzendaritzak ez duela sentsibilitaterik hizkuntza kontuetan, ez baitu inolako hizkuntza eskakizunik ezartzen ez eta inolako jarraipenik egiten diskriminazio horiek saihesteko.

LABen iritziz, horrelako urratzeek argi erakusten dute hitzetatik ekintzetara igaro behar dela, eta Metro Bilbaok baliabideak eta aurrekontua bideratu behar dituela hizkuntzen kudeaketarako arlora, hiriarteko trenean euskararen normalizazioan ganorazko lana egingo bada.

Horregatik guztiarengatik, LAB sindikatuak Metro Bilbaoko zuzendaritzari, eta erakunde publiko laguntzaile guztiei, eskatzen die gaztelaniazko panelak kendu eta erakusketa elebitan jar ditzaten, lehenbailehen, herritar guztion hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Amaitzeko, LABek enpresako zuzendaritzari galdegiten dio erakunde eta protokolozko adierazpenez harantzago, urrats sendoak egin ditzala Metro Bilbaoko langileek euskaraz lan egin ahal izan dezaten, barruko eta kanpoko harremanetan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.