Euskal Herrian egiteke dauzkagun zereginetako bat hauxe dugu: menpekotasuna duten pertsonak -autonomia mugatua eta eguneroko bizimoduan laguntza behar duten pertsonak- zaintzeko benetako eskubide eraginkorra eratzea, gure geureak diren oinarrietatik.
Egun, estatuko Menpekotasun legearen barruan, Euskal Herrian 51.670 lagunek jasotzen dute nolabaiteko laguntza: 8.129k Nafarroan eta 43.541ek EAEn (2011ko abendua). Hastapenetik lege horren ezarpenak hainbat gabezia erakutsi ditu (familia-ingurunean emandako diru-prestazioak lehenetsi dira zerbitzuek emandako laguntzak baino, balorazioak eta prestazioak atzeratu dituzte), murrizketa politikengatik areagotuak izan direnak eta Menpekotasun Legea beste gizarte-iruzur berri batean abiatzen dutenak. Lehendabizi finantza-hornidura urria izan zen, geroago prestazioak exijitzerakoan atzeraeragina deuseztatzea dekretuz, hain zuzen ere, eskaerak balioztatzeko eta ebatzeko epeak -inolako ordainik gabe- atzeratzeko aitzakia borobila. Eta pasa den abendutik beste eraso berri bat etorri zaigu Raxoiren Gobernutik: menpekotasun ertaina duten onuradun berriak sartzea eta finantzatzea, legeak ezartze-egutegian zioen bezala (2011-2012), urtebetez gelditzeko erabakia.

Une honetan, 12.000 lagun ingururi aitortu diete 2. mailako menpekotasun ertaina Euskal Herrian 2011n zehar. Rajoyren neurriak zalantza sortzen du eta erabat diskriminatzailea da 2012an eskaera egin zezaketen eta duten menpekotasun ertaina ere ezagutua izan zitekeen ehunka pertsonentzat. Izan ere, telezaintza, eguneko egoitzak edo etxez-etxeko laguntza gisako zerbitzuak jasotzeko duten eskubidea kolokan sumatzen duten pertsonak dira. Horiei guztiei Estatu Espainolak laguntza ukatuko die.

Hori guztia dela eta, Menpekotasun Legea ezartzeko modua eta ondorioak aintzat harturik eta orobat Euskal Herrian menpekotasun egoeran dauden pertsonen eskubideari egindako oldarra ikusirik, LAB sindikatuak premiaz dei egiten die Euskal Herriko erakundeei ondoko hauek egitera:

• Ez dakiola menpekotasuna duen ezein pertsonari uka dagokion zaintzarako eskubidea. Hego Euskal Herriko erankundeek, EAEko eta Nafarroako Gobernuek eta Foru Aldundiek, dagozkien erabaki politiko eta ekonomikoak har ditzatela zabal daitezkeen baliabide eta aurrekontu-partida nahikoak prestatze aldera, zeintzuen bidez menpekotasuna artatzeko eskubidea gauza baitaiteke. Ildo berean, maila ertaineko menpekotasuna duten pertsonei PPren Gobernuak ezarri nahi dien luzamenduari jaramonik ez egiteko deialdia egiten dugu. Lagunik zaurgarrienak beste behin ere zigortu nahi dituztenen aurrean honakoa exijitzen dugu:

a) 2011n 2. mailako menpekotasun ertaina aitortzen zaien pertsonei berma diezaietela artatzea, ezagututako eskubideen arabera.
b) Baloratzea eskatuta 2. mailako menpekotasun ertaina aitortu zaien pertsonek euren egoerarako aproposenak diren prestazioak eskuratu ahal izatea, inongo atzerapenik gabe epeetan eta zerbitzuen intentsitatean.
c) 1. mailako menpekotasun ertaindunak hasi daitezela 2013an dagozkion prestazioak, xedatutako egutegiak agindu bezalaxe, eta ez urtebete beranduago, PPk nahi duen moduan.

Euskal Herrian, 2012ko urtarrilaren 23an